Pintxoland ereduaren kontra, Parte Zahar euskalduna eta bizigarriaren alde

Donostiako Parte Zaharrean turismoari zuzendutako ostalaritza eta merkataritza dena irensten ari da, bizilagunak serioski kaltetuz. Gainera, euskara erabat baztertzen dute kanpotarrei begirako negozioetan. Ekimen ironiko baten bidez salatu dugu hainbat eragilek. #WelcomeToPintxoland

Parte Zaharreko hainbat sarreratan #WelcomeToPintxoland pankartak jarri ditugu eta bertako bizilagunen zein euskaldunen aurkako erasoak salatzen dituzten 5000 eskuorri banatu ditugu, pintxo-taberna baten publizitate eskuorriak irudikatuz.

Egun hauetan UNWTOk eta Basque Culinary Centerrek, bertako erakunde publikoen laguntza eta finantziazioarekin, Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa egiten ari dira Kursaalean. Donostiarrok ez dugu turistifikazio basatiaren menua irentsiko, ordea.

Donostiak bizi duen turistifikazioa hiria eraldatzen ari da. Besteak beste, komertzioak eta ostalaritza-establezimenduak gero eta bideratuago daude kanpoko bisitariei. Bereziki ostalaritza mota hori gero eta gehiago hazi da eta azken urteetan ordezkatzen ari da ostalaritza tradizionala eta auzotarren beharrak asetzera zuzendutako merkataritza establezimenduak. Turismoaren presentzia handieneko auzoetan, Donostiako Parte Zaharrean bereziki, turistei bideratutako merkataritza eta ostalaritza horiek dira, neurri handi batean auzotarren bizimoduan agertu diren kalteen eragile nagusiak: zarata, zaborra, kale-espazioaren okupazioa… Sakonean, gainera, jabetzen pilaketan eta lan-baldintza eskasetan oinarritutako ereduan dihardute eta ezkutuko ekonomiaren gotorleku dira.

Turistei bideratutako ostalaritza eredu honen eraginez, hiriko hizkuntza-paisaia ere aldatzen ari da: taberna eta jatetxeetako kartetan, karteletan eta publizitatean, gaztelera, frantsesa eta ingelesa dira hizkuntza nagusiak, eta euskarak gero eta presentzia gutxiago du. Euskaldunak ez dira taberna eta jatetxe horien lehentasunezko bezeroak, eta beraz, Donostiako Parte Zaharrean ia desagertu egin da mapatik. Eukaraz bizitzen ahalegintzen diren bizilagun asko dituen auzoa da Parte Zaharra eta euskaldun asko erakartzen dituena; baina ez dugu aukerarik karta euskaraz irakurtzeko edo euskaraz eskatzeko. Kanpotik etorritakoekin negozio egin nahi horretan, bertakoei errespetu falta hedatzen ari da. Ez dugu ahazten pandemian atzerriko bisitariak desagertu zirenean, bertako herritarrei tabernetara bueltatzeko Ostalarien patronaletik egindako deia. Orduan bai, negoziorako baldintzak aldatzea, bertakotasuna aldarrikatu beharra sentitu zuten.

Hori gutxi balitz, negozio turistikoan tokiko “singularitatea” aktibo bat bihurtzen da; horregatik, komunikazio-hizkuntza gisa ez, baina Pintxoland parke tematikoaren dekoratu gisa baliatzen dute euskara. Donostia turistifikatuan euskal kulturako eta tradizioko izenak dituzten tabernak agertzen dira izkina orotan, baina bertan “tortilla de patatas” eta “pintxo de morcilla” besterik ez dugu topatuko. Parte Zaharreko hiri-paisaia hutsaldu egin da, munduko edozein hiri turistifikatutan aurkitu dezakegunarekin parekatzeraino. Laburbilduz, turismo-industriak euskara eta euskal kultura markagintzarako elementu hutsa bilakatzen du; euskara erabiltzen da esperientzia turistikoari kutsu berezia emateko; gure hiria salgai dagoen produktu bezala ulertzen dute eta euskara produktu horri jartzen zaio lazo koloretsu bat besterik ez da turistifikatzaileentzat.

Ez ditugu aipatu gabe utzi nahi tokikotasunean eta gertukotasunean oinarrituta, euskaraz eta euskaldunekiko errespetuz, ostalaritza eredu basatiari erresistentzian eusten dioten taberna eta jatetxeetako arduradun eta langileak. Turistifikazioa geldiarazi eta bestelako hiri- eta auzo-ereduaren aldeko borrokan ondoan sentitzen ditugu. Turismo eredu suntsitzailea honek herritarron ongizatea eta eskubide linguistikoak erasotzen ditu eta ezinbestekotzat ikusten dugu Donostiak desazkunde turistikorantz norabidea hartzea, Parte Zaharrean ongi bizitzea eta euskaraz bizitzea denon eskura egon dadin.

Auzoan bizitzen jarraitu eta euskaraz bizi nahi dugulako, turistifikazioa stop!

