Donostian ere, tasa turistikoa ez da konponbidea

Nerea Arregi (Argia)

Tasa turistikoa deitzen zaie turistek hotel edo ostatuetan emandako gau bakoitzeko zenbait lurraldetan bertako administrazioari ordaindu behar izaten dioten zenbatekoari. Bildutako dirua turismoaren sustapenari eta turismoaren erakargarri diren guneen zainketara bideratu ohi da, hauek mantendu eta bere ustiapena iraunkortzeko asmoz. 

Tasa turistikoak ez du lurraldeen eta hirien turistifikazioaren arazoa konpontzen. Ez da hala izan neurri hau, bere molde desberdinetan, ezarri izan duten tokietan eta ez da hala izango EAEn, Gipuzkoan eta Donostian.

Katalunia eta Balear Uharteak dira tasa turistikoa duten Estatuko lurralde bakarrak. Euro bat eta lau euro arteko tasa ordaintzen dute turistek ostatu gau bakoitzeko. Bistan da lurralde hauen turistifikazio arazoak ez direla konpondu neurriarekin. Europan, 21 herrialdetako hiri eta lurralde desberdinetan daude ezarrita antzeko neurriak. Batzuetan gauko zenbateko finko bat ordaintzen da; beste batzuetan, ostatuko fakturaren portzentaje bat. Erroman, gauko zazpi euroko tasa dago indarrean, gaur egun.

“Donostiak ezin du gaur egun jasotzen duena baino turismo gehiago jaso. Donostiarren bizimoduan eta bizi-baldintzetan kalte nabarmenak eragiten ari da indarrean dagoen turismo- eta hiri-eredua”

Hilabete askotan ari dira administrazio desberdinetatik tasa turistikoaren gaia lantzen eta publikoki hedabideetan asmoak, borondateak eta zurrumurruak hedatzen. Hala ere, ez zaie erraza egiten ari ustezko adostasuna praktikan gauzatzea. Izan ere, administrazioen artean desadostasunak bi puntutan daude: nork bildu eta kudeatu behar duen tasa turistikoaren bidez jasotako dirua (1) eta zein helburutara bideratu behar den diru-sarrera hori. Beste hitz batzuetan: zergatik eta zertarako ezarri nahi den tasa turistikoa (2).

Lanketa hau “sektorearekin” egiten ari direla jakin dugu hedabideen bitartez, beti bezala. “Sektorea” deitzen diotena, turismoan interes ekonomikoa duten enpresa eta inbertsiogileak dira. Ez dute parte hartzen turismo eredu orojale honen kalteak jasaten dituztenek. Ez dute parte hartzen auzo elkarteek, sindikatuek edo gaia jorratzen duten gizarte mugimenduek. Elkarlanean dihardute bai, turismoaren hazkunde mugagabea eta lurralde osoaren turistifikaziorako borondatea partekatzen dutenen arteko elkarlana da, ordea.

Donostiak ezin du gaur egun jasotzen duena baino turismo gehiago jaso. Donostiarren bizimoduan eta bizi-baldintzetan kalte nabarmenak eragiten ari da indarrean dagoen turismo- eta hiri-eredua. Etxebizitzaren prezioen gorakada hiritik kanporatze masiboa eragiten ari da, bereziki gazteena. Hiriaren egitura ekonomikoa aldatzen ari da, turismoari lotutako sektoreen pisua handituz; hain zuzen ere prekarietatea handikoak diren sektoreak (ostalaritza, ostatuak, merkataritza eta garbiketa). Hiri espazioaren pribatizazioak eta kultur ekimenen merkantilizazioa komunitate sareak eta auzo-bizitza arriskuan jartzen ari dira. Turismo gehiago erakartzea ez da donostiarren lehentasunezko beharra. Baliabide publikoekin gutxi batzuen interes pribatuarentzat lan egitea da. Tasa turistikoa turismoa sustatzeko erabili ohi da, eta horrexegatik, ez dugu nahi tasarik, xede horretara diru-publiko gehiago bideratzeko bada. Arazoa handitzeko neurri bat litzateke, arazoa konpontzekoa baino.

Tasa turistikoei ematen zaien beste funtzioa, turisten erakargarri diren toki eta guneak “zaintzea” da. Ingurune naturalak, ondare arkitektonikoko elementuak, alde zaharrak, portuak eta abar, turisten joan-etorriek, hondakinek eta bestelako desgasteak sufritzen dituztenez, horien “konponketa” egiteko baliatzen omen da. Praktikan, erakargarri hauen inguruan azpiegiturak (parkinak, pasarelak…) edo zuzenean turistei zuzendutako zerbitzuak eskaintzeko (informazio guneak, panelak…). Turismo masiboaren kalte larrienak, bertako biztanleriarengan sortzen direnak, ikutu ere ez. Azken finean helburua turistaren esperientzia ona ziurtatzea eta turismoaren hazkunde bidea sustatzea izaten jarraitzen du, ez bertakoen egoeran eragitea.

“Bizilagunekin plataformaren irakurketa garbia da. Tasa turistikoak, planteatuta dagoen bezala, ez du arazoa konpontzen. Are gehiago, arazoa okerragotzeko eragin dezake”

Beraz, Bizilagunekin plataformaren irakurketa garbia da. Tasa turistikoak, planteatuta dagoen bezala, ez du arazoa konpontzen. Are gehiago, arazoa okerragotzeko eragin dezake. Gure hiriaren turistifikazioari bidea zabaltzen diote indar politikoen artean adostasuna sortzen du, hain zuzen ere beren orain arteko jardunari bete-betean erantzuten diolako. Turistifikazioari neurria hartzeko tresna bezala saltzen dute herritarren aurrean, baina bitartean hazkunde turistikoaren aldeko lanean jarraitzen dute; besteon bizi-baldintzen kontura aberasten ari diren gutxi horien alde. Hazkunde turistikoaren paradigma legitimatzeko tresna bat da, nagusiki.

Tasaren ezarpena ezagutuko dugula susmatzen dugunez, proposamen bat mahai gaineratu nahi genuke, hala ere. Ezarriko bada, Fiturrera hamarnaka politikari eta lagun eramateko, atzerriko hedabideei publi-erreportajeak ordaintzeko edo urteroko marketing kanpainak ordaintzeko erabili ordez, erabil dezagun diru-sarrera politika sozialetarako. Inbertitu dezagun donostiarren kanporatzea gelditzeko politiketan, etxebizitza larrialdia gelditzeko, lan-baldintza duinak ziurtatzen, balio ekologikoko inguruneak babesten, auzo-bizitza sustatzen, behetik gorako kultur egitasmoetan… Horiek dira Donostian bizi garen eta bertan bizi nahi dugunon kezkak eta beharrak. Eta turismo gehiago erakartzeak ez du horien hobekuntzarik ekartzen azken urteetan ikusi dugun bezala. Desazkunde turistikorantz neurriak hartzeko ordua heldu da eta ikusi nahi ez duten agintarien aurrean indarrak metatzen ari den herritar multzo gero eta handiagoa dago.  

https://www.argia.eus/albistea/donostian-ere-tasa-turistikoa-ez-da-konponbidea

https://www.berria.eus/paperekoa/1876/024/001/2020-02-29/donostian-ere-tasa-turistikoa-ez-da-konponbidea.htm

https://www.naiz.eus/en/hemeroteca/gara/editions/2020-03-05/hemeroteca_articles/en-donostia-la-tasa-turistica-no-es-la-solucion

Donostian bizi nahi dugu!

Kaleratzeak STOPek, Groseko HONDARPE Auzo Elkarteak, Amarako AMARA BAI Auzo Elkarteak, PARTE ZAHARREAN BIZI Auzo Elkarteak eta Benta Berriko auzo-elkarteek, BIZILAGUNEKIN Plataformak, DONOSTIA DEFENDATUZ koordinadorak eta gaur hemen bildutako dozenaka donostiarrek argi eta ozen esaten dugu Azorako 300 maizterrak zuen auzoetan bizitzen jarraitzea nahi dugula, kontratu egonkor eta alokairu merkeekin.

Gure gazteek alde egin behar ez duten hirian bizi nahi dugu; non familia askok, batez ere guraso bakarrekoek, ez duten pilatuta bizi behar sukalde-eskubidea duten geletan 450 euroko alokairuak ordainduz edo etxebizitza bera partekatuz, alokairu espekulatiboak Estatuko bigarren garestienak direlako; non inork ez duen beren diru-sarreren %50 edo gehiago alokairura bideratu behar, Europan %30 inguru erabiltzen denean.

