Donostiako turismoa murrizteko neurriak proposatu ditu Bizilagunekin plataformak

GARA

Hiritarren eta eragile sozialen aurrean, Bizilagunekin plataformak 16 proposamen jasotzen dituen dokumentua aurkeztu du. Neurri horien xedea Donostiako turismoa gutxiagotzea da, gaurko ereduak donostiarren bizitzan «kalte konponezin gehiago eragin baino lehen». Plataformako kideen iritziz, «gutxi batzuen negozioa» hiritarren bizitza trabatzen ari baita: «Etxebizitzaren arazoa handitzen, lan prekarioa ugaritzen, zentzurik gabeko hirigintza bultzatzen, komertzio txikia itotzen, eredu kultural komertzialak sustatzen eta homogeneizaziora zuzentzen…».

Salatu dutenez, ez dira aintzat hartzen hiritarren behar eta iritziak. «Instituzioetako arduradunek turismoarekin lotutako eztabaidei uko egiten diete (…) Ez aspaldi ez zegoela arazorik zioten. Orain askok aldarrikatzen dute turismo jasangarria. Baina indarrean dagoen Donostiako turismo eredua ez da jasangarria sozialki, ekonomikoki, ekologikoki eta kulturalki».

16 proposamen

Bizilagunekin plataformaren ustez, turismoa gutxitzen joatea da hartu beharreko bidea. Horretarako, 16 proposamen egin dituzte, pisu turistikoak, hotelak, saltokiak, osasuna, kultura, ekologia eta hirigunea kontuan hartuz, besteak beste.

Duela justu urtebete aurkeztutako plataforma herritar honen arabera, hartu beharreko lehenbiziko neurria «turismo ereduaz eztabaidatzeko gune publiko eta iraunkor bat sortzea da». Gero, bizilagunen bizi baldintzak aztertzen dituen hiri behatoki bat eratu beharko litzatekeela uste dute. «Hiriak ez du monokultibo turistiko bat izan behar. Hiriko ekonomia orekatu baten alde, beste jarduera ekonomikoak bultzatu behar dira», defendatu du.

Merkataritza jardueretan egutegi eta ordutegien malgutzea etetea; hiri markaren eta turismoaren sustapenerako aurrekontuak ezabatzea; pisu turistikoen kopurua murriztu eta mugatzea; hotelen lizentzia esleipenak gelditzea eta hiriko gune saturatuen plan berezia eratzea dira bizilagunok planteatu dituzten beste ekintza batzuk.

Auzo bizitza eta kale bizitza posible egiteko azpiegitura eta baliabideak eskaintzea ere beharrezkotzat jotzen dute, elkarte eta eragile sozialen antolakuntza lanak erraztearekin batera «hiriaren bizitza eta nortasuna gorpuzten dutelako».

https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2019-04-21/hemeroteca_articles/donostiako-turismoa-murrizteko-neurriak-proposatu-ditu-bizilagunekin-plataformak

Ulian egin nahi duten hotelean irregulartasunak salatu dituzte

Ulia-Ategorrieta eremuan «200 ohe baino gehiagoko makro-hotel bat» eraiki nahi dutela salatu dute Uliako Auzo Elkarteak, Bizilagunekin plataformak, eta Duintasuna elkarteak. Prozesuak irregulartasunak dituela azpimarratu dute. «Udalak eta botere publikoek ekimen pribatuaren interesari erantzuten diote, herritarren interesen kaltetan».

Bizilagunekin, Uliako Auzo Elkartea eta Duintasuna

2009an birkalifikatu zuen udalak hotela eraiki nahi den lur eremua, San Ignazio S.A. enpresak hirugarren sektoreko erabilera emateko. Zehazki, adinekoentzako egoitza bat eraikitzeko. Dena dela, 2018ko martxoan plan berezi bat onartu zuen udalak: AU.05 Ategorrieta-Ulia. Plan horren arabera, lur-sailean hotel bat eraikitzea aurreikusten da. «Egungo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak hotel bat eraikitzea aurreikusten du, eta ez adinekoentzako egoitza bat», kritikatu dute hiru elkarteek.

