Donostiako Santa Klara uharteko obrak kautelaz eteteko eskaera

Donostiako alkatearentzat, Obra eta Proiektu Sailerako, Ingurumen Sailerako, eta batez ere, JENDEARENTZAT:

Estatuko gobernuak konfinamendurako neurriak mailaka etengo dituelakoan eta industria jarduerak berpizteko neurriak berehala hartuko dituelakoan, hemen sinatzen duten erakunde naturalistek eta sozialek (Parkea Bizirik “kukulunbera”, Bizilagunekin plataforma eta NATURKON (Gipuzkoa osoko 14 elkarte naturalista biltzen dituen erakundea),

HONAKO HAU AZALTZEN DUTE:

Santa Klara uharteko babestutako kokaguneko itsas hegaztiak ugaltzeko garaian bete-betean daudela.

Uhartean, ugalketa-aldi hori martxoaren amaieran hasten dela, eta uztaila eta abuztura arte luzatzen dela.

Ezinbestekoa dela uharteko itsas hegazti babestuen ugaltze-zikloa behar bezala garatzeko lasaitasun-baldintzen alde egitea (gortetzea, habiagintza, inkubazioa eta kumeak elikatzea).

Uhartean habia egiten duten itsas hegaztien habia asko itsasargitik hurbil dagoen goiko belardian sakabanatuta daudela.

Habiak egiteko eremuetako batzuetan obrako materialak eta jarduerak daudela.

Are gehiago, araudia urratuz, obra-hondakinak erretzeko suteak piztu direla, herritarren alarma-deiak sortarazi dituztenak, 092 eta 112ra deituta, ke-zutabeak ikusi baitira habiak egiteko belardian.

Obrako makinek (garabiak, bulldozerrak, atzerako hondeamakinak, eskorgak, kolpeak, zaratak, mugimenduak) irlako hegaztien ugaltze-ahalegina behar bezala garatzeko behar diren baldintzak eta bakea erabat hausten dituztela, eta ondorioz, ahalegin hau erabateko porrotera bideratuko dutela.

Uhartean kaio hankahoriren (Larus michahellis) kolonia adierazgarri bat habiagilea dela.

Gure inguruan oso urriak diren espezieak, hala nola kaio beltza (Larus marinus), duela gutxi (2019) babestutako kokagunean ugaltzen saiatu direla, eta litekeena da 2020an berriz ere ugaltzen saiatzea, eta
beste espezie batzuk, hala nola kaio iluna (Larus fuscus), uhartean aldizka ikusten direla, eta horiek guztiek kontserbazio-maila desberdinak dituztela.

Ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis) bezalako beste espezie batzuek, berdegunea egunero atseden hartzeko eta urte osoan itsasoko erasoetatik babesteko erabiltzen dutela.

Uhartea babestutako gunea dela, babestutako flora eta fauna espezieak dituena.

Berdegune honen balioa hain handia dela, ezen berezko ezaugarriak dituen sugandila bat (Podarcis liolepis) bizi den, beste inon aurkitzen ez dena.

Kokagune hau guztia oso zaurgarria, etenerraza eta, batez ere, oso txikia dela.

Uhartea aldatu ezin den eta aldatu behar ez den berdegunea dela eta hau dela juridikoki babesten duen araudia:

Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (Eusko Jaurlaritza).

2010eko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) (Donostiako udalerria).

Berariazko bandoa 2002ko ekainaren 21etik, haren erabilera eta gozamena erregularizatzen dituena.

90/2014 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko paisaiari buruzkoa.

EAEko Paisaia Berezien eta Bikainen Katalogoa eta Inbentarioa.

Horregatik guztiagatik, hemen sinatzen duten erakunde naturalistek eta sozialek, ESKATZEN DUTE:

2020ko apirilaren 10etik uztailaren 31ra bitartean uharte osoan obrak kautelaz etetea (ia txita gehienak hegaz moldatzen direnean).

Era berean, eta itsas hegaztiak behar bezala ugaltzeko uharteko baldintzak aldatu eta degradatu direla egiaztatuta, erakunde sinatzaileek, obrako materiala jaso behar bada, une oro talde naturalisten aholkularitzaz egin dadila eskatzen dute.

EZ DEZAGUN AHAZTU:

Udalerri batean fauna basatia egoteak, ingurumen osasuntsua duela, argi erakusten du. Izan ere, adierazle biologikoetan oinarritutako ingurumen-kalitatearen neurketa, ekosistema jakin baten ezaugarri den faunaren presentzia baloratzean datza. Horregatik guztiagatik, dibertsitatea, fauna eta bertako habitatak kontserbatzea ezinbestekoa da.

Faunaren babesa ingurumenarekin zuzenean lotutako eskumena da. Animaliak, haien ingurunea eta ingurumena hobetzeko lan positiboa egitea eskatzen du .

https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20200412/reclaman-la-paralizacion-de-las-obras-en-la-isla-de-santa-klara

https://www.donostitik.com/piden-la-suspension-hasta-agosto-de-las-obras-de-santa-clara-por-la-reproduccion-de-las-aves/