Ez gara figuranteak! Erasotzaileekin moztu!

Sinatzaileok Woody Allen Donostian egiten ari den filmea gaitzesteko hainbat arrazoi ikusten ditugu; batetik hiriaren nazioarteko promoziora zuzendutako ekimen honek epe labur eta ertainera bertako bizilagunen bizi-baldintzetan kalteak sortzeko moduko turismoaren hazkundea eragin dezakeela ikusten dugu. Bestalde, Woody Allen pelikularen zuzendaria eraso matxistak egin izanagatik salatua izan delako eta nazioartean hainbat talde eta mugimendu feministak hala eskatu dutelako harreman ofizial oro eten beharko litzatekeela iruditzen zaigulako.

Dei egiten diegu donostiar guztiei hurrengo asteetan deituko ditugun mobilizazioetan parte hartzera.

Ez gara figuranteak!

Donostia turistifikazio prozesu azkar eta bortitzean daramate agintari publikoek. Turista eta inbertsoreak hirira erakarri nahiaren atzean, prozesu honen bidez etekin ekonomiko erraldoiak lortzen dituztenak daude. Bitartean, herritarron gehiengoak gero eta zailagoa daukagu Donostian bizitzea: etxebizitzaren prezioa, lan-merkatu prekarizatua, kontsumo prezioen igoera…

Hiri-marka eta kulturaren merkantilizazioak helburu komertzial partikularrei erantzuten diete hiri honetan. Helburu horren mesedetan datorren orori alfonbra gorria jartzen zaio, bertako bizilagunon bizi-baldintzen gainetik pasa behar badira ere. Gazteak, emakumeak eta migranteak, besteak beste, izaten dira ondorio hauek erarik bortitzenean jasaten dituztenak: etxebizitzen prezioan, lan-baldintza prekarioetan…

Woody Allenen pelikula bertan errodatzea “Donostiarentzat garrantzitsua izango dela” esanez, erraztasun guztiak eskaini zaizkio erakunde publikoetatik. Bitartean bertako herritarrok auzolanean antolatzen ditugun ekimenek (jaiak kasu) zailtasun handiak topatzen dituzte, hauek ez baitira negoziorako tresnak.

Donostiara turismo gehiago erakartzeko ekimen oro bertan behera uzteko eskatzen dugu. Sustapen turistikora zuzendutako aurrekontu publikoa ezabatzea beharrezkoa da, hiriak jasan ezin duen neurritik gora dagoelako eta atzera bueltarik gabeko kalteak sortu baino lehen. Deshazkunde turistikoa da zentzuzko norabide bakarra gaur egun Donostian.

Woody Allen eta Mediaprorekin egindako tratuak eta pelikula grabatzeko erakunde publikoetatik eskainitako zerbitzu eta laguntza oro gaitzesten dugu. Gutxi batzuen negozioa “hiriarentzat ona izango dela” esatea ez da nahikoa. Edozein kasutan, harreman horren xehetasunak publikoki erakutsi eta ekonomikoki kuantifikatzea zor zaigu donostiarroi.

Erasotzaileekin moztu!

Woody Alleni egindako harrera salatzen dugu. Eneko Goia alkateak errugabetasun-presuntzioa errespetatu behar dela esanez, sexu abusuak egiteagatik salatutako erasotzaile bati sekulako harrera egin zaio. Donostiako mugimendu feministak erasotzaileen aurka egiten dituen lanketa guztiei balioa kenduz. Lotsarik gabe dio zuzendariak berak inguruan gertatzen denak ez diola eragiten eta ez zaiola inoiz axola izan ez bere emazte eta familiarekin gertatutakoa ezta politika ere, “ez baitu gaitasun mentalik herri mugimenduak ulertzeko”.  Ezin dugu onartu, egun batean Woody Alleni harrera egitea eta aste berean erasoen aurkako udako kanpaina aurkeztea. Horri zuriketa morea esaten zaio.

Allen bezalako erasotzaileei harrerarik ez egitea eta babesik ez ematea exijitzen dugu. Ez Donostian eta ez beste inon. Egin duten mina aitortu eta erreparatu gabe eraso sexistak egin dituzten erasotzaileak ez dira ongi etorriak eta horren aurrean behar den erantzuna emateko prest egongo gara.

Donostiarron papera

Donostia ez da pelikula bateko dekoratua eta donostiarrak ez gara figuranteak. Ezta turistak ere. Horregatik, gu gara hiri-eredu eta turismo-eredu honen kalteak gure larruazaletan jasaten ditugunak. Gure hiria salgai jartzean, inbertsoreei, promotore pribatuei eta merkataritza kate handiei mesede egiten dieten erabakiak hartzean, bizilagunen beharrei erantzuten ez dien Metroaren pasantea bezalako obra erraldoiak ezartzean edota hotel berriak mugagabe hedatzean, negoziorako hiri bat eraikitzen ari da, eta gure bizimodua, gure bizitzak, daude jokoan.

Zinema munduan ibilbide garrantzitsua egin duen pertsona batek ez gaitu itsutzeraino liluratuko.  Gure bizitzetako aktore protagonistak izateko determinazio osoa daukagu. Ez dugu onartzen egiten ari zaizkiguna. Elkarrekin aurre egingo diegu hiria negozio bat bezala erabili nahi dutenei eta erasotzaileekin tolerantzia azaltzen dutenei.

BIZILAGUNEKIN plataforma  – ERNAI gazte antolakundea – GROSEKO ASANBLADA FEMINISTA – HOTEL+EZ mugimendua

https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20190723/woody-allenen-kontrako-protesta-egin-dute-kontxako-hondartzan

https://www.marca.com/tiramillas/cine-tv/2019/07/24/5d387543ca474127388b4617.html

https://irutxulo.hitza.eus/2019/07/19/woody-allenen-film-bat-baino-gehiago/