Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu!
Turismoaren industria kontrolik gabe hazten ari da, eta gure hiria gero eta bizi-ezinago bihurtzen du. Donostian, azken urteetan, turistifikazioa izugarri azkartu da. Ondorioz, gure eguneroko bizitza, etxebizitza, ingurunea eta kultura kolokan daude.
Manifestazioa Donostiako Parte Zaharreko kaleetatik
Turismoaren hazkundeak etxebizitza larrialdia areagotu du. Pisu turistikoen ugaritzeak eta bigarren etxebizitzen gorakadak alokairuak garestitu dituzte. Jende askok bere auzoa utzi behar izan du. Administrazioek ez dute herritarren alde jokatu; pisu turistikoen jarduera baimendu dute, hotel berrientzat 50 lizentzia eman dituzte 10 urtean, ez dute mugatzen denboraldiko alokairua, ez dituzte zigortzen bigarren etxebizitzak eta eraikuntza berriak bultzatzen dituzte, baina babes publikoko etxebizitza gutxiegirekin. Etxebizitza ez da merkantzia izan behar, eskubide bat baizik.
Klima larrialdia eta ingurumenaren hondamendia benetako arazoak dira. Turismoak ingurunea kaltetzen du: mendiak, hondartzak eta naturguneak arriskuan daude. Aire trafikoaren hazkundea eta garraio kutsakorrak mugatu egin behar dira; eta turismoarentzako azpiegitura berriak egiteari utzi. Naturaren eta pertsonen arteko oreka berreskuratu behar dugu.
Turistifikazioak espazio publikoa ere aldatzen du. Kale eta plazak kontsumorako eszenatoki bihurtzen dira. Tokiko merkataritza desagertzen doa, frankizien mesedetan. Espazio publikoa jolasteko, atseden hartzeko edo harremanak izateko behar dugu, ez bisitarientzako erakusleiho gisa.
Gure kultura eta hizkuntza ere kaltetuak dira. Euskarari balio sinbolikoa soilik aitortzen zaio eta kultura ikuskizun huts bihurtzen da. Hiria merkatu globalera egokitzen da, bertako izaera galduz. Gure bizimodua ez da produktua: komunitate bizia gara.
Turistifikatutako hirian areagotu egin dira bazterkeria eta desoreka ekonomikoak, eta horien atzean dagoen egiturazko indarkeria ezkutatu egiten da arrakastatsu gisa aurkezten den hiri-ereduaren azpian. Lanpostu turistikoak prekarioak dira, eta kolektibo ahulenek jasaten dute gehien: emakumeek, migratuek eta gazteek. Hiri turistiko “ederrean” pobrezia ezkutatu eta kanporatu nahi da. Hiria luxuzko resort bihurtzen da, bertakoak kanporatuz. “Kalitatezko turismoa” aitzakia da aberatsen beharrei lehentasuna emateko.
Jone Laspiur aktorea manifestazio amaierako testua irakurtzen
Eredu hau jasanezina da. Desazkunde turistikoa behar dugu. Turismoak ez du gehiago hazten jarraitu behar. Lehentasunak aldatu behar ditugu: zaintza, kultura, nekazaritza, industria, ikerketa, ekonomia komunitarioak… Herritarren bizi-baldintzak lehenetsi behar dira.
Hiria komunitateak egiten du. Elkarteak, auzo mugimenduak eta herritarren antolakuntza funtsezkoak dira. Haien ahotsa entzun, errespetatu eta zabaltzea ezinbestekoa da.
Donostiarroi dei egiten diegu: antola gaitezen, borroka dezagun gure hirian bizitzeko aukera izateko.
Turismoaren industria kontroletik kanpo dago eta mundu osoan lurraldeak, biztanleen bizitzak eta planeta neurri gabe ustiatzen eta hondatzen jarraitzen du. Gizateriaren ondare komun den elementu natural eta kultural oro pribatizatu eta salgai bihurtzeko hondatzeraino eraldatzen ari da. Bide honetan hiri eta lurralde askotan eredu ekonomikoa monolaborantza turistikorantz desorekatu da eta gutxiengoaren negozioari gehiengoaren beharrei baino gehiago begiratzen dion hirigintza eredua nagusitu da. Ekainaren 15ean, Europa Hegoaldean turistifikazioaren aurkako borrokan dauden hainbat hiritan kalera aterako dira, SET sarearen deialdiari erantzunez, eta berdin egingo dugu Donostian. Hiriaren turistifikazioa era beldurgarrian azeleratu da azken urteetan eta hiri-eredu zehatz honek bizilagunengan dituen eragin kaltegarriak gero eta larriagoak eta nabarmenagoak bihurtu dira. Urteak dira hiriko hamarnaka biztanle, elkarte eta mugimenduk turistifikazioa gelditzeko eta desazkunde turistikoaren bidetik eredu aldaketarantz urratsak emateko aldarrikatzen dugula. Berriz ere kalera aterako gara egoera salatzera eta herritarron bizi-baldintzak erdigunean jarriko dituen hiri-ereduaren alde indarrak metatzera.
