EKIMENAK

“Hau ez da cheesecake bat” Donostia turistifikatuaren kronikak biltzen dituen fanzinea kaleratu du BiziLagunEkin plataformak

44 orrialdeko liburuxkan Donostiaren turistifikazioaren gaiaren alderdi desberdinak jorratzen dira, tonu zorrotza, politikoa eta umorezkoa tartekatuz. Komikiak, denbora-pasak, poesia eta bestelako arte adierazpenak tartekatzen dira hiriaren historiaren eta egoeraren irakurketekin, datu-bildumekin eta iritzi artikuluekin. Fanzineak tresna bat izan nahi du Donostia desazkunde turistikorantz bideratzeko aldarrikapena zabaldu eta hiriak bizi duen turistifikazio prozesuaren gainean hausnarketa kritikoa sustatzeko.

Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak koordinatu eta editatu du auzolanean egindako argitalpena eta hainbat kolaboratzailek egin dute ekarpena bertan, besteak beste Ramon Agirre aktoreak eta Mikel Marrazki komikigileak.

Fanzinea salgai dago 3 euroko prezioan Okendo kaleko Hontza liburu dendan, Parte Zaharreko Ikatz okindegian eta Bizilagunekin plataformak antolatutako deialdi eta ekitaldietan.

Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziapean zabaldu da, beraz, egileak baimena ematen du edozein bitarteko edo formatutan partekatu, kopiatu eta birbanatzeko, nahasteko, eraldatzeko eta orijinalean oinarrituz sortzeko; beti ere, jatorrizkoaren egiletza aitortzen bada, emaitza ez bada xede komertzialetarako erabiltzen eta jatorrizkoaren lizentzia berarekin zabaltzen bada.

Adierazpena: Palestinako herriarekin elkartasuna

SET sareak (Europa Hegoaldeko Turistifikazioaren aurka) Gazako genozidioa eta Israelgo estatu terroristak Palestinan egin duen okupazioa (70 urte baino gehiagokoa) gaitzesten ditu.

Europa Hegoaldeko lurraldeen turistifikazioaren aurkako borroka behetik gorakoa da; lurraldeak ustiatu eta bertako biztanleak esklabizatu eta kanporatzen dituzten inperialismo eta kolonialismoaren aurkakoa. Horregatik, azken hilabeteetan Palestinako erresistentziarekin elkartasunez Europan egiten ari diren mobilizazioetan parte hartzen dugu.

Salatzen ditugu Gaza Israel eta Estatu Batuen menpeko Riviera turistiko bilakatzeko fantasia sionistak. Airbnb eta Booking plataformei boikot egitera deitzen dugu, izan ere, bi enpresa horiek iragarki turistikoak argitaratzen dituzte Zisjordanian legez kanpoko kolonoen asentamenduetan eta aktiboki parte hartzen dute Nazio Batuetako kontalari berezi Francesca Albanesek azken txostenean sionismoaren “okupazio-turismoa” bezala deskribatu duen horretan: «Okupazioaren ekonomiatik genozidioaren ekonomiara».

Palestina, askatasuna!

Bizilagunekin. Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma

SET sarea. Europa Hegoaldea turistifikazioaren aurka

Mundu mailan pentsatu, hemen ekin: gelditu dezagun turistifikazioa

IRAILAREN 27KO TURISMOAREN MUNDU EGUNA: BIZILAGUNEKIN PLATAFORMAREN KOMUNIKATUA

Urtero bezala, Nazio Batuen Erakundeak “Turismoaren Mundu Eguna” bezala izendatu zuen irailaren 27a hurbildu ahala, aukera baliatu nahi dugu turismo jarduerak mundu mailan eta Donostian dakartzan arriskuak eta kalteak azpimarratzeko.

Urteotan Donostian erreakzio herritarra bizi dugu, turistifikazioaren ondorioei erantzun bezala. Ez da bisitariak gaitzesteko kanpaina, ezta hirien iraganarekiko nostalgiaren espresioa ere. Beste gizarte eredu eta beste bizimodu baten aldeko lana da: espazio partekatuen aldekoa, aniztasunaren aldekoa, inor atzean uzten ez duena, bizilagunen ongizatean oinarritutako hiri ereduen aldekoa. Horregatik, ez da leku bakanetan gertatzen, Europa Hegoaldeko lurraldeetan eta munduko beste hamaika gunetan hedatzen ari den mugimendu sarea da, estutzen doana, elkarrengandik ikasten duena, eta aldi berean, nork bere tokian eragiten duena.

