Gaur hemen elkartu gara Bizilagunekin Plataforma, Ekologistak Martxan eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteko kideak, Cristina Iglesias artistak Santa Klara uharteko itsasargian burutzen ari den instalazio artistikoak hiriko gune ekologiko honetan eduki ditzakeen ondorio kaltegarriak sortzen diguten kezka publikoki adierazteko. Gure kezka ez dator, noski, artista honen lanetik, guztiz errespetatzen dugu bere lana eta ez dugu horren inguruan ezer esateko.
Gure kezka Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak irla bezain hauskorra zein ekologikoki aberatsa den gune natural batean bertara jende gehiago erakarri dezakeen interesgune bat jartzeko apustua egin izana da, ez bakarrik proiektu honi babes legala emanez, baizik eta hura ere diruz lagunduz. Udalak eraikina egokitzeko 270.000ko inbertsioa egingo du eta Aldundiak, bere aldetik, beste 200.000 euro jarriko ditu. Momentuz, proiektuaren aurrekontu osoa 1,4 miloi euro ingurukoa da.
Guk argi dugu Donostiako gune ekologiko txiki horretan horrelako proiektu bat gauzatzea ez dela hiriarentzat beharrezkoa. Horregatik, hau bultzatzeko benetako arrazoiak zeintzuk diren hausnartzerakoan, zaila zaigu Donostian ematen ari den turistifikazio prozesua lagunduko duen beste mugarri bat besterik ez dela ez pentsatzea. Eta horrek pizten du gure kezka, alegia. Irla eremu txiki bat izanda ezingo luke gaur egun jasaten duen pertsona kopuru askoz handiagoa jasan. Gainera, pertsona kopuruak gora egiten badu, beldur gara bertara iristen diren garraio zerbitzuak edo horniketarako behar diren azpiegiturak handitzeko interes eta ahaleginek gora egitea ere. Horrek, bertako ekosistema eta intereseko fauna espezieak arriskuan jarriko lituzke eta Irlan badira gaur egun Mehatxaturiko Espezieen Euskal Katalogoan dauden espeziak, hala-nola belatz handia, kaio beltza, kaio iluna edo ubarroi mottoduna. Baita ere bertako ekosisteman bakarrik bizi diren espezieak, Urgulleko sugandila, adibidez.
Proiektu hau bultzatzen ari diren agintariek Santa Klara Uhartea masifikatzeko arriskurik ez dagoela errepikatu dute etengabe hedabide eta eztabaida guneetan eta, ahoz behintzat, irla gaur egun ezagutzen dugun moduan mantentzeko konpromisoa hartu dute. Aitzitik, 2019ko Uztailean burutu den Donostiako azken udalbatzarrean PSE eta EAJ-ko zinegotziek proiektu honen ingurumen-inpaktua neurtzeko azterlan bat bideratzeko proposamenari uko egin diote berriro ere, hasiera batean hori egitearen alde agertu ziren arren. Gaur egun lanak aurrera doaz eta oraindik ez dago ondorio horiek baloratuko dituen dokumentu ofizialik.
Donostian azken urteetan bizi izan dugun errealitatea ikusita, hiritarrok egoera honekin kezkatuta gaude eta erakunde publikoei behingoz irla babesteko konpromiso finko eta lotesle bat hartzea eskatu nahi diegu gaur. Hitz politak gero, haizeak eramaten dituelako, baina gure ondare naturalaren suntsiketak ez du, ordea, atzerapausorik izango. Horregatik, Udalari, Aldundiari, Jaurlaritzari eta Estatuko Kantauriar Kostetako Zuzendaritzari, Santa Klara Uhartearen babesa bermatzeko eskura dituzten tresna legal desberdinak aktibatu ditzatela eskatzen diegu, Uhartea Biotopo Babestua[1] izendatuz eta irlak dituen garraiobide, sarbide eta azpiegiturak etorkizunean ez handitzeko konpromiso mugagabe bat modu ofizialean sinatuz. Gaur hemen bildu garen taldeak horretarako eskaera ofiziala egingo dugu erakunde desberdinetan irailetik aurrera eta erantzun positibo bat jasotzea espero dugu.
Geroz eta gehiago gara Donostian ematen ari den espazio publiko eta naturalen merkantilizazioa salatzen dugun hiritarrok; baita ere industria turistikoak mundu mailan zein Euskal Herrian eragiten dituen kalte ekologikoak etorkizunean gure herrialdeetan bizitzen jarraitzeko aukerak arriskuan jartzen dituela salatzen dugunok. Erakunde publikoek berriz, ez dirudi ideia honekin bat egiten dutenik. Turismo Jasangarriaren lelopean orain, hiriaren esplotazio turistikoaren jarraipen bat besterik ez diren erabakiak hartu eta horretara zuzendutako ekintzak burutzen dituzte. Guk argi dugu baina, hiriak hartu behar duen bidea ez dela hori, deshazkunde turistikoarena baizik. Eta hori defendatzen jarraituko dugu, oraingoan bezala, beharrezkoa den bakoitzean.
UHARTEA BABESTU, NATURA DEFENDATU, HIRIAREN TURISTIFIKAZIOA GELDITU!
[1] 1/2014 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
BiziLagunEkin – Haritzalde – Ekologistak martxan
https://www.berria.eus/paperekoa/1960/040/001/2019-08-04/santa-klarak-ez-du-argi.htm