Donostian orain dugu aukera

Covid-19ak dakarren soka luzeak ispiluaren aurrean jarri du gure gizartea, ezarritako garapen ereduaren oinarriak errotik astinduz. Birusak eragindako osasun larrialdiari, jada gogorki pairatzen hasiak garen krisialdi sozioekonomiko sakonaren ondorioak batzen zaizkio. Ziurgabetasunez beteriko testuinguru kezkagarri honen aurrean berehalakoa eta unibokoa izan da agintea duten eragileen erreakzioa. Ganorazko gogoeta ariketa patxadatsuei muzin eginik, hazkunde mugagabearen gurpil zoroari berrekiteko borondate irmoa erakutsi dute; lehengo lepotik burua. Gardentasun eta erabaki-hartze partekatuaren printzipioei uko egiten dion gobernantza eredu zaharkituari jarraiki, maila desberdinetan onartutako erabaki eta irtenbideek jomuga berbera partekatzen dute: krisiaren eztandaren aurreko egoerara itzultzeko ahaleginak biderkatu eta horretarako baliabideak jartzea, alegia.

Erabat agerikoa da azken hamarkadaz geroztik Donostia nozitzen ari den eraldaketa. Turismoaren masifikazioa; Monolaborantza eta mendekotasun ekonomikoa; Hirigintza proiektu izarigabeak; Gune eta baliabide naturalen harrapakaritza; Etxebizitza prezioen gorakada; Alokairu turistikoen areagotzea; Funts-putreen ezarpena; Hotel jardueren hedapen neurrigabea; Langileriaren prekarizazioa; Auzoen desitxuratzea; Gertuko merkataritzaren desagerpena; Kultura eta ondarearen merkantilizazioa; edota Euskararen zokoratzea, besteak beste. Aurreko errealitatea gutxi balitz, atarian dugun krisialdiari aurre egiteko, koxkari estualdi berri bat emateko intentzioa dakarkigute baleko konponbide bakartzat. Besteak beste, espazio publikoaren okupazio komertziala, edota turismoaren erakarpena lortzeko lurraldearen sustapena lehenesten dituzten kanpainak eta laguntza publikoak iragarri dituzte.

Gure irudiko, ordea, gizarteak bizi duen astinaldia eta turismo jarduerak izan duen geldialdiak, Donostiaren eta donostiarron bizimoduan berebiziko eragina duten hainbat kontu birplanteatu eta aldatzeko sekulako aukera eskaintzen digu.

Orain dugu aukera hiri espazioaren pribatizazioari aurre egin eta kale eta plazetan herritarren eguneroko bizitza komunitarioari lehentasuna emateko. Berriki onartu da jarduera komertzialek kalea are eta gehiago okupatzeko baimena. Honek gune irekien pribatizazioa areagotzea dakar, hiri-espazioa kontsumoan oinarritutako harremanetarako euskarri hutsala bihurtuz. Joera honen ordez, espazio amankomunak jendearen eguneroko interakzio arruntak (ez-merkantilistak) ahalbideratzeko kontzebitu daitezen eskatzen dugu. Horretarako azpiegitura eta baliabide kolektiboak (iturriak, eserlekuak, aterpeak, kale-jolasak, kultur eta kirol guneak…) garatzea lehendabiziko pausu bat izan daiteke.    

Orain dugu aukera arrisku sanitario, ekonomiko eta sozialen aurrean ahul egiten gaituen indibidualismoaren ordez, auzo-bizitza eta gertuko harreman sareak erdigunean jartzeko. Azken hamarkadetan norbanakoen isolatze eta deserrotzea handitzen ikusi dugu (norberak bere larrua salba beza). Orain, osasuna eta segurtasuna argudiotzat hartuz, prozesu honen azeleratzea etor daiteke, jendearen arteko elkar-urruntzea bultzatuz. Dena den, krisialdi honek zerbait azalarazi badu, bizilagunen arteko elkartasun uholdea eta tokian-tokiko harreman eta elkarlaguntzaren garrantzia eta eraginkortasuna da. Hori da hain zuzen ere gizarte bezala indartu beharreko bidea, gertutasunean ematen diren elkar-zaintza jardute eta ekimenak lagunduz, elkar-truke sozialei bide eginez, eta tokian-tokiko eragile sozialen ekinbidea erraztuz.        