Hiriak eta herriak komunitateek eraikitzen dituzte, fisikoki eta sinbolikoki. Bizilagunon eskubidea da bizitoki egokia izatea eta horregatik dihardugu turistifikazio basatitik defendatzen, eta horri lotuta, inposatzen zaizkigun bizi eredu jasangaitzak zalantzan jartzen. Ez da auzi sektoriala. Ez da hirigintza soilik, ez da etxebizitza soilik, ez da ingurumena soilik. Desazkunde turistikoaren aldeko borroka guzti horiez ari da, eta eredu osoa jartzen du auzitan. Kontsumoaren kultura, kapitalaren metaketa, irabazi pribatuaren lehenestea, homogeneizazio kulturala eta egiturazko zapalkuntzak, (arrazakeria, klasismoa, sexismoa) elikatzen dituen merkatu logika dira, besteak beste, gure hiri eta bizitzen desorekaren eragile.

Donostiarron gehiengoa kezkatuta eta nazkatuta dago azken urteetan hirian gertatzen ari denarekin. Turismoak gehiegizko pisua hartu du hiriaren eredu ekonomikoan eta erabat baldintzatzen du espazio publikoa, lan-baldintzak, egoera soziolinguistikoa, ekosistema kulturala, bizikidetza eredua, auzo-giroa eta naturarekiko harremana, besteak beste. Turismo jardueraren hazkundea defendatzea ez da onargarria Donostian bizi nahi dugunontzat. Horren jakitun, turistifikatzaileak kudeatzaile zentzudun mozorroa jantzita zuzentzen zaizkigu azken aldian. Turismo jasangarria, desestazionalizazioa, tasa turistikoa, kalitatezko turismoa eta hamaika trikimailu erabiltzen dituzte, eztabaida funtsezko auzitik desbideratu ahian. Baina guztiek, hiriaren turistifikazioarekin aberasten direnen negozioa bermatzea daukate lehentasun gisa; donostiarron haserrea baretu nahian eskaintzen zaizkigun goxokiak dira, hiri honetan benetan agintzen duten espekulatzaile eta esplotatzaileek gure bizitzak kaltetuz poltsikoak betetzen jarrai dezaten.

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da: gelditu dezagun turistifikazioa. Desazkunde turistikoaren aldeko hautua egin ezean, nekez aurkituko zaio arazoari irtenbidea. Herritarron bizi baldintzak zaintzeko, turistifikazioarekin negozio egiten dutenen boterea mugatu beharko dugu; eta turismoak hirian hartu duen pisua eta zentralitatea murrizteko estrategia integrala martxan jarri. Trantsizio adostu eta ordenatua da biderik desiragarriena: enpresak, langileak, hiri-espazioa, kultur eskaintza eta abar desazkunde turistikorantz eraldatzeko plana egin eta aurrera eramatea. Bestela, turismoarekiko gehiegizko dependentzian bizitzeak kolapso turistikoaren ondoriozko desazkundea pairatzeko arriskuan jartzen gaitu donostiarrak. Ulertu dezagun gertatzen zaigun eta egiten digutena; antolatu gaitezen eta aktibatu gaitezen; ekin eraldaketari!

[2025/09/26, Ilunki Elkartea] Turistifikazioaren aurkako festa

Nazio Batuek Turismoaren Mundu Eguna irailaren 27an finkatu zuten. Desazkunde turistikoaren aldeko mugimenduok, Donostian eta beste hainbat lurraldetan, aukera baliatzen dugu urtero turistifikazioaren kalteak salatzeko eta egun horretan kolapso turistikoaren arriskua nabarmentzeko. Aurten, irailaren 26 ostiralean, Turismoaren Mundu Eguna aitzakia hartuta, Donostiako Amara Berri auzoko Ilunki Elkartean festa bat ospatuko dugu arratsaldeko 18:30etik aurrera: Turistifikazioaren Aurkako Festa. Donostiako bizilagunei gonbita luzatzen diegu giro atseginean elkartzeko, desazkunde turistikoaren aldeko ekimenen berri elkar trukatzen dugun bitartean.

