Hirimina

Asier Basurto (Irutxuloko Hitza)

Euskaraz emozio eta sentimendu ugari min kontzeptutik eratorrita izendatzen dira. Maitasun sentimendu indartsuena maitemina da; zerbait ezagutzeko gogo handia, jakinmina; eta urrunetik norberaren herriak sortzen duen hutsunea, berriz, herrimina. Oraingoz Donostian bizi garenez, ez dugu herriminik, bai, ordea hirimina.

Donostia ederra da; donostiarrak oso jatorrak. Hori ez da aldatu aspaldion. Baina badira azkar eta arrapaladan ematen ari diren aldaketa sakonak; begi-bistakoenak azken urteetan turismoaren areagotzeak ekarritakoak. Hirian hizketagai izan dugu (eta dugu) fenomenoa. Kaletik dabiltzan giriak biderkatzea hobeto edo okerrago bizi du bakoitzak, baina azaleko seinale horren azpitik, badira joera kezkagarriagoak.

Lehendik ere larria zen etxebizitzaren arazoak okerrera egin du. Hirian alokairuan bizitzea ia ezinezko bihurtu da. Apartamentu turistikoen fenomenoa gehitu zaio aspalditik ezagutzen genuen espekulazioari. Ustez ezin da ezer egin; edo ez dakigu zer egin; edo egiten ari ei da… Kontua da Astigarragan, Pasaian edo Hernaniko auzo berrietan topo egiten dutela Donostiatik kanporatutako hamarnaka gaztek.

Kezkagarria da azkenaldian euskararen erabileran eman izan diren hainbat atzerapausotan argudio berberekin topo egitea. Bisitarientzako azpiegiturak, ekitaldiak eta zerbitzuak omen direnetan, euskarari lehentasuna emateari ez diote zentzurik ikusten batzuek. Eta jakinda horrelakoak ikaragarri ugaltzen ari direla hirian… Hori bai, euskarazko hitzek eta gure kulturaren ikurrek, salgaiak erakargarriago bihurtzeko balio badute, ongi etorri.

Gabonetako merkatuak, noriak, selfietarako panelak, Amancio Ortega distritoak, Metroak, Burger Kingak eta 30 hotel berriek beste hiri batzuen pare jartzen gaituztela uste duenik ere bada. Horiek gabe gutxiago bagina bezala.

Aldaketa hauek zalantzan jartzean, hiriaren patua, garapen-bidea eta etorkizun posible bakarrari galga jarri nahi zaiola dirudi batzuetan. Abstraktuan hiriaren hoberako izango omen dena, norentzat da hobea, zehazki? Nor da «hiria» hor?

Hirimina ez da aldaketen kontrako erreakzio kontserbadore bat. Hirimina da gure hiriaren eta, beraz, gure bizitzen gaineko erabakimena galtzearen sentsazioa. Beldurra eta amorrua nahasten duen min hori da.

Aldaketa estetiko txikiez haratago, lotura komunitarioak eta auzo-bizitza desegiteko arriskua suma dezakegu. Horiek gabe, gutako bakoitza bakarrik legoke, babesgabe eta ahul, interes erraldoiek agintzen duten ingurunean. Beraz, horien indartzetik soilik berreskura dezakegu Donostia eta gure bizimodua nolakoa izango den erabakitzeko ahalmena.

Ez da hauteskunde kontua; hauek badatoz eta badoaz. Luzera begirako ikuspegiaz ari gara. Feminismoaren inguruan dirudiena bezainbesteko adostasuna posible bada, etor dadila beranduegi baino lehen: jar dezagun bizitza hiri-ereduaren erdigunean.

https://irutxulo.hitza.eus/generoak/iritziak/hirimina/