Etxebizitzak Euskal Etxebizitzaren Legeak babesten duen bizitegi- eta gizarte-erabilera duten Donostia, eta ez etengabe hazten ari diren hotel-enpresen eta turismo-apartamentuen irabazirako hiria.

Bertako bizilagunak eta hurbileko merkataritza milaka turista hartzeko kanporatzen ez dituen hiria, gure auzoak bizigaitz bihurtuz.

Blackstone bezalako funts-putrerik gabeko hiria, 2018an Benta Berriko Babes Ofizialeko etxebizitzak bereganatu zituena, edo orain Azora, Inmobiliaria Vascongadak emandako milioi askoko pilotakadaren eskutik, alokairuak igotzeko eta, maizterrek ordaindu ezin badituzte, etxegabetzeko, 2013an Madrilen babes ofizialeko 3.000 etxebizitzekin egin zuten antzera.

Azken finean, Donostian edonor bizi ezin izatearen erantzulea, bereziki, Eusko Jaurlaritza da, 5 urte hauetan ez baitu alokairuaren prezioen kontrol espekulatibo eta geldiezina arautu.

Horregatik iritsi dira funts putreak. Orain, hauteskunde autonomikoen aurrerapenak eten egin duen Lege Proiektu bat aintzat hartzeko aukera zuten.

5 urteren ondoren, ez du etxebizitza hutsei dagokien kanona arautu eta alokairu sozialeko etxebizitzen parke eskasa mantentzen du; EAEn alokairuko etxebizitza guztien %2a da soilik, Europan% 15 ingurukoa denean.

Honen ondorio tragikoa gehiegizko alokairuak ez ordaintzeagatik edo kontratua amaitzeagatik kaleratzeak ugaritu direla da.

Eta bigarrenik, udal honek, alkatea buru izanik, Gobernu zentralari alokairuaren prezioak arautzea eskatzen dio, baina ez dio Eusko Jaurlaritzari eskatzen. Gainera, katalanaren antzeko proiektu bat mahai gainean duenean, erregulazio hori hemen Euskadin gauzatu ahal izateko.

Apartamentu turistikoen 1.200 jabeak lasaitzen ari da, baina ez ditu benta Berriko 520 familiekin berdin egin, ezta oraindik ere 300 familiekin, dozenaka sinadurarek hala eskatu badiote ere.

Familia guzti hauek kalean amaitzeko arriskua dute, funts putreek ezar ditzaketen gehiegizko alokairuak ordaindu ezin dituztelako; izan ere, etxebizitzarekin negozioa egitea bere gizarte-erabileraren gainetik jartzen duen etxebizitza-politika negargarri honekin ateak parez pare ireki dizkiegu.

ETXEBIZITZA DUIN ETA ESKURAGARRIA IZATEKO ESKUBIDEA DEFENDATZEN DUGULAKO!

BIZITZEKO DONOSTIA BAT NAHI DUGULAKO ETA EZ INSTITUZIOEN KONPLIZITATEAREN AURREAN ETXEBIZITZAREKIN ESPEKULATZEKO!

DONOSTIAN BIZI NAHI DUGU, FUNTS PUTRERIK GABE, TURISMO MASIFIKAZIORIK GABE, NON ETXEBIZITZA ESKUBIDE BAT DEN ETA EZ NEGOZIOA, ETXEGABETZERIK GABE!!

HELBURU BERBERENGATIK, ETXEBIZITZA DUIN BATEN ALDEKO ETA HIRI BIZIGARRIAREN ALDEKO EUROPEAR KOALIZIOAK MARTXOAREN 28AN EUROPAKO HIRI ASKOTAN MOBILIZAZIOAK DEITUKO DITU.

Turistifikazioaren eta funts putreen aurkako protesta egin dute Donostian

EITB

“Auzoko familia xumeenak euren etxeetatik bota nahi dituzte AirBnb bezalako plataformek eta inbertsio-funts oportunistenak”, salatu dute bertan elkartu direnek.

Ehunka lagun bildu dira ostiral arratsalde honetan Donostiako Boulevardean eta Benta Berri auzoan, Donostia erdiguneko “turistifikazioa” eta “funts putreak eragiten ari diren etxegabetxeak” salatzeko. Etxebizitzarako eskubidearen aldeko hainbat plataformek deitutako deialdia izan da, tartean, Kaleratzeak Stop Euskadik, Alokairuk, Zaharrean Bizi auzo-elkarteak eta Bizilagunekin elkarteak.