  • Bizilagunekin plataforma
  • Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea
  • Parte Zaharreko Euskara Batzordea
  • Alde Zaharreko Gazte Asanblada
  • Alde Zaharreko Ernai

Turistifikazioaren aurkako urria – EGITARAUA

Hitzaldiak, mahai-inguruak, kaleko ekintzak, sareko ekimenak eta mobilizazioak izango ditugu 2023ko urrian, TURISTIFIKAZIOAREN AURKAKO URRIA deitu dugun honetan. Atal honetan deialdiak gehitzen joango gara, datak hurbildu ahala eta ekintzak agertu ahala:

“Turistifikazioaren aurkako urria” antolatu du Bizilagunekin plataformak Donostiarentzat desazkunde turistikoaren norabidea aldarrikatzeko

Irailaren 27an Turismoaren Nazioarteko Eguna baliatzen dugu urtero Europa Hegoaldean turistifikazioaren aurrean dauden hirien SET sareko kideok, Turismoaren Kolapsoaren Eguna aldarrikatzeko. Gutxi batzuen epe motzeko etekin gosea berebiziko kalteak eragiten ari da hiri eta lurralde askotako biztanlerian: ingurumena kaltetzen, ondare kultura galtzen, tokiko egitura ekonomikoak ahultzen, langileen bizi baldintzak okertzen, bizilagunen komunitate-sareak desegiten… Turismo jardueraren mugagabeko hazkundeak kalte horien hedapena dakar. Gure gizarteak lehenbailehen desazkunde turistikorantz bideratzea premiazkoa da, ikuspegi ekologiko, ekonomiko, kultural eta sozialetik etorkizunarekiko arduratsuak baldin bagara. Hamaika talde ari gara bizilagunen eskubideak, gure lurraldeak eta gure bizitzak defendatzen denetariko elkarte eta taldeetan antolatuta. Ez ditugu gure hiriak galdutzat emango; elkartasunean saretzen, ezagutzak trukatzen eta elkar laguntzen jarraituko dugu borroka beraren parte garelako.

Urriaren 5etik aurrera Donostian egingo da berriz Munduko Turismo Erakundearen “Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa”. Urriaren 23tik aurrera, Espainia mailan turistifikazioa gidatzen duten erakunde publiko eta pribatuak bilduko dira Turespaña Konbentzioan Donostian. Nazioarteko eta Estatu mailako ekitaldi hauek gure hirian egitea ez da kasualitatea. Azken urteetan turismoaren jardueraren bidez negozioak egiteko gune bezala nabarmendu da Donostia estatu mailan eta nazioarte mailan. Turistifikazioari “barra libre” eman zaion garai honetan, gure hiriak denetariko inbertsiogile, multinazional, espekulatzaile, esplotatzaile, oportunista eta putreak erakarri ditu. Donostiarrak kokoteraino gaude eta ez dira ongi etorriak.

Izan ere, azken urteetan ikusi dugu Donostiako kaleak nola bete diren, nola eraldatu den hiri-espazioa turismo-negozioen mesedetan, garestitu direla kontsumo prezioak bertako biztanleen gaitasun ekonomikotik urrunduz, auzo batzuk bizitoki bezala zailtzen doazela eta bisitaleku soil bihurtzen, etxebizitzaren prezioak garesti izatetik ordainezin izatera pasa direla, naturguneak atrakzio bihurtzeko proiektuak aurrera doazela, turistak erakartzeko ekitaldiek markatzen dutela hiriko agenda, merkataritza txikia hilzorian dagoela eta ehundaka donostiar, beren bizi proiektua beren hirian gauzatu ezinik, kanporatuak izan direla. Hiriak turistifikazio bortitza bizi du eta hori ez da zerutik eroritako gertaera; erakunde publikoak turismoaren negozioarekin aberasten direnen esanetara daude. Turismoaren hazkundeak eragindako kalteak ukatzen zituzten, hasieran. Donostiarrak erabat kezkatuta eta gogaituta daudela ikusi dutenean, ordea, antzerkiari ekin diote. Aspertu arte errepikatzen dituzte turismo jasangarria eta hiri-adimentsua bezalako marketing etiketak. Neurriak hartzen ari direnaren errelatoa egin beharra sentitzen dute orain. Ez da sinesgarria. Pisu turistikoen eta hotelen irekiera erregulatu dute, gehiago ireki daitezen ateak zabalik utziz. Tasa turistikoaren inguruan bueltaka jarraitzen dute, ezkutatuz zertarako baliatu nahi duten bildutako dirua eta aitortu gabe ez lukeela turisten etorrera gutxituko. Desestazionalizazio eta deszentralizazioa saldu nahi dizkigute formula magiko bezala; baina denok dakigu neguko turista kopurua handitzeak ez duela udako kopurua txikitzen eta Loiolan ostatu hartzen duten turistek ere Parte Zaharra eta Kontxa bisitatzen dituztela. Hipokrisia eta faltsukeria ariketa etengabea bizi dugu donostiarron haserrearen aurkako operazio gisa, baina benetako neurri eraginkorrak ez hartzeko estrategiari erantzuten diona.

Turismo jarduerak hirian gehiegizko bolumena eta pisua hartu duela ukaezina da. Desazkunde turistikorantz bideratu ezean, sortzen dituen kalteek handitzen, iraunkortzen eta atzera ezinezko bihurtzen jarraituko dute. Promozio turistikoa zerora murriztu behar da; etxebizitzaren alokairuen prezioak mugatu; pisu turistiko eta hotel gehiago irekitzeko aukerak ezabatu behar dira eta gaur egun eskaintzen direnak murrizteko prozesua martxan jarri; ondare natural eta arkitektonikoaren babeserako neurriak indartu eta blindatu behar dira; espazio publikoa bertakoen bizitzen beharretara egokitzeko eraldatu behar da; auzoetako bizitza komunitarioa sustatzeko eta errazteko politikak gauzatu behar dira…

Kolapso Turistikoaren Egun hau baliatu nahi dugu TURISTIFIKAZIOAREN AURKAKO URRIA iragartzeko. Turistifikatzaileek gure hirian egingo dituzten bi biltzarrei erantzuna hilabete osoan zehar emango dugu. Hausnarketaz, ekintzaz, topaketarako aukerez eta aldarrikapenez beteko dugu urria, hilabete osoko programa baten bidez. Urriaren 22an eguerdiko 12etan Alderdi Ederretik irtengo den manifestazioa egingo dugu.

