Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu!

Turismoaren industria kontroletik kanpo dago eta mundu osoan lurraldeak, biztanleen bizitzak eta planeta neurri gabe ustiatzen eta hondatzen jarraitzen du. Gizateriaren ondare komun den elementu natural eta kultural oro pribatizatu eta salgai bihurtzeko hondatzeraino eraldatzen ari da. Bide honetan hiri eta lurralde askotan eredu ekonomikoa monolaborantza turistikorantz desorekatu da eta gutxiengoaren negozioari gehiengoaren beharrei baino gehiago begiratzen dion hirigintza eredua nagusitu da. Ekainaren 15ean, Europa Hegoaldean turistifikazioaren aurkako borrokan dauden hainbat hiritan kalera aterako dira, SET sarearen deialdiari erantzunez, eta berdin egingo dugu Donostian. Hiriaren turistifikazioa era beldurgarrian azeleratu da azken urteetan eta hiri-eredu zehatz honek bizilagunengan dituen eragin kaltegarriak gero eta larriagoak eta nabarmenagoak bihurtu dira. Urteak dira hiriko hamarnaka biztanle, elkarte eta mugimenduk turistifikazioa gelditzeko eta desazkunde turistikoaren bidetik eredu aldaketarantz urratsak emateko aldarrikatzen dugula. Berriz ere kalera aterako gara egoera salatzera eta herritarron bizi-baldintzak erdigunean jarriko dituen hiri-ereduaren alde indarrak metatzera. 

Donostiaren turistifikazioak eragin zuzena du sufritzen dugun etxebizitza larrialdian. Pisu turistikoen ugaritzeak, bigarren etxeen kopuruaren gorakadak eta denboraldiko kontratuen bidez etxeak turismo-alokairura bideratzeak (haien ohiko erabileratik desbideratuta) bizileku-aukerak murriztu dituzte, eta horrek prezioak igoarazi ditu. Herritar askok beren auzoak utzi behar izan dituzte. Erakunde publikoen jarduna, askotan, turismo industriaren eta higiezin espekulatzaileen interesek gidatu dute. Irtenbide bakar gisa eraikuntza berriak aurkezten ari dira, baina babes publikoko etxebizitzak gutxieneko legaletara mugatzen dituzte, eraikitzaileen negozioa lehenesten da eta herritarren beharrak horien menpe jarri. Egoera horri aurre egiteko, ezinbestekoa da alokairuen erregulazioa ezartzea, nahiz eta neurri hori bakarrik ez den aski. Horrez gain, pisu turistikoen desagerpenerantz jo behar da eta bigarren etxebizitzen erabilera mugatzeko politika eraginkorrak behar dira. Hiriaren bizigarritasuna bermatu nahi bada, etxebizitza merkantzia izatetik eskubide izatera igaro behar da, politika publiko ausartak eta interes orokorra lehenesten duten erabakiak hartuta.

Klima larrialdia eta ingurune naturalen hondamendia ez dira etorkizuneko mehatxu hipotetikoak, eguneroko errealitatearen parte dira dagoeneko. Donostiaren inguruneak, mendiak, hondartzak eta itsasertza, gero eta gehiago jartzen dira arriskuan hiri-eredu jasangaitzaren ondorioz. Eta hiri espazioan bertan gero eta tarte txikiagoa uzten zaie errentagarritasunik ematen ez duten espazio berdeei, zuhaitzei eta animalei. Merkatu turistikoaren eskariak ez du justifikatzen ingurumenarekiko gehiegizko presioa eta eraldaketa. Premiazkoa da garraiobide kutsakorren erabilera mugatzeko politikak ezartzea —hegazkinak, gurutzontziak eta auto pribatua barne— eta turismoaren mesedetarako garraio azpiegitura berrien sorrera —metroa bezala— etetea. Herritarren eta naturaren arteko oreka berreskuratzeko, ingurune naturalak babesteko neurri ausartak hartu behar dira, gutxiengo baten negozioaren izenean hondamendia legitimatu ordez.

