Ez dugu gure aurkako golik ospatuko!

Duela egun gutxi jakin dugu Donostia 2030eko munduko futbol txapelketaren egoitzetako bat izango dela, Marokok, Portugalek eta Espainiak antolatuko duten edizioan. “Hiria munduko mapan kokatzea” eta “lehen mailako kirol ikuskizuna herritarrei hurbiltzea” bezalako diskurtso hutsalez estali arren, industria turistikoaren ikuspegitik, kirol makro-ekitaldiak negoziorako aukera erraldoiak dira. Donostia 2030eko Mundialeko egoitza izatea sustatu dute erakunde publikoetatik, industria turistikoaren eta higiezinen espekulazioaren negozioen mesedetan. Hori da, hain zuzen, Donostiaren hautagaitzaren atzean dagoen sakoneko arrazoia: gutxi batzuen etekin ekonomikoa. Eta negozio pribatu horren zerbitzura gobernatzen dute erakunde publikoetatik Donostiaren izendapena hiriaren lorpen kolektibotzat aurkeztu nahi digutenek. Beraz, Donostiako turistifikazioa areagotuko duen beste dispositibo baten aurrean gaude. Eta aurreikusi dezakegu donostiarron gehiengoari ondorio lazgarriak ekarriko dizkigula makro-ekitaldi hau erakarri izanak: etxebizitza larrialdiaren okerragotzea, turismo jardueraren hazkundea, hiri-espazioaren merkantilizazioa, garraio-azpiegitura jasangaitzen garapena eta herritarren bizimodua baldintzatuko dute neurri sekurokratak.

Kirol gertakari historiko bezala kontatu nahi zaigun honek herritarren bizitzan izango duen eragin negatiboa mahaigaineratzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Donostiarron bizi-baldintzen aurkako eraso berri bat datorkigu; azken urteetan bizitu dugun turistifikazio prozesuari eta hiri-eredu jasangaitzari gehitzera dator, baina lehenago ikusi gabeko tamainakoa izan daiteke kolpea. Hiria Munduko Futbol Txapelketaren egoitza izateak gutxi batzuen poltsikoa betetzeko mekanismo guztiak aktibatuko ditu. Batetik, azken urteetan berebiziko hazkundea izan duen bisitari kopurua are gehiago haztea ekarriko du. Bigarrenik, turisten harrera eta kudeaketarako azpiegitura eta baliabideak handitzea eta aktibatzea eragingo du, bai pribatuak eta bai publikoak. Eta horrek are eta zentralitate handiagoa emango dio turismo jarduerari hiriko eredu ekonomikoan eta bizitza sozialean. Hirugarrenik, kirolaren balioetan eta ikuskizunaren marketingean bilduta sustapen turistikorako estrategia publiko eta pribatua jarriko da martxan. Tartean, ekitaldi honen aitzakiapean, industria turistikoari baliabide, aurrekontu eta azpiegitura publiko aldetik erraztasun guztiak ematea justifikatutzat emango dituzte euren zerbitzura gobernatzen duten arduradun instituzionalek. Laburbilduz, hiriko baliabideak sektore turistikoaren mesedetan jarriko dira, eta argi dago horretan donostiarrak galtzaile aterako garela.

Erakusgarri modura, Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFAk) Maroko, Portugal eta Espainiaren hautagaitza aztertuz 2024ko azaroan argitaratutako txostenean aipatu zuen, Donostian dagoen ostatu-plaza kopurua ez dela nahikoa izango Munduko Futbol Txapelketak erakartzea aurreikusten den bisitari kopuruari ostatu emateko. Donostiako hotel, ostatu, hostel eta abarrek gainezka egingo dutela kalkulatzen dute antolatzaileek. Horren konponbide edo lasaigarri bezala aipatzen zuten Biarritz edo Baiona gertu daudela Donostiaren gainezkatzea sostengatzeko eta, gainera, Airbnb bezalako baliabideak kontuan hartu behar direla hiriko gaitasuna ulertzeko. Turistifikazioak guztiz kolpatuta etxebizitza larrialdia bizi duten Donostia, Donostialdea eta Ipar Euskal Herriko kostaldean turismo-azpiegituren gaitasuna gainditu eta etxebizitza parkea negozio turistikora bideratzea da planteatzen zaigun konponbidea. Mugikortasunari dagokionez, txosten berean FIFAk aipatzen zuen kirol ekitaldien inguruko bizitegi eta merkataritza zonaldeen eraginez trafikoaren kudeaketarako plan bereziak martxan jartzea eskatu duela gertakariak. Kolapsoa, hiri-espazioaren okupazio orokortua eta eguneroko bizitzarako zailtasunak aurreikusi ditzakegu honetan. Gertatu baino 6 urte lehenagotik turistifikazio arazo larria duten gure lurraldeetara masifikazioa eta saturazioa ekarriko duela aurreikusten dute antolatzaileek; eta horren alde indarra egiten aritu dira bertako erakunde publikoen kudeatzaile arduragabeak.

Donostiarrak erasotuak izaten ari gara. Gure bizi baldintzak kaltetzen dituzten jarduerak sustatzen eta antolatzen ari dira erakunde publikoetatik, hedabide batzuetatik eta turismoarekin zein higiezin espekulazioarekin aberasten direnen aldetik. 2030eko mundiala Donostian jokatzea Donostiako herritarron gehiengoaren aurkako eraso berri bat da. Hiriko arazo nabarmenek zentralitatea turismoa ez den beste jarduera eta sektore batzuetara bideratzea eskatzen dute. Etxebizitza larrialdiak eta turistifikazioak nazioarteko promoziorako estrategia oro etetea eskatzen du. Baina turismoaren ondorioak gobernatzeaz mintzo direnak hazkunde turistikoaren aldeko indarraldi betean jarraitzen dute. Gure bizitzetan eta gure azaletan bizi ditugun arazo larriak ez dira zerutik erori. Hiria salgai jarrita eta donostiarron bizimoduak erasotuz aberasten ari dira batzuk eta turistifikazio estrategiak bultzatzen eta jarraitzen dute hipokresia erakustaldiak egin bitartean. Ez digute ziria sartuko. Turistifikazioaren bultzatzaileek ongi erakutsi digute azken urteetan herritarron gehiengoak bost axola diela. Gure aurkako taldean jokatzen dute.

Donostia desazkunde turistikorantz bideratzea eta hiri-eredua herritarron beharrak erdigunean jartzeko aldatzea premiazkoa da. Turistifikazioak donostiarron bizitzetara dakarren prekarizazioaren aurka antolatzeko eta borrokatzeko deia egiten dugu. Ez dugu gure aurkako golik ospatuko. Desazkunde turistikoa orain!