Ulia-Ategorrietako berdegune batean eraiki nahi da hotela, eta inguruan horrelako eremurik ez dagoela ohartarazi dute. «Hotela eraikitzeak auzoko biztanleen bizi-kalitatea kaltetzen du, eta, auzotarrek askotan erakutsi diote udalari espazio berde hori mantendu eta auzokideek erabili eta gozatu ahal izateko bere interesa». Horiek horrela, bi gauza eskatu dizkiote udalari: batetik, plan berezia bertan behera uztea, eta bestetik, hirigintza-plangintzaren ekimena brreskuratu eta plan berezi bat garatzea.

https://irutxulo.hitza.eus/2019/03/27/ulian-egin-nahi-duten-hotelean-irregulartasunak-salatu-dituzte/

Donostia Defendatuz [Sorrera]

DONOSTIAKO UDALAREN HIRIGINTZA POLITIKAREN KONTRAKO SALAKETA BATERATZEKO KOORDINADORA BAT SORTU DUTE HAINBAT HERRI MUGIMENDU ETA ELKARTEK:

“DONOSTIA DEFENDATUZ” izenarekin, hiriaren defentsan kezka berdintsuak partekatzen ditugun zenbait talde eta herri-mugimenduk <hirigintza garbi, partehartzaile eta jasangarri baten aldeko> koordinadora ez-alderdikoi bat sortzea erabaki dugu.

Ekintzak koordinatzeko eta irizpideak bateratzeko asmoz egin ditun bileren ondorik, DONOSTIA DEFENDATUZ mugimendua sortu dugu Dendartean, Ondare-SS, Satorralaia, Uliako Auzo Elkartea, Bizilagunekin, Belartza 2 Gelditu plataforma eta Haritzalde talde naturalistak. DONOSTIA DEFENDATUZ udalaren kudeaketa txarraren kontra diharduten mugimendu guztiak biltzeko eta borroka lokal txikiei ahotsa emateko asmoz sortu da.

Izaera anitzeko taldez osatua bada ere, DONOSTIA DEFENDATUZ baterako ekintza bultzatzeko sortu da, komunean dugun arazo bati aurre egiteko: Donostiako udal gobernuak daraman hirigintza politika erasokorra da arazo amankomun hori, herritarren eta taldeen artean haserrea pizten duena. DONOSTIA DEFENDATUZ hirigintzaren arloan iharduera polemikoak pilatzen ari direla ikusita sortu da, hala nola Metroaren pasantea, Donostiako periferian merkatalgune handi gehiago eraikitzeko egitasmoak, lurraren suntsiketa eta artifizializazioa, hiriko arboladien mozketa masiboa, Uliako mintegien auzo-parkea urbanizatzeko propiektua, ezaugarri eta balio berezia duten eraikinak etengabe babesik gabe utzi eta eraistea, edota hotel berriak mugagabe hedatzea, besteak beste.

DONOSTIA DEFENDATUZ en iritziz, iharduera polemiko horiek denak hirian bizi dugun arazo endemiko eta ez-puntual baten islada eta ondorio dira: hots, interes ekonomiko handiei, promotoreei eta merkataritzako kate handiei sistematikoki mesede egiten dieten Donostiako Udaletxearen politiken ondorio dira –udaleko diru kutxa edozein preziotan finantzatze aldera. Ondorioz, udalaren hirigintza politika ekimen pribatuaren esku dagoela uste dugu DONOSTIA DEFENDATUZ en, bizitzeko hiri baten ordez negoziorako hiri eredu bat eraikitzen ari delarik, donostiarren interes orokorraren kaltetan. Gardentasun-faltaz eta araudien anbiguotasunaz baliatuz, Donostiako komertzio txikiari, ondare arkitektonikoari eta inguruneari eraso egiten ditenen iharduera suntsitzaileak sustatu eta hirgintzako Plan Orokorraren aldaketak onartzen dira.

Sortu berri dugun koordinadora honen helburua iharduera urbanistiko eta erabaki politiko horiek nabarmentzea eta salatzea izango da beraz, eztabaida kalera zabal dadin. Hortarako, batzar informatiboak, mahainguruak eta elkartasunezko ekintzak egingo ditu DONOSTIA DEFENDATUZ mugimenduak, problematika hauek herritarrengana helarazteko.

http://www.bifmradio.com/firmas/donostia-defendatuz/

Euskal Herriko TurismoAroak pentsatzen

Jon Markel Ormazabal (Talaia)

http://iparhegoa.eus/images/talaia/06/talaia06_www_tt.pdf

Azken bosturtekoan gurera heldu den bisitari kopuruak turismoa atzera eztabaida publikoaren lehen lerroan paratu du. Turisten etorrera masiboak hartzaileen egunerokoan ageriko ondorioak ditu eta aspaldi ez bezala aditu dira bizilagunen ezinegon eta ondoezak. Turismoa ez da fenomeno berria gurean, baina inoizko hedapen handiena agertzen du egun, inoiz baino eremu gehiagotan eragiten du, eta beraz, inoiz baino herritar gehiagok nozitzen dituzte jarduera honen ondorioak. Turistizazio-prozesuak1 euskal lurraldearen luze-zabalean antzeman daitezke eta etengabe sortzen dira helmuga-turistiko berriak; Euskal Herria bera ez ote den helmuga-turistiko erraldoia bilakatu.

XXI. mendeko turismoak izaera hedakorra eta orojalea badu ere, ez da beti hala izan. Turismoaren fenomenoak iraganean ez du euskal gizartea bere osoan nahastatu, eta barne hartu dituen lurraldeetan ere ezberdinak izan dira bilakaerak eta eraginak. Turismoa ez da betidanik izan. Ez da gizakiaren jarduera betikoa, are gutxiago berezkoa. Egitate soziala da, garai eta kolektibitate jakin bati loturik dagoen asmakuntza eta jarduna. Hala bada, turismoaren egungo forma ulertzeko ezinbestekoa izango da fenomenoaren garapen historikoa aintzat hartzea.

Modernitatea eta bidaia bereizketa-asmakuntza bezala

Turismoa asmakuntza modernoa da, modernitateari keinuka egiten dio. Are, gizarte modernoaren hedapen enpiriko eta ideologikoa estuki lotua dago masa-aisialdi modernoarekin, eta zehatzean, mundu mailako turismoarekin.

“Etengabe sortzen dira helmuga-turistiko berriak; Euskal Herria bera ez ote den helmuga-turistiko erraldoia bilakatu”

Modernitateak, harreman materialak adierazpen sinboliko bilakatzeko, eta aldi berean, egiturak bereizten eta biderkatzen jarraitzeko ahalera berdingabea du. Benetakotasunaren dialektika da mundu modernoaren garapenaren giltzarria, eta Bereiztea, desberdintzea, ezaugarri behinena. Desberdintzea, halaber, biziera modernoan hain ohizko eta ageriko diren kontraesanaren, gatazkaren, indarkeriaren, zatiketaren, jarraikortasun ezaren eta alienazioaren zimendua da (MacCannell, 1976).

Turismoaren sorrera ere bereizkuntzarekin lotzen da. Iraultza-liberala eta industria-iraultza aurkitzen dira jarduera honen genesian, biak ala biak britainiar jatorriko asmakuntzak. Turismoak ere XVIII. mendeko Ingalaterran du jatorria. Ilustrazioaren larrialdiaren ondotik bidaiatzeko arrazoi berriak agertu ziren, eta bidaiaren zentzua aldatzearekin, bidaiariaren profila ere aldatu egin zen. Bidaiaren zioa bereizkuntza egin zen, bidaiak bereizi egiten gizarte-talde bat edo bestea, eta laxotasuna zuen ezaugarri bidaiariak, garaiko turistak alegia. Hortik turismoaren definizio ohikoena, hau da, atsegin hartzeko bidaiatzea.

Asmakuntza sozialak bereizketa prozesuen emaitza dira, eta kolektibitate jakin baten irudikapen erreala, asmaketa hauetan baino, hauen hedapen eta zabalpen prozesuetan aurkitzen da (Boyer, 2002). Egungo masa-turismoa, esaterako, ezinezkoa litzake gizarte-geruza zabalek aisialdiko turismo bidaia estreinatu zuen klase sozialaren asmo eta xedeak beretu gaberik. Bainuetxeak eta itsasoko bainuak, edo garaikideagoa den azal beltzarantzea, adibidez, garaian garaiko eliteen bizi-ereduek garraiaturiko idealak baizik ez dira. Turismoaren bilakaera, honela, askotariko asmakuntza-, bereizkuntza-, jabetze-, antzeratze- eta itxuraldatze-prozesuen batura daiteke, egitate sozial bati dagozkion menerapen eta erresistentzia adierazleak agerian dituela.

Nolakoa sorrera, halakoa bilakaera

Euskal Herrian ere, gizarte-antolaketa berriaren eta industrializazioaren arrastoan garatu da turismoa. Prozesuok ez dira leku orotan aldi berean halabeharrez jazo. Lurralde bakoitzean ezberdinak izan dira uneak eta ezberdinak eraginak, prozesu edo aldaketa hauen ondorioak modu ez-uniformean egokitu baitira gizartean. Erregimen zaharretik berrirako igarobidea askotariko prozesu bat izan da. Antolaketa- eta funtzionamendu-modu berriak ez dira ez aldi berean ez eta era berean gauzatu-garatu euskal lurraldeetan. Hauen ezarpena ere ez da erabatekoa izan. Prozesu ez-oso eta batez ere luzaroko honetan, gertakari eta garai historikoak elkar gain jartzen dira, eta hauei dagozkien ezaugarriak eta erritmoak nahasian agertzen zaizkigu, elkarren ihesi eta aldi berean elkar-eraginez. Halakoa da turismoaren bilakaera gurean.