Turistifikazioak hiri-espazioaren konfigurazioa bera ere aldatzen ari da, kaleak eta plazak kontsumoaren logikaren arabera eraldatuz. Hirigintzaren eta espazioaren diseinuaren ardatz nagusi bihurtu da fluxu turistikoak erraztea; baina horrek ondorio larriak ditu herritarron eguneroko bizitzan. Peatonalizazioak eta garraio-aldaketak, teorian jasangarritasunaren izenean justifikatzen direnak, sarritan turistak gidatzeko bide estrategiko bihurtzen dira, tokiko biztanleen beharrak kontuan hartu gabe. Azpiegitura berriak (metroa) eta interes turistikoko proiektuak (Goe, Merkatal zentroak) kokapen estrategikoetan ezartzen dira, eguneroko bizitzaren logikarekin talka eginez. Tokiko merkataritza gero eta gehiago itotzen da, frankizia globalen eta turismoarentzako diseinatutako negozioen mesedetan. Saturazioak eta jendez gainezka dauden kaleek mugatu egiten dute jolasteko, paseatzeko, atseden hartzeko edo solasean aritzeko aukera; espazio publikoa, komunitatearen kohesiorako funtsezkoa dena, gero eta gehiago bihurtzen da kontsumora bideratutako eszenatoki. Espazio komunak, partekatuak eta biziak behar ditugu, ez erakusleiho bihurtutako kaleak.

Turistifikazio prozesuan ez da soilik gure hiria fisikoki eraldatzen; gure izaera kolektiboan, hizkuntzan eta kulturan ere eragin bortitza du. Ikuskizunaren logikak kulturaren merkantilizazioa ekarri du, eta sortzaile-kulturak ez du lehentasunik bertan, kontsumo azkarreko ikuskizunek ordezkatua. Hiriguneko zonalde turistifikatuenetan euskara, sarritan, apaingarri hutsetan ageri da, hizkuntza komunitario eta bizi gisa ordez. Hiri-nortasuna bera lausotu egin da, marketin turistikoaren eskakizunen arabera egokitutako irudi estereotipatuaren mesedetan. Etxebizitza espekulazioak eta etengabeko birmoldaketa komertzialak ondare arkitektonikoaren galera bizkorra ekarri dute. Azken batean, tokiko gizartearen kultura eta izaerak kalte handia jasaten dute, salgai bihurtu eta merkatu globalera egokitu nahi direnean. Gure bizimodua eta kultura ez da produktua, komunitate biziaren adierazpen dinamikoa baizik.

Turistifikatutako hirian areagotu egin dira bazterkeria eta desoreka ekonomikoak, eta horien atzean dagoen egiturazko indarkeria ezkutatu egiten da arrakastatsu gisa aurkezten den hiri-ereduaren azpian. Turismoaren bueltan sortzen diren lanpostuak, oro har, prekarietatean oinarritzen dira: denboraldi motzeko kontratuak, ordainsari baxuak eta lan-eskubide urraketak ohikoak dira. Gainera, egiturazko zapalkuntzak medio, emakumeak, migratuak eta gazteak dira lanpostu turistiko prekario horietan baldintza txarrenak pairatzen dituzten pertsonak. Aldi berean, gero eta zailagoa da pobrezia egoeran bizi diren herritarren presentzia onartzea hiri turistiko ederraren postalean; ikusezin bihurtu nahi dira, edo hiritik kanporatu. Hiriaren gune turistifikatuenak gero eta elitistago bihurtzen ari dira; bizilagunak kanporatzen diren bitartean, hiria luxuzko resort bihurtu nahi da: apartamentu esklusiboak, boutique dendak eta taberna zein jatetxe garestiak ugaritzen dira, bizilagunentzat eskuragaitzak. “Kalitatezko turismoa” deritzonaren bidez, hiria da aberatsen premien arabera eraldatzea legitimatu nahi da, horrek arrakala ekonomiko gero eta sakonagoa sortzen badu ere.

Gaur egungo hiri-ereduak sortzen dituen kalteak ikusita, ezinbestekoa da desazkunde turistikoa helburu komun gisa planteatzea. Turismoari baliabide eta espazio gehiago eskaintzea ez da bideragarria, ez ekologikoki, ez sozialki, ez ekonomikoki. Turistak erakartzea ez da helburu kolektibo desiragarri bat donostiarron gehiengoaren interesetatik begiratuta. Herritarren bizi-baldintzak lehenetsi behar dira, eta horrek eskatzen du turismoari muga erreal eta zorrotzak ezartzea. Neurri ausartak eta presazkoak behar dira: turismo sektorearen hazkundea mugatzea eta lehentasunak birplanteatzea. Hiriaren eredu ekonomikoaren trantsizio oso bat irudikatu, planifikatu eta gauzatu behar da, turismoarekiko mendekotasunean oinarritu diren jarduera ekonomiko eta lanpostuak bestelako sektoreetara birbideratuz: zaintza, kultura, nekazaritza jasangarria, industria sortzailea, ikerketa, komunitate ekonomiak… Gure ongizateak ez du oinarritu behar bisitari kopuruan, komunitatearen beharrei erantzuten dien garapen orekatuan baizik.

