Urtero bezala, urtarrilean EUSTATek argitaratu ditu turismoaren inguruko aurreko urteko datuak. Estatistika ofizialak ezagutarazi bezain laster, zenbait hedabidek hauen interpretazioa titularretara eraman dute; turismoak lehen aldiz beheranzko joera erakutsi duela nabarmendu dute.
Donostiaren turistifikazioarekin kritikoak garen herritarroi aski ezaguna zaigu hedabide hauek jokatzen duten papera. Herritarron bizi baldintzak kaltetuz aberasten ari direnen mesedetan lan egiten dute. Hazkundea ospatzen dute, diskurtso ofizialen bozgorailua dira, herritarron ezinegonaren irudia lausotu nahi dute eta kritika orori hitza eta oihartzuna ukatzen diote. Dagoeneko turismoaren hazkundea beti ona dela esanez donostiarroi ziria sartzerik ez daukatenez, beste norabide bat hartu dute. Turismoak beheranzko joera hartu duela nabarmenduz, bi estrategia elikatzen dira. Batetik, turistifikazioaren konpontzekotan dagoela iradoki nahi da. Bestetik, industria turistikoa sustatzeko neurriak behar direla.
Bizilagunekin plataformatik, datu hauetako beste zenbait seinaletan jarri nahi genuke arreta, eta izenburu alternatibo batzuk proposatu 2025eko Donostiako turismo datuak deskribatzeko:
- Espainiar Estatutik kanpoko atzerritarren sarrerak hazi egin dira.
- Hiru izar eta gehiagoko hoteletako sarrera kopurua ia aurreko urteko berdina izan da.
- Hotelen betetze maila handiagoa izan da, bereziki hiru izar eta gehiagokoena.
- Hoteletako gelen prezioa hazi da.
- Hotelek gela bakoitzeko atera duten etekina hazi da.

Azken urteko datuek erakusten dute Donostiako hotel-sarrerek %1 inguruko beherakada izan dutela, baina hamarkadako ikuspegian %76 baino gehiago hazi dira, eta hiru izar eta gehiagoko hoteletan hazkundea %90ekoa izan da. Gainturismoa ez da desagertzen ari, egonkortzen eta normalizatzen baizik.
Gainera, Espainiar Estatutik kanpoko atzerritarren sarrerak %120tik gora hazi dira azken hamarkadan, eta azken urtean ere gora egin dute. Balio erantsi handiagoko eskaintza, prezio altuagoak eta kontsumo-ahalmen handiagoko bisitariak lehenetsi dira, hiria gero eta gehiago merkatu-logiken menpeko aktibo bihurtuz. Turista-profila aldatzen ari da, betetze-maila hazten eta gelen prezioek zein errentagarritasunak gora egiten dute; datuek elitizazio-prozesu batean gaudela berresten dute.
Elitizazio horren ondorio dira kontsumo prezioen igoera, merkataritza-eskaintzaren homogeneizazioa, auzoen eraldaketa eta bizilagunen desplazamendu sinboliko eta materiala. Horregatik, bisitari gutxiago izateak ez du turistifikazioaren inpaktua arintzen, are gutxiago “kalitatezko turismoaren” diskurtsoaren bidez eskaintza elitizatzen denean. Aditu askok ohartarazi duten moduan, eliteentzako turismoaren aldeko apustua ez da desazkunde turistikoa, desazkunde faltsua baizik: hazkunde-logikak zalantzan jarri ordez, merkantilizazioa eta segregazio soziala areagotzen dituen estrategia.
Azken batean, 2015etik 2025era bitarteko datuek, eta bereziki azken urteko bilakaerak, erakusten dute turismoaren arazoa ez dela bisitari kopuru hutsaren kontua. Gakoa da nola antolatzen den hiria, norentzat eta zein interesen arabera. Turismoak hiri-dinamika osoa baldintzatzen du eta bizilagunen bizi-baldintzak bigarren mailan geratu dira. Horregatik, gure hirian gainturismoari buruzko eztabaida ezin da elitizazioaren kritikatik bereizi.
Donostiarrei dei egiten diegu manipulazio saiakeren aurrean adi egoteko. Gehiengoa kaltetzen duen turistifikazio prozesuarekin asko aberasten ari den gutxiengoak ez dio bere negozioari uko egin nahi; eta botere handia du hiriko bizimoduan eta iritzi publikoan eragiteko. Antolatu gaitezen bizilagunekin Donostia desazkunde turistikoaren norabidean kokatzeko eta denon artean hiri-eredu bizigarriago bat eraikitzeko.
BiziLagunEkin – Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma









