Bizitza Da Handiena dinamikaren amaieran eta Munduko Turismo Ereduak Donostian egindako goi-bilera aitzakia hartuta, hiriaren turistifikazioaren aurkako manifestazioa
Amaieran irakurritako testua osorik:
Asteazkenetik gaur arte Munduko Turismo Erakundea izan dugu Donostian. Hamarnaka estatutako agintariak elkartu dira nazioarteko turismoaz erabakiak hartzeko. Bide batez, Espainiako Gobernua, Jaurlaritza, Aldundia eta Udalak beren diskurtso bakarra zabaltzeko aprobetxatu dute. Gauza bera entzun dugu egunkari, irrati eta telebista askotan: “Turismoak onurak besterik ez dakartza. “Aberastasuna sortzen du eta turismoaren hazkundea BETI ona da.”
Baina bada denbora bat donostiarrok ez dugula diskurtso hori sinesten. Gure bizitzetan nabaritzen ditugulako ez sinesteko arrazoiak: Etxebizitza ordaintzerakoan, lana bilatzerakoan, kalean zerbait antolatzen saiatzen garenean edo euskaraz bizitzen saiatzen garenean, adibidez. INDUSTRIA TURISTIKOAK DONOSTIAN GUTXI BATZUEI SOILIK EGITEN DIE MESEDE ETA GEHIENGOARENGAN ERAGIN KALTEGARRIAK SORTZEN DITU.
Hiria enpresa bat balitz bezala kudeatzen da. Munduko hirien “merkatuan” lehiatu nahi da, Donostia eta Basque Country markarekin. Marka horri ezaugarri zehatz batzuk emateko moldatu nahi da hiria eta honek gure auzoak, gure bizi-baldintzak eta gure bizimodua moldatzea dakar. Etekin ekonomiko zuzena sortzen ez duen guztia baztertzen da eta bereizgarria dena folklorizatu, ikono bihurtu eta salgai eskaini nahi da.
Turismoak hiria inbertsoreen morroi bihurtzen du. Alfonbra gorria jartzen zaie higiezinak erostera edo multinazionalak zabaltzera datozenei. Hauen desioen arabera aldatzen dira legeak eta diseinatzen dira azpiegiturak, herritarren beharrei eta iritziei erreparatu ere egin gabe. Hortxe daukagu metroaren kasua edo apartamentu turistikoen ordenantzarekin ikusi duguna. Hormigoiaren, hotelen eta apartamentuen negozioei bidea zabaltzeagatik, edozertarako prest.
DONOSTIARRAK EXPULSIO PROZESU BAT BIZITZEN ARI GARA
Turismoaren industriak etxebizitzen eta alokairuen prezioa neurri gabe igotzen du. Hotel eta apartamentu turistikoak (AirBnB eta bestelakoak) bertan bizitzeko etxebizitzak ordezkatzen ari dira, bizilagunak auzoetatik kanporatuz. Aisialdiko zerbitzuak zein premiazko produktu eta zerbitzuen prezioek gora egiten dute. Inguruko herrietara kaleratuak diren donostiarren errealitatea hazten ari da.
Turismoak dakarren lana lan prekarioa da. Gertuko komertzioa suntsitzen ari da; souvenir eta modako multinazionalek ordezkatu dute. Zerbitzuen azpikontratazioa nagusitu da. Eta une berean, prekarietatea: aldi baterako kontratuak, kontraturik gabeko lana, esklabutza soldatak… Langilego ikusezina ugaritzen ari da, eta batez ere, emakumezkoek osatzen dute.
Kaleetan ere ikusten da. Espazio publikoa kontsumorako espazio izateko moldatzen da. Jarduera komunitarioak kalean garatzeko zailtasunak daude. Jai herrikoientzat edo espresio sozialentzat mugak gero eta estuagoak dira. Baina ez dago mugarik superpatrozinatutako ebentoentzat eta hiria zentro komertzial bihurtzen dutenentzat.
Turismoa erakartzeko gure kultura eta ezaugarrien berezitasuna baliatzen da. Baina merkatu globaleko multinazionalek eta kapitalak hirian sartzeak eta bertako biztanleria kaleratzeak auzoetako giroa desegiten du. Kultura eta identitateak homogeneizatzeko joera handitzen da: Donostiako kaleek beste hirietakoen antza hartzen dute dendak ikusita, kultur eskaintza bisitariei begira egiten da eta hizkuntza handiek lekua kentzen diote euskarari.
DONOSTIARRAK GARA, HIRI HONETAKO BIZILAGUNAK, ETA HIRIAN INDARREAN DAGOEN TURISMO EREDUAK KEZKATZEN GAITU.
Ez daukagu ezer bere oporraldietan Donostia bisitatzen duten pertsonen aurka. Aipatutako arazoak turisten ardura baino gehiago, turismo eredua diseinatu eta muga-gabe sustatzen dutenen ardura dira: bertako eta nazioarteko zenbait inbertsore eta hauei ate guztiak zabaltzen dizkieten arduradun instituzionalak.
Hiri bizi bat nahi dugu. Bertan bizi gara eta bertan bizi nahi dugu.
EZTABAIDA GARDENA ETA IREKIA EXIJITZEN DUGU. Arazoak ukatzea edo diskurtso bakarretik ateratzen garenak kriminalizatzea ez da zuzena.
GURE HIRIARI ERAGITEN DIONAK GURE BIZITZETAN ERAGITEN DU. DONOSTIARRON BIZI-BALDINTZAK DIRA LEHENTASUNA eta espekulazioa, esplotazioa, estandarizazioa eta expulsioaren aurrean defendatu egingo gara.
Herritar guztiei dei egiten diegu turismoaren eragin kaltegarriak salatzera; bizilagunekin gai honetaz hitz egitera eta arazo komunei elkarlanean erantzutera. Auzo elkarteak, kultur taldeak, jai batzordeak, mugimendu sozialak, kirol taldeak edo dena delako sareak dira hiria eta auzoak bizirik mantentzen dituena. Negozioak soilik mugitzen dituenen aurrean, elkar zaintzen duten herritarrak gaude.
Oihartzuna hedabideetan:
https://irutxulo.hitza.eus/2018/05/25/bideoa-turistifikazioaren-aurkako-manifestazioa/
https://es.euronews.com/2018/05/25/turistas-en-su-propia-ciudad