Gutxienez 3375 gazte joan dira Donostiatik Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko herrietara bizitzera hamar urtean

  • Bizilekuari lotutako gazteen mugikortasuna Gipuzkoan (2010-2020) ikerketan 18 eta 34 urte arteko gazteen bizileku-aldaketa erregistratuak aztertu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
  • Astigarraga, Errenteria, Hernani eta Pasaia izan dira gazte donostiar gehien jaso dituzten udalerriak.
  • Aztertu diren adierazle sozioekonomikoetatik etxebizitza eskuratzeko aukera da udalerri batek gazteak bereganatzeko arrazoi nagusia.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria Zuzendaritzak gazteen emantzipatzeko zailtasunak hobeto ezagutzeko xedeari begira, udalerrien adin-egitura aldaketen gaineko kezkatik abiatuta ikerketa egin du: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/gazteria/adierazleak-ikerketak/bizileku-mugikortasuna

Ikerketaren ondorioek erakusten dute lotuta daudela Donostiak azken urteetan bizi duen bilakaera eta gazteak hiritik kanporatzearen artean. 

“Aztertu diren adierazle sozioekonomikoetatik etxebizitza eskuratzeko aukera da udalerri batek gazteak bereganatzeko arrazoi nagusia. Izan ere, etxebizitza-parkearen hazkundea, etxebizitza salerosketaren tasak eta alokairu berrien tasak gora egin duen eremuetan migrazio saldoak gora egiten duela egiaztatu da.”

“Donostiak eta bere inguruak metropolizazio prozesua bizi dute; hiriburuaren eragin-eremua gero eta zabalagoa da.”

“Hiriburuak gazteen harreman indartsua du Bidasoa, Buruntzaldea eta, bereziki, Oarsoaldearekin. Kasu guztietan Donostiatik eskualde horietara joan diren gazteak herri horietatik Donostiara joan direnak baino gehiago izan dira. Buruntzaldearekin harremanean, esaterako, Donostiak 457 gazte galdu ditu: 1.474 gazte joan dira Donostiatik bertara bizitzera eta handik 1.017 jaso ditu. Oarsoaldearen kasuan, berriz, 408 gazte galdu dira: erroldako bajak 1.901 izan dira eta altak 1.493.”

Donostiatik herri bakoitzera joandako gazteen kopurua begiratuta, banan banan zenbaki deigarriak ikusten dira. Batzuetan kopuru absolutua berez altua delako eta besteetan, herriko biztanleriarekiko zati proportzional esanguratsua osatzen dutelako. Errenteria (892), Pasaia (728), Irun (594), Hernani (421), Astigarraga (325), Lasarte-Oria (309), Andoain (181), Oiartzun (134), Urnieta (125), Usurbil (113). Astigarragaren kasuan, bere migrazio-saldoaren erdia baino gehiago zuzenean Donostiatik jasotako gazteek eragindakoa da. Aipatutako kasu hauetan guztietan Donostiatik herri horietara joandako gazteen kopurua kontrako norabidean lekualdatutakoak baino altuagoa da.

Hiri barneko dinamikek ere, hiriaren bilakaerarekin (etxebizitzaren garestitzearekin eta turistifikazioaren ) lotura dutela pentsa daiteke. Izan ere, hiri-erdigunetik gertuen dauden auzoek galdu dituzte bizilagun gazteak: Ibaeta (203 gazte), Gros (181 gazte), Egia (133 gazte), Zentroa (89 gazte), Ategorrieta-Ulia (84 gazte) eta Antiguo (81 gazte). Eta hiriaren kanpoaldeko auzoek, azken urteetan etxebizitza-parkearen hazkundea izan dutenek, jaso dituzte bizilagun gazte berriak: Loiolako Erriberak (221 gazte), Txominenea (156 gazte), Aiete (133 gazte, Morlanseko eremua hartzen du bere barnean) eta Martutene (61 gazte).

Egoeraren larritasun ukaezinaren aurrean Bizilagunekin Plataformatik Donostian lehenbailehen hiri-eredu aldaketaren beharra agerian geratzen dela azpimarratzen dugu. Hiriaren turistifikazioak eta gutxi batzuen negozioak sustatzean oinarritutako hiri-ereduak ekarri dute gero eta donostiar gehiagori ukatzea Donostian bizitzea. Gazteen kanporatzearen fenomeno esanguratsua bizi dugu eta horrek hiriak bere bizigarritasuna eta bere bizia galtzeko prozesua areagotzen du modu kezkagarrian.

Desazkunde turistikorantz norabide estrategikoa hartzeko beharra begi bistakoa da une honetan. Turismoaren hazkundea eta etxebizitza larrialdiari amaiera emateko neurri ausartak eta irmoak hartzeko ordua da. Donostiarren bizitzak eta bizi-baldintzak erdigunean jarriko dituen hiri-eredurantz urratsak eman behar dira, oreka sozial, ekologiko eta ekonomikoaren bidetik eraikiz Donostiaren etorkizuna.

Iruzkin bat “Gutxienez 3375 gazte joan dira Donostiatik Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko herrietara bizitzera hamar urtean” sarreran

Iruzkinak itxiak daude.