Ekimenaren baitan bi aurkezpen berezi egingo dira. Alde batetik, Hau ez da cheesecake bat fanzinea plazaratuko da, Donostiaren turistifikazioa eta, orokorrean, turismoaren logika aztertzen eta kritikatzen duen argitalpena, honen lepotik irri egiteaz gain. Bizilagunekin plataformak eta hainbat kolaboratzaile eta sortzailek ondutako fanzinea da; testuak, komiki-tirak, datuak eta denbora-pasak ditu bere baitan, besteak beste.

Beste alde batetik, hitzordua baliatuko da urriaren 24an eta 25ean Donostian egitekoak diren Desazkunde Turistikoaren Aldeko Euskal Herriko Topaketak aurkezteko (www.labur.eus/turistopaketak). Hiri eta lurralde desberdinetako kideek elkarlanean bultzatutako topaketa hauen planteamendua, helburuak eta egitaraua aurkeztuko dira festan. Desazkunde turistikoaren aldeko herritarren eta eragileen saretzean mugarri bat ezarriko du.

Aurkezpenez gain, festan mojitoak, janaria, musika eta hainbat sorpresa eskainiko dira bertaratzen direnek giro alai eta parte-hartzailean gozatzeko.

CIUDAD CLICKBAIT liburuaren aurkezpena [2025/09/11, 19:00, San Jeronimo kaleko Kripta]

Irailaren 11n, arratsaldeko 7etan, Parte Zaharreko San Jeronimo kaleko Kriptan CIUDAD CLICKBAIT liburuaren aurkezpena antolatu dugu Bizilagunekin eta Manteo Bizirik plataformek. Vicent Molins idazlea arduratuko da liburuan lantzen diren edukiak aurkezteaz. Donostian azken urteetan gertatzen ari dena, egiten ari zaizkiguna, ulertzeko gakoak bilatzeko balio dezake liburuak. Horregatik, desazkunde turistikoaren eta bestelako hiri-ereduaren aldeko herritar orori aurkezpenera etortzeko deia egiten diogu.

Dekoratu bihurtutako auzoak, Airbnb-ak eta apartamentu turistikoak ugaritzen direnak; gabonetako argiekin obsesionatutako alkateak, titular deigarrienaren bila; Europako «Sillicon Valley» bilakatzea amesten duten hiriak; turista tropelak kaleak gainezkatzen; hiriak influencerrak balira bezala kudeatzen dituzten politikariak, modan jartzeko irrikaz daudenak; ustez auzokoen ekonomiari mesede egiten dion erakarmenaren bila dabiltzan udalerriak… Azken batean, marka bihurtutako hiriak, hiritarrenak izateari uzten diotenak.

Ciudad Clickbait-en, Vicent Molins geografo eta kazetariak gure hirien aro berria aztertzen du, eta, puntu kritiko honetara eraman gaituzten egiturazko arrazoi ekonomiko, politiko eta sozialak aztertzen ditu. Noiz eta nola utzi zioten bizilagunen zerbitzura egoteari? Alegatu horrek, begirada zorrotz bezain dokumentatu batetik, herritarrek kalean jasaten dituzten ondorioen salaketa gisa funtzionatzen du: turista uholdeak, higiezinen merkatu jasanezina eta nortasunik gabeko gune historiko despertsonalizatuak azkenean bizilagunak kanporatzen dituena.

Gaurkotasun handiko saiakera honek non gauden eta nora goazen hausnartzera gonbidatzen gaitu, eta hainbat galdera kezkagarri jartzen ditu mahai gainean: jarrai al dezakete hiriek beren buruari hiri deitzen, beren ekintza guztiak joan-etorrian dabiltzanen beharrak eta nahiak asetzera soilik bideratzen badira? Eta, batez ere, zer geratuko da haiekin ikuskizuna amaitzen denean?

https://www.barlinlibros.org/ciudad-clickbait

SET sarearen komunikatua ekainaren 15eko mobilizazioen ondoren

GERO ETA GEHIAGO, GERO ETA HOBETO ANTOLATUTA: GURE BIZIMODUEN ALDE, TURISTIFIKAZIOAREN AURKA

Joan den ekainaren 15ean, Europa Hegoaldeko Turistifikazioaren aurkako saretik koordinatuta hainbat mobilizazio egin ziren: hamarnaka mila pertsonak mobilizatu ziren hamar lurralde baino gehiagotan, biztanleak kanporatzen eta prekarizatzen dituen eta lurraldeak eta planeta txikitzen dituen monolaborantza turistikoa errefusatzeko, eredu ekonomiko guztiz bidegabean premiazko aldaketak eskatzeko.

