2020ko abenduan Donostiako Udalak jakinarazi zuen surfa egiteko olatu artifizialen instalazio bat eraikitzeko proiektua abiatuko zuela Antondegin, hiriko perimetro berdean kokatutako 100 hektareako muino urbanizatu gabean1.
Proiektuaren hainbat ertzek eztabaida sorrarazi zuten gizartean, batez ere, instalazio berrien eraikuntzak Antondegiko ekosisteman sortuko lituzkeen ingurumen-eraginengatik, tokiko kontserbazio-taldeen arabera proiektuak inguruaren degradazio nabarmena ekarriko lukeelako, non eta Donostiako lurretan balio berezia duen ingurune aberatsenetako batean.
Donostiako Udalak eta proiektuan interesatutako enpresak olatu artifizialaren instalazioak Antondegiko ekosistemetan eragingo lukeen kaltea erlatibizatu dute, eta, batzuetan, esan ere egin dute Antondegiko ekosistementzat eta faunarentzat eragin positiboa izango lukeela.
Antondegiko olatu artifizialen instalazio berriak izango lukeen eragin hori nolakoa izango den argitzearren, eta Antondegi Berdea plataformako talde kontserbazionistek eskatuta, txosten tekniko bat osatu da (erantsita) proiektuak Antondegin izango duen eragina aztertzeko. Txosten horretan Antondegiren ingurumen-balioa deskribatzen da, foku nagusia hegazti eta ugaztun komunitateetan jarriz (beste animalia-talde batzuk eta flora ezin izan dira nahi bezain ondo aztertu, baliabide faltagatik). Gainera, Donostiako eta eskualdeko igarobide ekologikoen artean Antondegik duen garrantzia ere aztertu da. Halaber aztertu dira olatu artifizialaren proiektuak ingurunean izango lituzkeen eraginak, zalantzarik gabe instalazioek hartuko luketen eremutik haratago ere zabalduko liratekeenak.
Hurrengo lerroetan, Antondegik dituen balio naturalak eta olatu artifizialen proiektuaren eraikuntzak sortuko lituzkeen eraginak laburbildu ditugu.
Antondegik duen balio naturala:
- Landazabal atlantikoko paisaia konplexua dauka, larrez, belardiz, zuhaixkaz, heskaiz eta laborez osatua, eta flora eta fauna aberastasun handia biltzen du mosaiko horretan. Azken 30 urteotan, Donostiak bere landazabal eremuaren ia % 40 galdu du eta Antondegi, testuinguru horretan, udalerriko landa-eremuko azken txokoetako bat da. Gainera, azken urteotan Antondegin egindako fauna-inbentarioek agerian utzi dute udalerrian ondoen kontserbatutako landazabal eremuetako bat dela.
- Antondegiko muinoa eta eremua gune garrantzitsua da hegazti espezie ugarirentzat, bai elikatzeko, habia egiteko, zein atseden hartzeko. Antondegin 117 hegazti espezie behatu dira, horietatik 33 Arriskuan Dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan jasoak direnak eta 21 espezie Hegaztiak Kontserbatzeari Buruzko 79/409/EEE Zuzentarauaren I. Eranskinean jasoak. Donostiako hegazti habiagileen atlasaren arabera, Antondegiko eremuan 46 espezie habiagile zenbatu dira, horietako 4 espezie 79/409/EEE Zuzentarauaren I. eranskinean agertzen direnak eta 3 espezie galzorian edo arraro gisa katalogatuta daudenak Euskadiko Katalogoan. Horregatik guztiagatik, Antondegi da Donostian aberastasun ornitologiko handiena duen eremuetako bat.
- Hiri-periferian egon arren eta azalera murritza (100 ha) izan arren, Antondegiko ugaztun-komunitateak garrantzi handia du udalerri mailan, eta guztien artean haragijaleen aniztasuna nabarmentzen da.
- Antondegik balio handia dauka igarobide ekologiko gisa eta Donostiako udalerri barruko eremu ekologiko ezberdinak konektatzea ahalbidetzen du. Donostiako biodibertsitatearen gordailu garrantzitsua da, Urumeak osatzen duen ardatzean dago (Gipuzkoako beste igarobide ekologiko handi bat) eta Foru Aldundiko Ingurumen Sailak proposatutako Gipuzkoako azpiegitura Berdean dago integratuta.