Orain dugu aukera  turismo jarduera espekulatzailean oinarritutako ekonomiaren ordez, eredu orekatu baten alde beste sektoreetako jarduerak sustatzeko. Krisialdi honek agerian jarri du monolaborantza turistikoan oinarritutako espezializazio produktiboak ehun ekonomikoa erabat ahultzen duela. Kanpo-indar eta kanpo-baldintzekiko mendekotasunak hiriko ekonomiaren zaurgarritasuna indartu du, ustekabekoen aurrean indarge utziz. Hortaz, ulertezina izango litzateke indar publikoek berriz ere, ziurgabetasuna besterik ez dakarkigun turismoaren aldeko apustua egitea. Hartara, tokikotasunean oinarritutako jarduera ekonomiko jasangarri eta anitzak sustatzeko hautua egitea beharrezkoa da, oinarrizko beharrizanei erantzuteko zaintza jarduerak lehenetsiz, gizarte berrikuntzari loturiko ekintzailetza sustatuz eta herri-merkataritza suspertuz.      

Orain dugu aukera  krisi garaian langileak ziurgabe uzten dituen turismo sektoreko lanpostu prekarioak baztertu eta lan-baldintza duinak eskuratzeko. Argi dago, turismoari estuki loturiko jardueretako langileak izan direla krisialdiaren adierazpide ekonomikoaren lehendabiziko kaltetuak. Sektorearen ahultasunaren isla, lan-baldintza prekarioenak jasaten dituzten langileengan erori da lehendabiziko kolpe zuzena. Sektoreari loturiko lanpostuen ezaugarriak berrikusi eta berrantolatzeko garaia da, lan-baldintzen duintasuna lehen lerrora ekarriz.      

Orain dugu aukera  baliabide publikoak hiri-marka eta turismoaren sustapenean xahutu ordez, herritarren oinarrizko behar sozioekonomikoetara berbideratzeko. Baliabide publikoak lehentasunez, ezin dira bideratu esku gutxitan banatzen den turismo jardueraren negozioa elikatzera.  Egoera honetan, osasun arriskuak eta kalte ekonomikoak areagotzea ekar litzateke nazioartekotzeak eta bisitarien erakarpenak. Horregatik, aurrekontu publikoak eta finantzaketa ahaleginak herritarren momentuko larritasun sozioekonomikoak arintzera zuzentzeko eskakizuna egiten dugu, aurrera begira, norabide estrategikoa hiriko barne garapena eta gizarte ekintzailetza sustatzera bideratuz.   

Orain dugu aukera  bisitariak erakartzera zuzendutako ekitaldi masiboak bertako herritarren ikuspuntutik berpentsatu eta, interes komertzialak alboratuz, hauen gaineko kontrol publikoa berreskuratzeko. Hainbat ekitaldi kultural arrakastatsu, herrikoi izaeraz mozorrotuta, merkantilizatu egin dira eta patrozinatzaile pribatuen esku utzi dute hiriko kultur eskaintza, hiri-espazioaren erabilera eta beste hainbat pribilejio. Krisialdia abagunetzat hartu eta ekitaldi kultural herrikoiak jatorrietara itzularazteko esfortzua egitea eskatzen dugu. Tokiko kulturarentzat lehentasun eta doako irisgarritasun unibertsala aldarrikatzen dugu beraz, ekitaldien gaineko kontrol publikoa berreskuratu eta bertako sortzaileen alde egiteko eskatuz.   

Orain dugu aukera  etxebizitzak pisu turistiko bezala erabiltzeari muga jarri eta bizileku bezala alokatzera bultzatzeko. Azken urteetako joerarekin jarraitzea bideraezina da baldin eta Donostia hiri bizikor eta abegitsu bezala irudikatzen badugu. Turismoaren masifikazioak alokairu arruntera bideratutako etxebizitzen urritze eta garestitzea ekarri du. Iraganeko akatsetatik ikasi eta bizi dugun presio turistikoaren beherakada hau baliatzeko beharra daukagu. Behingoz, etxebizitzak bertan bizitzeko direla ulertu eta jarduera espekulatiboak mugatzea exigitzen dugu. Balizko neurrien artean, krisialdiak kalteturikoen alokairua ordaintzeko laguntza zuzenak harik eta gehiago indartzea; alokairu sozialera zuzendutako udal etxebizitzen parkea handitzea; eta etxebizitzen alokairuari gehienezko salneurriak ezartzea aipa daitezke.  