Bartzelona, Kantabria, Kordoba, Donostia, Eivissa, Granada, Genoa, Lisboa, Menorca, Napoli, Palma, Venezia… kaleak manifestazio handiekin, ekintza sinbolikoekin eta salaketa eta eztabaida ekintzekin bete ziren. Leku bakoitzean bere berezitasunekin, bere testuinguruaren eta bere unearen arabera, baina guztiek ideia nagusi berarekin: Europa Hegoaldea azken hamarkadetan jasaten ari den turistifikazio-prozesua geldiarazteko eta lehengoratzeko beharra; eredu ekonomikoa eraldatzeko beharra; hiriak, lurraldeak eta bizitzeko planeta bat izateko.

Turistifikazioaren aurkako Europako hegoaldeko sarea 2018an sortu zen, eta orain arte elkarri laguntzeko eta ikasteko gunea izan da. Aurretik ere mobilizazio koordinatuak egin izan ditu, askotan Turismoaren Munduko Eguna zela eta. Baina 2025 honetan, iaz Europa hegoaldeko hainbat lekutan izandako mobilizazio historikoen ondoren, sarea bere benetako potentziala erakusten hasi da.

Aldi berean modu koordinatuan mobilizatzeak, batzeko ez ezik, gure ahotsak biderkatzeko aukera eman digu, borroka-koru indartsu batean. Eta ez gaude bakarrik. Gero eta jende gehiagok ulertzen du turismo-eredu hau ez dela aurrerabidearen sinonimoa; kanporatzearena, prekarietatearena eta suntsipenarena baizik.

Zentzu komuna aldatzen ari da: turismoaren mitoa salbazio ekonomiko gisa amaitu da. Gure bizitzan ikusten duguna — eta sufritzen duguna —oso bestelakoa da: etxebizitza izateko eskubidea galtzea, bizilagunez hustutako auzoak, gero eta lan prekarioagoak eta deshumanizatzaileagoak, bizitzaren garestitzea, lurraldea suntsitzea, oinarrizko baliabideak saturatzea, eta baita gure eguneroko mugikortasuna mugatzea ere. Dena gutxi batzuei bakarrik mesede egiten dien eredu bati eusteko.

Horregatik gara gero eta gehiago. Ahotsa altxatzen duten pertsona gehiago, antolatzen diren kolektibo gehiago, erresistentzian dauden lurralde gehiago. Turistifikazioak gutxi batzuek hautemandako arazoa izateari utzi dio: belaunaldiak, eskolak eta lurraldeak zeharkatzen dituen kezka orokortu bihurtu da. Eta hau hasi besterik ez da egin.

Nonahi ikusten dugun egoera dela eta, ekintza eta mobilizazio gehiago izango dira uda honetan bertan han-hemenka, zalantzarik gabe. Eta, era berean, litekeena da irailaren 27an turistifikazioaren aurkako ekintzak egitea, Turismoaren Munduko Eguna dela eta. Turistifikazioaren aurkako borroka hazten, hedatzen eta antolatzen ari da. Gure bizitzek beren irabaziek baino gehiago balio dutelako.

Ez onartu hiriaren salerosketa, ez irentsi itxurakeriaren amua

Azken urteotan Donostian gero eta ozenago entzuten ari gara bizilagunen ahotsa: turistifikazioa gure hiria itotzen ari da. Joan den ekainaren 15ean, ehunka donostiar atera ginen berriro kalera gure bizi-baldintzak eta bizimoduak defendatzera. Jendartearen eta auzoen beharrak mahai-gainean jartzeko nahiaren beste adierazpen bat izan zen.

