Pisu turistikoen arazoa konpontzeko aukera daukagu

  • Espainiako Auzitegi Gorenak etxebizitza turistikoen ordenantzari urtarrilaren 21ean emandako ebazpenaren bidez, behin-betiko bertan behera geratu da 2018an onartutako arautegia.
  • Erabaki hau Donostiako Udalaren akatsen eta jokabide okerren segida baten ondorio da.
  • Hala ere, nabarmendu nahi dugu ebazpenak Donostian pisu turistikoekin daukagun arazoari konponbidea emateko ate bat zabaltzen duela.

Azken ebazpen hau nondik datorren ulertzeko, 2017tik honako gertaera batzuk oroitzea komeni da. Hilabete gutxitan hirian eskaintzen ziren pisu turistikoen kopurua izugarri hazi zen. Gaia kezka iturri nabarmena zen hirian, orokorrean turistifikazioaren beste hamaika ondorio bezala. Udaberria eta udan zehar eztabaida soziala bizi-bizi egon zen Donostian: lagunarte eta familietan, egunkarietako iritzi ataletan, kaleko adierazpen eta mobilizazioetan…

Bitartean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) etxebizitza-eraikinetako lehen solairuetan soilik baimentzen zen alokairu turistikoa. Baina, aldi berean, ehundaka etxebizitza turistiko errejistratzen ari ziren Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen errejistroan. Honela, erakunde publikoek identifikatuta zituzten legalitatetik kanpo jarduera ekonomiko bat garatzen zuten pisu asko eta asko.

Horren aurrean, Udalaren lehenengo erantzuna arazoa ukatzea izan zen; hirian turismo jarduerak sortzen duen ondorio guztiekin egiten duten bezala. Baina jarrera aldatu zuten herritarren kezkak eta protestak eraginda: uda betean, alde bakarrez eta eztabaidarik gabe tramitatu zuten alokairu turistikoak erregulatzeko udal-ordenantza 2017ko abuztuan bertan. 2018ko martxoan onartu zen definitiboki. Hala ere, hortik aurrera hilabete batzuetan ez ziren zigortu legez kanpoko pisuak eta araudian sartzeko erraztasun guztiak eskaini zitzaizkien etxejabeei. Azken finean indargabetu berri den ordenantza pisu turistiko ilegalak legalizatzeko tresna bat izan da.

Ordenantza sortzeko prozesua eta azken epaiak agerian utzi duen ganora falta juridikoa ez dira izan tresna honi lotutako gabezia bakarrak. Ordenantza aurrerakoi bezala saldu nahi izan digute. Hiria zonaldeka antolatzearena azpimarratu nahi izan dute araudiaren bertute nagusi bezala. Gure iritziz, norabide okerrean hartutako neurria da, errepikatu behar ez dena. Batetik, deszentralizazioa esaten dioten hori arazoaren zabalpenerako tresna bezala ulertzen dugulako. Turistengan erakarmen handiena sortzen duten hiriko zonaldeetan (Parte Zaharra, hondartzak, Erdialdea…) kokatzen dira hotel eta pisu turistiko gehien. Beste auzo eta zonaldeetan alokairu turistikoak errazteak arazoa handitzea eta zabaltzea dakar eta ez dio presio-turistikorik kentzen dagoeneko arazoak gainezka egiten dien auzoei. Hiri osoa da turistifikazioaren kalte anitzak jasaten ari dena eta hiri osoan jarri behar zaio muga prozesu honi.

Ordenantzan arauditik kanpo zeuden pisuak identifikatu eta itxiarazteko zeregina ematen zion Udalak bere buruari. Norabide onean ezarritako funtzioa zela uste dugu. Baina zeregin horretara bideratutako baliabideak, ordea, ez dira nahikoak izan inolaz ere. Herritarren laguntzari esker soilik izan da posible legez kanpoko hainbat jarduera etenaraztea.

Azken finean, 2018tik 2021era indarrean egon den pisu turistikoen ordenantzaren bidez, une oro etxeak negozio bezala erabiltzea babestu du Udalak. Espekulaziorako eta negozioak egiteko eskubidea jarri da etxebizitza eskubidearen gainetik. Eta ez da txantxetako gauza etxebizitza larrialdi nabarmena bizi dugun hirian. Nahiz eta Donostiako kasua aztertu duten ikerlariek frogatu duten[1] pisu turistikoen eskaintzak igoera eragiten duela alokairuaren prezioetan.

Ibilbide triste honetan guztian ez da eztabaidarik onartu. Parte Zaharrean Bizi Elkarteak eta Kaleratzeak Stop plataformak ordenantza sortzeko prozesuan egin zituzten alegazioei ez zitzaien kasurik egin. Ez da donostiarren iritziak eta bizipenak kontuan hartzeko aukerarik eskaini. Dena alde bakarrez, presaz eta ezkutuan egin dute, ondo baitakite badagoela eztabaida, eta hiriaren turistifikazioa gehiegizkoa dela pentsatzen duten herritarrak ez direla gutxi.

Orain arte gertatu denak balio beza aurrerantzean akatsak saihesteko eta erabaki hobeak hartzeko. Mezu batzuk zuzendu nahi dizkiogu, hasteko, Udalari:

Aukera bat dugu orain. Publikoki adierazi dute Plan Orokorra moldatzean baliogabetutako ordenantzaren araudia erreproduzitzeko asmoa. Ez du zertan horrela izan. Pisu turistikoak mugatu eta murrizteko balio duen araudia ezarri behar dela uste dugu. Praktika hau desagertzera eramateari atea zabalduko dion markoa ezarri behar da.

Gai honetan (eta turistifikazioari lotutako guztietan) jarrera aldaketa ezinbestekoa iruditzen zaigu. Erabakiak hartzeko prozesuetan gardentasunez eta parte hartzeko aukerak eskainiz jokatu ezean, ez dago bermerik herritarren interes orokorrari erantzuteko. Gutxi batzuen interesek baldintzatu dezakete gure hiriaren eta bizilagunen bizimodua.

