[MANIFESTAZIOA] 2024/10/27 Testua, argazkiak eta hemeroteka

AMAIERAKO TESTUA:

Uda honetan ere bisitarien sarrerek, gaualdiek eta eguneko batez besteko prezioek gora egin dute. Beste uda bat errekorra hausten, industria turistikoak ospatzen duen hazkunde etengabean. Donostiarrok, ordea, ezer gutxi daukagu ospatzeko. Gutxi batzuentzat urrezko arrautzen oiloa den turismoa, gehiengoarentzat ito egiten gaituen eredu ekonomikoa da.

Auzo turistikoenetan kaleak masifikatuta, zarata, zaborra, merkataritzaren gainbehera eta bizi ezina begi bistakoak dira. Baina hortik haratago, hiri osora iristen dira turistifikazioaren ondorioak; begi bistaz ikusten direnak baino sakonagoak, eta maila estrukturalean Donostia eta bertako bizilagunen bizitzak arriskuan jartzen dituztenak.

  • Etxebizitza larrialdian bizi gara eta donostiarrak hiritik kanporatuak izaten ari gara
  • Lan baldintza prekarioak eskaintzen dituen sektore ekonomikoa beste jarduera guztiak jaten ari da, ekonomia eredua desorekatuz
  • Kulturaren merkantilizazioa ematen da, inbertsioak eta turismoa erakartzeko elementu soil bezala tratatzen delako.
  • Euskararen eta euskaldunon bazterketa areagotu egiten da kanpotik heldutako turisteI eta hizkuntzei lehentasuna ematen zaienean.
  • Espazio publikoa kontsumoa sustatzeko helburuz diseinatzen eta moldatzen da.
  • Autoetan, hegaldietan eta azpiegitura txikitzaile erraldoietan oinarritutako mugikortasun eredua inposatzen zaigu.
  • Balio ekologiko neurtezina duten landa ingurune naturalak artifizializatzen dira.
  • Ondare historiko eta arkitektonikoaren suntsipena etengabea da.
  • Tokiko merkataritzaren kaltetzen da, bere existentzia zailduz eta kate handi eta multinazionalak hobetsiz.
  • Eta guzti honek hiriko bizilagunen arteko komunitate sareak ahultzea dakar; auzo mailako harremanak, familia eta lagun-taldeen dispertsioa, indibidualizazioa eta deserrotzea.

Donostian, bereziki luxuzko turismoaren eragina pairatzen dugu: gero eta eskaintza turistiko esklusiboagoa eta garestiagoa sustatzen da, poltsiko aberatsenak erakartze aldera. Esango digute “kalitatezko turismoa” dela masifikazioa saihesteko formula; baina guk kalitatezko bizitzak aldarrikatzen ditugu: etxebizitza eskubidea, lanpostu duinak, auzo biziak eta denontzako kultur eta aisialdi eskaintza. Ekonomikoki eta sozialki justua den hiri batean bizi nahi dugu.

Donostiarrok aspaldi altxa dugulako ahotsa, oso zaila zaie arduradun instituzionalei ez-entzunarena egitea. Azken hamarkadan turistifikazioaren azeleragailua sakatzen aritu ostean; espekulatzaileei eta esplotatzaileei mesedeak eta erraztasunak bata bestearen atzetik eskaini ostean, itxurakeriaren unera heldu gara. Orain zentzudun plantak egiten dituzte negozio pribatuen mesdetan gobernatzen dutenek. Bisita gidatuen tamaina, tasa turistikoa edo antzeko huskeriak ez dira nahikoa. Hiri eredua eraldatu behar dugu, desazkunde turistikoaren bidetik, herritarren bizi-baldintzak erdigunean jartzeko.

Aurtengoa urte berezia da. Turistifikazioaren aurkako mugimendua inoiz baino biziago egon da. Hainbat hiri eta lurraldetan herritarrak kalera atera gara turistifikazioaren ondorio larriak salatzeko. Mezua argia da: eredu turistiko honen hazkundeak muga guztiak gainditu ditu eta, honen aurrean, desazkunde turistikoaren aldeko neurriak hartzea ezinbestekoa da.