Donostiaren turistifikazioak eragin zuzena du sufritzen dugun etxebizitza larrialdian. Pisu turistikoen ugaritzeak, bigarren etxeen kopuruaren gorakadak eta denboraldiko kontratuen bidez etxeak turismo-alokairura bideratzeak (haien ohiko erabileratik desbideratuta) bizileku-aukerak murriztu dituzte, eta horrek prezioak igoarazi ditu. Herritar askok beren auzoak utzi behar izan dituzte. Erakunde publikoen jarduna, askotan, turismo industriaren eta higiezin espekulatzaileen interesek gidatu dute. Irtenbide bakar gisa eraikuntza berriak aurkezten ari dira, baina babes publikoko etxebizitzak gutxieneko legaletara mugatzen dituzte, eraikitzaileen negozioa lehenesten da eta herritarren beharrak horien menpe jarri. Egoera horri aurre egiteko, ezinbestekoa da alokairuen erregulazioa ezartzea, nahiz eta neurri hori bakarrik ez den aski. Horrez gain, pisu turistikoen desagerpenerantz jo behar da eta bigarren etxebizitzen erabilera mugatzeko politika eraginkorrak behar dira. Hiriaren bizigarritasuna bermatu nahi bada, etxebizitza merkantzia izatetik eskubide izatera igaro behar da, politika publiko ausartak eta interes orokorra lehenesten duten erabakiak hartuta.
Klima larrialdia eta ingurune naturalen hondamendia ez dira etorkizuneko mehatxu hipotetikoak, eguneroko errealitatearen parte dira dagoeneko. Donostiaren inguruneak, mendiak, hondartzak eta itsasertza, gero eta gehiago jartzen dira arriskuan hiri-eredu jasangaitzaren ondorioz. Eta hiri espazioan bertan gero eta tarte txikiagoa uzten zaie errentagarritasunik ematen ez duten espazio berdeei, zuhaitzei eta animalei. Merkatu turistikoaren eskariak ez du justifikatzen ingurumenarekiko gehiegizko presioa eta eraldaketa. Premiazkoa da garraiobide kutsakorren erabilera mugatzeko politikak ezartzea —hegazkinak, gurutzontziak eta auto pribatua barne— eta turismoaren mesedetarako garraio azpiegitura berrien sorrera —metroa bezala— etetea. Herritarren eta naturaren arteko oreka berreskuratzeko, ingurune naturalak babesteko neurri ausartak hartu behar dira, gutxiengo baten negozioaren izenean hondamendia legitimatu ordez.
Turistifikazioak hiri-espazioaren konfigurazioa bera ere aldatzen ari da, kaleak eta plazak kontsumoaren logikaren arabera eraldatuz. Hirigintzaren eta espazioaren diseinuaren ardatz nagusi bihurtu da fluxu turistikoak erraztea; baina horrek ondorio larriak ditu herritarron eguneroko bizitzan. Peatonalizazioak eta garraio-aldaketak, teorian jasangarritasunaren izenean justifikatzen direnak, sarritan turistak gidatzeko bide estrategiko bihurtzen dira, tokiko biztanleen beharrak kontuan hartu gabe. Azpiegitura berriak (metroa) eta interes turistikoko proiektuak (Goe, Merkatal zentroak) kokapen estrategikoetan ezartzen dira, eguneroko bizitzaren logikarekin talka eginez. Tokiko merkataritza gero eta gehiago itotzen da, frankizia globalen eta turismoarentzako diseinatutako negozioen mesedetan. Saturazioak eta jendez gainezka dauden kaleek mugatu egiten dute jolasteko, paseatzeko, atseden hartzeko edo solasean aritzeko aukera; espazio publikoa, komunitatearen kohesiorako funtsezkoa dena, gero eta gehiago bihurtzen da kontsumora bideratutako eszenatoki. Espazio komunak, partekatuak eta biziak behar ditugu, ez erakusleiho bihurtutako kaleak.
Turistifikazio prozesuan ez da soilik gure hiria fisikoki eraldatzen; gure izaera kolektiboan, hizkuntzan eta kulturan ere eragin bortitza du. Ikuskizunaren logikak kulturaren merkantilizazioa ekarri du, eta sortzaile-kulturak ez du lehentasunik bertan, kontsumo azkarreko ikuskizunek ordezkatua. Hiriguneko zonalde turistifikatuenetan euskara, sarritan, apaingarri hutsetan ageri da, hizkuntza komunitario eta bizi gisa ordez. Hiri-nortasuna bera lausotu egin da, marketin turistikoaren eskakizunen arabera egokitutako irudi estereotipatuaren mesedetan. Etxebizitza espekulazioak eta etengabeko birmoldaketa komertzialak ondare arkitektonikoaren galera bizkorra ekarri dute. Azken batean, tokiko gizartearen kultura eta izaerak kalte handia jasaten dute, salgai bihurtu eta merkatu globalera egokitu nahi direnean. Gure bizimodua eta kultura ez da produktua, komunitate biziaren adierazpen dinamikoa baizik.
