i XIX. mendean, besteak beste, ondorengo bainuetxeak ere irekiko dira: 1840ko hamarkadan Aretxabaletako Baños Viejos, Altzolako Urberuaga (Elgoibar) eta Azkoitiko San Juan; 1854an Ormaiztegiko bainuetxea; 1860ko hamarkadan Lizartzako Insalus, Eskoriatza, Gabiri eta Aretxabaletako Otalora; eta 1884an Ataungo Los Remedios.
ii 1840ko hamarkadan, esaterako, bainu-hartzaileen ugariagotze bat atzemango da Las Arenas, Algorta eta Portugaleteko hondartzetan, turismo lokalarekin lotuan. Bi hamarkada lehenago Donostiako Udalak kaleratu bandoak, halaber, ohitura edo joera berri hauen hedapen-neurria eman ahal digu. 1829an dagoeneko zehatz arautua zen uda-denboraldiko jarduna: hondartzaren erabilera, esaterako, sexu- eta klase-diskriminazioak antolatutako zegoen: “Los alcaldes y jueces ordinarios de esta ciudad de San Sebastián, por el Rey Nuestro Señor, que Dios guarde, con objeto de evitar los desórdenes que se observan al tiempo de los baños. ORDENAN: 1º Que por las mañanas, todo hombre que quiera bañarse lo haga desde la bajada del prado o glasis al arenal hasta el puerto o muelle. 2º Que toda mujer que quiera bañarse lo haga desde la subida de la rampa para el Antiguo, hacia las peñas. 3º Que por las tardes, puedan los hombres ir a bañarse a este último punto; y que se prohíbe absolutamente a las mujeres el bañarse por las tardes. Fecho en San Sebastián a 17 de agosto de 1829” (Murugarren, 1978:301)
iii 1831n dagoeneko, Donostia “Madrildarren Brighton” zela idatzi zuen Michel Turnerrek (1845), eta konparaketa arrazoitzeko, besteak beste, ostatuen eskaintza eta “gortetik datozen aberats berrientzat” kalitatezko produktuak aipatu zituen (Izagirre, 1998). Garai berean agertuko da Donostian lehen hondartzako aldagela ere, 1830an, Francisco De Paula Madrazo infanteak eta erret-familiako beste zenbait kidek Zestoara egin bisita baten karietara, hain zuzen ere. Hastapenetan, bertako komertziante eta enpresari txikiek sustatuak ziren: Zabaleta, Echenique, Irastorza, Zapiain… eta hauetako asko hondartza alboko San Martin auzoguneko bizilagunak. Misericordia txiro-etxeak ere eraiki zuen berea, eta babes-etxeko ohiko apopiloez gain beste lurralde batzuetatik heldutako behardunak ere jaso zituen. 1868an berebiziko erabakia hartu zuen Donostiako Udalak. Ordurako kanpo inbertsoreak aldagelen negozioan ari ziren. Luis Murugarrenek (1978) kontatzen duenez, Calatayú (Calatayud) hiritik ailegatu enpresari talde batek “la Española” izeneko aldagela multzo bat eraiki zuen. 1868 hartan alokairu tarifa bost errealetan zuten, udal arautegiak lau errealetan ezartzen zuenean. Hala bada, aurrerantzean konpetentzia librea ezartzeko erabakia egin zuen udalak.
iv 1846an, esaterako, Zestoako bainuetxean maizko apopilo zen Paskoal Madozek udaleku aukeratuko du Zarautz, eta Isabel II.-k 1854 eta 1865 urteetan hondartzara egin bisitek, Zarautz erreferentziazko helmuga egingo dute.
v Würtenberg eta Portugalgo erregeak, Bismarck Kantzilerra, Belgikako Leopoldo II. edo Bayern-ko Alberto eta Walewski printzipeak; baita Isabel II. bera ere. Napoleon III. eta Eugenia de Montijok, beren aldetik, 1859an bisitatuko dute Donostia.
vi Ezin adibide argiagoa da Madrildik Donostiara etorritako bisitari anonimo batek 1850an idatzi lekukotasuna: “(…) y por la tarde, después de merendar, a dar vueltas, siempre en tropel, por el paseo, sin volver la vista a la playa, por ser la hora de baño de la gente de poco dinero” (Murugarren, 1978:303)
vii Gerra giroak berezko dituen enbarazuez bestela, turismoa jarduera ekonomiko bezala aurkaria higatzeko bitartekoa ere izan da, eta da. Fermin Caballero politikari liberalak ezin argiago azaldu zuen Santanderren, 1874an: “La Concha de San Sebastían, Zarauz, Deva, Algorta y otros sitios conocidos de la costa del Norte, frecuentados poco ha y casi desiertos al presente, como en castigo providencial de la locura de los provincianos que al festejo y enriquecimiento que realizan, han preferido el abandono, la miseria y la sangre”. Eta jarraian ondorengoa gehitu: “No deben perder la ocasión los santanderinos de rivalizar, como pueden, con otros establecimientos de baños”. (Murugarren, 1978:309)
viii Iparraldeko Trenbidea edo “linea inperiala” delakoak lehen bidaia 1864ko abuztuaren 15an egin zuen, bidaiarien artean Isabel II. aurkitzen zela. Espainian garraio berri honi zegokion araudia, 1855eko Burdinbideen Lege Orokorrak zehaztu zuen, eta besteak beste, lanen finantzatzeko kanpoko kapitalaren sarrera sustatu zuen. Neurri hau erabakigarria izan zen Iparraldeko Trenbidearen kasuan. Lanen ardura egokitu zuen “Sociedad para el Crédito Mobiliario Español” enpresaren kapital gehiena frantziar jatorriko baitzen.
ix Eusko Jaurlaritzak Bilboko Carlton Hotela izan zuen lehen egoitza. Donostiako Fronte Popularrak, bere aldetik, Central hotelean egokitu zuen Hornidura Komisariotza; Osasun Komisariotza, berriz, Hotel del Principen. Londres hotela Odol-ospitalea egin zuten, eta Continental hotelean gerrak bainujantzian atzemandako diplomatikoak ziren apopilo. Presoen trukeak negoziatzeko erabili zen Ursula hotela eta matxinatu “trukagarriak” Ezcurra hotelean gorde ziren. Milizianoen deskantsurako errekisatu zuten Hispano-Americano, eta Maria Cristinak, zer esan, orduko orbanak agerian ditu oraindik.
x Kapitalismo finantzarioak munduko ekonomiaren azken hedapen zikloa ezaugarritu du, eta hain zuzen ere, espazioaren produkzioa nahiz honi lotutako prozesuak dira logika-finantzarioa ekonomiaren erdigunera ekarri duten indarrak: merkatura bideratutako ekoizpen espaziala da finantza-ekonomiaren oinarri materiala eta hiri-espekulazioa, berriz, finantza-merkatuaren lehengai nagusia.