Industria-turismoa eta industria-turistikoaren hastapenak

Turismo-sektorearen lehiakortasunak lurraldearen abantaila konparatiboetan  datza, eta abantaila hauek, halaber, lurraldearen berezko baliabideek (baliabide naturalak, klimatologikoak…) eta baliabide kulturalek (tradizioak, ondarea…) edo baldintza sozioekonomikoek (eskulana, azpiegiturak…) emanak dira. Lehiakortasuna edo abantaila konpetitiboa, finean, baliabide horiek modu eraginkorrean erabiltzeko eta hauei balio erantsia emateko helmuga-turistikoaren gaitasunari lotuko zaio.

Euskal Herrian eskaintzari lotutako bi baliabide naturalen arrastoan agertuko da turismoa: klima eta ur narotasuna. XVIII. mendeko Mugimendu Higienistaren goraldiak balioan jarri zituen itsas-uren eta klima itsastarraren ustezko propietate sendagarriak, eta garaiko modari jarraitu zioten ikerketa nahiz teoria berriek famatu egin zituzten bainuetxeak eta ur-hartzeak.  Kantauriar eskualdea da Iberiar penintsulako klima hezeko eskualde nagusia, helmuga aproposa uda sasoiko sapatik ihesi egiteko; iturri termalen kontzentrazio handiko eskualdea ere bada. 1887ko “Anuario oficial de las aguas minerales de España” agerkariaren arabera, esaterako, lurraldeen artean Gipuzkoa (iturri bat 18,83 km2ko) eta Bizkaia (iturri bat 32,77 km2ko) nabarmentzen ziren.

Iturri termalen ingurumarian sortuko diren konplexu turistikoek bilakatuko dute ohitura hau jarduera ekonomiko. Oxford English Dictionary (OED) hiztegiaren arabera tourism hitza lehen aldiko 1811an erabili bazen ere, 1806an irekiko da Euskal Herriko lehen bainuetxea, Zestoan, 1806an. 1825an estreinatuko da Urbila-Urberuaga eta 1827an, berriz, Arrasateko Santa Ageda bainuetxea.i

“Industria-turismoa, industrializazioaren garapenaren ondorioz jazotako espezializazio-prozesuen emaitza da”

Industrializazio prozesuarekin harreman estuan, establezimendu hauen abiatzea XVIII. mendeko politika liberalek aupatutako burgesia berriaren ekimena izango da. Bestela esanda, industria-turismoa, industrializazioaren garapenaren ondorioz jazotako espezializazio-prozesuen emaitza da. Nekazari handikiak eta merkatari nahiz errentatzaile txikiak osatuko du hastapenetan bezeria. Industrializazioa lurralde jakin batzuetan kontzentratu zen, Bizkaian eta Gipuzkoan nagusiki, industriaren hazkundeak produkzio-faktore zehatzak eta merkatuak dituen ingurunea premiatzen baitzuen. Populazioa zen produkzio-faktore horietako bat, produkzioaren hazkundea posible egiten zuen aldagaia, eta aldi berean, hazkundearen ondoriozko aldaketen eroalea. Honela, eremu industrializatuera migratu zuen langileriaren artean ere izan zen erabilera edo ohitura hauek bere egin zituenik, modu anekdotikoan bada ere.ii

Garai berean, itsasoko bainuen bueltan ere ekonomia berri bat eratuko duten lehen azpiegiturak edo enpleguak sortuko dira.iii Halarik ere, XIX. mendearen hondarretan turismoa urrun zegoen gizarte-gertakari hedatua izatetik. Lehen azpiegitura eta konplexu turistikoak ere garai honetan agertuko diren arren, oraindik orain eragin ekonomikoa mugatua eta oso lokalizatua duen jarduera da, eta beraz, oraindik ezin industria-turistiko2 batez hitz egin. XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera nabarmenduko da gurean turismo-iraultza eta ondoriozko industria-turistikoaren hazkundea.

Erret-turismoa eta balio erantsia

Lurraldearen berezko baliabideek bere horretan soilik ez dute helmuga-turistikoaren arrakasta ziurtatzen. Ustiaketa-turistikoa errentagarria eta eraginkorra izan dadin, aitzitik, beharrezkoa da produktuari balio erantsia emango dioten mekanismoak sakatzea.

Turismoaren ospea eta arrakasta jaraunspen bidezko pribilegiatuen gizarte-taldeari loturik dago. Lehen Karlistaldia amaitu eta 1841eko berrantolaketa administratiboaren ondotik batez ere, aristokraziak bere egin zituen mende hasierako turismo-asmakuntzak, eta uda sasoiko ohiturak sagaratu. Ospe handiko bisitarien erakarmenak bilakatu zituen euskal lurraldeak XIX. mendeko “produktu-turistiko”3.