Turistifikatutako hirian areagotu egin dira bazterkeria eta desoreka ekonomikoak, eta horien atzean dagoen egiturazko indarkeria ezkutatu egiten da arrakastatsu gisa aurkezten den hiri-ereduaren azpian. Turismoaren bueltan sortzen diren lanpostuak, oro har, prekarietatean oinarritzen dira: denboraldi motzeko kontratuak, ordainsari baxuak eta lan-eskubide urraketak ohikoak dira. Gainera, egiturazko zapalkuntzak medio, emakumeak, migratuak eta gazteak dira lanpostu turistiko prekario horietan baldintza txarrenak pairatzen dituzten pertsonak. Aldi berean, gero eta zailagoa da pobrezia egoeran bizi diren herritarren presentzia onartzea hiri turistiko ederraren postalean; ikusezin bihurtu nahi dira, edo hiritik kanporatu. Hiriaren gune turistifikatuenak gero eta elitistago bihurtzen ari dira; bizilagunak kanporatzen diren bitartean, hiria luxuzko resort bihurtu nahi da: apartamentu esklusiboak, boutique dendak eta taberna zein jatetxe garestiak ugaritzen dira, bizilagunentzat eskuragaitzak. “Kalitatezko turismoa” deritzonaren bidez, hiria da aberatsen premien arabera eraldatzea legitimatu nahi da, horrek arrakala ekonomiko gero eta sakonagoa sortzen badu ere.
Gaur egungo hiri-ereduak sortzen dituen kalteak ikusita, ezinbestekoa da desazkunde turistikoa helburu komun gisa planteatzea. Turismoari baliabide eta espazio gehiago eskaintzea ez da bideragarria, ez ekologikoki, ez sozialki, ez ekonomikoki. Turistak erakartzea ez da helburu kolektibo desiragarri bat donostiarron gehiengoaren interesetatik begiratuta. Herritarren bizi-baldintzak lehenetsi behar dira, eta horrek eskatzen du turismoari muga erreal eta zorrotzak ezartzea. Neurri ausartak eta presazkoak behar dira: turismo sektorearen hazkundea mugatzea eta lehentasunak birplanteatzea. Hiriaren eredu ekonomikoaren trantsizio oso bat irudikatu, planifikatu eta gauzatu behar da, turismoarekiko mendekotasunean oinarritu diren jarduera ekonomiko eta lanpostuak bestelako sektoreetara birbideratuz: zaintza, kultura, nekazaritza jasangarria, industria sortzailea, ikerketa, komunitate ekonomiak… Gure ongizateak ez du oinarritu behar bisitari kopuruan, komunitatearen beharrei erantzuten dien garapen orekatuan baizik.
Herritarrek osatzen duten komunitatea da hiriaren bihotza, taupadaz taupada odola mugiarazten diona eta bizia ematen diona. Hori dela eta, komunitate-bizitza sustatzea, babestea eta indartzea funtsezkoa da hiri bizigarri eta osasuntsu bat irudikatzeko. Gizarte-kohesioa, elkartasuna, elkar zaintza, bizilagunen arteko harremanak eta nortasun kolektiboa sendotzeko politikak eta baliabideak behar dira. Horrekin batera, mehatxupean dagoen elkartegintza aitortu behar da, tokiko biziaren oinarri sendo gisa. Herritarren arteko loturetatik sortzen diren antolakuntza formak —auzo elkarteak, kultur eta kirol elkarteak, aisialdikoak, ikasketa taldeak, plataforma herritarrak eta hamaika herri mugimendu— ez dira osagarriak, ezinbesteko baizik. Herritarren energia eta denborarekin, modu boluntarioan, komunitatea eraikitzen eta bizirik mantentzen dutenak dira. Eta beren bizimodua hobetzeko aldarrikapenak, proposamenak eta alternatibak planteatzen dituztenak. Hiri hau diruagatik aldatzen ari diren horietatik aske etorkizun bat irudikatzeko, herritar antolatuen ahotsa errespetatu, entzun eta entzunarazi behar da. Tokiko forma hartzen duen borroka global honek gure ingurunearekin dugun harremanaren alderdi asko zeharkatzen ditu. Horregatik dei egiten diegu Donostiako bizilagunei antolatzeko eta hiri-eredu bizigarriaren aldeko borrokari eusteko; helburuak eta bideak merezi du.
Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren Bizilagunekin plataformak manifestazioa deitu du ekainaren 15erako, eguerdiko 12etan Kontxako erlojuetatik irtenda. “Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu!” lema izango du martxak, eta hiriaren erdialdeko eta parte Zaharreko kaleak zeharkatuko ditu.
Europa Hegoaldean turistifikazioaren aurrean dauden SET sareak egindako deialdiari erantzuten dio Donostiako manifestazioak. Hainbat hiri eta lurraldetan turistifikazioaren aurka eta desazkunde turistikoaren alde mobilizazioak eta aldarrikapen ekintzak egingo dira egun berean.