Turismoaren etenaldiak eta osasun-larrialdiak agerian jarri dituen ahuleziak Donostiako hiri-eredua berpentsatu eta berregokitzeko aukera bat dira. Norabide aldaketa baterako ordua da. Desazkunde turistikorantz bidea egitea inoiz baino beharrezkoago agertzen zaigu etorkizunak ekarriko dizkigun erronkei erantzuteko.

Bestalde, donostiarrei ere mezu batzuk helarazi nahi dizkiegu:

Etxebizitzak pisu turistiko bezala alokatzeak etxebizitzak bizitzeko behar dituztenen alokairua garestitzea dakar; hiria turistifikatzea, donostiarrak hiritik kanporatzea eta komunitate harremanak desegitea eragiten du. Ez onartu praktika hori. Ez legitimatu gure inguruko inork bide hori hartzen badu. Donostia ez dago salgai.

Antolatu bizilagunekin. Gure eraikinetan pisu turistikoak ezartzeari ateak itxi. Atarietako bakoitzean, etxejabeen gehiengoak hala nahi badu, eraikinean pisu turistikoak jartzea legez debekatu daiteke. Hitz egin bizilagun-komunitatean, informatu araudiez eta erabaki hauek hartzeko moduez eta eman urratsa.

Aurre egin diezaiogun etxebizitza larrialdiari. Pisu turistikoena arazo askoz zabalago baten adar txiki bat besterik ez da. Etxebizitzarekin lotutako problematika anitza da: etxerik gabekoak, alokairu garestiak, etxe-kaleratzeak, funts putreak, Donostiatik kanporatuak… Baina badago gai horiei erantzuteko antolatuta dagoen pertsona eta talde pila: auzo elkarteak, Kaleratzeak Stop, Maizterren Sindikatua, Saretxe, Azoraren kaltetuak, Alokairu, Okupazio bulegoa… Batu gaitezen eta bultza dezagun elkarrekin Donostian etxebizitza eskubidea errespetatzea lortu arte.


[1] Aitziber Etxezarreta-Etxarri, Julen Izagirre-Olaizola, Jon Morandeira-Arca & Imanol Mozo Carollo (2020) Urban touristification in Spanish cities: consequences for the rental-housing sector in San Sebastian, Economic Research-Ekonomska Istraživanja, 33:1, 1294-1310, DOI: 10.1080/1331677X.2020.1755878

DONOSTIAKO TURISMO PLAN BERRIA BENETAN PARTE HARTZAILEA DEN PROZESU BATEN BIDEZ OSATZEKO ESKAERA

Donostiako Udala, 2017-2021 Turismo Gida-Plana eguneratzeko prozesua aurrera eramaten ari da une honetan. Turismoko gida-planak hiriak epe ertainera jarraituko duen turismo estrategia definitzen du, turismo jarduerak hirian jarraituko duen norabidea finkatuz. Honela, abian den planaren eraberritzeak hiriko turismo-eredua eta jarraituko den bidea berrantolatuko ditu.      

Plana eguneratzeko proposamenak ondo jasotzen duenez, Covid19ak eragindako osasun larrialdiak inpaktu zuzena izan du hiriko ekonomian eta bereziki kolpatu du sektore turistikoaren dinamika. Dokumentuaren arabera, etenaldi orokorrak, bidaiarien, ostatu gauen, eskainitako plazen eta enpleguaren berebiziko beherakada eragin du.  

Plana eguneratzeko proposamenaren arabera, turismoak izaera sistemikoa eta zeharkakoa behar du izan. Hortaz, turismoak hiri ereduan eta Donostiarren bizimoduan duen inpaktua ere halakoxea dela ondorioztatu daiteke. Sektoreak azken hamarkadan bizi izandako neurrigabeko hazkundea medio, monolaborantza turistikoaren norabidea hartu du hiriko eredu ekonomikoak eta turismo jardueraren menpeko bilakatu da Donostia. Krisialdiaren eztandak agerian utzi du, epe laburrerako errentagarritasuna bilatzen duen egungo turismo ereduak itzelezko arrakalak dituela.

Ziurgabetasuna nagusitzen den garai hauetan egungo turismo ereduaren ahulezia guztiak azalarazi diren arren, plana eguneratzeko proposamenak, beste behin ere, hazkundea sustatzea du helburu. Hiria merkatuaren beharrizan berrietara egokitzeko produktutzat ulertzen da, lehiakortasunean eta erakargarritasunean irabazteko moldaketak proposatuz eta baliabide publikoak erabiliz guztion onura bilatzen ez duen eredu ekonomikoari eusteko.

Testuinguru horretan ahaztu edo estali egiten da turismoari lotuta ageri diren ondorio ezkorrak eta hauen gaineko hausnarketa. Berriro ere, ezberdintasunak elikatzen dituen negozio pribatuaren alde egiten da, bidean suntsitzen duena kontuan hartu gabe. Zentzu honetan, ez da inongo aipamenik jasotzen, turismoak lan-baldintzetan, berdintasunean, etxebizitza-merkatuan, ingurumenean, hizkuntzan, eta beste aspektu batzuetan sortzen dituen kalteen eta hauei aurre egiteko neurriei lotuta.   

Plana berritzeko proposamenak dioenez, planak hiriaren egungo estrategia berrikusteko funtsezko irizpideak definitzea bilatzen du. Horretarako, prozesu “parte-hartzaile” baten berri ematen du. Prozesu horretan, Donostiako turismoaren balio kateko funtsezko pertsonen, interesdun eragile publiko eta pribatuen edota garrantzizko operadore turistikoen partaidetza aurreikusten da. Harritzekoa da, ordea, hiriko bizilagunen eta hauen arteko harremanak elikatzen dituzten elkarte soziokultural anitzen gaineko aipamen bakar bat ere ez jasotzea. Turismotik etekin ekonomikoa ateratzen duten eragileen parte hartzea aurreikusten da eta ez da biderik ematen turismo jarduerak eragindako kalteak jasaten dituztenek beren iritzia eta ekarpena emateko. Beraz, prozesu horrek, “parte-hartzailea” izan beharrean, agerian uzten du, beste behin ere, turismo-merkatuko inbertitzaileen beharrei soilik erantzuten dien udal-kudeaketaren autoritarismo politikoa.

BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformaren iritziz,  hiriaren turismo-eredua definituko duen behin-betiko plana donostiar guztion artean osatu behar da. Izan ere, esperientziak erakutsi digu hiriko turismo-ereduak hiriaren eta bertako herritarren bizimoduan berebiziko eragina duela. Gainera donostiar guztion onura bilatzea izan behar da plan horren erdiguneko helburua.; eta ez egunean-egunean hiriko bizitza prekarizatzen duen merkatu suntsikorra elikatzen jarraitzea.

Horretarako, honako hau eskatzen diegu Donostiako Udal Gobernuari eta turismo saileko arduradunei: Hiriko turismo eredua zehazten duen turismo gida-plan berriak benetako partehartze prozesua izan dezala oinarri; herritarren eta gizarte eragileen (auzo elkarteak, talde soziokulturalak eta ekologistak, herritar plataformak etab.) parte hartzea bermatu dadila guztioi eragiten digun gaiei errotik heltzen dien eztabaida irekia, zabala eta aberatsa izan dadin.

“Turismo ereduaren inguruko autokritikarik ez da egin”

Azken urteetan sustatu den turismo ereduak dakartzan arazoen inguruko autokritikarik egin ez dela uste du Asier Basurto Arrutik, Bizilagunekin plataformako kideak, eta etorkizun hobea sortzeko hausnarketa kolektibo baten beharra azpimarratu du.

bizilagunekin asier basurto

2020/12/22 Iñaut Gonzalez de Matauko Rada

Turismoak indar handia hartu du Donostian. Pandemian joan-etorriak murrizteak nolako aldaketak ekarri ditu?
Inork espero gabeko egoera honetan aurkitu gara 2020an sartu eta gutxira. Hainbat mailatan aztertu daiteke pandemiak baldintzatu duen testuingurua, baina turismoaren gaira etorrita, lehenik eta behin, mundu mailako analisi bat egin behar dela uste dut.

Egoera garbia da: mundu mailako joan-etorriak guztiz geratu ziren bi hilabetez, eta hortik aurrera minimo historikoetan egon da. Horrek ekarri du turismoari bideratutako negozioak oso murriztuta egotea; azken urteetan turismoa diru iturri nagusi bihurtu duten eskualde eta herrialdeak oso gaizki ari dira pasatzen. Egoera honek ekonomia, politika eta bizitza soziala baldintzatu ditu.

Nola aldatu da ba ekonomia?
Turismoa munduko negoziorik garrantzitsuenetariko bat da, eta hamaika adar dituen zuhaitz bat da sektore hau. Bestalde, espekulazio handiko sektorea da, eta ez daukan diru bat gastatu du azken urteetan, etorkizuneko diru sarreren baitan egiten baitira inbertsioak. Espekulazio horrek leku gutxi uzten die aurreikusi gabeko egoerei, eta sektorea guztiz geratu den honetan guztiz zorpetuta daude esfera askotako enpresa gehienak. Donostiaren kasuan, ireki berri diren edo irekitzear zeuden negozioek atzera egin behar izan dute, eta azkenean gehien sufritzen duten pertsonak langileak edo saltoki txikiak dituzten pertsonak dira.

Eta politika?
Lehen zegoena salbatzera mugatu dira politika publikoak. Ez da hausnarketa autokritiko kolektiborik izan, eta urteetan zehar sustatu duten turismo eredu honek dituen arriskuak ez dituzte bere egin. Gertatu zaigunak zalantzan jartzen du egun dugun turismo eredua, eta ez dira ondorio horretara iristen.
Politika publikoak turismoaren sektoreko agente mota asko pairatzen ari diren eta pairatuko dituzten larritasunak salbatzera bideratzen ari dira, enpresa handienak, batik bat.

Alor soziala ere aipatu duzu.
Espazio publikoaren erabilerarekiko dugun ikuspegia guztiz aldatu da hilabeteotan. Urte hauetan nabaritu da sektore turistikoari bideraturiko espazioei beste erabilera bat eman zaiela, eta nahitaez kontsumorik ez dakarkiten helburuekin erabiltzen ari dira hilda zeuden espazio batzuk.
Auzokideekin dugun bizikidetza, kalean harremantzeko dugun era eta gaueko bizitza guztiz aldatu dira, esaterako.

Beste ondoriorik atera duzue?
Gure hiria beste modu batean erabili dugu urte honetan. Turismoari eta turistei zuzendutako jarduerarik gabeko urtea izan da, eta menpekotasun horren ausentzia, neurri batean, nabaritu egin da azken hilabeteetan Donostiako kaleetan.

https://irutxulo.hitza.eus/2020/12/22/turismo-ereduaren-inguruko-autokritikarik-ez-da-egin/

SANTA KLARA UHARTEAREN KUDEAKETA IRAUNKORRERAKO PLANA

BiziLagunekin, Eguzki, Haritzalde eta Parkea Bizirik taldeek elkarlanean landu eta Donostiako Udalari aurkeztu dioten eskaera:

Santa Klara uharteko itsasargiko lanak amaitzear dira eta Cristina Iglesiasen artelana 2021eko udaberrian ikusgai egotea espero da. Proiektua iragarri zenetik asko izan gara honek ekar zitzakeen ondorioekiko zalantzak agertu ditugun elkarte, eragile eta norbanakoak. Behin baino gehiagotan adierazi bezala, ekimen honek, ingurumenean, ondarean, udal ogasun publikoan, hiriaren turistifikazio prozesuan eta hiri-espazioaren pribatizazioan eraginak izango ditu. Hala ere, egindako hobekuntzarako iradokizunei entzungor eginez, Donostiako Udal Gobernuak suharki defendatu du proiektuaren gauzapen integrala. Hasieran markatutako bide-orria ez dute batere aldatu, ezta ere, COVID-19 birusaren pandemiaren ondorioz bizi dugun osasun krisiak eta krisi ekonomikoak eztanda egin ondoren. Are gehiago, Donostiako Udal Gobernuak 2020ko azaroaren 3an onartu zuen Santa Klara itsasargiko lanen kontratuaren bigarren aldaketa, obraren kostua %11 garestitzea adostuz. Noiz eta, krisi testuinguru honetan, behar eta premia sozialak areagotu direnean.

