Gune Irekiak elkarteko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari diren Xavier Minguez, Julen Izagirre eta Imanol Mozok aztertu dituzte Donostia-ko herritarrek turismoaren eta hirirako eskubidearen gainean dituzten hautemateak.

Hiriko hainbat auzo-elkartek eta gizarte-mugimenduk osatzen duten Donostia Defendatuz koordinadorak Udalaren azken hilabeteetako hainbat jarduera larri salatu nahi ditu. Hori dela eta, Udal gobernuko arduradunei jendaurreko agerraldi publikoa egin dezatela eskatu eta herritarrei datozen aste eta hilabeteetako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu.
Donostiako gaur egungo hiri ereduak gutxiengo batzuei mesede egitea du norabidetzat; gehiengoaren bizi baldintzak, ordea, zenbait sektore pribilegiaturen etekinen arabera gibelatzen dira. Udal Gobernuak espekulazioarekin, turismoarekin eta luxuarekin negozioa egiten duten jardueren alde hartutako erabakiak bata bestearen atzetik datoz, hiria turistifikazio prozesu basatian murgilduz, etxebizitza larrialdia areagotuz eta herritarrak beren auzoetatik kanporatuz, hiriko ondare arkitektonikoa eta naturala deseginez, gune berdeak txikituz, merkataritza txikia itoz, eta hiriko ehun soziokulturala galduz. Politika horren ondorioak gero eta larriagoak dira eta donostiarron gehiengoak pairatzen ditu egunero-egunero. Gure hiria gero eta bizi-ezinagoa bihurtzen ari da.
Ildo honetan, donostiarron beharrekin zerikusirik ez duten hainbat proiektu eta operazio urbanistiko bultzatzen eta inposatzen ari direla salatzen dugu, interes orokorrari eta herritarren ahotsari muzin eginda:
Donostia Defendatuzen ustez, jarduera kaltegarri hauek denak Udal Gobernuaren politika iraunkorraren erakusgarri dira. Alegia, ez dira arazo puntualak, baizik eta hirian nozitzen dugun arazo orokor eta endemiko baten ondorio eta adibideak. Aurrekontu publikoa eta udal erakundeak sistematikoki interes ekonomiko partikularren alde jarriz, Donostia modu arriskutsu eta atzeraezinean saldu nahi dutenaren erakusle dira.
Horregatik guztiagatik, Donostia Defendatuz koordinadorak:
Herritarren bizitzak erdigunean jarriko dituen hiri-ereduaren alde egiten dugu, eta ez dugu onartzen gure hiriarekin egiten ari direna, asko baita jokoan duguna. Donostia ez dago salgai!
Atxikitako erakundeak:
Hilabeteak dira Donostiako leku zentral eta ederrenetako batean, Kontxara begira, Robert De Niro aktoreak sustatutako 5 izarreko luxuzko hotelaren irekiera iragarri zigutela, bere distira eta ponperia guztiarekin. Ordutik bertako eta kanpoko hedabide ugaritan ikusi ditugu hotel berriaren sustapenerako publi-erreportajeak. Hamaika pertsona, erakunde eta ekitaldi ezagunen izena hotelarekin erlazionatuta aurkitu dugu; turistifikazio elitizatzailearen isla den proiektu honekin lotuta.
Bitartean hiriko bizitza gobernatzeko eta donostiarrak politikoki ordezkatzeko ardurari erantzun behar lioketen erakundeetan jokaera onartezinen kate bat gertatzen ari zen. Turistifikazioaren ondorioei neurria hartzeko ustezko borondatea lau haizeetara zabaltzen duen antzezlaneko aktoreak, udal arduradunak, arauei errespeturik ez dieten negozio milioidunen sustatzaileen konplize izan dira, beste behin. Nobu hotelarekin gertatzen ari dena oso larria da eta arduradun zehatzak ditu.