1845. urtea mugarria da Erret-turismoaren bilakaeran, Isabel II. espainiar erreginak Donostia hautatu baitzuen medikuen manuz itsas bainuak hartzeko lekutzat. Erret etxearen bisita hauek helmuga-turistikoari emango dioten balio erantsiak, XIX. mendeko turismo espainiarraren hiriburu eta erreferentzia egingo dute, Donostia ez ezik, baita euskal kostaldeko beste hainbat herri ere, Deba eta Zarautz, kasu.iv

“Ospe handiko bisitarien erakarmenak bilakatu zituen euskal lurraldeak XIX. mendeko produktu-turistiko”

Marx eta Engelsek Manifestu Komunista argitaratuko zuten urte berean, 1848an, Luis Felipe kargutik kendu eta Frantziako II. Errepublika aldarrikatu zen, Luis Napoleon Bonaparte presidente zela. Ordurako Miarritzek aristokrazia eta elite ekonomikoei zuzendu turismo-zerbitzu sare garrantzitsu eta dinamikoa zuen. Victor Hugo edo Holandako Hortensia erreginak bisitatua zuten, besteak beste, Lapurdiko kostaldea; baina egiazko ospea, Napoleon III. eta Eugenia de Montijoren ezkontzaren ondotik helduko da. Gazte-gaztetandik Miarritzen ematen zuen oporraldia kondesak eta 1855an udako palazioa eraikitzeko agindu zuen. Aurrerantzean bikote inperialak urtero bisitatuko zuen Villa Eugénie, eta aldi berean, handiki gehiagoren arreta erakarri.v

Industrializazioaren ondoriozko espezializazio-prozesuek Ipar Euskal Herriko turismo-sektorearen hazkunde nabarmena ekarri zuten, baina baita jarduera tradizionalen atzerakada eta desegituraketa-ondorio handiak ere. Hegoaldean berdinak izan ziren dinamikak, eta berdinak ere mugaren alde bietako gizarte-antolamenduan izan zituen ondorioak. Erret-turismoaren garapenak oraindik eta sakonago egin zituen gizarte-ezberdintasunak, agerikoago eginez industrializazioarekin forma hartzen hasia zen klase gizartea.vi

Sous la plage, la Belle Époque

Gerrak oro har, eta Karlistaldiak zehatzean, turismoaren bilakaera baldintzatu duten gertakariak dira.vii Bigarren Karlistaldia amaitu eta 1870ko hamarkadaren azkenetan, ordea, turismoaren jarduna suspertu egingo da atzera. Bigarren industria-iraultza deiturikoaren garaia da. Energia-iturri berrien erabilerak –elektrizitatea eta petrolioa- industrializazioa bizkortu zuen. Elektrizitatea ekoitzi eta banatu ahal izateko, elektrizitate-industria sortu zen, baita garraiobide –automobilak eta hegazkinak- eta komunikabide berriak ere –irratia eta telefonoa-. Berrikuntza hauek egundoko eraldaketa eragin zuten talde nahiz norbanakoen egunerokoan.

Garraioen sektorearen garapenak bidaiak erraztu eta, merkataritza ez ezik, turismoa bera ere sustatu zuen. Aldaketa nabarmenena tren-bidaiek ekarri zuten. 1854an iritsi zen trenbidea Baionara. Madril-Donostia elkartu zituen Iparraldeko Trenbideaviii, berriz, 1864an estreinatu zen, eta 1878ko martxoaren 24tik aurrera Bilbo eta portua sare berean konektatuak geratu ziren.

Hirietarako joera areagotu egin zen. Industria eta lantegiak hiri-inguruneetan egokitu ziren, baita sektore berrien jarduna ere. Migrazioek sakon eragin zuten hiritartze-prozesuan, baita hirigintza-prozesuetan ere. Garai honetakoak dira hirietako zabaltze gehienak, hiri-burgesiak agertzen zuen dinamismoaren adibide. Hirigintzaren paradigma berriak hiri-espazioa funtzionaltasunaren arabera banatzen zuen, eta Miarritze edo Donostia, besteak beste, eremu espezializatuetan antolatu ziren, beren erdigune burges eta turistiko propioarekin. Hiri-espazioaren berrantolaketa honek, era berean, erdialdea eta aldirien arteko ezberdintasunak areagotu zituen, klaseen sozialen araberako hiri-geografia berri bat nabarmenduz.

