FRANTZIAKO TOURRAREN “GRAND DEPART” SUSTAPEN TURISTIKORAKO OPERAZIOARI BURUZ:

Datorren asteburuan Frantziako Tourraren 2023ko edizioa Bilbotik abiatuko da, eta lasterketak Euskal Herria zeharkatuko du lehenengo hiru etapetan. Ibilbidea Bilbon hasi eta, besteak beste, Gasteiz, Donostia eta Baiona hirietatik pasako da. Horrela, ekitaldiak lurraldean zehar inpaktu sozial eta ekonomiko handia izango duela aurreikusten da. Horren aurrean, eta egun Donostian eta Euskal Herrian pairatzen ditugun turistifikazio prozesuak kontuan izanda, Bizilagunekin Plataformak Tourraren “Grand Depart”az hurrengo hausnarketak partekatu nahi ditu.

Lasterketaren sustapena, antolaketa, logistika eta azpiegitura diru publikoz finantzatuko dira, zehazki, 14 milioi euro baino gehiagoko gastua, erakunde publikoetatik aterako dena. Gastu publiko horri, herritarren eguneroko bizitzan izango duen inpaktua gehitu behar diogu:  kaleak eta errepideak itxita, eragozpenak zerbitzuetan, garraioa eta mugikortasuna murriztuta… Hori gutxi balitz, inbertsio publikoa eta kalteak herritarrek jartzen dituzten bitartean, ekitaldiaren etekin ekonomikoak industria turistikoak jasoko ditu. Sektore turistikoa kontrolatzen duten lau poltsikotan bukatuko dute irabaziek; izan ere, ezagutzen dugun bezala, aberastasuna gutxien birbanatzen duen sektore ekonomikoetako bat da sektore turistikoa.

Euskal Herriak txirrindularitzarekin duen lotura nabarmena da, pasio handiz bizi den kirola da eta zale asko ditu. Hori jakinda, Tourraren “Grand Depart”aren negozio turistikoa sustatzeko herri honetan txirrindularitzarekiko eta bere balioekiko atxikimendua erabili da.  Egun hauetan gure lurraldea, kultura eta nortasuna salgai daude, turismoaren industriaren irabazi ekonomikoak handitzeko.

Tokiko kulturaren eta ondarearen merkantilizazio horretan euskararen gaia esanguratsua da. Nahiz eta herritarrek bizitzaren arlo gehienetan euskaraz bizitzeko zailtasunak eduki, eta eremu sozioekonomikoan zein publikoan bigarren planoan egon, promozio turistikorako mesedegarria izan daitekeenean, marketin estrategien bidez folklorizazio eta fetitxizazio ariketak egiten dira, “ongi eTOURri” leloarena bezalakoak.

Azken finean, Grand Depart Pays Basque operazioak zerikusi gutxi du txirrindularitzaren baloreekin, euskal nortasunarekin, oinarrizko txirrindularitzako eragileei laguntzearekin, herriz herriko lasterketen antolakuntzarekin… baina guztiz lotuta dago Bilbon hoteletako gelek izan duten prezio igoerarekin, Donostian urte osoan funtzionamenduan dauden alokairu turistikoko 1.659 etxebizitzekin, eta hurrengo urteei begira neurriz kanpo hazten ari den jarduera turistikoaren bidez aberasten ari direnen negozioa sustatzearekin. Guztion onerako zerbait bezala aurkezten digute, abertasuna gizartean oso gutxi birbanatzen duen jarduera hau.

Hori guztia kontuan hartuta, desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren Bizilagunekin plataformak eskatzen du:

  • Turismo jarduera neurri eta baldintza jasangarrietara eramateko, desazkunde turistiko prozesu baten baitan, sustapen turistikorako aurrekontu publikoa ezabatzea eta, horren ordez, turistifikazioaren kalte sozial, ekonomiko eta ekologikoak konpontzera bideratzea.

  • Kirol ekitaldiz mozorrotutako promozio turistikorako ekitaldi erraldoiak bertan behera uztea. Kirol jarduerak, lehiaketak edo ekitaldiak antolatzeko herritarren beharrak erdigunean jarriz hartzea erabakiak, aurrekontu publikoak tokiko komunitateetatik sortutako kirol ekimenetara bideratzea eta ez gutxi batzuen eskuetan dauden negozio turistikoen arabera. 

  • Espazio publikoa interes pribatuen mesedetan erabiltzeari utzi, eta kirola, kultura eta herri-bizitza kolektiboa osatzen duten ekimenei bere erabilerarako erraztasunak ematea.