Donostiako Udalak eta Aparture alokairu turistikoko etxebizitzen elkarteak hiriko pisu turistiko batzuetan hondakinak sailkatzea sustatzeko ekimena aurkeztu berri dute egunotan. Bizilagunekin plataformatik salatu nahi dugu ekimen honek zuriketa eta iruzur ariketa bikoitza ezkutatzen duela.
Batetik, Udalaren aldetik. Donostia Gipuzkoan hondakin gutxien birziklatzen duen udalerria da. Udal Gobernuak ez du hondakinen sailkapena sustatzeko ekimen esanguratsurik bultzatu bere gobernu aldian eta, gainera, Udal Gobernuan dauden bi alderdiak donostiarron osasuna eta ingurumena erasotzen erraustegiaren bultzatzaile nagusiak dira. Turismoa klima aldaketaren eragile nagusietako bat da. Donostiatik 100 km-ko erradioan 5 aireportu egotea, uharteko naturgunea turisten bisitaleku bihurtzea, Antondegin surf-parka egin nahi izatea, Belartzan merkatalgune erraldoia eraikitzea eta beste hainbat adibide aipa genitzake Donostiaren turistifikazioa ingurumenarentzat mehatxu bat dela azaltzeko. Hutsaren hurrengo eragina du ekimen honek, benetan esanguratsuak diren kalte ekologikoen alboan. Greenwashing edo zuriketa berdea da.
Bigarrena, Aparture lobbyaren aldetik. Bere pisu turistikoetan inongo konpromisorik eskatzen ez dion ekimen honen bidez, lortzen du Donostiako Udalak bere negozio pribatuak promozionatzea. Udalak zilegitasuna ematen die hiriaren turistifikazioaren eta etxebizitza larrialdiaren funtsezko eragile hauei. Hala egin izan du beti pisu turistikoen ordenantza ilegala onartu zuenean, plan orokorra aldatu zuenean arauditik kanpo zeuden pisuei baimena emateko; baita pisu ilegalak detektatzen lan egiten zuten inspektoreak kendu zituenean ere. Erakunde publikoetatik etxebizitzak negoziorako erabiltzen dituztenen alde egiten dute behin eta berriz.
Desazkunde turistikoaren alde benetako neurriak ezartzeko ordua dela aldarrikatu nahi dugu. Alokairu turistikoko pisuak mugatu, murriztu eta epe laburrean hiritik desagerrarazi behar direla uste dugu. Etxebizitza larrialdiaren konponbidea lehentasunezko helburua izan behar da; gehienon arazoarekin aberasten diren gutxi horiei bidea moztu behar zaie. Azkenik, zero zabor helburua lortu, ingurumena zaindu eta klima larrialdia geldiarazteko benetako ekimen eta politikei gure babes osoa adierazi nahi diegu. Horregatik iruditzen zaigu onartezina iruzur bikoitza. Ez dugu zuriketa berde hau irensten.