2023ko urtarrilean, maiatzean, abuztuan eta irailean jaso ditu udalak Nobu hotelaren eraikuntzan ematen ari ziren arau-hausteak agerian jartzen zituzten salaketak. Besteak beste, hotela 2023ko Aste Nagusian zabaldu aurretik, eraikina altuera handiagoan berreraikitzen ari zirela eta baimenik gabeko tximiniak ezarri zituztela salatua izan zen, beharrezko froga grafikoz hornituta. Azaroan hiriko ondare arkitektonikoaren zaintzan eta defentsan diharduen Ancora elkarteak egoera salatzen duen idatzia errejistratu du Udalean eta publikoki aireratu du auzia. Agerian geratu ostean, Udalak hotelaren itxiera agindu du. Ancoraren idatziak oso ondo azaltzen eta dokumentatzen ditu urraketa guztiak.
Baina ondare arkitektonikoaren ikuspegitik egindako txikizioez gain, araudiarekiko jokaera da nabarmentzekoa. Jarduera-baimenik gabe hotela irekita zegoela begi bistakoa zen. Hirigintza sailaren esku zeuden salaketa guztiak eta Hirigintza zinegotzia hotela ireki zuen momentutik jakitun zen baimenik gabe ari zirela. Alkatea berak eta beste hainbat zinegotzik hotelean egindako ekitaldietan parte hartu dute, baimenik gabe zabalik eta negozio egiten ari zen hotelean. Eta jokaera lotsagarri hori ilustratzen duten argazkiak denok ikusi ditzakegu.
Gaia publikoki salatu den arte, hirigintza zinegotziak eta alkateak ez dute neurririk hartu. Eta, berriz diogu, egoeraren jakitun ziren hasieratik. Herritarrak mugitu dira hiriaren interes orokorra defendatzeko, eta horrek soilik behartu ditu udal arduradunak itxiera agintzera. Hirigintza eta lurzoruari buruzko 2/2006 Legeak 225.4.b) artikuluan dio “Erantzukizuna izango dute lurralde-antolamenduan eta hirigintzan eskumena duten toki-erakundeetako kideek eta agintariek, gauza hauek egiten dituztenean: (…) b) Ezkutuko ekintza edo jarduerak eta hirigintzako arau-hausteak ikuskatzeko, babesteko, konpontzeko eta zehatzeko ahalmenez ez baliatzea.”
Oso larria da gertatutakoa. Izan ere, itxiera-agindua abuztuan bertan sinatu zezaketen arren, turismo denboraldiaren garai emankorrenean negozioarekin jarraitzea baimendu diote hotel ilegalari. Kontuan izanda gauek 800 eta 1800€ artean balio duten 20 gelarekin lan egiten duela hotelak, ehundaka milaka euroko diru-sarrerak eskuratu ahal izan dituzte hiru bat hilabetean zehar.
Hotela itxi egin dute oraingoz, ez duelako lehen erabilerarako baimena eskuratu. Diru-sarrera hori eten egin diote. Baina, zigorra eta isuna merezi duten arau hauste larriak egin dituzte hotelaren sustatzaileek: babestutako arkitektura osagaiak nabarmen kaltetu, errejistratutako proiektuari ez jarraitu eta altuera igo, tximiniak ezarri, jarduera gabe aritu… Horrek guztiak isuna merezi du. Baina oraindik ez zaio zigor-espedienterik zabaldu. Hirigintza eta lurzoruari buruzko 2/2006 Legearen 226.4. artikuluak dio “Arau-hausteak inola ere ezingo dio ekarri onura ekonomikorik arau-hausleari. Beraz, arau-haustea egiteak onura ekonomikorik ekarri badu edo badakar, lortutako onura ekonomikoaren guztizko zenbatekoa gehituko zaio zehapen ekonomikoari”. Zigor handiak jaso beharko lituzke, beraz, Nobu hotelak, hirigintza araudiari erreparatuta.
Salatzen dugu Udalak utzi egin duela arau hauste hau gertatzen. Informazio guztia eskura izan arren, Nobu hotelaren delituekin konplizitatez jokatu duela.
Salatzen dugu hotelaren sustatzaileen aldetik, Mirakontxa erdian, babestutako eraikin batean, honela jokatzeak donostiarroi errespeturik ez izatea dela. Herritarroi barre egiten saiatzea da.
Larria bezain tristea izan arren, Udal arduradunek luxuarekin eta glamourrarekin txundituta jokatzen dutela da hipotesirik baikorrena. Edozein kasutan, donostiarron interesak bigarren mailan utzi dituztela, behintzat, agerikoa da. Ez da lehenengo aldia turismo jarduerarekin lotutako negozio proiektuetan ikuskapen faltarekin batera gertutasuna publikoki agertzen dutena.