Bizilagunekin plataformak dei egiten die donostiarrei eta hiriko elkarte zein mugimenduei deialdiarekin bat egitera. Donostiarren bizitzak eta bizi-baldintzak arriskuan jartzen dituen turistifikazioaren kontra eta herritarren beharrak erdigunean izango dituen hiri-eredu bizigarriaren alde aktibatzera eta ahotsa altxatzera gonbidapena egiten du.
Hurrengo egunetan deialdiaren inguruko xehetasun gehiago komunikatuko dira.
Ekimen honek tonu alai eta ironikoan salatu nahi du aldaketa klimatikoa eta turistifikazioa elkar elikatzen ari direla, eta horrek gure hiria eta lurraldea merkatuaren logikaren esku uzten dituela.
Plataformaren esanetan, ospakizun hau protesta eta aldarrikapenerako modu bat da: aldaketa klimatikoa aukera komertzial gisa aurkezten duten diskurtsoei aurre egitea, eta turismoaren hazkunde mugagabea normalizatzea arriskutsua dela ohartaraztea. Bizi baldintza duinak defendatu eta arduragabekeria instituzionala salatzea dute helburu, umorea eta festa bidez.
Gogorarazi dute turismo jarduerak mundu mailako CO₂ emisioen %8 eragiten duela, eta hortaz, klima larrialdiaren eragile nagusietakoa dela. Hala ere, tenperatura igoera aukera ekonomiko gisa baliatzen ari dira interes pribatu batzuek, batez ere hondartza-turismoaren bidez etekinak handitzeko.
Festa Ilunki Kultur Elkartean izango da, maiatzaren 30 ostiralean 18:00etatik aurrera, eta mojitoak, janaria eta DJ Miau izango dira giro tropikala eta aldarrikatzailea sortzen.
Iazko udako turistifikazioaren aurkako mobilizazioak hurrengoen haziak dira; eta lurralde turistifikatuen eraldaketa sozioekonomikoaren haziak.
Hamarkadak dira gure lurraldeen ustiapen turistikoak kontrako erreakzioak eta mobilizazioak eragiten dituela, baina joan den udakoak jauzi garrantzitsua izan ziren, kalitateari eta kantitateari dagokionez. Udaberrian, Afrika ipar-mendebaldeko ‘Kanariar Uharte’ ultraperiferikoak kalera atera ziren, ‘Canarias agortzen ari da!’ eta “Canariasek muga bat du” esateko. Mobilizazio hauek parte-hartze masiboa eta denetarikoa izan zuten, aurretik inoiz ikusi gabekoa. Txinparta laster zabaldu zen Mallorca, Bartzelona, Kantabria, Donostia, Alacant, Menorca, Cadiz, Granada… Herritarren mobilizazio horiek bat egiten zuten gure lurraldeak ez direla saltzen esatean, turismoaren hazkundeari mugak jartzea aldarrikatzean, norabide aldaketa premiazkoa zela eskatzean eta desazkunde turistikoaren bidea irteera gisa aipatzean.
Gehienak manifestazio jendetsuak edo aurrekaririk gabeak izan ziren, munduari bira eman zioten irudiekin. Eta sendotu zuten turismoaren inguruko kontakizun bat duela gutxi arte pentsaezina zena. Jendea pobretzen duen erauzketa-industriaren kontakizun errealista, etxebizitza eskuragarria ezinezko egiten duena, ekonomia eta lana sektore bidegabe eta ustiatzaile honetan kontzentratzen dituena. Krisi ekologiko betean ura, airea eta lurzorua kutsatzen dituen industria bat, planetaren berotzearen erantzule diren isurketen % 9 eragiten duena. Energia eta baliabide naturalei dagokienez, lurraren gaitasun biofisikoa agortzen duena, lurraldea, merkataritza eta zerbitzuak, azpiegiturak eta garraio publikoa, dirulaguntzak eta sektore publikoaren pribilegioak bereganatzen baititu. Inpaktu horiek guztioi eragiten digute, baina ez modu homogeneoan, egiturazko bidegabekeriak areagotzen baitituzte: turistifikazioaren esplotazioa nabarmenagoa da arrazakeriaren, generoaren, sexu-orientazioaren edo kapazitismoaren ondoriozko diskriminazioak jasaten dituztenengan, eta intersekzionalki eragiten du.
Covid pandemia krisi bereziki krudela izan zen lurralde turistifikatuetako biztanleekin, eta, aldi berean, desazkunde turistikoari buruzko gure tesien berrespena ekarri zuen. Administrazio publikoaren eta sektore pribatuen erreakzioa, ordea, are gogorragoa izan da: turismoaren sektoreari emandako laguntza handitu egin da, pandemian finantza-erreskatearen itxura hartu baitzuen, eta turismo-lobbyek eta botere publikoek arreta desbideratzeko estrategia berriak sortu baitituzte. Status quo-a mantentzen duten bitartean gauzak aldatu egiten direla simulatzera bideratzen dute diskurtsoa piromano hauek. Hala, ekonomia urdina, jasangarritasuna, politika isolatu gisa fiskalitatea handitzea, kalitatezko turismoa eta elitizazioa, kultura- eta kirol-ekitaldiak eta -makroekitaldiak koartadak dira hazkunde turistikoa legitimatzeko. Egia esan, betiko injustizia eta esplotazio ekuazio beraren birformulazio zabarrak dira: botereak eta kapitalak irabazten dute; jendeak, lurraldeak eta planetak galtzen dugu.