“Hiri-espazioaren berrantolaketa honek, era berean, erdialdea eta aldirien arteko ezberdintasunak areagotu zituen”

Ekimen publikoak eta pribatuak batera aritu ziren zeregin hauetan, baita turismo-sustapenean ere. Industria-turistikoak berebiziko hazkundea izan zuen: turismo-eskaintzak gora egin zuen eta turismo-establezimendu berri eta ugari sortu ziren, artean hotelak ez gutxi. Donostiako Maria Cristina hotela, esaterako, “Sociedad Anónima Fomento de San Sebastián” edo egungo Donostiako Sustapena SA udal-elkarte publikoaren ekimenez ireki zen, 1912an. Turismo-denboraldia luzatzeko, bestalde, denbora-pasa berriak behar ziren, eta XIX. mendearen amaieran, honela, jokoa bihurtu zen abantaila konpetitiboaren gakoa. 1880an Miarritzeko Villa Eugénie erosi zuen Banque Parisienne-k, eta kasino bilakatu. Donostiako Kasinoa, berriz, 1887an inauguratu zen.

Turismoaren gorakadak zerbitzu eskaera berrien hazkundea ekarri zuen. Lanbide berriak sortu ziren, zaintza-zerbitzuei lotutakoak asko, hondartzetako sorosleak kasu. Ohikoak bezain ikusezinak ziren lanbideak ere uda sasoiko ohitura berrien beharretara egokitu ziren. Garbitzaileak hotel eta udatiarren etxeetako arropa zikinez arduratzen ziren, eta lanaren gogorragatik hoteletatik kanpoko langileen zerbitzua izan ohi zen. Neskameak, berriz, etxeko lan guztiez arduratzen ziren, halako edo besteko lan bereziez izan ezik. Barnealdeko nekazaritza eremu ez industrializatuetatik etorritako emakumeak ziren gehienak, eta ohikoan udatiar familia aberatsekin batera bidaiatzen zuten. Aitzitik, bertakoen artean ere aski hedatua zegoen lanbidea zen. XIX. mendea amaitzear, adibidez, Bilboko emakumeen heren bat neskametzan ari zen. Haurtzainak, umezainak edo inudeak ere nabarmendu zituen turismoak. Udatiarren haurrak zaintzeaz arduratzen ziren, eta neskameen antzera, gehiengoa barnealdetik eta udatiarrekin batera etorriko zen, zenbaitetan familia hotel edo ostaturen batean bazegoen ere.

“Homo-turisticus” eta masa-turismoa

1930ko hamarkadan Nazioarteko turismoaren bilakaeran mugarria izango den gertakaria jazoko da. Lehen Mundu Gerra amaitu eta ekonomiaren hazkunde betean, Lanaren Nazioarteko Erakundeak langileen oporraldi ordainduaren aldeko lehen bilkura ospatu zuen, 1936an.

Argi denez, oso bestelako egoera baten atarian aurkitzen zen Hego Euskal Herria. Donostiako UGT sindikatuko Gómez kamaradak 1936ko uztailaren 20ean aldarrikatu bezala: “los veraneantes de ayer se han convertido hoy en francotiradores” (Salegi, 2005:103). Ostatuek bestelako apopiloak jaso zituzten eta hotelek, bezeria ez ezik, erabilera ere mudatu egin zuten.ix Bien bitartean, Lapurdiko kostaldean suak Irun nola errausten zuen ikusteko bidaia-gidatuak antolatuko ziren.

Oraingoan ez zen erregina-erregerik, baina Isabel II.-k (1845) eta Maria Cristinak (1887) aurretik egin bezala, Donostia hautatu zuen uda igarotzeko Franco diktadoreak ere. Gorte faxistak, Carrero Blanco malapartatua artean, erreserba gordea zuen gurean. Belle Époque garaiak urrun ziren, nahiz eta orduan bezala turismo hartzaile ziren euskal herriek orduan bezala bi espaloi zituzten: aberats eta turistentzat bata, txiro eta bertakoentzat bestea.

“Gizarte post-industrialak oporrak oinarrizko premia bihurtu zituen”

Bigarren Mundu Gerra amaitua gizarte mendebaldarra zorabio betean da. Kontsumo-gizartea gailendu eta masa-kontsumoaren abantzu neurrigabearekin batera agertuko da masa-turismoa. Denboraren eta espazioaren erabateko konkistak batetik, eta gaitasun ekonomikoaren eta kontsumo ahalmenaren hazkundeak bestetik, inoiz ez bezala aupatuko dute turismoa. Gizarte post-industrialak oporrak oinarrizko premia bihurtu zituen. “Homo turisticus”-aren garaiak dira, eta jarraian etorriko dira turismoaren “zorioneko hogeita hamar urteak” (1950-1980), “El milagro español” deiturikoa, baina baita gogoeta kritikoak, herri-mobilizazioak, edo Iparretarrak (IK) erakundearen sorrera ere.

“Ipar Euskal Herria bere osoan espekulazio finantzarioaren eremu bilakatu da, higiezinen sustapenerako eremu. Ipar Euskal Herria asteburuetarako alokairuzko lorategi gisa sustatu da, hirugarren adinarentzat, erretiratuentzat, eta abar. Euskal Herriaren egiazko okupazio bat da, antolatua, zeinaren ondorioek (bigarren etxebizitzak, etab.) euskal herritarrak apur bat atzerritarrago bilakatzen dituen beren lurraldean, bankuen, promotoreen, komertziante-ostaler esplotatzaileen eta apaingarrizko folklore saltzaileen mesedetan” (IK. Ildo 2zbk.)

Hartan-horretan, turismoak adreilua salbatu zuen…

Gaur, hemen, turismoaren fenomenoaz pentsatzeko modako helmuga-turistikoen egunerokoa erreparatzea baino zer argigarriagorik ez dago. Venezian, Bartzelonan edo Lisboan, baina baita Donostian, Baionan, Bilbon edo Iruñean ere. Maila eta intentsitate ezberdinetan bada ere, Europa Hegoaldeko hirien eredua sakon aldatzen ari diren prozesuak berdinak dira: hiri-ingurunearen nahiz ingurune naturalen hutsaltzea; gentrifikazio-prozesuak4; kale eta plazen, hots, espazio publikoaren masifikazioa; higiezinen espekulazioa; behin-behineko gaien eta oro har egunerokoaren garestitzea; prekarietatearen hedatzea; akulturazio-prozesuak5; kutsadura eta hondakinen sortze altua; garraio publikoko sarearen saturazioa; auzo-komunitateetako ehundura sozialaren deuseztatzea…

“2007ko krisi osteko berregituraketa sistemikoan “turismoak adreilua salbatu du”, diote”

Aldaketa hauek ez dira ausaz sortutako errealitateak. Gauzak ez dira jazo, besterik gabe. Aitzitik, ekonomia zehatz baten ondorio dira, eta zehatzago, espazioaren ekoizpen kapitalista jakin baten emaitzax; Ivan Miró ekintzaile eta ikerlariak akumulazio turistiko-inmobiliarioa deitzen duen erregimen berrian orokorturiko baldintza espaziala dira, hain zuzen ere.

Turismoak espazio-mendekotasun agerikoa du. Arestian esan bezala, abantaila konparatiboak funtsezkoak izan dira helmuga-turistikoen sorreran. Espazioa, izan ere, turismoaren garapenaren oinarria edo euskarria, eta aldi berean, produktu-turistikoa egiteko baliabidea da.

Espazioari lotzen zaio ezinbestean, egun inoiz baino estuago akaso. Turistizazio-prozesuak Europa luze-zabalean antzeman daitezke, baina inon ez hegoaldeko hiri eta erregioetan bezain nabarmen. Komunean dute krisiaren gogorra eta kolpearen neurria, eta Caterina Borelli aktibista eta antropologo veneziarrak berriki adierazi bezala, honako ezaugarria estu lotua dago erregio hauetan turismoak izan duen hedapen neurrigabearekin. Turismoa, izan ere,  “krisiari erantzuteko modu errazena delako”. 2007ko krisi osteko berregituraketa sistemikoan “turismoak adreilua salbatu du”, diote. 2008an, munduko ekonomia atzeraldi betean aurkitzen zela, turisten joan etorriek % 2 egin zuten gora, nazioarteko turismoaren mugarri berri bat ezarriz. Turismoaren Mundu Erakundearen (TME-UNWTO) arabera, urte hartan 924 milioi bidaiari izan ziren munduan zehar, eta aurre-ikuspenak bete ezkero, joera bera mantenduko da 2018an ere, % 4 eta % 5 arteko hazkunde-tasarekin. Aterabide erraza eta azkarra inondik ere, baina batez ere, ispilatze maltzurra, prekarietatea betikotzeko bidea. Zer pentsatzekorik ez dugu falta.


