“Ez da batere jasangarria gaur egungo turismo eredua”

Sheila Padronesekin elkarrizketa Urola Kostako Hitzan:

Bizilagunekin plataformako kidea da Sheila Padrones (Donostia, 1986), eta Azkoitiko Bidaia Tertulien azken saioa eskainiko du ostiralean. Egungo turismo ereduak Donostian duen eraginaz arituko da hizlaria solasaldian.

Noiz eta zergatik sortu zen Bizilagunekin plataforma?

2016. urtean Donostia Europako Kultur Hiriburua izan zen, eta ordutik aurrera turismoa igotzen ari zela konturatu ginen; bereziki uda horretan antzeman genuen igoera hori. 2017. urtean ere joera hori mantendu egin zen, eta horren aurrean jardunaldi batzuk antolatu genituen turismoaren inguruan eztabaidatzeko. Jardunaldi horietara beste hiri batzuetako taldeak, eragileak eta norbanakoak gonbidatu genituen. Saio horietatik abiatuta, Bizilagunekin plataforma sortu genuen, eta aztertzen hasi ginen zer-nolako kezka zegoen hirian, turismoak Donostiako zenbait auzotan zer eragin zuen eta abar. Horrez gain, harremana dugu turismo ereduarekin kezkatuta dauden Europa hegoaldeko hainbat herrialdetako halako taldeekin ere.

Urtez urte goraka doa turismoa Donostian nahiz Euskal Herrian. Nola ikusten duzue egoera?

Ikusten dugu hiriak gero eta gehiago bideratzen ari direla turismora. Gero eta gutxiago hartzen dira kontuan bizilagunen interesak, eta gero eta gehiago merkatarienak, hotelenak eta apartamentu turistikoenak. Horrez gain, konturatu gara kaleetan geroz eta leku gutxiago dagoela pertsonek beren bizitza egin ahal izateko; adibidez, Alde Zaharrean ez dago ia esertzeko bankurik, eta auzo horretako biztanlerik gehienak 65 urtetik gorakoak dira. Elkarbizitza sustatzeko baliabideak geroz eta urriagoak dira, eta turismoari begira gauza gehiago antolatzen dituzte: makroekitaldiak, jaialdiak…

Jasangarria iruditzen al zaizue egungo turismo eredua?

Gure ustez, ez da batere jasangarria egungo turismo eredua. Duela hilabete batzuk, deshazkunde turistikoaren inguruko dokumentu bat atera genuen hamasei proposamenekin. Erakundeek turismoa eta merkatua handitzera bideratzen dituzte indarrak, eta horrek guztiak ezin du gehiago hazi biztanleen bizi kalitatean eragin gabe. Guretzat ez da jasangarria hiri batetik horrenbeste pertsona pasatzea, ez bakarrik biztanleengan duen eraginagatik, baita ingurumenean eragin ditzakeen kalteengatik ere.

Zein konponbide proposatzen dituzue zuen plataformatik egoera konpontzeko?

Hamasei proposamen horietatik batzuk auzoetako bizitza bermatzeko proposatu ditugu, eta beste batzuk apartamentu turistikoen kopurua edo hotelen lizentzia esleipenak murrizteko, asko handitu baita horien kopurua. Donostian, adibidez, Alde Zaharrean 2016tik apartamentu turistiko asko ireki dira; halako lekuetan plan berezi bat eratzea eskatzen dugu. Horrez gain, turismo ereduaz eztabaidatzeko gune iraunkor bat nahi dugu, non bizilagunen ikuspuntua ere kontuan hartuko den; bestalde, bizilagunen bizi baldintzak aztertuko dituen behatoki bat sortzea ere eskatzen dugu; euskara ere kontuan hartu beharko lukete, kanpora begira gure hizkuntza berezitasun baten moduan saltzen baita, baina zerbait folklorikoa moduan. Oro har, hiriaren marka eta turismoa sustatzeko dauden aurrekontuak desegitea eskatzen dugu, eta tasa turistikoa ezartzea.

Gentrifikaziorik existitzen al da Euskal Herrian?

Ez dakit gentrifikazioa deitu ahal zaion Donostian gertatzen ari denari. Egia da gentrifikazioa eta turistifikazioa oso lotuta dauden kontzeptuak direla. Gentrifikazioa da maila altuagoa duten herritarrak maila baxuagoko jendea bizi den auzoan sartzea, eta horiek hortik alde egin behar izatea. Donostian zenbait lekutan ez da jende berria sartzen ari, baina egia da zenbait auzotako bizilagunak ondoko herrietara joan direla bizitzera; Astigarragara, Errenteriara edo Pasaiara, adibidez. Donostiako Alde Zaharrak biztanleriaren %9 galdu du 2004. urtetik hona, eta bertan gelditzen den biztanleriaren gehiengoa 65 urtetik gorakoa da.

Epe motzean eta luzean, zer eragin izan ditzake egungo turismo ereduak gurean?

Alde batetik, pisuen prezioen igoera edo pisu horiek desagertzea, dena apartamentu turistikoetara bideratzen baita. Horrez gain, saltoki txikiak desagertzea ere bai, Alde Zaharrean eta oro har erdigunean dauden denda gehienak turismoari bideratutakoak edo kate handienak direlako. Bestalde, auzo bizitzaren apurtzea ere gerta daiteke. Garraiobide handien sustapena ere, AHTa eta metroa, kasu, kanpotik datozenentzat dira eta ez herritarrentzat.

Egoera horren aurrean, zein da hiritarren jarrera?

Instituzioetatik geroz eta gehiagoa ari da turismoa sustatzen, eta ez bakarrik Donostian, San Sebastian Region markarekin Gipuzkoa osoari eragiten dio sustapen horrek. Biztanleriari erreparatuta, jendea nekatuta dagoela ikusten da, eta antzeman dugu auzo askotan antolatzen ari direla Alde Zaharrean gertatzen ari dena saihesteko. Donostiarrak mobilizaziorako prest ikusten ditugu.

Zer da Azkoitiko hitzaldian azaldu nahi duzuena?
Gure intentzioa da Bizilagunekin plataformak Donostiari buruz osatu duen diagnosia elkarbanatzea eta konponbiderako gure hamasei proposamenen dokumentua azaltzea. Gero, Azkoitiko eta inguruko egoeraren berri izatea ere gustatuko litzaiguke, jakiteko lurraldeko beste leku batzuetan egoera hori nola bizi duten. Horrez gain, gogorarazi nahi dugu ez gaudela bidaiatzearen aurka, baina egiten ditugun bidaien ondorioak plazaratu nahi ditugu, herritarrengan kontzientzia sortzeko, geuk ere bidaia bat egiten dugunean arduraz jokatzeko.

https://urolakosta.hitza.eus/2019/12/10/sheila-padrones-ez-da-batere-jasangarria-gaur-egungo-turismo-eredua/