Santa Klarako itsasargian burutzen ari den eskuhartze artistikoak uhartean eta hirian orohar sortu ditzakeen albo-eraginez kezkaturik, idatzi hau sinatzen dugun elkarte eta eragileok ondorengo gogoeta konpartitu nahi dugu:

Santa Klara uhartea Donostiaren nortasun kolektiboa ardazten duen elementu egituratzaile bat da. Aparteko balioa duen harribitxi hau ordea, naturalki aberatsa bezain hauskorra da. Ondorioz, gune honek jasaten duen presio antropikoa areagotzea erabat kaltegarria suerta daiteke. Hortaz, uhartean sartzen den bisitari kopuruaren gehikuntza ekar dezakeen ekimen honekiko arduratuta gaude.

Sinatzaileen artean itsasargiko proiektuaz nork bere iritzia eta jarrera duen arren, ez genuke proiektu honen balio artistikoa zalantzan jartzerik nahi. Hala ere, proiektua ez bada hiriaren eta inguruaren balioak babestu eta bermatzeko neurriekin batera gauzatzen, konpondu ezinezko kalteak sortuko dituela deritzogu. Izan ere, presente dugu Gaztelugatxen gertatzen ari dena, “Game of Thrones” telesailean agertu zenetik erakusleiho turistiko hutsala bilakatu baita. Gertuko adibide honek erakusten digunez, bisitarien ugaritzeak paisaia-ezaugarri bereizgarrien eta natura-balioen galera progresiboa eragin ditzake.

Aldiz, Donostian garaiz gaude beharrezko neurriak hartuz gero, gizarte eta ingurumen inpaktu konponezinak saihesteko. Horretarako ezinbestekoa da proiektuak sortu ditzakeen ondorioak aurreikusi, aztertu eta kudeatzea. Jakin badakigu ekimenaren bultzatzaileek ere kezka hauetako asko partekatzen dituztela eta dagoeneko uhartearen etorkizuneko kudeaketarako oinarriak zehazteko lantalde teknikoa abiarazi dutela.

Aurreko testuingurua aintzat hartuz, espazioa modu eraginkorrean babesteko funtsezkotzat jotzen dugu uhartearen kudeaketa eta erabilera plan bat eratzea, zeinak garatu ahalko diren jarduerak eta hauen ezaugarriak arautuko dituen. Honekin batera, planak, gutxieneko aurrebaldintza hauek errespetatzea eskatzen dugu:

  1. Donostiako Udalbatzak 2020ko uztailaren 23an Santa Klara uharteko edukierari buruzko mozioan onartutako puntua garatzea. Hau da, edukierari buruzko berariazko plan bat eginez, Santa Klarara iristeko garraioak eta uhartean sartu daitekeen gehienezko jende kopurua irizpide mugatzaileenen arabera finkatzea. Zehazki, hau da Udalbatzak onartutako puntua:

Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari osatu eta jarri dezala herritarren eskura Santa Klara uharteko edukierari buruzko berariazko plan bat. Plan honek, halaber, COVID-19 birusaren testuinguruaz haragoko beharrei erantzun beharko die eta besteak beste bisitari kopuruak ingurumenean izan ditzakeen eraginak aintzat hartu beharko ditu.

  1. Uharteko irekiera sasoia eta joan-etorrietarako epea, gaur egun Santa Klarari eragiten dion 2003ko udal bandoak definitzen duena izaten jarraitzea, urtean 4 hilabetekoa, alegia.
  2. Irekiera sasoia errespetatuz, uharteko erakargarritasun elementu nagusia bilakatuko den itsasargia, bisitarientzako astean 4 egunez baino ez zabaltzea. Honekin, astean 3 egunez bada ere, uharteak egun betetzen duen lagunarteko aisialdirako arnas-gune funtzioa mantentzea bermatuko litzateke.
  3. Onarturiko jarduerak publikoak eta Donostiarren onurari begira jarritakoak izatea (bereziki ingurumen heziketarekin harremana duten interes pedagogikoa dutenak sustatuz), beti ere, hiri erakargarritasuna eta hazkunde turistikoa jomuga dituzten ikuspegiak irmoki baztertuz.
  4. Itsasargiaren kudeaketa eta sarbideen kontrola erakunde publiko baten esku uztea (Cristina Enea Fundazioa), logika monetaristen menpeko interes oro alboratuz.
  5. Santa Klara uhartean bestelako azpiegitura gehigarri berririk eraikitzeari uko egitea.

Horrenbestez, Santa Klarako itsasargiko eskuhartzea aukera aparta izan daiteke udalaren, teknikari eta adituen, eta gizarte eragileen arteko adostasunetik sortutako proiektu ireki eta partehartzaile bat planteatzeko, Donostiak iraunkortasunarekiko duen konpromezuaren erakusgarri izango dena. Santa Klara uhartea ezin da baliabide turistiko estrategiko modura ulertu, etorkizuneko belaunaldientzat zaindu behar den biotopo babestu bezala baizik. Hori dela eta, idatzi hau sinatzen dugun elkarte eta eragileok, eskari zuzena egiten diogu Udal Gobernuari nahiz Santa Klarako itsasargiko instalazio artistikoaren proiektuan lanean ari den talde teknikoari, uhartearen babesa bermatzeko eskura dituzten baliabide guztiak aktibatu ditzaten, hemen jasotako proposamenak aintzat hartuz.

BIZILAGUNEKIN PLATAFORMA – EGUZKI – HARITZALDE NATURZALEEN ELKARTEA – PARKEA BIZIRIK KULUNBERA

KONZENTRAZIOA ZINEMALDIAN WOODY ALLENEN FILMAREN AURKEZPENEAN:

Donostiarrak ez gara figuranteak gure hirian!