Eskatzen dugu Udalak hotelaren sustatzaileei egindako arau hauste guztiekiko neurriko zigor ekonomikoa ezartzea: hilabete hauetan ilegalki eskuratutako diru-sarreren kopuruaz gain, ondareari egindako kaltea eta balizko lehengoratzea estaliko dituena, gutxienez.
Eskatzen dugu Udalak aurrerantzean arau guztiak betetzen dituela frogatu eta bermatu arte ez baimentzea inongo negozio-proiekturi jarduerarik; ez ofizialki, ez de facto.
Dei egiten diegu donostiarrei gure hiria eta gure bizitzak kaltetzen dituen turistifikazioaren aurka aktibatzeko eta antolatzeko, denetariko elkarte eta ekimenetan parte hartuz. Donostia berreskuratu behar dugu turismo jarduerarekin aberasten ari direnen eskuetatik eta beren mesedetan gobernatzen dutenengandik. Donostia desazkunde turistikorantz bideratzea premiazkoa da.
MANIFESTAZIO AMAIERAN IRAKURRITAKO TESTUA:
Eguerdi on,
Gutxi batzuen etekin gosea kalte handiak eragiten ari da hiri eta lurralde askotako biztanlerian. Mundu osoan hamaika talde ari gara turistifikazioaren kontra, bizilagunen eskubideak, gure lurraldeak eta gure bizitzak defendatzen elkarte eta taldeetan antolatuta.
Urria hasieran “Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa” egin zen hemen, Kursaalean. Bihartik aurrera, berriz, Turespaña konbentzioan bilduko dira turistifikazioa gidatzen duten erakunde publiko eta pribatuak. Ekitaldi hauek gure hirian egitea ez da kasualitatea. Azken urteetan turismoaren jardueraren bidez negozioak egiteko gune bezala nabarmendu da Donostia. Turistifikazioari “barra libre” eman zaionez, hiriak inbertsiogile, multinazional, espekulatzaile, esplotatzaile, oportunista eta putreak erakarri ditu.
Izan ere, azken urteetan ikusi ditugu kaleak betetzen, hiri-espazioa turismo-negozioen mesedetan eraldatzen, prezioak garestitzen, auzoak bizitoki bezala zailtzen eta bisitaleku soil bihurtzen, etxebizitzak ordaindu ezinezkoak izatera pasatzen, natur guneak atrakzio gisa erabiltzeko proiektuak, merkataritza txikia hilzorian, ondare arkitektoniko eta kulturala arriskuan, euskara apaingarri huts izatera bultzatua eta ehundaka edo milaka donostiar, beren bizi proiektua bertan gauzatu ezinik, kanporatuak izan direla.
Donostiaren turistifikazioa ez da zerutik erori; erakunde publikoak turismoaren negozioarekin aberasten direnen esanetara daude. Turismoaren hazkundeak eragindako kalteak ukatzen zituzten, hasieran. Donostiarrak erabat kezkatuta eta gogaituta daudela ikusi dutenean, ordea, antzerkiari ekin diote. Turismo jasangarriaz mintzo dira, neurriak hartzen ari direnaren errelatoa egin beharra sentitzen dutelako orain. Ez da sinesgarria. Pisu turistikoen eta hotelen irekiera erregulatu dute, gehiago ireki daitezen ateak zabalik utziz. Tasa turistikoaren inguruan bueltaka jarraitzen dute, ezkutatuz zertarako baliatu nahi duten bildutako dirua eta aitortu gabe ez lukeela turisten etorrera gutxituko. Desestazionalizazioa eta deszentralizazioa saldu nahi dizkigute formula magiko bezala; baina turismo masiboa auzo guztietara eta urte osora zabaltzea eragingo dute horrekin. Hipokrisia eta faltsukeria ariketa bizi dugu. Donostiarron haserrea baretzeko operazioa da. Baina turismoaren pisua gutxitzeko neurri eraginkorrik ez hartzeko estrategiari eusten diote. Horren erakusgarri lehengo astean Japoniara egindako bidaia.