AirBnb bezalako plataformen bitartez eta inbertsio funts oportunistek familia xumeenak auzoetatik bota nahi dituzte eta beraien etxeekin espekulatu, ondorioz, alokairuko merkatua gero eta gehiago handitzen ari dira, batez beste 1.200 eurotik gora ipiniz”, salatu dute Boulevardean izandako elkarretaratzean.

Bestalde, “osasuna kaltetzen duten zaratei aurre egiteko, zoru publikoa okupatzen dituzten terraza edo erakustokiak eta mugikortasuna eta salgaien banaketak arautzeko” neurriak abiatzeko eskatu diote Donostiako Udalari.

Geroago, Benta Berri auzoan izandako elkarretaratzean “funts putreen esku-hartze espekulatzaile eta antisoziala” salatu dute, zehazki, “Blackstone-Testa Socimi Inmobiliaria enpresarena, 2028ra arte kontrol publikoa duen 520 etxebizitza babestuko promozio pribatua erosi baitzuen”. “Victoria auzokidearen kaleratze demanda bertan behera gera dadin eta etxebizitza merkeagoan ipintzea eskatzen dugu; bere pentsio urriarekin ezin du eskatzen dioten 800 euroko errenta ordaindu”, amaitu dute.

https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/6967916/turistifikazioaren-eta-funts-putreen-aurkako-protesta-egin-dute-donostian/

Hitzaldia Azkoitian

Azkoitiko bidaiariak bidaien kontakizun-hitzaldiak antolatzen dituen taldea da. BiziLagunEkin plataformaren hitzaldia antolatu dute oraingoan, turismoaren beste alderdi bati erreparatzeko eta Donostiako bizipenak bertatik bertara ezagutzeko.

Ostiralean, abenduak 13, 19:30tan Azkoitiko Kultur Etxean

“Ez da batere jasangarria gaur egungo turismo eredua”

Sheila Padronesekin elkarrizketa Urola Kostako Hitzan:

Bizilagunekin plataformako kidea da Sheila Padrones (Donostia, 1986), eta Azkoitiko Bidaia Tertulien azken saioa eskainiko du ostiralean. Egungo turismo ereduak Donostian duen eraginaz arituko da hizlaria solasaldian.

Noiz eta zergatik sortu zen Bizilagunekin plataforma?

2016. urtean Donostia Europako Kultur Hiriburua izan zen, eta ordutik aurrera turismoa igotzen ari zela konturatu ginen; bereziki uda horretan antzeman genuen igoera hori. 2017. urtean ere joera hori mantendu egin zen, eta horren aurrean jardunaldi batzuk antolatu genituen turismoaren inguruan eztabaidatzeko. Jardunaldi horietara beste hiri batzuetako taldeak, eragileak eta norbanakoak gonbidatu genituen. Saio horietatik abiatuta, Bizilagunekin plataforma sortu genuen, eta aztertzen hasi ginen zer-nolako kezka zegoen hirian, turismoak Donostiako zenbait auzotan zer eragin zuen eta abar. Horrez gain, harremana dugu turismo ereduarekin kezkatuta dauden Europa hegoaldeko hainbat herrialdetako halako taldeekin ere.

Urtez urte goraka doa turismoa Donostian nahiz Euskal Herrian. Nola ikusten duzue egoera?

Ikusten dugu hiriak gero eta gehiago bideratzen ari direla turismora. Gero eta gutxiago hartzen dira kontuan bizilagunen interesak, eta gero eta gehiago merkatarienak, hotelenak eta apartamentu turistikoenak. Horrez gain, konturatu gara kaleetan geroz eta leku gutxiago dagoela pertsonek beren bizitza egin ahal izateko; adibidez, Alde Zaharrean ez dago ia esertzeko bankurik, eta auzo horretako biztanlerik gehienak 65 urtetik gorakoak dira. Elkarbizitza sustatzeko baliabideak geroz eta urriagoak dira, eta turismoari begira gauza gehiago antolatzen dituzte: makroekitaldiak, jaialdiak…

Jasangarria iruditzen al zaizue egungo turismo eredua?