Zinema munduan ibilbide garrantzitsua egin duen pertsona batek ez gaitu itsutzeraino liluratuko.  Gure bizitzetako aktore protagonistak izateko determinazio osoa daukagu. Ez dugu onartzen gure hiriarekin egiten ari direna. Elkarrekin aurre egingo diegu hiria negozio bat bezala erabili nahi dutenei.

Donostia turistifikazio prozesu azkar eta bortitzean daramate agintari publikoek. Turista eta inbertsoreak hirira erakarri nahiaren atzean, prozesu honen bidez etekin ekonomiko erraldoiak lortzen dituztenak daude. Bitartean, herritarron gehiengoak gero eta zailagoa daukagu Donostian bizitzea: etxebizitzaren prezioa, lan-merkatu prekarizatua, kontsumo prezioen igoera…

Hiri-marka eta kulturaren merkantilizazioak helburu komertzial partikularrei erantzuten diete hiri honetan. Helburu horren mesedetan datorren orori alfonbra gorria jartzen zaio, bertako bizilagunon bizi-baldintzen gainetik pasa behar badira ere.

Eskatzen dugu:

Woody Allen eta Mediaprorekin egindako tratuak eta pelikula grabatzeko erakunde publikoetatik eskainitako zerbitzu eta laguntza oro gardentasun osoz argitzeko. Honek enkarguzko makro iragarki baten itxura handiegia dauka.

Ez baliatzeko filma Donostia parke tematiko gisa karakterizatzeko eta jarduera turistikoaren sustapenerako. Hirian desazkunde turistikoaren norabidean kokatzeko momentua da. Donostia ez da dekoratu bat eta donostiarrak ez gara figuranteak.

BizilaLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma

Ernai gazte antolakundea

HOTELAK STOP. TURISTIFIKAZIOA GELDITU.

Gaur egun bizi dugun egoera ikusita, BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak hainbat gai mahaigaineratu nahi ditu ekintza aldarrikatzaileen bidez.

BATETIK, Donostian azken urteetan hotelen ugaritze neurrigabea eman dela salatu nahi dugu. Azken bost urteetan 35 hotel baino gehiagoren lizentziak onartu edota zabaldu dira hirian. Bereziki deigarria da hiriaren Erdialdean baimendutakoen zerrenda luzea eta auzo turistifikatuenetan (Parte Zaharra, Gros) bide horretatik jarraitzea. Azpimarratzekoa da Gipuzkoako Gotzaindegiak eta bestelako kongregazio erlijiosoak jokatzen ari diren papera. Bere jabetzekin espekulatzen eta hiriaren turistifikazioaren aldeko indar boteretsu gisa dihardute.

BIGARRENIK, COVID-19aren larrialdiak gizartean eragindako astinduak, besteak beste, Donostiako hiri ereduaz hausnartu eta aldaketak emateko beharra azaleratu du. Orain dugu aukera norabide okerrak zuzentzeko.

  • Hotel berriak eraikitzeko baimenak emateari utzi, lanetan dauden hotelen eraikuntzak beste erabilera batzuetara bideratu eta epe-luzera, negozioek itxi ahala, hirian eskaintzen diren ohe kopurua murriztu behar da.
  • Etxebizitza larrialdia bizi dugu. Heldu den krisi ekonomikoak espekulazioak puztutako alokairu eta hipotekak ordaintzeko ezintasunean utz ditzake milaka donostiar. Gainera, etxe beharrean dauden herritarrak beren hiritik kanporatzea etengabea da. Gaia lehen lerrora ekarri eta arazoari behingoz buelta emateko neurri ausartak hartzeko unea da.
  • Hiriaren ekonomia turismo jardueran oinarritzea ez da zentzuzkoa. Nazioarteko mugikortasunak eta kanpo faktoreek hainbeste baldintzatzen duten jarduera hau, balio erantsi eskasekoa da. Beste jarduera ekonomiko batzuk indartuz saihestu behar da monolaborantza turistikoa.
  • Kalitatezko enplegua sortzeko gai diren tokiko beharrizanetara loturiko sektoreak indartzeko aukera irekitzen zaigu orain. Ezinbestekoa da langileak alor alternatiboetan birkokatzeko formakuntzan inbertitzea. Turismoaren desazkunderako bide hau hartu ezean kaleratzeen zerrenda handitu baino ez da egingo.     
  • Eztabaida zabaltzeko unea da. Turismo-ereduari dagokionez norabide posible bakarra etengabeko hazkundea denaren ideia baztertu eta donostiar ororen bizitzan hainbesteko eragina duen jardueraren inguruan guztiok parte hartu eta erabakitzeko moduko eztabaida soziala bideratu behar da.

HIRUGARRENIK, donostiarrei deia zabaldu nahi diegu: hiri honetan bizi garenok bertan ahalik eta ondoen BIZI ahal izateko, asko dago jokoan bizi dugun garaian. Bakoitzaren arazoak eta oztopoak bezala ikusten ditugunak, arazo kolektiboen ondorio dira sarri. Horregatik elkar LAGUNtzea da horiei erantzuteko bide bakarra. Hitz egin dezagun Donostian gertatzen ari denaz, bilatu ditzagun donostiarrok behar ditugun irtenbideak eta EKIN dezagun batera turistifikazioaren aurka eta desazkunde turistikoaren alde.

https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20200901/donostiak-pairatzen-duen-turistifikazioa-salatu-du-bizilagunekin-ekimenak

https://irutxulo.hitza.eus/2020/09/01/donostiaren-turistifikazioa-salatzeko-aldarrikapen-ekintza-egin-du-bizilagunekin-plataformak

https://www.donostitik.com/bizilagunekin-denuncia-la-desproporcionada-proliferacion-de-hoteles-en-donostia/