Turismo jarduerak hirian gehiegizko bolumena eta pisua hartu du. Desazkunde turistikorantz bideratu ezean, sortzen dituen kalteek handitzen, iraunkortzen eta atzera ezinezko bihurtzen jarraituko dute. Promozio turistikoa zerora murriztu behar da; etxebizitzaren alokairuen prezioak mugatu; pisu turistiko eta hotel gehiago irekitzeko aukerak ezabatu eta gaur egungoak murrizteko prozesua abiatu; ondare natural eta arkitektonikoaren babeserako neurriak indartu behar dira; espazio publikoa bertakoen bizitzen beharretara egokitzeko eraldatu; auzoetako bizitza komunitarioa sustatzeko politikak gauzatu behar dira…
Erakunde publikoei eskatzen diegu herritarrei hitz egiten uzteko eta adi entzuteko. Turismoaren eraginen gaineko eztabaidari ateak zabaldu behar zaizkio. Marra arriskutsu bat gainditu dugula onartu behar dute. Eta donostiarron bizi baldintzak babesteko, desazkunde turistikorantz trantsizio prozesua abiatu behar dugu. Adostutakoa eta progresiboa, baina irmoa aldi berean.
Donostiarrak kokoteraino gaude eta hiri eredua aldatu nahi dugu. Ez etsi, lagunok! Ez bihurtu ikusle pasibo- Dena ez dago galduta. Dena ez da hauteskundeetan jokatzen. Gure hirian eta gure bizitzez ari gara. Donostia salduz aberastu nahi dutenak geldiarazi behar ditugu. Bildu gaitezen hiri eredu desorekatu eta bidegabe honen aurrean piztu diren borroketan, auzogintzan eta turistifikazioari erantzuten. Gehiegi da jokoan dagoena, galtzen uzteko.
Animo eta aurrera! Turistifikazioari stop! Donostia ez dago salgai!
https://www.argia.eus/albistea/turistifikazioaren-aurkako-manifestazio-jendetsua-egin-dute-donostian
https://www.rtve.es/play/videos/telediario-fin-de-semana/15-horas-22-10-23/6995025/ (37:35)
Bizilagunekin plataformak manifestazioa deitua du urriaren 22 igandean eguerdiko 12etan Alderdi Ederretik abiatuta, Turistifikazioaren Aurkako Urrian antolatutako ekintzen artean. Mobilizazio honen helburua da Donostiaren turistifikazioari stop esan eta desazkunde turistikoaren beharra aldarrikatzea. Hiriko denetariko ia 30 elkarte eta taldek babesa eman diote manifestazioari eta bertan parte hartzera dei egin dute. Turismo jardueraren gehiegizko hazkundeak erabat baldintzatzen du hiri-eredua eta horren froga da manifestazioari atxikimendua eman dioten taldeen aniztasuna: auzo elkarteak, gazte taldeak, feministak, sindikatuak, ekologistak, elkartasunekoak, ondare arkitektonikoaren babesekoak…
Indar guztia hauek bilduta donostiarroi deia berresten du Bizilagunekin plataformak. Gure bizi baldintzak kaltetzen ditu epe motzeko ikuspegian eta negozio pribatuen logikan sustatzen ari diren Donostiaren turistifikazioak. Desazkunde turistikoaren norabidea hartu eta donostiarrak erdigunean jartzeko hiri-eredua aldatzeko beharra larria da. Bizilagunekin batera gaia lantzeko, eztabaidatzeko, antolatzeko, gure bizitzak eta gure hiria gure eskuetan hartzeko unea da.
Manifestazioari atxikimendua eman dioten taldeak:
Eguna: Asteazkena URRIAK 25
Ordua: 19:00
Lekua: Lugaritz K.E.
Izenburua eta gaia: TURISTIFIKAZIOA DONOSTIAN ETA ANTIGUAN
Parte hartzaileak:
Eguna: Asteazkena URRIAK 18
Ordua: 19:00
Lekua: Okendo K.E.
Izenburua eta gaia: TURISTIFIKAZIOA ETA ETXEBIZITZA DONOSTIAN: egoera eta proposamenak
Parte hartzaileak:
Munduko Turismo Erakundeak eta Basque Culinary Centerrek, bertako erakunde publikoen babesa eta finantzazioarekin berriz ere antolatu dute Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa Kursaal Jauregian. Bertara eraman dugu Donostiaren turistifikazioaren aurkako mezua, adierazteko ez dugula onartzen gutxi batzuen negozioen mesedetan gehiengoaren bizitzak kaltetzea.