Herritarrek osatzen duten komunitatea da hiriaren bihotza, taupadaz taupada odola mugiarazten diona eta bizia ematen diona. Hori dela eta, komunitate-bizitza sustatzea, babestea eta indartzea funtsezkoa da hiri bizigarri eta osasuntsu bat irudikatzeko. Gizarte-kohesioa, elkartasuna, elkar zaintza, bizilagunen arteko harremanak eta nortasun kolektiboa sendotzeko politikak eta baliabideak behar dira. Horrekin batera, mehatxupean dagoen elkartegintza aitortu behar da, tokiko biziaren oinarri sendo gisa. Herritarren arteko loturetatik sortzen diren antolakuntza formak —auzo elkarteak, kultur eta kirol elkarteak, aisialdikoak, ikasketa taldeak, plataforma herritarrak eta hamaika herri mugimendu— ez dira osagarriak, ezinbesteko baizik. Herritarren energia eta denborarekin, modu boluntarioan, komunitatea eraikitzen eta bizirik mantentzen dutenak dira. Eta beren bizimodua hobetzeko aldarrikapenak, proposamenak eta alternatibak planteatzen dituztenak. Hiri hau diruagatik aldatzen ari diren horietatik aske etorkizun bat irudikatzeko, herritar antolatuen ahotsa errespetatu, entzun eta entzunarazi behar da. Tokiko forma hartzen duen borroka global honek gure ingurunearekin dugun harremanaren alderdi asko zeharkatzen ditu. Horregatik dei egiten diegu Donostiako bizilagunei antolatzeko eta hiri-eredu bizigarriaren aldeko borrokari eusteko; helburuak eta bideak merezi du.

Turistifikazioari stop! Desazkunde turistikoa orain!

ATXIKIMENDUAK:

  1. Alde Zaharreko Gazte Asanblada (AZGA)
  2. Alternatiba
  3. Altza XXI Herri Ekimena
  4. Amara Bai Udalgintza Lantaldea
  5. Áncora
  6. Añorga Txikitarrak Auzo Elkartea
  7. Antikapitalistak
  8. Belartza 2 Gelditu
  9. CNT Gipuzkoa
  10. Dendartean, Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkura
  11. Donostiako Asanblada Transmarikabolloa
  12. Donostiako Bilgune Feminista
  13. Egia Bizirik Auzo Elkartea
  14. Eguzki
  15. EHGAM Gipuzkoa
  16. Ekologistak Martxan Gipuzkoa
  17. Erdian Bizi Auzo Elkartea
  18. Ernai Donostia
  19. ESK Sindikatua
  20. Euskal Herrian Euskaraz Donostia
  21. G.TAXI, Gipuzkoako Taxilari Autonomoen Elkartea
  22. Haritzalde Naturzaleen Elkartea
  23. Herria Kultur Elkartea
  24. Herripe Auzo Elkartea
  25. Hiritarron Harrera Sarea
  26. Ikama Donostia
  27. Ilunki Kultur Elkartea
  28. Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea (IZBE)
  29. Intziri
  30. Jauzi Ekosoziala
  31. Kaleko Afari Solidarioak
  32. LAB Sindikatua
  33. Manteoko Bizilagunak
  34. Martutene Bizirik
  35. Morlanstarrak Auzo Elkartea
  36. Mugarik Gabe
  37. Ondare SS
  38. Parkea Bizirik
  39. Parte Zaharrean Bizi
  40. Piztu Donostia
  41. Saretxe, Groseko Etxebizitza Sindikatua
  42. Sarroeta Auzo Elkartea
  43. Satorralaia
  44. Sortu Donostia
  45. SOS Manteo
  46. STEILAS Sindikatua
  47. Stop Desahucios Donostialdea
  48. Txago Gipuzkoa
  49. Uliako Auzo Elkartea
  50. Uliako Lore Baratzak
  51. Urumeako Bizilagunen Elkartea