Donostia bisitariekin negozio egiten duen makineriaren menpe dago. Sustapen turistikoak eta etxebizitzak euren bizileku funtziotik urruntzen dituzten espekulazioak edo ostatu-erabilerek garestia zena ordaindu ezinezko bihurtu dute; etxebizitza larrialdi soziala eragin dute eta donostiar ugariren bizi-proiektuak gogor kolpatu dituzte. Ehundaka gaztek eta bizilagunek Donostia utzi behar izan dute, eta horrek gure auzoetako ehun sozialean min handia egiten du. Turistifikazioaren ondorioak ez dagozkio ondorio ekonomikoei soilik: hiriko kaleak, gure harremanak, mugikortasuna eta kultura ere merkatuaren zerbitzura jartzen ditu, komunitatearen kohesioa eta dinamismoa elikatu beharrean.

Honen aurrean, erakunde publikoen erantzun bakarra hitz ederrez eta neurri sinboliko murritzez osatutakoa da. Orain turismo eredu “integratzailea, jasangarriagoa, onuragarriagoa, gobernantza kolaboratiboan oinarritua, adimentsua eta iraunkorra” omen dakarkigute. Gainezka egiten dute hitz iradokitzaile zehaztasun gabeek turismoari buruzko dokumentu ofizialetan. Baina auzia zera da: prest al daude turistifikazioarekin aberasten ari direnen negozioari mugak jartzeko, donostiarron hobe beharrez? Prest al daude desazkunde turistikoaren bidea hartu eta turismo jarduerak Donostiako hiri-ereduan duen gehiegizko pisua murrizteko neurriak ezartzeko? 

Ez doa norabide horretan etxebizitza turistikoen kopurua bere horretan mantentzea; Loiu eta Hondarribiko hegaldien ugaritzea; turismoa sustatzeko azoka, kanpaina eta ordaindutako prentsa erreportajeak finantzatzea; komunitatearen premien gainetik turismoaren azpiegiturei lehentasuna ematea; Bruce Springsteen kontzertuetarako dirutza publikoa inbertitzea; edo 2030eko Munduko Futbol Txapelketa hirira ekartzea, adibidez.

Besteak beste, azken asteetan tasa edo zerga turistikoaren gaineko propaganda ekintza koordinatua pairatu dugu. Eztabaida urtetan luzatu da, ezarpenaren kontra dagoen industria turistikoaren mesedetan. Dena den, kontua da, zerga turistikoak ez duela turismoaren hazkundea zalantzan jartzen. Ziurtzat jotzen da turismoak gure eredu ekonomikoan duen pisuak hazten jarraituko duela, eta horrek eragiten dituen kalteei erantzuteko beharra betikotu egingo dela. Egoera eramangarriago egin nahi digute, edo protestarako arrazoiak konpentsatu, nolabait. Tranpa bat da. Turistifikazioaren kalteak egiturazkoak dira eta, beraz, egiturazko aldaketaren bidez soilik jar diezaiekegu amaiera.  Desazkunde turistikoaren norabidea hartu bitartean, ez da emango gehiengoaren beharren araberako hiri-eredura aldaketa.

Hiri eredu aldaketak eskatzen du ohartzea komunitate-harremanak eta dinamismo soziala direla Donostiaren eta donostiarron ondare eta ondasun handiena. Horrek esan nahi du auzoetako bizilagunei eta oinarri sozialeko taldeei, lehenik, errespetuz tratatzea. Jendartearen aldeko edonolako jardueratan dabilenari hitza ematea, babesa eskaintzea eta baliabideak bermatzea. Desazkunde turistikoak hiria donostiarron zerbitzura jar dezake berriro, bizilagunon arteko loturak sendotuz eta itxurakeria komertzialetatik harago, bere benetako nortasuna indartuz. Hiriko eta auzoetako bizitza erraztu eta bultzatu behar dugu, behetik gora. Kaleak eta plazak kontsumorako soilik ez; ibiltzeko, jolasteko, atseden hartzeko eta elkar ezagutzeko gune bihurtzea da helburua. Eta hau ez da sinbolikoa soilik; egiturazko aldaketa da, eta behar-beharrezkoa.