Turistifikazioaren testuinguruan, turismoa erakartzeko abian jartzen diren dinamikek arriskuan jartzen dituzte erakargarritzat baliatzen diren elementu naturalak eta kulturalak. Kontrolik gabeko turismo jarduerak arriskuan jartzen du saldu nahi duen hori bera. Hamaika adibide aurkitu ditzakegu mundu osoan zehar.
Nazioartean arreta deitzen duen euskal sukaldaritza, gizarte honen ezaugarri kultural bat da, bere garapena ahalbidetu duten baldintza sozial eta naturalen emaitza. Donostiaren eta bere inguruko lurraldearen turistifikazioa arriskuan jartzen ari da, hain zuzen ere, hiri eta herrietako sare komunitarioak eta ingurune naturala. Sukaldaritzarena da turistifikatzaileek euskal marka munduan saltzeko hautatu duten elementu nagusia eta hori izan daiteke kultur ezaugarri bereizgarri baten galbidea.
Munduko Turismo Erakundea erakunde publikoak turismo industriaren lobbyen esanetara jartzeko erakunde bat da. Bere jardueran estatu antidemokratikoen zuriketa dakarten jarduerak ohikoak dira, besteak beste. Eta diruaren hotsaren arabera mugitzen dira batetik bestera, gehien eskaintzen duenarengana hurbilduz, Donostiara etortzean egin bezala. Gainera, turismo masiboaren ondorioak munduko lurralde askotan gero eta larriagoak direlarik, horiei aurre egiteko borondate eta gaitasunik gabeko erakundea dela erakutsi du aspaldian.
Foroaren beste antolatzailea, Basque Culinary Center, ezagutza eta berrikuntza gunez mozorrotutako promozio erakunde bat da. Marka pribatuen sustapena eta inbertsore nahiz turisten erakartzea lortzeko eragile bat da. Une hauetan, ezin aipatu gabe utzi Gros auzoko berdegune bakanetako arriskuan dagoela, erakunde publikoek eta BCCk adostutako GOe proiektua hondartzatik metro gutxira kokatzea ezinbesteko ikusi dutelako. 24 miloi euroko finantzazio publikoa eta lursailaren lagapena gutxi balira, auzotarren aurkakotasunari erakutsitako mespretxuak mozorro oro kendu die. Beste operazio turistifikatzaile baten aurrean gaude. Hiri-eredu toxiko honen dinamikan sakontzen jarraitzen dugu.
Ez dugu onartzen. Ez gara geldirik eta isilik egongo. Desazkunde turistikoaren norabidea hartu behar du Donostiak, donostiarron bizi baldintzak duinak bermatu nahi baldin badira. Zentzu horretan donostiarroi dei egoten diegu turistifikazioaren aurka antolatzen jarraitzera eta urriaren 22an eguerdiko 12etan Alderdi Ederretik aterako den manifestazioan parte hartzera.
TURISTIFIKAZIOA STOP! DESAZKUNDE TURISTIKOA!
Donostiako Parte Zaharrean turismoari zuzendutako ostalaritza eta merkataritza dena irensten ari da, bizilagunak serioski kaltetuz. Gainera, euskara erabat baztertzen dute kanpotarrei begirako negozioetan. Ekimen ironiko baten bidez salatu dugu hainbat eragilek. #WelcomeToPintxoland
Parte Zaharreko hainbat sarreratan #WelcomeToPintxoland pankartak jarri ditugu eta bertako bizilagunen zein euskaldunen aurkako erasoak salatzen dituzten 5000 eskuorri banatu ditugu, pintxo-taberna baten publizitate eskuorriak irudikatuz.
Egun hauetan UNWTOk eta Basque Culinary Centerrek, bertako erakunde publikoen laguntza eta finantziazioarekin, Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa egiten ari dira Kursaalean. Donostiarrok ez dugu turistifikazio basatiaren menua irentsiko, ordea.
