Donostiarrei deia Turistifikazioaren Aurkako Urrian parte hartzera

Uda amaitu da eta datu turistikoen balantzea egiteko unean gaude. Donostian, EUSTATek argitaratutako datuen arabera, 2024ko uztailean eta abuztuan bisitarien sarrerek, gaualdiek eta eguneko batez besteko prezioek gora egin dute. Beste uda bat errekorra hausten, industria turistikoak ospatzen duen hazkunde etengabean.

Donostiarrok, ordea, ezer gutxi daukagu ospatzeko. Izan ere, gutxi batzuentzat industria hau urrezko arrautzen oiloa da, baina gehiengoarentzat ito egiten gaituen eredu ekonomikoa besterik ez da. Auzo turistikoenetako kaleen masifikaziotik haratago, bizitzaren garestitzea, auzotarren kanporatzea, aisialdiaren elitizazioa, etxebizitza eskubidearen urraketa eta abar lehen begiratuan ikusezinak diren egiturazko arazoak dira eta auzo guztietan hedatuta daude. Hiri osoa turistifikatuta dago eta horri lotutako arazoak dira.

Donostian, bereziki luxuzko turismoaren eragina pairatzen dugu: gero eta eskaintza turistiko esklusiboagoa eta garestiagoa sustatzen da, poltsiko aberatsenak erakartze aldera. Esango digute “kalitatezko turismoa” dela, masifikazioa saihesteko formula; baina guk kalitatezko bizitzak aldarrikatzen ditugu: etxebizitza eskubidea, lanpostu duinak, auzo biziak eta denontzako kultur eta aisialdi eskaintza. Ekonomikoki eta sozialki justua den hiri batean bizi nahi dugu.

Aurtengoa urte berezia da. Turistifikazioaren aurkako mugimendua inoiz baino biziago egon da. Espainiar Estatuan zehar mobilizazio ugari ikusi ditugu. Han eta hemen herritarrak kalera atera gara turistifikazioaren ondorio larriak salatzeko. Mezua argia da: eredu turistiko honen hazkundeak muga guztiak gainditu ditu eta, honen aurrean, desazkunde turistikoaren aldeko neurriak hartzea ezinbestekoa da.

Irailak 27 Turismoaren Nazioarteko Eguna da eta hori ospatzen dute gure bizitzen kontura aberasten ari direnek. Donostian, egun hau aprobetxatu nahi dugu “Turistifikazioaren Aurkako Urria” ekimena iragartzeko. Urrian zehar, hainbat ekintzaz osatutako programa aurrera eramango dugu, hausnarketa, umorea, eztabaida eta aldarrikapenaren bidez desazkunde turistikoaren alde indarrak biltzen jarraitzeko. Urriaren 27an eguerdiko 12etan Alderdi Ederretik aterako den manifestazioak emango dio amaiera ekimenari.

Turistifikazioarekin aberasten eta donostiarrongan kalteak eragiten ari direnei muga jartzeko unea da. Herritarron antolakuntzak eta borrokak soilik ekar dezake hiri-ereduaren aldaketa, beranduegi izan baino lehen. Donostiarrei dei egiten diegu Turistifikazioaren Aurkako Urrian parte hartzera.

Gure bizitzen eta gure hiriaren defentsan, desazkunde turistikoa orain!

IKUSI PROGRAMA