Donostian indarrean dagoen turismo ereduak denetariko ondorioak sortzen ditu. Donostiarron bizitzaren alor askotan eragiten du. BiziLagunEkin plataformak bere xedeen artean dauka bestelako hiri-eredu baten alde indarrak metatzea. Horregatik, gure jarduera gehiena hiriko eta auzoetako talde, elkarte eta mugimenduekin elkarlanean garatzen dugu. Orain arteko bidean eskuz esku jardun dugu auzo elkarteekin, denetariko herri mugimenduekin, adituekin eta hamarnaka herritar konprometiturekin. Lantzen dugun gaia guztioi dagokigula uste dugulako eta elkar lagunduz eta ekinez helburu handiak lortzeko gai garela sinesten dugulako.
Kide gara:
Donostia Defendatuz
2019ko urtarrilan sortu zenetik gara Donostia Defendatuz koordinadoraren kide. Udal gobernuaren hirigintza politikarekin desados, gardentasuna, parte hartzea eta jasangarritasunaren alde egiteko elkartu ginen hainbat talde. Ordutik informazio, aldarrikapen eta mobilizazio desberdinak aurrera daramatzagu.
Turistifikazioaren aurrean dauden Europa Hegoaldeko hirien SET sarea
2018ko apirilean aurkeztu zen plataforma, talde eta mugimenduen nazioarteko sare hau. Gure hirietan ematen ari diren prozesuek hainbat ezaugarri komun dituztela jakitun eta turismoaren jarduerak mugarik ezagutzen ez duela kontziente, ezinbestekoa da saretzea. Batetik, ezagutza trukerako gune bat da eta, bestetik, indarrak koordinatu eta antolatzekoa.
Ikusi sorrera manifestua.
Antondegi Berdea. Olatuak itsasoan
Donostiako Udalak proiektu bat aurkeztu du olatu artifizialen 6 hektareako (6 futbol-zelai inguru) azpiegitura bat eraikitzeko Donostian, balio faunistiko aberatsa duen mendi batean, Antondegin, kostaldetik 4 kilometrora. Hainbat talde naturzale eta ekologistarekin batera lankidetzan ari gara, zentzurik gabeko proiektu hau geldiarazteko.