Donostiarrak gara, egungo turismo ereduarekin kezkatuta gaude eta desazkunde turistikoaren alde egiten dugu. Ez gaude prest arazo hau areagotzen den bitartean ikusle pasibo izateko eta frustrazioaren putzuan itotzeko. Gure bizitzak eta gure hiria salduz aberastu nahi dutenei erantzun eta geldiarazi egin behar dira. Dei egiten diegu donostiarrei TURISTIFIKAZIOAREN AURKAKO URRIAn antolatuko diren ekintzetan parte hartzera eta aktibatzera. Hiri eredu desorekatu eta bidegabe honen aurrean piztu diren hamaika borrokatan, auzoetako komunitateak lantzen edo turistifikazio prozesuari erantzuten antolatuta soilik hartuko ditugu gure hiria eta gure bizitzak gure eskuetan. Beraz, donostiarrak animatzen ditugu hiriko hamaika talde, elkarte eta plataformatara hurbiltzera eta bertan parte hartzera, indarrak batzeko eta Donostia berreskuratzeko.

#WorldTourismDay = #CollapseTourismDay #SETnet

#DonostiaEzDagoSalgai #DesazkundeTuristikorantz #DonostiaBerreskuratu #TuristifikazioaStop

FRANTZIAKO TOURRAREN “GRAND DEPART” SUSTAPEN TURISTIKORAKO OPERAZIOARI BURUZ:

Datorren asteburuan Frantziako Tourraren 2023ko edizioa Bilbotik abiatuko da, eta lasterketak Euskal Herria zeharkatuko du lehenengo hiru etapetan. Ibilbidea Bilbon hasi eta, besteak beste, Gasteiz, Donostia eta Baiona hirietatik pasako da. Horrela, ekitaldiak lurraldean zehar inpaktu sozial eta ekonomiko handia izango duela aurreikusten da. Horren aurrean, eta egun Donostian eta Euskal Herrian pairatzen ditugun turistifikazio prozesuak kontuan izanda, Bizilagunekin Plataformak Tourraren “Grand Depart”az hurrengo hausnarketak partekatu nahi ditu.

Lasterketaren sustapena, antolaketa, logistika eta azpiegitura diru publikoz finantzatuko dira, zehazki, 14 milioi euro baino gehiagoko gastua, erakunde publikoetatik aterako dena. Gastu publiko horri, herritarren eguneroko bizitzan izango duen inpaktua gehitu behar diogu:  kaleak eta errepideak itxita, eragozpenak zerbitzuetan, garraioa eta mugikortasuna murriztuta… Hori gutxi balitz, inbertsio publikoa eta kalteak herritarrek jartzen dituzten bitartean, ekitaldiaren etekin ekonomikoak industria turistikoak jasoko ditu. Sektore turistikoa kontrolatzen duten lau poltsikotan bukatuko dute irabaziek; izan ere, ezagutzen dugun bezala, aberastasuna gutxien birbanatzen duen sektore ekonomikoetako bat da sektore turistikoa.

Euskal Herriak txirrindularitzarekin duen lotura nabarmena da, pasio handiz bizi den kirola da eta zale asko ditu. Hori jakinda, Tourraren “Grand Depart”aren negozio turistikoa sustatzeko herri honetan txirrindularitzarekiko eta bere balioekiko atxikimendua erabili da.  Egun hauetan gure lurraldea, kultura eta nortasuna salgai daude, turismoaren industriaren irabazi ekonomikoak handitzeko.

Tokiko kulturaren eta ondarearen merkantilizazio horretan euskararen gaia esanguratsua da. Nahiz eta herritarrek bizitzaren arlo gehienetan euskaraz bizitzeko zailtasunak eduki, eta eremu sozioekonomikoan zein publikoan bigarren planoan egon, promozio turistikorako mesedegarria izan daitekeenean, marketin estrategien bidez folklorizazio eta fetitxizazio ariketak egiten dira, “ongi eTOURri” leloarena bezalakoak.

Azken finean, Grand Depart Pays Basque operazioak zerikusi gutxi du txirrindularitzaren baloreekin, euskal nortasunarekin, oinarrizko txirrindularitzako eragileei laguntzearekin, herriz herriko lasterketen antolakuntzarekin… baina guztiz lotuta dago Bilbon hoteletako gelek izan duten prezio igoerarekin, Donostian urte osoan funtzionamenduan dauden alokairu turistikoko 1.659 etxebizitzekin, eta hurrengo urteei begira neurriz kanpo hazten ari den jarduera turistikoaren bidez aberasten ari direnen negozioa sustatzearekin. Guztion onerako zerbait bezala aurkezten digute, abertasuna gizartean oso gutxi birbanatzen duen jarduera hau.

Hori guztia kontuan hartuta, desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren Bizilagunekin plataformak eskatzen du:

  • Turismo jarduera neurri eta baldintza jasangarrietara eramateko, desazkunde turistiko prozesu baten baitan, sustapen turistikorako aurrekontu publikoa ezabatzea eta, horren ordez, turistifikazioaren kalte sozial, ekonomiko eta ekologikoak konpontzera bideratzea.