Hiztegitxoa

  • Turistizazio edo turistifikazio: erabilera turistikorik ez duten espazio edo objektuak turismo-gai bilakatzen dituen prozesua eta honek eragiten dituen aldaketa multzoa. Egun, mundua bere osotasunean eszenatoki-turistiko bat da, eta salbuespen gutxi batzuk baizik ez dira izango turistak erakartzeko ahaleginean ari ez direnak.
  • Industria-turistikoa: deslokalizazio-prozesu ugarik eta ezberdinek eratutako sistema. Bere adarkadurak gizarte-industrialaren eremu guzietara hedatzen dira. Bisitariak helmuga turistikoan erabiliko dituen zerbitzu eta gai guzien produkzioak osatzen dute; hala nola, turistak lekualdatzeko beharrezko garraio-garraiobideek edo baita eraikuntzaren sektoreak eta higiezinen espekulazioak ere.
  • Produktu-turistiko: esperientzia-turistikoak eta ondasun eta zerbitzu publiko nahiz pribatuen multzoak osatzen dute. Esperientzia-turistikoa, berriz, ohiko bizitokitik kanpo egiten duen bidaia eta egonaldian turistak hautemango eta antzemango duen errealitate integralari esaten diogu.
  • Gentrifikazio: gentry (“klase aberatsa” edo hirietako aberatsak) hitzetik eratorritako ingelesezko mailegua, maiz sinonimo gisa erabili dira burgestea, eliteko bihurtzea edo garestitzea, besteak beste. Denboran zehar gertatzen den prozesua da, bereziki eraikin degradatuak dituzten auzoetan lurzoruaren prezioaren gorakadaren ondoriozko espekulazioak sorrarazitakoa. Hitzak, finean, ordezkatze-prozesu bati egiten dio erreferentzia: gutxiago irabazten dutenek, langile, langabe, ikasle eta erretiratuek, betiko auzoa utzi behar izaten dute, gehiago ordain dezaketen klase sozialek begiz jo dutelako.
  • Akulturazio: bi kultura-sistema edo gehiago beregain kontaktuan jartzean gertatzen den aldaketa kulturala. Gizarte-harremanen prozesu konplexuen ondorio izan ohi da. Ahulenak, zenbaitetan, kultura-autonomia gordetzen du, baina, gehienetan, ahaltsuenak asimilatzen du ahulena (Antropologia hiztegia, 2014. UPV/EHU)

Oharrak

1 Printzipioz erabilera turistikorik ez duten espazio edo objektuak turismo-gai bilakatzen dituen prozesuari esaten diogu “turistizazio” edo “turistifikazio”, eta jarduera turistikoaren gehikuntzak eragiten dituen aldaketak adierazten ditu. Gaur egun mundu-mailako turistizazioaz hitz egiten da. Mundua bere osotasunean eszenatoki-turistiko bat da, eta salbuespen gutxi batzuk baizik ez dira izango turistak erakartzeko ahaleginean ari ez direnak. Norgehiagoka etengabe eta aseezin honek mundua luze-zabalean hartu du. Hiri guztiek helmuga-turistiko izan nahi dute, herri txikienak ere ments du Guggenheim propioa. Ivan Murray (2018) geografoaren hitzetan: “turistizazioa hiriaren heriotza da”.

2 Industria-turistikoa, deslokalizazio-prozesu ugarik eta ezberdinek eratutako sistema bat da, eta sistema honen adarkadurak gizarte-industrialaren eremu guzietara hedatzen dira. Bisitariak helmuga turistikoan erabiliko dituen zerbitzu eta gai guzien produkzioak osatzen dute industria; turistak lekualdatzeko beharrezko garraio-garraiobideek adibidez, baina baita eraikuntzaren sektoreak eta higiezinen espekulazioak ere.

3 Produktu-turistiko kontzeptua, esperientzia-turistikoa eta ondasun eta zerbitzu publiko nahiz pribatuen multzoa adierazteko erabiltzen da. Esperientzia-turistikoa, berriz, turistak ohiko bizitokitik kanpo egiten duen bidaia eta egonaldian hautemango eta antzemango duen errealitate integralari esaten diogu.

4 Gentry (“klase aberatsa” edo hirietako aberatsak) hitzetik eratorritako ingelesezko mailegua da, eta maiz sinonimo gisa erabili dira burgestea, eliteko bihurtzea edo garestitzea, besteak beste. Denboran zehar gertatzen den prozesua da, bereziki eraikin degradatuak dituzten auzoetan lurzoruaren prezioaren gorakadaren ondoriozko espekulazioak sorrarazitakoa. Finean, hitzak ordezkatze-prozesu bati egiten dio erreferentzia: gutxiago irabazten dutenek, langile, langabe, ikasle eta erretiratuek, betiko auzoa utzi behar izaten dute, gehiago ordain dezaketen klase sozialek begiz jo dutelako.

5 Bi kultura-sistema edo gehiago beregain kontaktuan jartzean gertatzen den aldaketa kulturala. Gizarte-harremanen prozesu konplexuen ondorio izan ohi da. Ahulenak, zenbaitetan, kultura-autonomia gordetzen du, baina, gehienetan, ahaltsuenak asimilatzen du ahulena (Antropologia hiztegia, 2014. UPV/EHU)