Donostiako borroka hau ez da bakarra: Europa Hegoaldeko hiri askotan ere badabil antzeko erreakzioa eta norabide aldaketarako grina. Aspaldi turismoa pagotxatzat jotzen zen hainbat lekutan mugara iritsi gara. Eta galdera garbia da: zer nahi dugu gure hirientzat? Inbertsiogileen irabazietarako eta kontsumo masiborako moldatutako resorta izan nahi dugu? Ala zaintzan, ekonomia orekatuan, kulturan eta komunitate-loturetan oinarritutako ekosistema soziala? Gure aldetik, erantzuna ere garbia da: desazkunde turistikoa orain! Eutsi diezaiogun aldarrikapenari; antolatu gaitezen bizilagunekin; eraiki ditzagun alternatibak.

https://www.argia.eus/albistea/ez-onartu-hiriaren-salerosketa-ez-irentsi-itxurakeriaren-amua

https://irutxulo.hitza.eus/komunitatea/kideak/bizilagunekin-2-ez-onartu-hiriaren-salerosketa-ez-irentsi-itxurakeriaren-amua/

https://www.berria.eus/iritzia/artikuluak/ez-onartu-hiriaren-salerosketa-ez-irentsi-itxurakeriaren-amua_2145268_102.html

2025.06.15 Manifestazio amaierako testua, argazkiak eta prentsa

Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu!

Turismoaren industria kontrolik gabe hazten ari da, eta gure hiria gero eta bizi-ezinago bihurtzen du. Donostian, azken urteetan, turistifikazioa izugarri azkartu da. Ondorioz, gure eguneroko bizitza, etxebizitza, ingurunea eta kultura kolokan daude.

Manifestazioa Donostiako Parte Zaharreko kaleetatik

Turismoaren hazkundeak etxebizitza larrialdia areagotu du. Pisu turistikoen ugaritzeak eta bigarren etxebizitzen gorakadak alokairuak garestitu dituzte. Jende askok bere auzoa utzi behar izan du. Administrazioek ez dute herritarren alde jokatu; pisu turistikoen jarduera baimendu dute, hotel berrientzat 50 lizentzia eman dituzte 10 urtean, ez dute mugatzen denboraldiko alokairua, ez dituzte zigortzen bigarren etxebizitzak eta eraikuntza berriak bultzatzen dituzte, baina babes publikoko etxebizitza gutxiegirekin. Etxebizitza ez da merkantzia izan behar, eskubide bat baizik.

Klima larrialdia eta ingurumenaren hondamendia benetako arazoak dira. Turismoak ingurunea kaltetzen du: mendiak, hondartzak eta naturguneak arriskuan daude. Aire trafikoaren hazkundea eta garraio kutsakorrak mugatu egin behar dira; eta turismoarentzako azpiegitura berriak egiteari utzi. Naturaren eta pertsonen arteko oreka berreskuratu behar dugu.

Turistifikazioak espazio publikoa ere aldatzen du. Kale eta plazak kontsumorako eszenatoki bihurtzen dira. Tokiko merkataritza desagertzen doa, frankizien mesedetan. Espazio publikoa jolasteko, atseden hartzeko edo harremanak izateko behar dugu, ez bisitarientzako erakusleiho gisa.

Gure kultura eta hizkuntza ere kaltetuak dira. Euskarari balio sinbolikoa soilik aitortzen zaio eta kultura ikuskizun huts bihurtzen da. Hiria merkatu globalera egokitzen da, bertako izaera galduz. Gure bizimodua ez da produktua: komunitate bizia gara.

Turistifikatutako hirian areagotu egin dira bazterkeria eta desoreka ekonomikoak, eta horien atzean dagoen egiturazko indarkeria ezkutatu egiten da arrakastatsu gisa aurkezten den hiri-ereduaren azpian. Lanpostu turistikoak prekarioak dira, eta kolektibo ahulenek jasaten dute gehien: emakumeek, migratuek eta gazteek. Hiri turistiko “ederrean” pobrezia ezkutatu eta kanporatu nahi da. Hiria luxuzko resort bihurtzen da, bertakoak kanporatuz. “Kalitatezko turismoa” aitzakia da aberatsen beharrei lehentasuna emateko.

Jone Laspiur aktorea manifestazio amaierako testua irakurtzen

Eredu hau jasanezina da. Desazkunde turistikoa behar dugu. Turismoak ez du gehiago hazten jarraitu behar. Lehentasunak aldatu behar ditugu: zaintza, kultura, nekazaritza, industria, ikerketa, ekonomia komunitarioak… Herritarren bizi-baldintzak lehenetsi behar dira.

Hiria komunitateak egiten du. Elkarteak, auzo mugimenduak eta herritarren antolakuntza funtsezkoak dira. Haien ahotsa entzun, errespetatu eta zabaltzea ezinbestekoa da.

Donostiarroi dei egiten diegu: antola gaitezen, borroka dezagun gure hirian bizitzeko aukera izateko.

Turistifikazioari stop! Desazkunde turistikoa orain!

KRONIKA ETA ARGAZKIAK Irutxuloko Hitzan

https://cadenaser.com/nacional/2025/06/15/miles-de-personas-salen-a-las-calles-en-europa-en-contra-de-la-turistificacion-cadena-ser

https://cronicavasca.elespanol.com/economia/20250615/cientos-personas-protestan-san-sebastian-turistificacion-vivienda/1003742666097_0.html

https://elpais.com/economia/2025-06-15/miles-de-personas-se-echan-a-la-calle-en-varias-ciudades-de-espana-contra-la-turistificacion.html

https://michaelwest.com.au/news/demos-decry-overtourism-in-spain-portugal-and-italy

https://news.reuters.com/world/protesters-against-overtourism-take-streets-southern-europe-2025-06-15

https://news.sky.com/story/anti-tourism-protests-break-out-in-spain-italy-and-portugal-13384020

https://oem.com.mx/elsoldemexico/mundo/marchan-en-espana-contra-el-turismo-masivo-que-encarece-la-vivienda-24261624

https://omni.se/tusentals-demonstrerar-mot-massturism-i-europa/a/4B4WKV

https://www.diariodenavarra.es/noticias/actualidad/nacional/2025/06/15/protesta-san-sebastian-turismo-masivo-impacta-emergencia-habitacional-650954-1031.html

https://www.eitb.eus/es/noticias/sociedad/detalle/9993995/una-manifestacion-en-donostia-denuncia-situacion-critica-de-ciudad-en-manos-de-turistificacion

https://www.eldiario.es/catalunya/decenas-miles-en15-personas-manifiestan-ciudades-europeas-exigir-decrecimiento-turistico_1_12385718.html

https://www.eldiario.es/catalunya/decenas-miles-en15-personas-manifiestan-ciudades-europeas-exigir-decrecimiento-turistico_1_12385718.html

https://www.eldiario.es/euskadi/manifestacion-donostia-exige-parar-turistificacion-pide-medidas-modelo_1_12386695.html

https://www.eldiario.es/politica/protesta-donostia-turismo-masivo-impacta-emergencia-habitacional_1_12386691.html

https://www.elindependiente.com/espana/2025/06/15/cientos-de-personas-protestan-contra-el-turismo-masivo-en-barcelona-granada-y-san-sebastian/

https://www.huffingtonpost.es/sociedad/miles-personas-manifiestan-diferentes-ciudades-espanoles-turismo-masivo.html

https://www.jornada.com.mx/noticia/2025/06/15/mundo/el-sur-de-europa-sale-a-la-calle-contra-el-turismo-masivo-y-depredador

https://www.lasexta.com/noticias/sociedad/cientos-personas-san-sebastian-barcelona-granada-protestan-turismo-masivo_20250615684ee225cf3ee62af1e6bcfe.html

https://www.naiz.eus/en/hemeroteca/gara/editions/2025-06-16/hemeroteca_articles/donostia-se-echa-a-la-calle-contra-la-turistificacion

https://www.naiz.eus/es/info/noticia/20250615/los-efectos-de-la-turistificacion-denunciados-en-una-manifestacion-en-donostia

https://www.ondavasca.com/cientos-de-personas-claman-contra-el-turismo-masivo-en-donostia-barcelona-y-granada

https://www.publico.es/sociedad/cientos-personas-protestan-turismo-masivo-san-sebastian-barcelona-granada.html

https://www.reuters.com/world/protesters-against-overtourism-take-streets-southern-europe-2025-06-15

https://www.rtve.es/noticias/20250615/miles-personas-se-manifiestan-barcelona-palma-san-sebastian-granada-contra-turismo-masivo/16626071.shtml

https://www.theguardian.com/news/2025/jun/15/campaigners-mount-coordinated-protests-across-europe-against-touristification

https://www.nytimes.com/2025/06/15/travel/europe-tourism-protests.html

https://www.donostitik.com/cientos-de-personas-marchan-contra-la-turistificacion-en-donostia/

https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/9994001/donostian-egindako-manifestaldi-batek-hiriaren-turistifikazioak-eragindako-egoera-kritikoa-salatu-du