  • Kirol ekitaldiz mozorrotutako promozio turistikorako ekitaldi erraldoiak bertan behera uztea. Kirol jarduerak, lehiaketak edo ekitaldiak antolatzeko herritarren beharrak erdigunean jarriz hartzea erabakiak, aurrekontu publikoak tokiko komunitateetatik sortutako kirol ekimenetara bideratzea eta ez gutxi batzuen eskuetan dauden negozio turistikoen arabera. 

  • Espazio publikoa interes pribatuen mesedetan erabiltzeari utzi, eta kirola, kultura eta herri-bizitza kolektiboa osatzen duten ekimenei bere erabilerarako erraztasunak ematea.

Donostia ez dago salgai! manifestazioa (ondorengo materialak)

AMAIERAKO TESTUA:

HEMEROTEKA:

EUS

https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20230521/hirigintza-eredu-basatia-eten-dadila-eskatu-dute-donostian

https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/9209502/ehunka-pertsona-kalera-atera-dira-donostian-udalaren-hirigintza-ereduaren-aurka/

ESP

https://www.eitb.eus/es/noticias/sociedad/detalle/9209505/cientos-de-personas-salen-a-calle-en-san-sebastian-en-contra-del-modelo-urbanistico-del-ayuntamiento/

https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2023-05-22/hemeroteca_articles/movilizacion-por-una-donostia-construida-para-vivir-y-convivir

https://www.diariovasco.com/san-sebastian/cientos-personas-manifiestan-donostia-denunciar-brutales-actuaciones-20230521122157-nt.html

ARGAZKIAK:

Gizarte mugimenduek eta elkarteek manifestazioa deitu dute Donostiako udalaren hirigintza politika salatzeko

Donostiaren defentsan diharduen DONOSTIA DEFENDATUZ koordinakundeak hiritarrak deitu nahi ditu maiatzaren 21ean (igandea) egingo den manifestaziora, gaur egun hiria mehatxatzen duten hirigintza-jarduera basatien ugaritzea dela-eta.

DONOSTIA DEFENDATUZ koordinakundea partiduekiko aske diren erakunde, auzo-elkarte eta gizarte-mugimenduek osatuta dago: Ondare-SS, Haritzalde, Satorralaia, Belartza 2 Gelditu, Dendartean, Ba Gera, Uliako Auzo Elkartea, Bizilagunekin, Heriz Plataforma, Parkea Bizirik eta Amara Bai elkarteek osatzen dute.

Udal Gobernuaren kudeaketa okerrarekin ados ez dauden hiritarrei dei egiten diegu, azken urteetan Donostiak pairatu dituen askotariko erasoak salatzeko. Zaila da Udalak kaltetu dituen Donostiako baliabideen zerrenda osatzea: gure nortasuna, gure ondare arkitektonikoa, gure inguru naturala, gure kultura, gure gizarte-bizitza, gure merkatari sare lokala etab.

Donostia gure begien aurrean desegiten ari da. Hiritarrei lotsagarriki bizkarra emanez, turismoari begira hiri ezagutezina eraikitzen ari da. Adibide gisa, azken legegintzaldian bideratzen eta egikaritzen ari diren ekintza hauek salatu nahi ditugu:

  • Hiriko bigarren Basque Culinary Centerra eraikitzeko proiektua, Manteo eta Zemoria parkeak espoliatuz, lurzoru-publikoa oparituz eta finantzaketa publikoa konprometituz.
  • San Bartolome muinoan lau solairuko lurpeko aparkalekua eta merkataritza-gunea egiteko proiektua.
  • Bellas Artes-en eta RENFE geltokiaren eraisteak.
  • Antondegin olatu artifizialen parkea egiteko proiektua.
  • Santa Clarako Hondalean bost milioi xahutzea.
  • Metroaren pasabidearekin lotutako xahubide eta kalteak.
  • Ingurumenaren suntsiketa multinazionalen makro parkearen mesedetan, Belartza 2n.
  • Lurzoru naturalaren hondamena eta artifizializazioa.
  • Hiriko zuhaitzen kontrako etengabeko gurutzada.
  • Eraikin bereizgarri eta apartekiko errespetu falta, lehenik babesa kenduz eta ondoren behera botaz.
  • Urbanizazio berriak non espekulazioa nagusitzen den alokairu babestua alboratuz.
  • Hiria berrantolatu behar duen Plan Orokor berriaren atzerapen justifikaezina.
  • Lurpeko aparkalekuen sustapena, hiriko trafikoa areagotzen dutenak, mugikortasun eta osasunaren kaltetan.
  • Koltrolgabeko hotelen irekiera, hiriaren turistifikazio masiboa bideratuz.
  • Pisu turistikoen araudi traketsa, menderatu beharrean ugaritzen dituena.

Jarduera horiek gizartean sorrarazi duten alarma eta atsekabea izan dira herritarrei dei bateratu hau luzatzearen eragileak.

DONOSTIA DEFENDATUZ koordinakundearentzat, aipatutako berri ditugunak ez dira puntualak, endemikoak baizik. Sistematikoki ezarritako udal politika konkretuen ondorio garbiak dira, interes ekonomiko handiei sistematikoki mesede egiten dietenak (higiezin-promotoreak, saltoki handiak, hotel-kateak, putre-funtsak etab.). Hori da Donostiako Udalak bere finantzaketa sustengatzeko aukeratu duen bidea, egungo hiria modu arriskutsu eta atzeraezinean salduz.    