Donostiak bizi duen turistifikazioa hiria eraldatzen ari da. Besteak beste, komertzioak eta ostalaritza-establezimenduak gero eta bideratuago daude kanpoko bisitariei. Bereziki ostalaritza mota hori gero eta gehiago hazi da eta azken urteetan ordezkatzen ari da ostalaritza tradizionala eta auzotarren beharrak asetzera zuzendutako merkataritza establezimenduak. Turismoaren presentzia handieneko auzoetan, Donostiako Parte Zaharrean bereziki, turistei bideratutako merkataritza eta ostalaritza horiek dira, neurri handi batean auzotarren bizimoduan agertu diren kalteen eragile nagusiak: zarata, zaborra, kale-espazioaren okupazioa… Sakonean, gainera, jabetzen pilaketan eta lan-baldintza eskasetan oinarritutako ereduan dihardute eta ezkutuko ekonomiaren gotorleku dira.
Turistei bideratutako ostalaritza eredu honen eraginez, hiriko hizkuntza-paisaia ere aldatzen ari da: taberna eta jatetxeetako kartetan, karteletan eta publizitatean, gaztelera, frantsesa eta ingelesa dira hizkuntza nagusiak, eta euskarak gero eta presentzia gutxiago du. Euskaldunak ez dira taberna eta jatetxe horien lehentasunezko bezeroak, eta beraz, Donostiako Parte Zaharrean ia desagertu egin da mapatik. Eukaraz bizitzen ahalegintzen diren bizilagun asko dituen auzoa da Parte Zaharra eta euskaldun asko erakartzen dituena; baina ez dugu aukerarik karta euskaraz irakurtzeko edo euskaraz eskatzeko. Kanpotik etorritakoekin negozio egin nahi horretan, bertakoei errespetu falta hedatzen ari da. Ez dugu ahazten pandemian atzerriko bisitariak desagertu zirenean, bertako herritarrei tabernetara bueltatzeko Ostalarien patronaletik egindako deia. Orduan bai, negoziorako baldintzak aldatzea, bertakotasuna aldarrikatu beharra sentitu zuten.
Hori gutxi balitz, negozio turistikoan tokiko “singularitatea” aktibo bat bihurtzen da; horregatik, komunikazio-hizkuntza gisa ez, baina Pintxoland parke tematikoaren dekoratu gisa baliatzen dute euskara. Donostia turistifikatuan euskal kulturako eta tradizioko izenak dituzten tabernak agertzen dira izkina orotan, baina bertan “tortilla de patatas” eta “pintxo de morcilla” besterik ez dugu topatuko. Parte Zaharreko hiri-paisaia hutsaldu egin da, munduko edozein hiri turistifikatutan aurkitu dezakegunarekin parekatzeraino. Laburbilduz, turismo-industriak euskara eta euskal kultura markagintzarako elementu hutsa bilakatzen du; euskara erabiltzen da esperientzia turistikoari kutsu berezia emateko; gure hiria salgai dagoen produktu bezala ulertzen dute eta euskara produktu horri jartzen zaio lazo koloretsu bat besterik ez da turistifikatzaileentzat.
Ez ditugu aipatu gabe utzi nahi tokikotasunean eta gertukotasunean oinarrituta, euskaraz eta euskaldunekiko errespetuz, ostalaritza eredu basatiari erresistentzian eusten dioten taberna eta jatetxeetako arduradun eta langileak. Turistifikazioa geldiarazi eta bestelako hiri- eta auzo-ereduaren aldeko borrokan ondoan sentitzen ditugu. Turismo eredu suntsitzailea honek herritarron ongizatea eta eskubide linguistikoak erasotzen ditu eta ezinbestekotzat ikusten dugu Donostiak desazkunde turistikorantz norabidea hartzea, Parte Zaharrean ongi bizitzea eta euskaraz bizitzea denon eskura egon dadin.
Auzoan bizitzen jarraitu eta euskaraz bizi nahi dugulako, turistifikazioa stop!
Hitzaldiak, mahai-inguruak, kaleko ekintzak, sareko ekimenak eta mobilizazioak izango ditugu 2023ko urrian, TURISTIFIKAZIOAREN AURKAKO URRIA deitu dugun honetan. Atal honetan deialdiak gehitzen joango gara, datak hurbildu ahala eta ekintzak agertu ahala: