Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu!
Turismoaren industria kontrolik gabe hazten ari da, eta gure hiria gero eta bizi-ezinago bihurtzen du. Donostian, azken urteetan, turistifikazioa izugarri azkartu da. Ondorioz, gure eguneroko bizitza, etxebizitza, ingurunea eta kultura kolokan daude.

Turismoaren hazkundeak etxebizitza larrialdia areagotu du. Pisu turistikoen ugaritzeak eta bigarren etxebizitzen gorakadak alokairuak garestitu dituzte. Jende askok bere auzoa utzi behar izan du. Administrazioek ez dute herritarren alde jokatu; pisu turistikoen jarduera baimendu dute, hotel berrientzat 50 lizentzia eman dituzte 10 urtean, ez dute mugatzen denboraldiko alokairua, ez dituzte zigortzen bigarren etxebizitzak eta eraikuntza berriak bultzatzen dituzte, baina babes publikoko etxebizitza gutxiegirekin. Etxebizitza ez da merkantzia izan behar, eskubide bat baizik.
Klima larrialdia eta ingurumenaren hondamendia benetako arazoak dira. Turismoak ingurunea kaltetzen du: mendiak, hondartzak eta naturguneak arriskuan daude. Aire trafikoaren hazkundea eta garraio kutsakorrak mugatu egin behar dira; eta turismoarentzako azpiegitura berriak egiteari utzi. Naturaren eta pertsonen arteko oreka berreskuratu behar dugu.
Turistifikazioak espazio publikoa ere aldatzen du. Kale eta plazak kontsumorako eszenatoki bihurtzen dira. Tokiko merkataritza desagertzen doa, frankizien mesedetan. Espazio publikoa jolasteko, atseden hartzeko edo harremanak izateko behar dugu, ez bisitarientzako erakusleiho gisa.
Gure kultura eta hizkuntza ere kaltetuak dira. Euskarari balio sinbolikoa soilik aitortzen zaio eta kultura ikuskizun huts bihurtzen da. Hiria merkatu globalera egokitzen da, bertako izaera galduz. Gure bizimodua ez da produktua: komunitate bizia gara.
Turistifikatutako hirian areagotu egin dira bazterkeria eta desoreka ekonomikoak, eta horien atzean dagoen egiturazko indarkeria ezkutatu egiten da arrakastatsu gisa aurkezten den hiri-ereduaren azpian. Lanpostu turistikoak prekarioak dira, eta kolektibo ahulenek jasaten dute gehien: emakumeek, migratuek eta gazteek. Hiri turistiko “ederrean” pobrezia ezkutatu eta kanporatu nahi da. Hiria luxuzko resort bihurtzen da, bertakoak kanporatuz. “Kalitatezko turismoa” aitzakia da aberatsen beharrei lehentasuna emateko.

Eredu hau jasanezina da. Desazkunde turistikoa behar dugu. Turismoak ez du gehiago hazten jarraitu behar. Lehentasunak aldatu behar ditugu: zaintza, kultura, nekazaritza, industria, ikerketa, ekonomia komunitarioak… Herritarren bizi-baldintzak lehenetsi behar dira.
Hiria komunitateak egiten du. Elkarteak, auzo mugimenduak eta herritarren antolakuntza funtsezkoak dira. Haien ahotsa entzun, errespetatu eta zabaltzea ezinbestekoa da.
Donostiarroi dei egiten diegu: antola gaitezen, borroka dezagun gure hirian bizitzeko aukera izateko.
Turistifikazioari stop! Desazkunde turistikoa orain!
KRONIKA ETA ARGAZKIAK Irutxuloko Hitzan
https://michaelwest.com.au/news/demos-decry-overtourism-in-spain-portugal-and-italy
https://news.sky.com/story/anti-tourism-protests-break-out-in-spain-italy-and-portugal-13384020
https://omni.se/tusentals-demonstrerar-mot-massturism-i-europa/a/4B4WKV
https://www.reuters.com/world/protesters-against-overtourism-take-streets-southern-europe-2025-06-15
https://www.nytimes.com/2025/06/15/travel/europe-tourism-protests.html
https://www.donostitik.com/cientos-de-personas-marchan-contra-la-turistificacion-en-donostia/