Emaitza agerian dago: gaur egungo Donostiaren hiru-eredua, enpresa handien negoziorako eta turismo masifikatura begira eraikitzen ari da, biztanlekok ezagutu  dugun bizitoki atsegina desagertaraziz.   Jatorri eta baldintza desberdinetako pertsonak babesten dituen hiria bultzatu beharrean, milaka donostiar kanporarazten dituen hiria bihurtu da, etxebizitzaren egoera tamalgarriak argi eta garbi erakusten duen bezala. Ondorioz, bizilagunen zahartzea eta auzokideen sareak ahultzea bultzatuz.

“DONOSTIA EZ DAGO SALGAI” protesta-martxa egingo dugu, gaur egungo gobernu taldeak sustatzen duen hiri eredua salatzeko, maiatzaren 21ean, igandea, 12:00etan, Easo plazatik abiatuta.

  • Altza XXI herri ekimena
  • Amara Bai auzo elkartea
  • Ancora
  • Añorga Txikitarrak auzo elkartea
  • Antondegi berdea
  • Ba Gera merkatarien elkartea
  • Belartza 2 Gelditu
  • Bizilagunekin plataforma
  • CCOO sindikatua
  • Dendartean merkatarien elkartea
  • Donostia Bizirik
  • Egia Bizirik Auzo Elkartea
  • Eguzki talde ekologista
  • Ekologistak Martxan Gipuzkoa
  • Erdian Bizi auzo elkartea
  • Errausketaren aurkako mugimendua
  • Erriberak Martxan auzo elkartea
  • Greenpeace
  • Haritzalde naturzaleen elkartea
  • Heriz plataforma
  • Ilunki Kultur Elkartea
  • Intziri neska* gazte taldea
  • Kalapie
  • Kaleratzeak Stop Desahucios Donostialdea
  • LAB sindikatua
  • Larratxo Osteguna auzo elkartea
  • Martutene bizirik
  • Naturkon sarea
  • Ondare SS
  • Parkea Bizirik
  • Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea
  • Piztu Donostia
  • Saretuz
  • Satorralaia mugimendua
  • SOS Manteo
  • Steilas sindikatua
  • Surfrider Foundation
  • Uliako Auzo Elkartea
  • Uliako Lore Baratzak

Norabide bat

Asier Basurto Arruti – BiziLagunEkin plataformako kidea

Hauteskunde usaina heldu zaigu, udaberri usainarekin batera, aste hauetan. Bidegorri asfaltatu berriek eta publizitate instituzionalaren biderkatzeak ematen dizkigute hauteskundeen etorreraz ohartzeko pistak.

Donostiako Udalak hotel berriak irekitzeko baimenak bertan behera utzi ditu. Urtebeteko moratoria ezarri dute. Erabakia “turismo jasangarri eta arrazoizkoa izateko estrategiaren barruan” dagoela azaldu zuen Eneko Goia alkateak. Lizentzia berriak eman ez arren, kontuan hartu behar da dagoeneko tramitean dauden 75 pisu turistikok eta lizentzia eskuratua duten hotelek aurrera jarraituko dutela; tartean Arte Ederren antzokia ia erabat eraitsi ostean eraikitzen ari diren luxuzko Hilton hotelak.

Hipokrisia kiratsa ekarri digu udaberriak hauteskunde usainarekin batera. 8 urtean 43 hotel baimendu ditu udal gobernuak. 2017an legea betetzen ez zuten milaka pisu turistiko legeztatzeko sortu zuen araudia eta, gerora, horiekin aberasten direnen negozioa babestu du epaitegien aurrean. Turistifikazioaren makinaria indar betean hedatzeko eta gailentzeko erraztasunak ematen aritu ostean, ez du sinesgarritasunik saturazioa konpontzeko arduratsu izango dela kontatzen digunean. Erabaki kosmetikoa da. Arazoa geldiarazteko aukera izanda ez dituzte beharrezko neurriak hartu.

Moratoria justifikatzeko, turistifikazioak etxebizitzaren merkatuan, enpleguan, auzo bizitzan eta eredu ekonomikoan dituen kalteak zerrendatu dituzte. Orain arte hiriaren bilakaerarekin kritiko agertu diren herritarrek, elkarteek eta plataformek bazterkeria jasan dute. Orain, egoera larria denean eta hauteskundeak datozenean, arduratuta daudela eta soluzioak dakartzatela esateko mozorrotzen zaizkigu egoeraren erantzule direnak.

Izan ere, donostiarrak kezkatuta eta haserre daude hirian gertatzen ari denarekin. Donostia Turismoaren inkesten arabera herritarren %60k uste du ez litzatekeela turista gehiago erakarri behar hirira. Hauteskunde aurretik itxurakeria gehiagoren testigu izango gara: promesak, infografia dirdiratsuak… Hiri bizigarria ez da hauteskundeetan soilik jokatzen. Turistifikazioarekin irabazten ateratzen direnen garroak hiriko botere-gune askotara heltzen dira. Baina, aste hauetan eztabaida publikoan inoiz baino arreta handiagoa jarriko da hiri ereduarengan.

Arreta hori desbideratzeko saiakerak etorriko dira: hotelen moratoria bezalako epe-laburreko adabakiak. Proposatuko dituzte eraginkortasun hutsala duten amuak: tasa turistikoa, deszentralizazioa (erdialdean mugatu eta beste auzoetara bideratzea) edo desestazionalizazioa (udan mugarik ezarri gabe, beste hilabeteetako fluxuen hazkundea). Eta adi berean, uhartera bisita kopurua handitzen dute, FITURen aurrekontu publikotik ordaindu dute negozio pribatuen promozioa…

Baliatu dezagun garai hau eztabaida pizteko eta gai garrantzitsuei heltzeko: milaka gazte hiritik kanporatzen dituen etxebizitza larrialdiaz, adibidez. Aktiba gaitezen bizilagunekin batera antolatzeko, atariz atari, auzoz auzo eta hiri osoan, informazioa trukatzeko, elkartasun mugimenduekin, espekulatzaileei eta esplotatzaileei mugak jartzen, protestan eta aldarrikapenean.