Gure ustez, ez da batere jasangarria egungo turismo eredua. Duela hilabete batzuk, deshazkunde turistikoaren inguruko dokumentu bat atera genuen hamasei proposamenekin. Erakundeek turismoa eta merkatua handitzera bideratzen dituzte indarrak, eta horrek guztiak ezin du gehiago hazi biztanleen bizi kalitatean eragin gabe. Guretzat ez da jasangarria hiri batetik horrenbeste pertsona pasatzea, ez bakarrik biztanleengan duen eraginagatik, baita ingurumenean eragin ditzakeen kalteengatik ere.

Zein konponbide proposatzen dituzue zuen plataformatik egoera konpontzeko?

Hamasei proposamen horietatik batzuk auzoetako bizitza bermatzeko proposatu ditugu, eta beste batzuk apartamentu turistikoen kopurua edo hotelen lizentzia esleipenak murrizteko, asko handitu baita horien kopurua. Donostian, adibidez, Alde Zaharrean 2016tik apartamentu turistiko asko ireki dira; halako lekuetan plan berezi bat eratzea eskatzen dugu. Horrez gain, turismo ereduaz eztabaidatzeko gune iraunkor bat nahi dugu, non bizilagunen ikuspuntua ere kontuan hartuko den; bestalde, bizilagunen bizi baldintzak aztertuko dituen behatoki bat sortzea ere eskatzen dugu; euskara ere kontuan hartu beharko lukete, kanpora begira gure hizkuntza berezitasun baten moduan saltzen baita, baina zerbait folklorikoa moduan. Oro har, hiriaren marka eta turismoa sustatzeko dauden aurrekontuak desegitea eskatzen dugu, eta tasa turistikoa ezartzea.

Gentrifikaziorik existitzen al da Euskal Herrian?

Ez dakit gentrifikazioa deitu ahal zaion Donostian gertatzen ari denari. Egia da gentrifikazioa eta turistifikazioa oso lotuta dauden kontzeptuak direla. Gentrifikazioa da maila altuagoa duten herritarrak maila baxuagoko jendea bizi den auzoan sartzea, eta horiek hortik alde egin behar izatea. Donostian zenbait lekutan ez da jende berria sartzen ari, baina egia da zenbait auzotako bizilagunak ondoko herrietara joan direla bizitzera; Astigarragara, Errenteriara edo Pasaiara, adibidez. Donostiako Alde Zaharrak biztanleriaren %9 galdu du 2004. urtetik hona, eta bertan gelditzen den biztanleriaren gehiengoa 65 urtetik gorakoa da.

Epe motzean eta luzean, zer eragin izan ditzake egungo turismo ereduak gurean?

Alde batetik, pisuen prezioen igoera edo pisu horiek desagertzea, dena apartamentu turistikoetara bideratzen baita. Horrez gain, saltoki txikiak desagertzea ere bai, Alde Zaharrean eta oro har erdigunean dauden denda gehienak turismoari bideratutakoak edo kate handienak direlako. Bestalde, auzo bizitzaren apurtzea ere gerta daiteke. Garraiobide handien sustapena ere, AHTa eta metroa, kasu, kanpotik datozenentzat dira eta ez herritarrentzat.

Egoera horren aurrean, zein da hiritarren jarrera?

Instituzioetatik geroz eta gehiagoa ari da turismoa sustatzen, eta ez bakarrik Donostian, San Sebastian Region markarekin Gipuzkoa osoari eragiten dio sustapen horrek. Biztanleriari erreparatuta, jendea nekatuta dagoela ikusten da, eta antzeman dugu auzo askotan antolatzen ari direla Alde Zaharrean gertatzen ari dena saihesteko. Donostiarrak mobilizaziorako prest ikusten ditugu.

Zer da Azkoitiko hitzaldian azaldu nahi duzuena?
Gure intentzioa da Bizilagunekin plataformak Donostiari buruz osatu duen diagnosia elkarbanatzea eta konponbiderako gure hamasei proposamenen dokumentua azaltzea. Gero, Azkoitiko eta inguruko egoeraren berri izatea ere gustatuko litzaiguke, jakiteko lurraldeko beste leku batzuetan egoera hori nola bizi duten. Horrez gain, gogorarazi nahi dugu ez gaudela bidaiatzearen aurka, baina egiten ditugun bidaien ondorioak plazaratu nahi ditugu, herritarrengan kontzientzia sortzeko, geuk ere bidaia bat egiten dugunean arduraz jokatzeko.

https://urolakosta.hitza.eus/2019/12/10/sheila-padrones-ez-da-batere-jasangarria-gaur-egungo-turismo-eredua/