Turistifikazioari mugak ezartzeko ekintza bakoitza kontzientzia kolektibo gero eta handiagoaren adierazpena da. Gaur egun, turismo-monolaborantza gizarte-eztabaiden parte da, eta lurralde turistifikatuetako biztanle gehienek baztertu egiten dute. Manifestazio bakoitzak une bat markatzen du eta, batzuetan, inflexio-puntu bat. Testuinguru honetan, 2018an jaio zen Turistifikazioaren aurkako Europako hegoaldeko sareak (SET) topaketa hau antolatu du eskualdeen arteko laguntzarako gune gisa, hamabost lurralde baino gehiagoren parte-hartzearekin eta Bartzelonako nahiz Kataluniako pertsona eta gizarte-mugimenduekin.
Hiru egun izango dira elkarri entzuteko eta eztabaidatzeko, taldekako ikaskuntzarako, elkartrukerako eta sorkuntzarako: gure mezuen eta ekintzen irismena nola zabaldu hausnartu behar dugu, mobilizatzeko, antolatzeko, komunikatzeko eta politikan eragiteko modu berriak erabiliz. Lurraldeek, bertan bizi direnek eta planeta osoak behar dituzten aldaketak eta politikak bultzatu behar dira: turismo-ustiapenari mugak jarri behar zaizkio, ekoizpen-ereduak eraldatu behar dira, bizitza eta ekosistemak erdigunean jarriz. Amaitu behar da espazioen, baliabideen eta biztanleriaren kontsumo itsu eta mugagabearen turismo ereduarekin.
Horretarako, lurraldeetako egoerari eta kolektibo parte-hartzaileen ekintzari buruzko elkarrizketak, tailerrak eta eztabaidak egingo ditugu: diagnostikoa, mobilizazio-modu berriak, etxebizitza, lan-borrokako estrategiak, mugikortasuna, krisi ekologikoa, distrakzio-estrategiak, turismoa murrizteko neurriak eta produkzio-birmoldaketa. Jardunaldiei amaiera emateko, ekintza sinboliko bat egingo dugu Sagrada Familiaren inguruan, lurralde desberdinen artean koordinatutako turistifikazioaren aurkako hurrengo mobilizazioak abiarazteko.
Topaketa arrakastatsua da dagoeneko existitzen delako eta auto-antolaketatik egiten delako. Gaur, gainera, iragarri nahi dugu datorren ekainaren 15ean SET sareko lurraldeek manifestazioak egingo ditugula turismo-monolaborantza horren aurka, eta modu koordinatuan egingo dugula, lelo komun bati jarraiki. Europa hegoaldeak turistifikazioaren aurka duen ahotsa kontinente osoan eta haratago entzungo da, planeta suntsitzen duen su turistikoarekin amaitzeko, eta ustiatzen dituen lurraldeen ezinbesteko eraldaketa sozioekonomikoa behingoz hasteko.
Pasa den abenduan jakin zen 2030ean Espainia, Maroko eta Portugalen jokatuko den Munduko Futbol Txapelketako egoitzetako bat izateko izendatu zutela Donostia. Hiriko bizilagun elkarteen, herri mugimenduen eta biztanleen artean kezka sortu duen izendapena da, kezkatzeko arrazoiak nabarmenak baitira.
Donostia turistifikazio prozesu basati bat bizitzen ari da, azken hamarkadan nabarmen azeleratu dena eta bertako bizilagunei kalte larriak eragiten ari dena. 2015 eta 2024 urteen artean, hiriko hotel kopurua %40,3 hazi da eta eskaintzen diren ostatu plazen kopurua %69,2. Hirira iritsi diren turisten sarrerak %77,8 handitu dira; espainiar estatukoak %35,8 eta atzerrikoak %120,9. Urte horietan, etxebizitzaren erosketa prezioa %47,36 hazi da eta alokairuaren prezioa %44,54. Bertako herritarrak hiritik kanporatuak izaten ari dira, espazio publikoa interes komertzialen arabera eraldatua izaten ari da, azpiegiturak turismo-industriaren beharren arabera diseinatzen dira, bertako hizkuntza eta kultura marketing helburuetarako fetitxizatzen dira eta abar.
Mundiala baino 6 urte lehenagotik kolapsoa aurreikusten da. FIFAk berak Maroko, Portugal eta Espainiaren hautagaitza aztertuz 2024ko azaroan argitaratutako txostenean[1] aipatu zuen, Donostian dagoen ostatu-plaza kopurua ez dela nahikoa izango Munduko Futbol Txapelketak erakartzea aurreikusten den bisitari kopuruari ostatu emateko. Donostiako hotel, ostatu, hostel eta abarrek gainezka egingo dutela kalkulatzen dute antolatzaileek. Horren konponbide edo lasaigarri bezala aipatzen zuten Biarritz edo Baiona gertu daudela Donostiaren gainezkatzea sostengatzeko eta, gainera, Airbnb bezalako baliabideak kontuan hartu behar direla hiriko gaitasuna ulertzeko. Mugikortasunari dagokionez, txosten berean FIFAk aipatzen zuen kirol ekitaldien inguruko bizitegi eta merkataritza zonaldeen eraginez trafikoaren kudeaketarako plan bereziak martxan jartzea eskatu duela gertakariak.
Azken asteetan, Espainiako hedabideetan Donostia egoitza gisa izendatzeko prozeduran egon den gardentasun falta agerian jarri da. Gainera, Donostiako Udalak (talde politiko guztien adostasunez) onartu du Mundialetik eratorritako beharrak gora-behera eskaintzen diren ostatu plazen proportzioa ez handitzeko konpromisoa.
Gutuna sinatzen dugun elkarteek salatzen dugu Mundiala Donostian jokatuz gero ekitaldiak hiriaren turistifikazioa areagotuko duela eta erakunde publikoek turismo industriaren mesedetan jokatzen jarraituko dutela. Hartutako erabakia atzera botatzeko eskatu diogu FIFAri eta gaian sakondu nahi izatekotan gure laguntza eskaini diogu. Turismoaren hazkundearen kalteei erantzuteko modu bakarra desazkunde turistikoaren bideari ekitea dela ere adierazi diogu.
Behobia-San Sebastian lasterketa bueltan da, eta lehen izen emateak zabalik dira jada. Oraindik ez dakigu zein izango den aurtengo korrikalarien kopurua, baino ideia bat egin dezakegu. 2015ean, lasterketak bere partaidetza puntu gorena lortu zuen, korrikalari kopuru handiena erregistratuz, 34.000 inguru. Ordutik, parte hartzaileen kopuruak behera egin badu ere, iaz, trenbide bidezko garraioan arazo logistikoak direla eta, 27.000 inskripzio izan ziren guztira.
Dortsal orokorra erosteko epea maiatzaren 7an irekiko da, baina badaude lehenago lortzeko aukerak ere. Ohiko korrikalariek, adibidez, apirilak 2tik erosi dezakete beraien dortsala, errepikatzen dutenentzako oparitxo gisa detaile polita, aurreko urtean sei ordutan 17.000 dortsal saldu zituztela kontuan izanda. Baina, lasai, badago beste lasterbide bat: pakete turistikoa erostea, hori ere apirilak 2tik dago irekita. Kontuan izanda, lehengo urteko datuen arabera, parte hartzaileen %78 Gipuzkoa kanpotik datozen korrikalariak direla, negozio biribila prestatu dute antolatzaileek. Pakete turistikoan soilik hamabi hotel daude aukeran, baina, lasai, promozio hau gabe geratzen direnentzat milaka pisu turistiko eta 160 hotel inguru geratzen dira oraindik gure Donostian.
Askotan, esaten digute kirol makro ekitaldiek aberastasuna dakartela, eta munduaren aurrean herri gisa aurkezteko aukera direla. Baina betikoek betetzen dituzte poltsikoak. Ez herritarrok, ez langileok, ez dugu aberastasun hori jasotzen. Adibide bat: hotelek izaten dituzten irabazien %20 soilik bideratzen dute soldatetara. Hala ere, administrazioak horrelako kirol jarduerak turismoaren promoziorako erabiltzen jarraitzen du. Gure kultura, izaera, hizkuntza… munduari erakusteko. Gaur, Behobia-San Sebastian, bihar errugbia eta, laster, 2030ean, munduko futbol txapelketa. Hiriaren mugek noiz arte aguantatuko dute?
Donostian turistifikazio basatia ematen ari den bitartean, etxebizitza larrialdia, gune berdeen artifizializazioa, lan prekaritatea, bizilagunen kanporatzea eta abar luze bat sufritzen gabiltza donostiarrok.
Desazkunde turistikorako norabidea hartu beharra dugu, beste hiri eredu bat dugulako ortzi mugan. Guk beste mota bateko ekitaldiak nahi ditugu, auzo bizitza bultzatzen dutenak, ekimen komunitarioak eta autogestionatuak bultzatzen dituztenak, auzotik eta auzoarentzako direnak. Horretarako, herritarrei eta auzoetako elkarteei erraztasunak jarri behar zaizkie, kalearen merkantilizazioarekin bukatuz. Ez gaur egun egiten den moduan, ekimen masibo eta enpresa pribatuei alfonbra gorria jarriaz. Turistifikaziotik gutxiago, eta herrikoitik gehiago duen Donostia nahi dugu.
Martxoaren 27an, osteguna, 19:00etan, gerturatu Verano sin vacaciones. Las hijas de la Costa del Sol, Ana Geraniosen liburu aurkezpenera.
Costa del Soleko turistifikazio prozesuaz eta horrek bizi eta lan baldintzetan dituen eraginez hausnartzeko topaketa izango da.
Ez galdu hurbiletik ukitzen gaituen errealitate bati buruzko ezinbesteko elkarrizketa hau. Zure zain gaude!
Ana Geraniosekin liburu aurkezpena eta solasaldia: Verano sin vacaciones. Las hijas de la Costa del Sol.
Martxoak 27, osteguna, 19:00tan Hontza liburu dendan,
Verano sin vacaciones, las hijas de la Costa del Sol.
Costa del Solen ematen den turistifikazioaz, bizi eta lan baldintzen inguruan.
“Nolakoa izango litzateke ostalaritzarik gabeko mundua? Pentsa al daiteke inork zerbitzatua izan edo zerbitzatu behar ez duen gizarte batean, erretiluek inolako erabilgarritasunik ez duten gizarte batean? Liburu hau ez doa hortik. Justu kontrakoa da: sektore ekonomiko baten azterketa da, publiko jakin bati zerbitzua ematen diotenen lanari esker aberasten den sektore ekonomikoari buruzkoa.
Verano sin vacaciones Malagako kostaldeko ostalaritza sektoreko langile baten egunerokoa da; kontakizun horri Las hijas de la Costa del Sol gehitu behar zaio, turista gisa interpelatzen gaituen entsegu bat, baina horrez gain, lan esplotazioan, morrontza politikoan eta suntsipen ekologikoan oinarritzen den industria baten atzean zer dagoen ere ulertarazten diguna.
Leitmotiv-a galderak egitea da, hitz egitea, pentsatzea, partekatzea; ostalaritzarik gabeko mundua nolakoa izango litzatekeen imajinatzea.”
Ana Geranios:
1988, Algeciras. Andaluzian jaio, hazi eta bizi da. Pertsona arrunta da: goizetan janzten da, gosaltzen du, gauzak egiten ditu, atseden hartzen du. Oso gogoko ditu loreak, eta gorroto du botere-abusua edozein agerpenetan. Beno, hobe esanda, boterea gorrotatzen du, horrela, lehor. Botereak zeharkatutako harremanak existituko ez balira — pentsatzen du —, denok izango ginateke askeak.
LURRALDE TURISTIZATUEN ERALDAKETA SOZIOEKONOMIKOAREN ALDE
Bartzelona, apirilaren 25, 26 eta 27a
Urte batzuetan aurrez aurre egon gabe egon ondoren, apirilaren 25, 26 eta 27an SET saretik (Europa hegoaldea, Turistizazioaren aurka) jardunaldi hauek egingo ditugu Bartzelonan, mundu guztiari zabalik. Bertan, turistizazio-prozesuen hainbat alderdi jorratuko ditugu, eta landuko ditugu modu berriak arrazoiketaren eta mobilizazioaren bidez honi aurre egiteko.
Urteak dira Europa hegoaldeko turismoaren aurkako mugimenduak SET sarean antolatu ginela, analisiak eta estrategiak trukatu eta partekatzen ditugula eta modu koordinatuan mobilizatzen garela (adibidez, Turismoaren Munduko Eguna dela eta).
Joan den udan Kanarietan, Mallorcan, Kantabrian edo Bartzelonan, besteak beste, izandako mobilizazio jendetsuen kapital politikoa eta mobilizazioak bildu nahi ditugu, arrazoiak eta ondorioak aztertu, Europa hegoaldeko lurraldeek turistizazioaren aurka duten ahotsa sendotzeko sarea indartu, hori guztia Bartzelonako auzoetako jendearekin partekatu eta forma berri eta indartsuagoak sortu.
Programak biltzen ditu mahai-inguru bat, tailerrak mobilizazio-modu berriei, turismo-sektorearen distrakzio-estrategiei, mugikortasunari, etxebizitzari, lanari eta ingurumen-krisiari buruz, eta desazkunde turistikoari eta lurralde turistizatuetako produkzio-birmoldaketari buruzko hausnarketa-gunea. Jardunaldiak mobilizazio sinboliko batekin itxiko ditugu.
Dagoeneko baieztatuta daukagu etorriko direla honako lurraldeetako kideak: Bilbo (Bihotzean eta SOS Alde Zaharra), Canarias (Asamblea por la Distribución de la Riqueza), Cantabria (Cantabria No Se Vende), Donostia (Bizilagunekin), Ibiza (Camviem el rumb), Iruñea (AZ Sare Komunitarioa), Lisboa (Morar em Lisboa), Mallorca (Menys Turisme Mès Vida), Marseille (XR Marseille), Napoli (SET Napoli), Palermo (APRO), Venezia (OCIO), Pirineoak (Pirineu Viu), Bartzelona (ABDT).