Turismoaren monolaborantza, hotelen ernaldia eta egungo zaplaztekoa

EIHAR EGAÑABIZILAGUNEKIN. DESAZKUNDE TURISTIKOAREN ALDEKO DONOSTIARREN PLATAFORMA

Donostiak bizi duen turismo jardueren gorakada geldiezinaren erakusgarri, azken urteotan etengabe areagotu dira hotelen eraikuntza edota irekiera berrien albisteak gure hirian. Donostian, azken lau urteetan 35  hotel baino gehiago onartu edota zabaldu dira, hiriko ohe eskaintza erritmo neurrigabean puztuz. Gainera, hiria pairatzen ari den ohe eskaintzaren gorakada are eta nabarmenagoa da, hotel jarduerez gain, etxebizitza turistikoen kontrolik gabeko hazkundea ere gogoan izan behar baita. Hotelen hedapenari erreparatuz gero, agerikoa da bereziki hiriko eremu turistikoenetan kontzentratzen dela (Kale nagusia, Frantzia pasealekua, Mirakontxa, Zabaleta, Matia, San Bartolome, adibidez). Hala ere, aipatutako hazkundeak, hotel jarduera udalerri osoan barrena zabaltzea eragin du (Ulia edo Aieteko ekimenak horren adierazgarri).

Negozioen jabetza eta kudeaketa ezaugarriei dagokienez ere aldaketak izan dira. Hiriko ohiko ereduei (familia hotelak edota tokiko kapital jabeek sustaturikoak), beste era bateko agente eta egiturak batu zaizkie orain. Horien artean aipa daitezke Donostiako gotzaindegia, nazioarteko kate handiak edota inbertsio funtsak, besteak beste. Argi dago, Donostia gainbalioa sortzeko negozio eremu paregabetzat sumatzen dutela hainbat eragilek. Zentzu honetan, era guztietako eraikinak salerosi dira turismoak irekitzen dituen aukerak ustiatzeko eta kapitalizatzeko asmoz: eraikin publikoak, historikoak, erlijiosoak… Honekin batera, eskaintzaren dibertsifikazioa gertatu da, establezimenduen tipologia bereiziz; kapitalismo arrosaren ikurtzat har daitekeen Amarako “heterofriendly” hotela, surflari eta motxiladun bidaiari dirudunei zuzendutako ostatuak, ikasle-egoitzaz mozorrotutako hotelak eta luxuzko eskaintza egiten dutenak, besteak beste.

Covid-19aren pandemia eta honek sortutako larrialdi egoera dela-eta, Donostiako hotelek behin-behinean ateak itxi behar izan zituzten. Itxialdia arintzen hastearekin, jarduera ekonomikoen errekuperazioak ez du, ordea, esperotako efektua izan. Bitartean, turismoaren atzerakadak hirian hotelen gainzama kezkagarria dagoela erakutsi arren, hotel berriak irekitzeko lanek aurrera jarraitzen dute.
Azken hamarkadetako monolaborantza turistikoaren aldeko apustua berrikusi ordez, administrazio publikoaren zein sektoreko eragile pribatuen helburua egoeraren lehengoratze ahalik eta bizkorrena da. Jomuga begiz jota dute: Donostiak bizi izan duen turismoaren hazkundea hauspotzen jarraitzea, hiriak eskaintzen duen ohe kopurua handitzen jarraituz. Eskaintza handitzearekin bat, eskaria areagotuko den esperantzari eusten diote, baleko estrategiatzat, baliabide publikoak horretara bideratuz eta hirian burbuila turistiko arriskutsu bat sortuz.

Krisialdi berri honek, ordea, argi utzi du gaur egun Donostiak duen ohe eskaintza jada gehiegizkoa dela eta irtenbide jasangarri bakarra desazkunde turistikoaren bidetik etorriko dela. Hotel berriak eraikitzeko baimenak emateari utzi, lanetan dauden hotelen eraikuntzak beste erabilera batzuetara bideratu eta epe luzera, negozioek itxi ahala, egungo hotel eta ohe kopurua murriztuz. Orain dugu aukera hotel jardueren hazkunde neurrigabeari mugak jartzeko eta hotel jardueren gaineko araudia zorrozteko. Hotelen gehikuntza arduragabea eragiten ari den atseden eta bizikidetza arazoen gainean hausnartu eta bizilagunen eguneroko beharrak bermatzeko premia dago, auzo-bizitza lehenetsiz eta hotelen aktibitatea honekiko bateragarri bihurtuz.  

Krisialdi ekonomikoaren ondorio lazgarrienak zerbitzuen eta garraioen sektorean nozitzen ari direla jakinik, argi dago egungo turismo ereduaren bideragarritasuna kolokan dagoela. Arestian aipatu bezala, hoteletako langileek berehala nabaritu dituzte turismoaren beherakadak eragindako ondorioak. Indarrean dagoen eredu sektorialak ez du gaitasunik sektorea arautzen duen hitzarmenak zehaztutako baldintzak betetzeko. Hortaz, prekaritateari iltzatutako lan-harremanez baliatzen den espezializazio turistikoari mugak jartzeko garaia dugu honako hau. Turismoarekiko menpekotasuna hautsi eta kalitatezko enplegua sortzeko gai diren tokiko beharrizanetara loturiko sektoreak indartzeko aukera irekitzen zaigu orain. Testuinguru honetan ezinbestekoa izango da langileak alor alternatiboetan birkokatzeko formakuntzan inbertitzea. Turismoaren desazkunderako bide hau hartu ezean, kaleratzeen zerrenda handitu baino ez da egingo.      