Norabide bat behar dugu. Hiri ereduaren desazkunde turistikorantz bideratzea da gaur egungo galbidea eteteko bermea. Jarduera turistikoak hirian duen pisuak hazten jarraitzen badu, ez dago oreka sozial, ekonomiko edo ekologiko posiblerik. Bisitari kopuruaren hazkundea bilatzeak edo sustapen turistikoan dirutzak inbertitzen jarraitzeak arazoa handitzen du.

Egoera larriak neurri ausartak eta irmoak eskatzen ditu: trantsizio prozesu planifikatu bat. Hiriaren egitura ekonomikoa orekatzea, turismo sektoreko langileak beste sektoreetara berme guztiekin bideratzea, hiri espazioa herritarron beharretatik birpentsatzea…

Ziurrenik, espekulazioarekin, eraikuntzarekin, ostalaritzarekin eta handizkako merkataritzarekin nahieran aberasten aritu direnekin talka ekarriko luke norabide horrek. Baina saihestu behar ez den talka da, herritarron gehiengoaren beharrei erantzun nahi bazaie. Hori da hitz ederrak proban jartzeko modua. Hor ikusten da nor ari den norentzat eta noren esanetara lanean.

Irutxuloko Hitza 2023/03/31

https://irutxulo.hitza.eus/generoak/iritziak/norabide-bat/

Donostian pisu turistikoen arazoari erantzuteko proposamenak aurkeztu ditu Bizilagunekin plataformak Eusko Legebiltzarrean

  • Pisu turistikoen hedapenak hiriak bizi duen etxebizitza larrialdiarekin lotura estua duela adierazi du.
  • Pisu turistikoei gehienez ere 4 urtera arte luzatuko den lizentzia murrizkorra eta iraungikorra ezartzea proposatu du.
  • Etxebizitzaren arazoa konpontzeko pisu turistikoak mugatu, murriztu eta desagerraraztera helduko den trantsizioaren beharra nabarmendu du.

Bizilagunekin plataformak Eusko Legebiltzarreko Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Batzordean agerraldia egin du Donostian alokairu turistikoko etxebizitzei lotuta bizi den egoera azaldu eta egoera hori konpontzeko proposamenak aurkezteko.

Batetik, premia larria delako, lehenbailehen hartu beharreko neurri sorta bat jarri du plataformak mahai gainean:

  • Hiri osoan kalteak sortzen dituen arazoa geldiarazteko eraginkortasunik ez duen zonaldeen logika gainditzea.
  • Etxe beharrean dauden milaka donostiarren eta alokairu turistikoarekin neurrigabeko irabaztiak ateratzen dituztenen arteko desoreka murrizteari begira pisu turistikoen jabetza pilaketari mugak ezartzea.
  • Bizitzeko izan behar luketen etxeen ustiaketa sistematikoa eta azpikontratazioa errazten duten pisu turistikoen kudeaketarako enpresen jarduera debekatzea.
  • Pisu ilegalen eta araudien urratzea zigortzeko gaitasuna izango duen ikuskapen zerbitzu publikoa eta baliabidez hornitua sortzea.

Bestetik, desazkunde turistikoaren norabidean eta pisu turistikoak hiritik desagerraz¡razteko mekanismo bezala, bi neurri proposatu ditu plataformak:

  • Ipar Euskal Herrian eta Frantziako hainbat hiritan indarrean dagoen “konpentsazio neurria ezartzea: alokairu turistikoan ezarri nahi den pisu bakoitzeko, merkatura ohiko bizitoki gisa baliatu ahal izateko moduko etxebizitza bat eskaintzeko betebeharra.
  • Lizentzia murrizkorra eta iraungikorra aplikatzea: gehienez lau urtez, urtean egun kopuru zehatz batez (150-100-50-25) jarduera turistikora bideratu ostean jabeari eta etxebizitzari behin betiko jarduera turistikorako baimena agortuko dion lizentzia.

Hotelen eta pisu turistikoen urtebeteko moratoria

Agerraldian, plataformak hainbat aipamen egin ditu Donostiako udalak iragarritako moratoriaren gainean. Lehendabizi, hauteskunde-aurreko estrategien baitan kokatu du neurria:

“Turistifikazioaren makinaria indar betean hirian hedatzeko eta gailentzeko erraztasunak ematen aritu direnek ez dute sinesgarritasunik orain. Arazoa geldiarazteko aukera izan dute azken 8 urteetan eta ez dituzte neurriak hartu. Orain, egoera larria denean eta hauteskundeak datozenean, arduratuta daudela eta soluzioak dakartzatela diote egoeraren erantzule direnek. Badakite donostiarrak kezkatuta eta haserre daudela.”

Gainera, moratoria oso partziala dela azpimarratu du plataformak. Dagoeneko tramitazioan dauden 75 pisu turistiko inguru legez onartu daitezke. Horrez gain, lizentzia onartuta duten 5 hotel proiektuk, gutxienez, aurrera jarraitzen dute (Miren Bihotzakoa edo Arte Ederren antzokikoa, kasu).