Orain dugu aukera  hotel berriak irekitzeko baimenak emateari utzi eta hiriko hotel eskaintzaren hazkundea gelditzeko. Jarduera turistikoen masifikaziorekin batera hotel eskaintzaren hazkunde esponentziala eman da Donostian. Azken urteotako hiri paisaia, hotel eraikuntza eta irekiera etengabeak markatu du hein handi batean. Errealitateak ordea laster ekarri ditu gauzak bere onera, gertatutako hazkundea neurrigabea eta desorekatua izan dela gordinki erakutsiz. Gauzak horrela, azpisektorea benetan erregulatzeko garaia dela diogu. Hotelen hedapen eta irekiera baimen berriak emateari uko egiteaz gain, funtzionamendu araudiak zorrozteko garaia da.

Orain dugu aukera  makro-azpiegituretan eta autoan oinarritutako ereduaren ordez, oinezkoei eta bizikletei espazioa emango dien mugikortasun eredu jasangarria indarrean jartzeko. Hazkundearen mesedetan, hipermugikortasuna erraztu eta denbora-distantzia erlazioak bizkortzeko, garraio azpiegitura erraldoien eta autoaren ikuspegitik pentsatua izan da hiria orain arte. Bizi dugun etenaldiak berriz, oinarrizko mugikortasun beharrizanak bestelakoak direla agerrarazi du. Argi geratu da oinezko eta txirrindulentzako espazioen hedadura eskasa dela eta gaur gaurkoz, auzoen arteko jarraikortasuna eta iragazkortasuna ez direla bermatzen. Horrenbestez, arloko aurrekontu publikoa, erradiala ez den garraio publiko eta mugikortasun sarea egituratzera bideratzeko eskaria egiten dugu.     

Orain dugu aukera  Santa Klara uhartea eta balio ekologikoa duten hiriko beste guneak turistifikatu ordez, naturaren kontserbazioa bermatzen duten babes-neurriak hartzeko. Turistifikazioaren gurpil zoroan murgildurik, eragile publikoek hiriko gune naturalen ustiaketa axolagabeari ekin diote azkenaldian. Hiriko ingurumena eta arnasgune naturalak merkaturatzeko prest dauden euskarri sinpletzat kontsideratzen dituzten honetan, balio ekologikoa duten eremuen gaineko presio antropikoa murriztu eta babes osoa bermatzeko neurri eraginkorrak hartzea exigitzen dugu. Udalerriko gune naturalen inbentarioa egiteko; natur-guneen erabilera arautegi integralak eratzeko; narriatutako espazio naturalen lehengoratzea gauzatzeko; eta ingurumenarekiko kontzientziazio jarduerak garatzeko konpromezua eskatzen dugu.    

Orain dugu aukera  erabakiak alde bakarrez, gardentasunik gabe eta interes pribatuen eraginpean hartu ordez, turismo-ereduaren gaineko parte hartzea, eztabaida eta donostiarrek erabakitzeko aukera bermatzeko. Turismo eredu eta jarduerekin zerikusia duten erabaki-hartze prozesuak gardentasun falta eta alderdikeria printzipioetan oinarritu dira orain arte, iritsi kritikoak isilarazi eta erdeinatuz. Donostiarren pentsamolde eta ikuspegien aniztasuna kontuan hartzeko, turismo jarduerak hirian dituen ondorio sozial, ekonomiko eta ekologikoen gaineko behatoki independentea eratzea beharrezkotzat jotzen dugu. Gainera herritarrek eta hiriko gizarte antolatuak beren buruari eragiten dioten erabakietan parte hartze zuzena izateko sistemak eratu behar dira..

Mahai gainean jarritako errezetek lehengo “normaltasuna” berrezartzea bilatzen duten heinean, argi dago krisialdi honek ezer gutxi aldarazi duela batzuen ikuspegia eta jardunbidea. BiziLagunEkin plataformatik ordea, argi daukagu herritarrok itoaldira garamatzan hiri eredua bere osotasunean berrikusiz, desazkunde turistikorantz urratsak emateko garaia dugula eta orain dugula aukera ezin hobea.

https://www.argia.eus/albistea/donostian-orain-dugu-aukera

https://www.berria.eus/paperekoa/1876/019/001/2020-06-10/donostian-orain-dugu-aukera.htm