Orain dugu aukera Donostiako eredu sozioekonomikoa berrikusteko, turismoaren monolaborantza gainditu eta tokiko beharrizanei erantzungo dien oinarri sendo eta dibertsifikatua eratzeko. Inbertsiogile eta eragile pribatuei begira jarritako eredu ekonomikoa hautsi eta Donostiako bizilagunei begirako eredua eraikitzeko garaia da. Gure hiriaren etorkizunerako bi ibilbide ditugu aukeran: aurrekoarekin jarraitzea edota denon artean eraikitako eredu berri bati ekitea. Desazkunde turistikoa lehen lerrora ekarri eta bigarren aukeraren alde egiteko beharra gero eta agerikoagoa da.

https://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/turismoaren-monolaborantza-hotelen-ernaldia-eta-egungo-zaplaztekoa

https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/gipuzkoa/donostia/2020/08/19/turismoaren-monolaborantza-hotelen-ernaldia-eta/1049240.html

https://www.argia.eus/albistea/turismoaren-monolaborantza-hotelen-ernaldia-eta-egungo-zaplaztekoa-zerbait-ikasteko-balioko-ote-digu

https://www.berria.eus/paperekoa/1896/018/001/2020-08-25/turismoaren-monolaborantza-hotelen-ernaldia-eta-egungo-zaplaztekoa-zerbait-ikasteko-balioko-ote-digu.htm

EHUko ikerlarien azterketa batek agerian utzi du Donostian pisu turistikoen ugaritzea eta alokairuen prezioen igoeraren arteko lotura

Economic Research-Ekonomska Istraživanjak aldizkari zientifikoak 2020ko apirilean argitaratutako lana[i] jakintza arlo anitzetako espezialistek (ekonomia, soziologia, etxebizitza, matematika…) osatzen duten ikerketa-taldearen emaitza da. Aitziber Etxezarreta Etxarri, Julen Izagirre Olaizola, Jon Morandeira Arca eta Imanol Mozo Carollo dira.

Donostiako alokairuaren merkatua eta etxebizitza turistikoei buruzko datu enpirikoetan oinarritu dira azterketa egiteko orduan. Airbnb-k Donostian duen presentziak bizileku gisa alokatzen diren etxebizitzen prezioarekin duen lotura neurtzea ahalbidetzen duen eredu ekonomikoa eraiki dute. 

“Elkarlan ekonomia” faltsua.

Azterketa honetan eta beste ingurune turistiko batzuetan egindakoetan oinarrituz, artikuluak kritikoki aztertzen ditu Airbnb plataformaren ezaugarriak eta “elkarlan ekonomia” kategorian sailkatzeko saiakera. Etxejabe askok beren jabetzak alokairu merkatutik atera eta merkatu turistikoan eskaintzeko hautua egiten dute. Beraz, ez da noizbehinkako diru-sarrera gehigarri bat, beren ohiko etxebizitzaren prezioa ordaintzeko baliatzen dutena. Eta ez da erabilerarik ez duten baliabideak (soberan dagoen gela edo inor bizi ez den etxea) mugiarazteko modua. Ondorio gisa, gero eta etxebizitza gutxiago daude eskuragarri alokairuan eta prezioak igo egiten dira.

“Praktikan, anfitrioi profesional eta inbertitzaileek gero eta errepresentazio handiagoa daukate Airbnb plataforman, eta horrek ez ditu betetze elkarlan ekonomiaren oinarrizko printzipioak (Gil & Sequera, 2018). Hauek (higiezinen agentziak, enpresa espezializatuak eta jabe handiak eta txikiak),  Airbnb-n ipintzeko eta urte osoan oporraldiko alokairu tenporalean eskaintzeko, etxebizitzak merkatutik kentzen dituzten agenteak dira.”[ii] 

Donostiaren kasuan, Airbnb-ren bidez eskainitako pisuen kopurua oso altua da eta 2017an kasik hiriko hotel eskaintzaren adinakoa zen. Etxebizitza turistikoen merkatuari dagokionez, datuek “elkarlan ekonomia” izenaren atzean merkatu estraktibista eta monopolizatua dagoela agerian jartzen dute.

“Eskaintzaren konzentrazioari dagokionez, aurretik artikulu honetan sakon aztertu denez, Airbnb-n Donostiako 10 anfitrioi nagusiek (ondasun kopuruaren arabera), plataforman iragarritako 1472 pisu edo geletatik, 328 (%22) biltzen zituzten, 2018 bukaeran. Hiru iragarle nagusiek eskaintza guztien %12a zuten (Inside Airbnb, 2019). 2017ko Airbnb-ko hamar iragarle nagusiek 2.355 ostatu plaza eskaini zituzten (guztiaren %31) (Montera34.2017).”[iii]

Azterketaren metodologia eta ezaugarriak

Ikerketaren helburua da, eredu ekonomikoen bidez, Airbnb-k Donostiako auzoetan duen presentziaren eta bizitegi-alokairuaren prezioaren igoeraren arteko lotura zehaztea.

“Laburbilduz, gure hipotesia da aldi baterako alokairu-merkatuaren agerpenak eragina duela, bai etxebizitzen eskaria handitu delako, plataforma berri horiek diru-sarrerak izateko eskaintzen duten aukeraren ondorioz, bai epe luzeko alokairuen zerrendan agertzen diren alokairu-unitateen eskaintza murriztu delako. Bi aldaketa horiek epe luzerako alokairu-prezioak igotzen lagunduko lukete.”[iv]

Airbnb-k auzo batean duen intentsitate handiagoa edo txikiagoa etxebizitza turistikoetako bezeroek egindako erreseina-kopuruaren arabera neurtzen da eta auzo horretan dauden etxebizitzen guztien kopuruarekiko zatitzen da. 2013-2018 aldiari dagozkion datuak erabili dira, Eusko Jaurlaritza, Idealista Inc., Eustat eta Donostiako Sustapenaren iturriak erabiliz.

Emaitzak: Airbnb-ren presentziak alokairuaren prezioa igo du

Airbnb-ren presentzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da alokairuko etxebizitzen prezioa. Airbnb-ren etxebizitza kopurua zenbat eta gehiago igo, orduan eta gehiago igoko da alokairua.

