[2025/09/26, Ilunki Elkartea] Turistifikazioaren aurkako festa

Nazio Batuek Turismoaren Mundu Eguna irailaren 27an finkatu zuten. Desazkunde turistikoaren aldeko mugimenduok, Donostian eta beste hainbat lurraldetan, aukera baliatzen dugu urtero turistifikazioaren kalteak salatzeko eta egun horretan kolapso turistikoaren arriskua nabarmentzeko. Aurten, irailaren 26 ostiralean, Turismoaren Mundu Eguna aitzakia hartuta, Donostiako Amara Berri auzoko Ilunki Elkartean festa bat ospatuko dugu arratsaldeko 18:30etik aurrera: Turistifikazioaren Aurkako Festa. Donostiako bizilagunei gonbita luzatzen diegu giro atseginean elkartzeko, desazkunde turistikoaren aldeko ekimenen berri elkar trukatzen dugun bitartean.

Ekimenaren baitan bi aurkezpen berezi egingo dira. Alde batetik, Hau ez da cheesecake bat fanzinea plazaratuko da, Donostiaren turistifikazioa eta, orokorrean, turismoaren logika aztertzen eta kritikatzen duen argitalpena, honen lepotik irri egiteaz gain. Bizilagunekin plataformak eta hainbat kolaboratzaile eta sortzailek ondutako fanzinea da; testuak, komiki-tirak, datuak eta denbora-pasak ditu bere baitan, besteak beste.

Beste alde batetik, hitzordua baliatuko da urriaren 24an eta 25ean Donostian egitekoak diren Desazkunde Turistikoaren Aldeko Euskal Herriko Topaketak aurkezteko (www.labur.eus/turistopaketak). Hiri eta lurralde desberdinetako kideek elkarlanean bultzatutako topaketa hauen planteamendua, helburuak eta egitaraua aurkeztuko dira festan. Desazkunde turistikoaren aldeko herritarren eta eragileen saretzean mugarri bat ezarriko du.

Aurkezpenez gain, festan mojitoak, janaria, musika eta hainbat sorpresa eskainiko dira bertaratzen direnek giro alai eta parte-hartzailean gozatzeko.