Donostiako Udala, 2017-2021 Turismo Gida-Plana eguneratzeko prozesua aurrera eramaten ari da une honetan. Turismoko gida-planak hiriak epe ertainera jarraituko duen turismo estrategia definitzen du, turismo jarduerak hirian jarraituko duen norabidea finkatuz. Honela, abian den planaren eraberritzeak hiriko turismo-eredua eta jarraituko den bidea berrantolatuko ditu.
Plana eguneratzeko proposamenak ondo jasotzen duenez, Covid19ak eragindako osasun larrialdiak inpaktu zuzena izan du hiriko ekonomian eta bereziki kolpatu du sektore turistikoaren dinamika. Dokumentuaren arabera, etenaldi orokorrak, bidaiarien, ostatu gauen, eskainitako plazen eta enpleguaren berebiziko beherakada eragin du.
Plana eguneratzeko proposamenaren arabera, turismoak izaera sistemikoa eta zeharkakoa behar du izan. Hortaz, turismoak hiri ereduan eta Donostiarren bizimoduan duen inpaktua ere halakoxea dela ondorioztatu daiteke. Sektoreak azken hamarkadan bizi izandako neurrigabeko hazkundea medio, monolaborantza turistikoaren norabidea hartu du hiriko eredu ekonomikoak eta turismo jardueraren menpeko bilakatu da Donostia. Krisialdiaren eztandak agerian utzi du, epe laburrerako errentagarritasuna bilatzen duen egungo turismo ereduak itzelezko arrakalak dituela.
Ziurgabetasuna nagusitzen den garai hauetan egungo turismo ereduaren ahulezia guztiak azalarazi diren arren, plana eguneratzeko proposamenak, beste behin ere, hazkundea sustatzea du helburu. Hiria merkatuaren beharrizan berrietara egokitzeko produktutzat ulertzen da, lehiakortasunean eta erakargarritasunean irabazteko moldaketak proposatuz eta baliabide publikoak erabiliz guztion onura bilatzen ez duen eredu ekonomikoari eusteko.
Testuinguru horretan ahaztu edo estali egiten da turismoari lotuta ageri diren ondorio ezkorrak eta hauen gaineko hausnarketa. Berriro ere, ezberdintasunak elikatzen dituen negozio pribatuaren alde egiten da, bidean suntsitzen duena kontuan hartu gabe. Zentzu honetan, ez da inongo aipamenik jasotzen, turismoak lan-baldintzetan, berdintasunean, etxebizitza-merkatuan, ingurumenean, hizkuntzan, eta beste aspektu batzuetan sortzen dituen kalteen eta hauei aurre egiteko neurriei lotuta.
Plana berritzeko proposamenak dioenez, planak hiriaren egungo estrategia berrikusteko funtsezko irizpideak definitzea bilatzen du. Horretarako, prozesu “parte-hartzaile” baten berri ematen du. Prozesu horretan, Donostiako turismoaren balio kateko funtsezko pertsonen, interesdun eragile publiko eta pribatuen edota garrantzizko operadore turistikoen partaidetza aurreikusten da. Harritzekoa da, ordea, hiriko bizilagunen eta hauen arteko harremanak elikatzen dituzten elkarte soziokultural anitzen gaineko aipamen bakar bat ere ez jasotzea. Turismotik etekin ekonomikoa ateratzen duten eragileen parte hartzea aurreikusten da eta ez da biderik ematen turismo jarduerak eragindako kalteak jasaten dituztenek beren iritzia eta ekarpena emateko. Beraz, prozesu horrek, “parte-hartzailea” izan beharrean, agerian uzten du, beste behin ere, turismo-merkatuko inbertitzaileen beharrei soilik erantzuten dien udal-kudeaketaren autoritarismo politikoa.
BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformaren iritziz, hiriaren turismo-eredua definituko duen behin-betiko plana donostiar guztion artean osatu behar da. Izan ere, esperientziak erakutsi digu hiriko turismo-ereduak hiriaren eta bertako herritarren bizimoduan berebiziko eragina duela. Gainera donostiar guztion onura bilatzea izan behar da plan horren erdiguneko helburua.; eta ez egunean-egunean hiriko bizitza prekarizatzen duen merkatu suntsikorra elikatzen jarraitzea.
Horretarako, honako hau eskatzen diegu Donostiako Udal Gobernuari eta turismo saileko arduradunei: Hiriko turismo eredua zehazten duen turismo gida-plan berriak benetako partehartze prozesua izan dezala oinarri; herritarren eta gizarte eragileen (auzo elkarteak, talde soziokulturalak eta ekologistak, herritar plataformak etab.) parte hartzea bermatu dadila guztioi eragiten digun gaiei errotik heltzen dien eztabaida irekia, zabala eta aberatsa izan dadin.