Olatu artifizialen instalazioak eragingo lituzkeen kalteak:
- Antondegin olatu artifizialen urmaela jartzeak Donostiako udalerriko landazabal-paisaia hondatuko luke eta biodibertsitatearen galera garbia eragingo luke, lurzoru urbanizatu gabea lurzoru urbanizatuz ordezkatuz.
- Instalazioak (6,2 hektarea), sarbide berriek (2,8 hektarea) eta instalazioaren funtzionamenduak larriki eragingo liokete Donostian geratzen zaigun landazabal eremu aberatsenetako eta bakanetako bati, bertako ekosistemaren osotasuna eta funtzionaltasuna arriskuan jarriz. Eremu honetako bioaniztasunean eragin negatibo nabarmena izango luke, bertan bizi diren hainbat espezie desagerraraziz, horietako zenbait legez babestuta daudenak.
- Ezin da ahaztu, gainera, eragin negatibo hori instalazioek okupatutako eremutik haratago ere iritsiko litzatekeela. Olatu artifizialen igerilekuaz gain, sarbide berriak eraiki beharko dira, trafikoa ugarituko da eta pertsonen joan-etorria ere handituko da.
Testu hau sinatzen dutenek (kontserbazioaren eta biologiaren alorreko adituak) adierazi nahi dute, gorago aipatu ditugun argudioak kontuan hartuta, Antondegik balio natural handia duela udalerri mailan eta olatu artifizialen instalazioak ingurumen-eragin nabarmena izango lukeela. Gainera, Europako Itun Berdea, Euskadi 2030 Agenda eta 2050eko Klima Aldaketaren aurkako Gipuzkoako Estrategia aipatu nahi lituzkete. Itun horietan, administrazioek konpromisoa hartu dute, besteak beste, ekosistemen erabilera jasangarria babesteko, berreskuratzeko eta sustatzeko, eta biodibertsitatearen galera geldiarazteko. Halaber, urbanizatutako azalera ez handitzeko, lurzoru urbanizaezinaren eta habitat naturalaren kaltetan.
1 2007an, Antondegin 3.000 etxebizitza eraikitzeko proiektua sustatu zen, baina Donostialdeko Lurralde Plan Partzialak blokeatu egin zuen, jasangarritasun-arrazoiengatik.
Sinatzaileak:
- José Luis Tellería. Zoologiako Katedraduna. Complutense Unibertsitatea.
- Elisa Sainz de Murieta. Geologian doktorea. Euskal Herriko Unibertsitatea eta Basque Centre for Climate Change.
- Arturo Elosegi. Ekologiako Katedraduna. Euskal Herriko Unibertsitatea.
- Daniel García. Ekologiako Katedraduna. Oviedoko Unibertsitatea.
- Arantza Aldezabal. Biologian doktorea. Euskal Herriko Unibertsitatea.
- Joxerra Aihartza. Biologian doktorea. Euskal Herriko Unibertsitatea.
- Unai Pascual. Ekonomia eta ekologia politiketan doktorean. Basque Centre for Climate Change.
- Maite Arroita. Biologian doktorea. Euskal Herriko Unibertsitatea.
- Alberto de Castro. Biologian doktorea. Ikertzailea.
- Yoana García. Biologian Lizentziatua. Ikertzailea.
- Juan Herrero. Biologian doktorea. Zaragozako Unibertsitatea.
- Anna Sanchez. Itsas Zientzietan doktorea. Bartzelonako Unibertsitatea.
- Juan Arizaga. Biologian doktorea. Ikertzailea.
- Pablo Palencia. Ingurumen eta Nekazaritza Zientzietan doktorea. Torinoko Unibertsitatea.
- Ana Galarraga. Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzian eta Teknologian litzentziatua. Zientzia-komunikatzailea.
- Mikel Etxaniz. Nekazaritza ingeniari teknikoa. Naturguneen kudeatzailea.
- Guillermo Roa. Kimikan doktorea. Ingurumen-dibulgatzailea.
- Mirene Begiristain. Ekonomian doktorea. Euskal Herriko Unibertsitatea.
- Javier Ferreres. Albaitaritzan lizentziatua. Ingurumen-kudeatzailea.
- Núria Roura. Ingurumen Zientzietan doktorea. Gironako Unibertsitatea.
- Javier Fernández-López. Biologian doktorea. CNRS.
- David Amblas. Geologian doktorea. Bartzelonako Unibertsitatea.
- Iñaki Sanz-Azkue. Biologian Lizentziatua. Ingurumen-aholkularia.