Pasa den abenduan jakin zen 2030ean Espainia, Maroko eta Portugalen jokatuko den Munduko Futbol Txapelketako egoitzetako bat izateko izendatu zutela Donostia. Hiriko bizilagun elkarteen, herri mugimenduen eta biztanleen artean kezka sortu duen izendapena da, kezkatzeko arrazoiak nabarmenak baitira.
Donostia turistifikazio prozesu basati bat bizitzen ari da, azken hamarkadan nabarmen azeleratu dena eta bertako bizilagunei kalte larriak eragiten ari dena. 2015 eta 2024 urteen artean, hiriko hotel kopurua %40,3 hazi da eta eskaintzen diren ostatu plazen kopurua %69,2. Hirira iritsi diren turisten sarrerak %77,8 handitu dira; espainiar estatukoak %35,8 eta atzerrikoak %120,9. Urte horietan, etxebizitzaren erosketa prezioa %47,36 hazi da eta alokairuaren prezioa %44,54. Bertako herritarrak hiritik kanporatuak izaten ari dira, espazio publikoa interes komertzialen arabera eraldatua izaten ari da, azpiegiturak turismo-industriaren beharren arabera diseinatzen dira, bertako hizkuntza eta kultura marketing helburuetarako fetitxizatzen dira eta abar.
Mundiala baino 6 urte lehenagotik kolapsoa aurreikusten da. FIFAk berak Maroko, Portugal eta Espainiaren hautagaitza aztertuz 2024ko azaroan argitaratutako txostenean[1] aipatu zuen, Donostian dagoen ostatu-plaza kopurua ez dela nahikoa izango Munduko Futbol Txapelketak erakartzea aurreikusten den bisitari kopuruari ostatu emateko. Donostiako hotel, ostatu, hostel eta abarrek gainezka egingo dutela kalkulatzen dute antolatzaileek. Horren konponbide edo lasaigarri bezala aipatzen zuten Biarritz edo Baiona gertu daudela Donostiaren gainezkatzea sostengatzeko eta, gainera, Airbnb bezalako baliabideak kontuan hartu behar direla hiriko gaitasuna ulertzeko. Mugikortasunari dagokionez, txosten berean FIFAk aipatzen zuen kirol ekitaldien inguruko bizitegi eta merkataritza zonaldeen eraginez trafikoaren kudeaketarako plan bereziak martxan jartzea eskatu duela gertakariak.
Azken asteetan, Espainiako hedabideetan Donostia egoitza gisa izendatzeko prozeduran egon den gardentasun falta agerian jarri da. Gainera, Donostiako Udalak (talde politiko guztien adostasunez) onartu du Mundialetik eratorritako beharrak gora-behera eskaintzen diren ostatu plazen proportzioa ez handitzeko konpromisoa.
Gutuna sinatzen dugun elkarteek salatzen dugu Mundiala Donostian jokatuz gero ekitaldiak hiriaren turistifikazioa areagotuko duela eta erakunde publikoek turismo industriaren mesedetan jokatzen jarraituko dutela. Hartutako erabakia atzera botatzeko eskatu diogu FIFAri eta gaian sakondu nahi izatekotan gure laguntza eskaini diogu. Turismoaren hazkundearen kalteei erantzuteko modu bakarra desazkunde turistikoaren bideari ekitea dela ere adierazi diogu.
- Parte Zaharrean Bizi
- Intxaurrondo Zaharreko Auzo Elkartea (IZBE)
- Heriz plataforma (Antigua)
- Egia Bizirik
- Herripe Auzo Elkartea (Herrera)
- Uliako Auzo Elkartea
- Bizilagunekin plataforma


[1] FIFA WORLD CUP 2030™ BID EVALUATION REPORT (2024) https://digitalhub.fifa.com/m/1213a790af2911ab/original/FIFA-World-Cup-2030-Bid-Evaluation-Report.pdf