Apirilak 25, ostirala 16:30ean Irekiera, izen-emateak eta aurkezpena 17:00 Mugimenduei buruzko mahai-ingurua, 6 lurraldetako ordezkariekin 18.30 Tailerra: Turistizazioaren aurkako mobilizazio modu berriak, Soluèvements de la Terre taldearekin
Apirilak 26, larunbata 9.30 Irekiera eta izen-emateak 10:00 Aurkezpena 10.10h Tailerrak: Etxebizitza vs. turismo-ostatua Mugikortasuna lurralde turistizatuetan: eskala globala eta tokikoa, Zeroportekin eta Stop Crucerosekin 12.15 Tailerrak: Krisi ekologikoa eta turistizazioa Proturismoen distrakzio-estrategia ‘berrien’ aurka Turismo-sektoreko lan-borrokarako estrategiak, Kellys Catalunyarekin eta Fronte Komunarekin 14h Bazkari herrikoi beganoa 16:00 Osoko bilkura: goizeko tailerretatik itzulera eta emaitzen eztabaida 17.30h Gune unitarioa: Turismoa murrizteko eta trantsizio ekosozialeko testuinguruan ekoizpena birmoldatzeko neurriak, Coòpolisekin 20h Jolasgunea
Tasa edo zerga turistikoaren eztabaida urtetan luzatzen ari da, erakunde publikoetan ordezkaritza duten indar politikoen artean ezarri beharraren gaineko adostasuna zabala den arren. Eztabaidetako bat da zerga hori zein erakundek kobratuko duen: zenbait udalek (tartean Donostiakoak) eta Jaurlaritzak izan nahi dute arduradun. Eta bigarren eztabaida, aurrekoarekin lotuta, da zertarako baliatuko den zerga honen bidez jasotakoa.
Indar politiko eta erakunde batzuk zergaren bidez bildutakoa “sektorea indartzeko” baliatu nahi lukete. Esan nahi dutena da turismo jarduera are errentagarriago bilakatzera bideratu nahi dutela aurrekontu publikoa. Sortzen duen aberastasuna gizartean gaizki banatzen duen jarduera ekonomikoa izan arren, irabazten ateratzen den gutxiengoa gehiago aberastu dadila sustatu nahi dute. Turistifikazioaren kalteei ezikusiarena egin eta turismoak hazten jarraitzearen alde apustu egiten dute.
Badaude beste erakunde batzuk, “hiria hobetzeko eta turismoak eragiten dituen gastu gehigarriak estaltzeko” erabili nahi omen dutenak zerga turistikoa. Turistifikazioaren ondorio agerikoenei erreferentzia egiten dietela ulertzen dugu honekin: kaleko zikinkeria eta zaborra, zerbitzu publikoen saturazioa edo zarataren handitzea, adibidez. Aurrekontu publikoaren zati bat arazo estruktural larriak eragiten dituen turismoa erakartzera bideratzen dute (turismo azokak, kazetarien bidaia ordainduak, publizitatea, makro-ekitaldien erakarmena…) eta, edozein kasutan, azaleko ondorioak estaltzeko bilduko litzatekeen diru kopurua hori baino askoz txikiagoa litzateke.
Kontua da, zerga turistikoa ezartzeak ez duela turismoaren hazkundea zalantzan jartzen. Turismoak gure eredu ekonomikoan duen pisua handitzearen alde lanean ari dira erakunde publiko gehienak. Eta, turismo jarduerak zenbait kalte eragiten dituela onartzera iritsi diren gutxiek, proposatzen digutena da kalte horietara egokitzea. Kalte horiek iraunkortzat jotzen dituzte, betikotu egingo direla ziurtzat jotzen dute. Eta beraien proposamena da herritarrontzat eramangarriago egitea egoera.
Tranpa bat da eztabaida bera. Turistifikazioaren ondorio garrantzitsuenak egiturazkoak dira eta arrisku larriak dakarzkiote gizarteari maila sozialean, ekonomikoan, ekologikoan eta kulturalean. Horregatik, egiturazkoak dira egin beharreko esku hartzeak. Desazkunde turistikoaren norabidea hartzen ez den bitartean, herritarren gehiengoa kaltetuz aberasten ari direnen irabaziak kosta ala kosta bermatu nahi diren bitartean, ez da arazoarekin amaituko.
Beraz, esan dezakegu tasa edo zerga turistikoaren eztabaida estrategia komunikatiboen eremuan kokatzen dela. Turistifikazioaren existentzia bera ukatzen dutenek talka egiten dute turistifikazioaren ondorio sakonak estali nahi dituztenekin. Baina biak dira gizartean sortu den kezka eta protesta baretzeko estrategia hutsak.
Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren Bizilagunekin plataformatik herritarrei dei egiten diegu estrategia komunikatibo honetan, makillaje operazio honetan, ez erortzeko. Herritarren bizi baldintzak erdigunean dituen hiri-ereduaren alde egiten dugu eta, horretarako, eredu aldaketa ekarriko duen trantsizio prozesu baten alde: ekonomiaren dibertsifikazioa, lan baldintzen hobetzea, etxebizitza eskubidea bermatzeko esku hartze publikoa, natur eta kultur ondarearen babeserako neurriak eta mugikortasun eredu jasangarria, besteak beste. Beraz, ez gaitezen engainatzen utzi eta antolatu gaitezen egoera zorrotz aztertzeko, inposatzen zaigun ereduari aurre egiteko eta alternatiba bizigarria martxan jartzeko.