Bizilagunekin plataformak ‘Donostia Tropikala’ festa antolatu du maiatzaren 30ean

Ekimen honek tonu alai eta ironikoan salatu nahi du aldaketa klimatikoa eta turistifikazioa elkar elikatzen ari direla, eta horrek gure hiria eta lurraldea merkatuaren logikaren esku uzten dituela.

Plataformaren esanetan, ospakizun hau protesta eta aldarrikapenerako modu bat da: aldaketa klimatikoa aukera komertzial gisa aurkezten duten diskurtsoei aurre egitea, eta turismoaren hazkunde mugagabea normalizatzea arriskutsua dela ohartaraztea. Bizi baldintza duinak defendatu eta arduragabekeria instituzionala salatzea dute helburu, umorea eta festa bidez.

Gogorarazi dute turismo jarduerak mundu mailako CO₂ emisioen %8 eragiten duela, eta hortaz, klima larrialdiaren eragile nagusietakoa dela. Hala ere, tenperatura igoera aukera ekonomiko gisa baliatzen ari dira interes pribatu batzuek, batez ere hondartza-turismoaren bidez etekinak handitzeko.

Festa Ilunki Kultur Elkartean izango da, maiatzaren 30 ostiralean 18:00etatik aurrera, eta mojitoak, janaria eta DJ Miau izango dira giro tropikala eta aldarrikatzailea sortzen.