“Dokumentu honetan egindako azterlan enpirikoak erakusten duenez, Airbnb-ren intentsitatearen desbideratze estandar bat handitzeak alokairuen prezioetan % 7,3ko igoerarekin lotura duela. Hau da, batez beste hilabeteko 74 euroko igoera, 1013 euroko batez besteko alokairu-prezioarekiko. Efektu hori beste testuinguru batzuetan enpirikoki neurtutakoa baino handiagoa da (Boston, Erresuma Batua, etab.), baina ez Espainiako kostaldeko leku batzuetan neurtutakoa bezain handia (adibidez, Andaluziako “eguzki eta hondartza” kostaldean). Gure emaitzen arabera, Airbnb-k bizitegi-alokairuetan duen eragina globala da, baina aldakorra, eta bizitegi-alokairuaren eskaintzaren tamainaren araberakoa.”[v]

Amaitzeko, azterlanean adierazten da gaur egun hirian bizi direnen artean turistifikazioak eragin lezakeen kanporatze-efektua:

“Azkenik, etorkizuneko ikerketa-ildo gisa, turismo-ostatuen sektore osoak (hotel berriak, Airbnb, epe laburreko beste ostatu-zerbitzu batzuk, etab.) epe luzeko alokairuetan duen eragin konbinatua kalkulatu behar dugu, higiezinen merkatuan turismoaren hazkundearen presioaren neurri gisa. Etxebizitzak alokatzeko prezioak igoz gero, maizter tradizionalak merkatutik kanpo geratuko lirateke, eta inbertsioa eta, beraz, etxebizitzen erosketa-prezioak igoaraziko lirateke. Hala, turismoak etxebizitzen merkatuan duen eragina alokairuaren merkatutik higiezinen merkatu osora heda liteke. Horrelako prozesu batek etxebizitzak alokatzeko eta erosteko prezioei aurre egin ezin dieten ohiko biztanleak kanporatu ditzake.”[vi]

Orain dugu aukera Donostian alokairu turistikoarekin amaitzeko

BiziLagunEkinen, desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformaren iritziz, azken urte hauetan gai honen bilakaerak eta egungo zirkunstantziek aukera berri bat eskaintzen digute donostiarrentzat egokiena den konponbidea gauzatzeko.

2017ko abuztuan, etxebizitza turistikoak arautzeko ordenantza berri bat onartu zen Udalaren osoko bilkuran. Horrela, aurreko araudia betetzen ez zuten eta ordurako itxiarazita behar zuten hamarnaka etxebizitza turistiko legeztatu egin ziren.

Etxebizitzak ikuskatzeko eta ordenantza berria betetzen zela bermatzeko izendatutako taldeak ez zituen inoiz izan lan eskerga horretarako behar ziren giza baliabideak eta baliabide materialak. Apartamentu batzuk lizentziarik gabe utzi eta zigortu zituzten arren, lizentziarik gabe lan egiten zuten hainbat pisuk martxan jarraitzen zuten.

2020ko urtarrilean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi du Donostiako Udalaren ordenantza, ez baitzen izapidetu HAPOren beharrezko aldaketa.

COVID19ak eragindako osasun- eta ekonomia-krisiak eraginda, etxebizitzen jabe askok oporretako alokairutik ihes egin dute, beren pisuak bizitoki bezala alokairuan eskaintzeko (27.000 baino gehiago Espainiako estatuan). Horrek erakusten du ezer ez dela izango lehen bezalakoa.

Mundu mailako pandemia baten erdian gaude, jende askoren bizi-baldintzak estutuko dituen krisi ekonomiko baten atarian, hirian kroniko bihurtu den etxebizitza arazo batekin eta alokairu turistikoaren araudi eguneraturik gabe. Orain aurrerapauso bat emateko unea da. Donostiar gehienen aldeko urratsa, espekulazioa eta eskrupulurik gabeko etekina geldiarazteko. Alokairu turistikoa berriro arautzeko unea da, gaur egun dagoena kudeatuz, urratsez urrats praktika hori desagerrarazi arte.


[i] Aitziber Etxezarreta-Etxarri, Julen Izagirre-Olaizola, Jon Morandeira-Arca & Imanol Mozo Carollo (2020) Urban touristification in Spanish cities: consequences for the rental-

housing sector in San Sebastian, Economic Research-Ekonomska Istraživanja, 33:1, 1294-1310 https://www.tandfonline.com/doi/full/10.1080/1331677X.2020.1755878

[ii] In practice, professional hosts and investors have increasingly greater representation on the Airbnb platform and do not fulfil this basic principle of the sharing economy (Gil & Sequera,2018). These are agents (real estate, specialised companies and large and small homeowners) who remove housing from the residential market to put it on Airbnb and offer it for short-term holiday lets all year round.

[iii] Regarding the concentration of offer, which was discussed in depth earlier in this paper, the 10 main hosts per number of advertised properties on Airbnb in San Sebastian accounted for 328 (22%) of the total 1472 flats or rooms advertised on the platform at the end of 2018. The three main advertisers alone held 12% of the total offers (Inside Airbnb, 2019). The 10 main Airbnb advertisers in 2017 (1.1% of the advertisers) offered 2335 lodging vacancies (31% of the total) (Montera34, 2017).

[iv] In summary, our hypothesis is that the emergence of the short-term rental market operates both through an increase in the demand for housing because of the income opportunity offered by these new platforms, and a decrease in the supply of rental units listed for long-term rental. Both changes would contribute to the increase of rental prices of long-term units.

[v] Specifically, the empirical study carried out in this paper reflects that a one standard deviation increase in Airbnb intensity is associated with an increase of 7.3% in rental prices, which corresponds for citywide average monthly asking rent of 1013 euros to increase 74 euros in average. This is a bigger effect than those measured empirically in other across-sea contexts, (such as Boston, UK, etc.), but not as big as in other Spanish coastal destinations (as in the Andalusian ‘sun-and-beach’ coast). Our results support the hypothesis that the effect of Airbnb on residential rentals is global but variable, and depends on the size of the residential rental offer.

[vi] Finally, as a future line of research, we should assess the combined effect that the whole tourist lodging sector (new hotels and hostels, Airbnb, other short-term rental services, etc.) has on the long-term rentals, as a measure of the pressure that the growth of tourism exerts on the real estate market. An increase in residential rental prices may push traditional renters out of the market and boost the investment and, consequently, prices in the housing market. Therefore, the effects of the tourist lodging sector would spread to, not only the long-term rental market, but to the whole real estate market. Such a process may also lead to the displacement of traditional residents who do not have the resources to face the increase in housing rental and purchase prices.