Donostiako hainbat auzo elkarte eta herri mugimenduak elkarlanean ari dira hiri eredua aldatzeko behar larriaren aurrean. Helburu horrekin aldarrikapen partekatuak egiteko ekimenak martxan jarriko dituzte. Donostiar gero eta gehiagoren sentipena argia da: hiria ez da bizilagunen beharren arabera aldatzen ari eta botere publikoek hiria herritarrentzat pentsatzeari eta horren arabera jarduteari utzi diote, administratzaile eta ekimen pribatuaren zerbitzu-emaile bihurtuta. Hirigintza merkatu turistikoen eta inbertsoreen interes espekulatiboen mendean jartzearen ondorioz, kolektibitateari kalte handiak eragiten ari zaizkio. Interes ekonomiko pribatuen arabera bideratzen dira donostiarrei zuzenean eragiten dieten erabaki garrantzitsuak, eta eredu horrek ondorio gero eta kaltegarriagoak eragiten ditu herritarren gehiengoaren bizi-baldintzetan:
Etxebizitza larrialdia: erosketa eta alokairu prezioek gora egiten dute, eta ez zaie mugarik jartzen funts putreei edo merkatu turistikoei etxebizitzarekin espekulatzeko. Etxe-kaleratzeek jarraitzen dute eta belaunaldi gazteak eta ahalbide gutxiko bizilagunak Donostiatik kanporatuta izaten ari dira.
Hiriaren ekonomia eredu prekarizatzailea: gain-esplotazio turistikoak langileen baldintzen okertzea ekarri du. Hiriaren egitura ekonomikoa desorekatu da, lan-baldintza ezegonkor eta kaskarrak ugarituz. Epe-motzeko etekinek soilik gidatuta, jasangarria ez den eredu baten alde egin da apustu.
Kalearen merkantilizazioa eta masifikazioa: hiri-espazioaren kudeaketan interes komertzialei ematen zaie lehentasuna, zaintza, jolas eta kontsumora bideratzen ez diren harreman sozial jardueren kaltetan. Horrek zenbait auzotan bizitzea eta bizimodu duina garatzea eragozten du, kontsumorako eta aisialdirako gune soil bihurtzeko arriskuan direlarik. Halaber, Mozal Legearen eta Zibismoaren Ordenantzaren aplikazioaren ondorioz, protesta soziala zigortzen da.
Hiriaren elitizazioa: egungo hiri-ereduak desberdinkeria sozialak areagotu eta aberastasuna esku gutxitan pilatzea dakar, kaltetuen gertatzen diren jendeen bazterketaren ondorio guztiekin. Fokuak aberastasunean eta luxuan jartzen diren bitartean, kale egoeran bizi diren donostiarrak edo bizitza duinaren mugan daudenak ezkutatu eta isilarazi egiten dira.
Hirigintza politika erasokorrak azeleratu egin dira: horren lekuko ditugu Donostiako erdialdean metroaren zentzugabekeriazko eraikuntza, auzo guztietan egitasmo urbanistiko polemikoen ugaritzea, hotel eta alojamendu turistikoak mugagabe hedatzea, merkatal-gune handi gehiago zabaltzea, eta udalerrian gero eta urriagoak diren ingurune naturalen nahiz baserri-lurren txikizioa dakarten Belartza Goiako makro-poligonoaren eta Antondegiko “olatu artifizialen” proiektuak, besteak beste, edozein garapen iraunkorren kontra.
Ondare arkitektonikoaren suntsiketa: Astero eraikin historikoren bat suntsitzen edo husten da, higiezinen eta turismoaren presioa gero eta handiagoa delako. Donostia da Ondareari buzuzko Nazioarteko Alerta bat duen hiri bakarra, Arte Ederren Jauregiaren eraispena salatzeko. Babes Plan Bereziaren gabeziak direla eta, hiri-irudiaren eta nortasun kolektiboaren gaineko inpaktu atzeraezina eragiten ari da.
Herritarren antolaketaren eta mugimenduen jazapena: Mozal Legearen eta Zibismoaren Ordenantzaren aplikazioaren ondorioz, gero eta murritzagoak dira oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoak Donostian. Jendarte mugimenduak zigortzen dira protesta soziala zapuzteko asmoz. Donostia Mozal Hiria bihurtu dute.