Amaitzeko, Bizilagunekin plataformak egonezina adierazi du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeari begira Udal Gobernuak aipatu dituen asmoengatik. Hiriko zenbait zonalderi soilik eragingo lioketen neurrietan oinarritu ordez hiri osorako desazkunde turistikoan oinarrituko den estrategia integral baten alde egin du.

“Turistifikazioa hiriko gune batzuetara eta urteko garai batzuetara mugatutako fenomeno bezala aurkezten saiatzen ari dira aspalditik. Oso interpretazio okerra da. Turistikazioa ez da ematen turistak pasiatzen ibiltzen diren kaleetan soilik, jarduera turistikoaren gehiegizko hazkundeak eragin kaltegarriak dituen gune oro da turistifikazioaren biktima. Gure begietara, Donostia osoan eta hiriko mugetatik haratago eragiten du fenomenoak.”

Gutxienez 3375 gazte joan dira Donostiatik Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko herrietara bizitzera hamar urtean

  • Bizilekuari lotutako gazteen mugikortasuna Gipuzkoan (2010-2020) ikerketan 18 eta 34 urte arteko gazteen bizileku-aldaketa erregistratuak aztertu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
  • Astigarraga, Errenteria, Hernani eta Pasaia izan dira gazte donostiar gehien jaso dituzten udalerriak.
  • Aztertu diren adierazle sozioekonomikoetatik etxebizitza eskuratzeko aukera da udalerri batek gazteak bereganatzeko arrazoi nagusia.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria Zuzendaritzak gazteen emantzipatzeko zailtasunak hobeto ezagutzeko xedeari begira, udalerrien adin-egitura aldaketen gaineko kezkatik abiatuta ikerketa egin du: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/gazteria/adierazleak-ikerketak/bizileku-mugikortasuna

Ikerketaren ondorioek erakusten dute lotuta daudela Donostiak azken urteetan bizi duen bilakaera eta gazteak hiritik kanporatzearen artean. 

“Aztertu diren adierazle sozioekonomikoetatik etxebizitza eskuratzeko aukera da udalerri batek gazteak bereganatzeko arrazoi nagusia. Izan ere, etxebizitza-parkearen hazkundea, etxebizitza salerosketaren tasak eta alokairu berrien tasak gora egin duen eremuetan migrazio saldoak gora egiten duela egiaztatu da.”

“Donostiak eta bere inguruak metropolizazio prozesua bizi dute; hiriburuaren eragin-eremua gero eta zabalagoa da.”

“Hiriburuak gazteen harreman indartsua du Bidasoa, Buruntzaldea eta, bereziki, Oarsoaldearekin. Kasu guztietan Donostiatik eskualde horietara joan diren gazteak herri horietatik Donostiara joan direnak baino gehiago izan dira. Buruntzaldearekin harremanean, esaterako, Donostiak 457 gazte galdu ditu: 1.474 gazte joan dira Donostiatik bertara bizitzera eta handik 1.017 jaso ditu. Oarsoaldearen kasuan, berriz, 408 gazte galdu dira: erroldako bajak 1.901 izan dira eta altak 1.493.”

Donostiatik herri bakoitzera joandako gazteen kopurua begiratuta, banan banan zenbaki deigarriak ikusten dira. Batzuetan kopuru absolutua berez altua delako eta besteetan, herriko biztanleriarekiko zati proportzional esanguratsua osatzen dutelako. Errenteria (892), Pasaia (728), Irun (594), Hernani (421), Astigarraga (325), Lasarte-Oria (309), Andoain (181), Oiartzun (134), Urnieta (125), Usurbil (113). Astigarragaren kasuan, bere migrazio-saldoaren erdia baino gehiago zuzenean Donostiatik jasotako gazteek eragindakoa da. Aipatutako kasu hauetan guztietan Donostiatik herri horietara joandako gazteen kopurua kontrako norabidean lekualdatutakoak baino altuagoa da.

Hiri barneko dinamikek ere, hiriaren bilakaerarekin (etxebizitzaren garestitzearekin eta turistifikazioaren ) lotura dutela pentsa daiteke. Izan ere, hiri-erdigunetik gertuen dauden auzoek galdu dituzte bizilagun gazteak: Ibaeta (203 gazte), Gros (181 gazte), Egia (133 gazte), Zentroa (89 gazte), Ategorrieta-Ulia (84 gazte) eta Antiguo (81 gazte). Eta hiriaren kanpoaldeko auzoek, azken urteetan etxebizitza-parkearen hazkundea izan dutenek, jaso dituzte bizilagun gazte berriak: Loiolako Erriberak (221 gazte), Txominenea (156 gazte), Aiete (133 gazte, Morlanseko eremua hartzen du bere barnean) eta Martutene (61 gazte).

Egoeraren larritasun ukaezinaren aurrean Bizilagunekin Plataformatik Donostian lehenbailehen hiri-eredu aldaketaren beharra agerian geratzen dela azpimarratzen dugu. Hiriaren turistifikazioak eta gutxi batzuen negozioak sustatzean oinarritutako hiri-ereduak ekarri dute gero eta donostiar gehiagori ukatzea Donostian bizitzea. Gazteen kanporatzearen fenomeno esanguratsua bizi dugu eta horrek hiriak bere bizigarritasuna eta bere bizia galtzeko prozesua areagotzen du modu kezkagarrian.

