Baztango herritarrekin elkartasuna! Aroztegia gelditu!

Ez dira berriak Aroztegian egin nahi duten makro proiektuari buruz jasotako albisteak. Bertan luxuzko hotela, golf zela eta 200 etxebizitza eraiki nahi dituzte. Azken asteetan albistea berriro lehen lerrora etorri da, obrak hastearekin batera. Hasiera honekin batera  bertako herritarrak protestekin hasi dira berriro, beraien natur-guneak, gune komunalak eta etorkizuna babesten. Ez dira berriak herritarren protestak proiektu honen aurrean. Bide baketsuetatik aurre egiten ari dira makro proiektu honi obrak geldituz, akanpada eginez… Proiektuaren bultzatzaileek argi erakutsi dute makro proiektu hau estrategia baten barruan dagoela, adibidez, beste gune turistakoak gertu daudela azpimarratzen dute, horien artean gure hiria, Donostia, aipatzen dute.

Donostiatik gure babes osoa adierazi nahi diegu Baztango herritarrei. Gure hirian ere, gune berdeak industria turistikoaren nahierara erabili baitituzte. Hor ditugu Santa Klara uharteko itsasargian egin duten Hondalea artelana, metroaren lanek Donostia lur azpitik zulatuz sortutako kalteak edo Antondegi gune berdean egin nahi duten olatu artifizialen surf parkea.

Beste arazoak ere sortzen ari dira turismo politika hauek: bertakoak etxebizitza duina lortzeko arazoak edo gune turistikoen gehiegizko esplotazioa eta kaltetzea, adibidez: hor dugu Baztango Xorroxin ur jauzia.

Argi erakutsi digute turismoaren izenean edozer gauza egiteko prest daudela: natura txikitu, herritarrak beren herrietatik bota, langileen prekarietatea bultzatu… Argi esan dugu eta esaten dugu herritarrak erdigunean jartzea eta desazkunde turistikoaren norabidea hartzea beharrezkoak direla. Horregatik, gure babes osoa adierazi nahi diegu Baztango herritarrei natur ingurunearen aldeko eta turistifikazio basatiaren aurkako borrokan. Herritarren beharrak, negozioen gainetik, erdigunean jartzearen aldarrikapenean bat egiten dugu.

Pandemiak erakutsi dizkigu monokultibo turistikorantz jotzearen arriskuak eta apustu horrek ez duela etorkizunik. Orain da garaia, desazkunde turistikorantz bidea hartzeko. Herritarrak erdi gunean jartzeko garaia da! Gure elkartasun osoa Baztango herritarrekin! Ez zaudete bakarrik!