Udalak Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko abiatu duen prozesua dela eta, orain arteko bidetik jarraituz gero, Donostiaren eta donostiarron etorkizuna epe luzera gehiago baldintzatzeko eta serioski kaltetzeko arriskua ikusten dugu. Itxurazko parte hartze prozesuen gibelean, entzungor egiten diete indar ekonomiko nagusiekin bat ez datozen iritziak ematen dituzten eta bestelako hiri-eredua defendatzen duten donostiarrei.
Hori denagatik, hiria merkatu-interesen menpean jartzen duten politikei aurre egiteko eta eredua herritarren eta auzoen beharrei begira eraldatzeko indarrak biltzea premiazkoa dela nabarmentzen dugu. Hau da, bakoitzak bere auzoan eta jarduera eremuan lan egitearekin batera, auzi honetan kezka berdintsuak partekatzen ditugun talde eta pertsona guztien artean eragitea ezinbestekoa da gure ustez.
Elkarlan honen lehen urrats gisa, hurrengo asteetan hainbat ekimen bultzatuko ditugu eta ekainaren 18n manifestaziorako deia egiten dugu, 18:00tan Araba Parketik abiatuta, honako goiburupean:
DONOSTIA BERRESKURATU! HIRI-EREDUA ALDATU!
- Abaraska etxebizitza kooperatiboa / Vivienda Cooperativa Abaraska
- Alokairu Benta Berri
- Altza XXI herri ekimena /Iniciativa popular Altza XXI
- Amara Bai auzo elkartea /AA.VV. Amara Bai
- Ancora San Sebastián
- Añorgatxikitarrak auzo elkartea / AA.VV. Añorgatxikitarrak
- Atxiki Añorga auzo mugimendua /Movimiento vecinal Atxiki Añorga
- AZPI Kultur Elkartea /Asociación cultural AZPI
- Belartza 2 Gelditu
- Bizilagunekin plataforma / Plataforma Bizilagunekin
- CNT Gipuzkoa
- Dendartean merkatarien elkartea / Asociación de comerciantes Dendartean
- Donostiako Bilgune Feminista / Bilgune Feminista de Donostia
- Donostiako Piratak
- Egia Bizirik auzo elkartea /AA.VV. Egia Bizirik
- Egiako Etxebizitza Sindikatua / Sindicato de Vivienda de Egia
- Eguzki talde ekologista / Grupo ecologista Eguzki
- Ehun mugimendua
- ELA sindikatua / Sindicato ELA
- Ernai gazte antolakundea/ Organización juvenil Ernai
- Errausketaren aurkako mugimendua / Movimiento contra la incineración
- ESK sindikatua / Sindicato ESK
- Groseko Asanblada Feminista / Asamblea Feminista de Gros
- Haritzalde naturzaleen elkartea / Asociación naturalista Haritzalde
- Heriz plataforma
- Herria kultur elkartea /Asociación cultural Herria
- Herripe auzo elkartea / AA.VV. Herripe
- Herritarren Harrera Sarea /Red de Acogida Ciudadana
- Hondarpe Auzo Elkartea / AA.VV. Hondarpe
- Inquilinos de Azora
- Intziri neska* gazte taldea
- IZBE Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkartea / IZBE AA.VV. Intxaurrondo Zaharra
- Kaleratzeak Stop Donostialdea / Stop Desahucios Donostialdea
- LAB sindikatua / Sindicato LAB
- Morlanstarrak auzo elkartea / AA.VV. Morlanstarrak
- Oficina de Derechos Sociales
- Ondare SS elkartea
- Osteguna Elkartea / AA.VV. Osteguna
- Parkea Bizirik elkartea
- Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea / AA.VV. Parte Zaharrean Bizi
- Piztu Donostia
- Satorralaia bizilagunen mugimendua / Movimiento vecinal Satorralaia
- Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatua / Sindicato de Vivienda de Gros
- Steilas sindikatua / Sindicato Steilas
- Uliako auzo elkartea / AA.VV. de Ulia
- Uliako Lore Baratzak