Azken asteetan sare sozialetako influencerren estiloan hainbat bideo sortu eta zabaldu ditugu: ostatuetako lan-baldintza irregular eta prekarioak erromantizatzen zituen bideo bat, Donostiako fetitxe bihurtu den gazta-tartaren errezeta azaltzen zuen bat eta hiriko toki ederrak zerrendatzen zituena berregin ditugu, turistifikazioaren kalteak agerian jarri eta salatzeko.
Sare sozialek masa komunikaziorako tresna bezala garrantzi izugarria hartu dute azken urteetan. Industria turistikoak baliatzen ditu, bere negozioaren mesedetan. Administrazio publikotik, gure hiriaren turistifikazioa bultzatzen duten erakundeek diru publikoa bideratzen dute negozio pribatuak elikatzeko. Beste herrialdeetako hamarnaka kazetariri bidaiak eta gastu guztiak ordaintzen dizkiete, zuzenean ezagutzeko gure ingurunea, interes-guneak, jatetxeak, hotelak… Gauza bera gertatzen da orain influencerren gomendioak erosteko.
Adibide gisa, aipa dezakegu maiatzean Kursaal jauregian 300 bidaia-influencer baino gehiago antolatutako kongresua. Eta uda honetan Muy Gipuzkoa San Sebastian leloarekin erakunde publiko baten soldatapean turismoa erakartzeko egitekoa hartu dute influencerrak.
Gauzak horrela, Bizilagunekin plataformatik dei egiten dugu:
- Sare sozialetako edukien aurrean kritikoak izatera. Gustu eta gomendio pertsonal gisa aurkezten zaizkigun eduki arinen atzean interes ekonomikoak eta praktika mertzenarioak ezkutatzen dira.
- Erakunde publikoetatik turismoaren sustapenera bideratutako aurrekontua ezabatzera, influencerren gomendioa erostera bideratutakoa barne. Sustapenerako aurrekontua turistifikazioaren kalteak leuntzera eta konpontzera bideratzea lehenbailehen.
- Sare sozialetako kanalak eta tresnak baliatzera Donostiarentzat desazkunde turistikoaren norabidea aldarrikatzeko. Lagunen eta ezagunen artean edukiak partekatuz, mezuak zabalduz eta eztabaidatuz hiri-eredu bizigarri eta justuago baten alde ekarpena egin dezagun.