Desazkunde turistikorantz norabide estrategikoa hartzeko beharra begi bistakoa da une honetan. Turismoaren hazkundea eta etxebizitza larrialdiari amaiera emateko neurri ausartak eta irmoak hartzeko ordua da. Donostiarren bizitzak eta bizi-baldintzak erdigunean jarriko dituen hiri-eredurantz urratsak eman behar dira, oreka sozial, ekologiko eta ekonomikoaren bidetik eraikiz Donostiaren etorkizuna.

Hondalea, hondamena

Industria turistikoak diru gehiago nahi du. Ez zaio axola zer suntsitu trukean. Donostiako alkateak iragarri duenez, Santa Klara uhartean Hondalea eskultura sustatzeko bisita gidatuak gehitu nahi ditu. Apirilaren 1a eta 16a bitartean, behar beste turista eraman nahi dituzte uhartera. Horrela, behin udako garaia egonkortuta, Udalak urtean zehar eskaintza zabaltzeko asmoa ere badu, eskaeraren arabera. Egoera horren aurrean, dokumentu hau sinatzen duten lau kolektibook salatu nahi dugu erabaki honen bidez Udalak uhartean bisitak mugatzearen inguruko akordioak apurtzen dituela, eta ohartarazi nahi dugu, beste behin ere, Hondalea instalazioaren bidez uhartean sortutako erabilera turistikoak ondorio kaltegarriak dituela Santa Klarako ingurune ekologiko eta sozialean.

2019an eta 2020an, uharteko itsasargian Hondalea jartzeko esku-hartzearen aurrean, lau kolektibo sinatzaileok hainbat bilera egin genituen udal gobernuko kideekin, baita eskulturaren sustatzaile den enpresako kideekin ere. Topaketa horien helburua zen uhartean turismo-jardueraren handitzeari mugak jartzea eta azpiegitura honek ekosisteman, biotan, ondare historikoan eta donostiarrok uharteari eman dioten erabileran duen eragin negatiboa murriztea. Hain zuzen, bilera horietan ordutegia, egutegia eta bisitari kopurua mugatzea jarri ziren mahai gainean, baita uharteko bisitei lotutako zerbitzuak eta azpiegiturak murriztea ere.

Egun, bisiten egutegia luzatzearen berriaren aurrean, duela bi urte adostutakoa alde bakarretik hausten dela ikusten dugu. Berriro, uhartera bisitari gehiago etortzearen alde jokatzen da, eta leku gehiago uzten zaio egunero hiriko natur guneak mehatxatzen dituen dinamika turistifikatzaileari.

Uhartea itsas hegaztien etxea da, eta apirilean bertako biztanleek lurrean habia egiten duten garaia da. Astebete habia egiteko, hilabete txitatzeko eta hilabete eta erdi kumeak zaintzeko. Hori guztia 5,4 hektareako lur zatian. Santa Klarak babestutako espezieak ere baditu, hala nola Frankenia Leavis izeneko txilarra, Uharteko Sugandila (Podarcis liolepis), Ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis), kaio Iluna (Larus fuscus) eta Kaio Atlantikoa (Larus marinus). Gainera, kaio hankahorien kolonia handi bat (Larus michahellis) enklabe horretan bizi eta ugaltzen da.

Sustatzaileen esanetan, uharteko itsasargian kokatutako Cristina Iglesiasen Hondalea “arrazoi ekologikoen defentsaren eta ingurumenaren kontserbazioaren sinbolo da”. Errealitatetik urrun, eskuhartze artistikoa Santa Klarako ekosisteman historikoki eragina izan duten mehatxuen zerrendara gehitu dezakegu. Era berean, instalazioa diskriminatzailea da eta mugikortasun mugatuta duten pertsonentzako irisgarritasun-legea urratzen du. Gainera, salbamendu-azpiegitura berriak beharko ditu osasun-larrialdiei erantzuteko, uda-denboraldi ofizialetik kanpo irekiz gero.

Uharteko ekosisteman izandako eragin negatiboez haratago, Hondalea bere baitan eskala handian Donostiako makinaria turistikoari begirako operazio bat da, negozio turistikoak mugitzen dituen interes pribatuak asetzeko. Engranaje bat gehiago, itsasargiko eskultura erakargarritasun turistiko berri bat bihurtu, turistifikazio prozesuek gero eta nabarmenago auzokideen bizitza prekarizatzen duten hirian.

Hasiera batean, Hondalea Cristina Iglesiasek Donostiarrei egindako opari gisa iragarri bazen ere, 1,5 milioi euroko hasierako aurrekontuarekin abiatu zen. Aurrekontu hori pixkanaka 5 milioi euro publikoetara iritsi zen, Donostiako zergadunek ordainduta eta, horren ondorioz, fiskaltzak ikerketa bat ireki zuen. Lanaren instalazioa iragarri zenean, sustatzaileek ziurtatu zuten faroko esku-hartzeak ez ziola irlako ingurune naturalari eragingo, are gehiago, uhartearen balio naturalak sustatzeko erabiliko zela. Hain zuzen ere horiek dira gaur egun mehatxupean jarraitzen duten arloak.

Horregatik guztiagatik, UDAL GOBERNUARI ESKATZEN DIOGU:

  • Elkarteekin denboraldiei, edukierei, ordutegiei, dotazioei, eta uharteko zerbitzu eta azpiegitura berrien handitzeei buruz egindako akordioak betetzea.
  • Udaberrian, itsas hegaztiek lurrean habiak egiten dituzten garaian, uhartera bisitarik ez egitea.
  • Santa Klarako natura babestea eta berrezartzea.

Donostian, 2023ko martxoaren 16an

Bizilagunekin Plataforma / Haritzalde / Eguzki / Parkea Bizirik