  • Pisu turistikoak murriztu behar dira, erabat desagerrarazi arte. Alokairu publiko eta sozialaren aldeko neurriak eta prezioak mugatzeko neurriak lehenbailehen ezarri behar dira.
  • Gaur egun turismo sektorean lan baldintza onak bermatzeaz gain, eredu ekonomikoa berrorekatu behar da enpresak eta langileak beste sektore batzuetara bideratzeko erraztasunak emanez.
  • Aurrekontu publikoaren bidez egiten den sustapen turistikoa eta negozio turistikoen mesedetan egindako politika guztiak eten behar dira. 0 euro turismoaren hazkundeari. 0 mesede turistifikatzaileei.
  • Kultura kontsumo-gai eta erakarpenerako amu gisa ikusteari utzi eta indartu behar dira tokiko sorkuntza-sareak.
  • Lehentasuna eman behar zaio euskararen erabilerari gizartearen arlo guztietan.
  • Kaleek harreman gune izan behar dute, elkartzeko, jolasteko, paseatzeko, deskantsatzeko eta eguneroko bizitza eroso egin ahal izateko espazioak
  • Hiriko elkartegintza sare zabala indartu behar da, herritik eta herriarentzat beren burua antolatzen duten bizilagunei erraztasunak eman behar zaizkie jarduera sozialak, kulturalak, aisialdikoak eta komunitarioak egiteko. Hori da Donostiaren altxorra, bihotza eta motorra

Arriskuan gaudelako, donostiarrongan kalteak eraginez aberasten ari direnei muga jartzeko unea da. Denborak aurrera egin ahala, zailagoa bihurtzen da egoera larri honetatik ateratzea.

Ez dugu bukatu nahi Kaleko Afari Solidarioen bueltan gertatu dena aipatu gabe. Hiri eredu elitista eta baztertzailearen adibide gordina da. Elkartasunerako antolatutako sare herritar eredugarria erasotua izaten ari da. Ez dago Donostia ederrik edo nazioartean harrotasuna sortuko duen hiririk gure artean bazterkeria, gosea eta miseria daukagun bitartean. Donostiarron arteko elkarbizitza denon bizi-baldintza duinen gainean soilik eraiki daiteke. Ez dugu inor atzean utzi nahi eta ez dugu utziko. Kaleko Afari Solidarioekin eta bestelako elkartasun ekimenetan parte hartzera animatzen zaituztegu. Eta klasismoaren, arrazismoaren eta faxismoaren aurrera erantzuteko deia ere egin nahi dugu.

Herritarron antolakuntzak eta borrokak soilik ekar dezake hiri-ereduaren aldaketa. Donostiarrei dei egiten diegu aktibatzeko, antolatzeko eta borrokan jarraitzeko.

Gure bizitzen eta gure hiriaren defentsan, desazkunde turistikoa orain!

ARGAZKIAK:

HEMEROTEKA:

https://irutxulo.hitza.eus/2024/10/27/mila-lagunetik-gora-mobilizatu-dira-turistifikazioaren-eraginen-aurka/

https://www.donostitik.com/marcha-critica-con-el-turismo-en-donostia-este-modelo-economico-nos-ahoga/

https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/9614132/masifikazioaren-eraginekin-kezkatuta-desazkunde-turistikoa-aldarrikatu-dute-ehunka-lagunek-donostian

https://www.eitb.eus/es/noticias/sociedad/detalle/9614113/cientos-de-personas-piden-en-donostia-virar-hacia-decrecimiento-turistico-de-ciudad

https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20241027/una-manifestacion-exige-el-decrecimiento-turistico-de-donostia-en-defensa-de-nuestra-ciudad

https://www.elsaltodiario.com/turismo/manifestacion-turistificacion-donostia

https://www.publico.es/sociedad/millar-personas-piden-donostia-decrecimiento-turistico-ciudad.html

https://cadenaser.com/euskadi/2024/10/27/me-piden-medio-millon-de-euros-por-un-piso-de-dos-habitaciones-en-san-sebastian-me-estan-vacilando-radio-san-sebastian

https://www.europapress.es/euskadi/noticia-millar-personas-manifiestan-san-sebastian-protestar-contra-efectos-turistificacion-20241027143246.html

https://www.europapress.tv/sociedad/917998/1/manifestacion-multitudinaria-san-sebastian-decrecimiento-turistico

https://www.lavanguardia.com/local/paisvasco/20241027/10054946/millar-personas-manifiestan-san-sebastian-protestar-efectos-turistificacion-agenciaslv20241027.html

https://www.bbc.com/news/articles/cwy19egx47eo

https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/donostia/2024/10/27/manifestacion-pedir-decrecimiento-turistico-donostia-8856778.html

https://www.diariovasco.com/san-sebastian/cientos-personas-manifiestan-donostia-decrecimiento-turistico-20241027125605-nt.html

https://www.telecinco.es/noticias/euskadi/20241027/manifestantes-exigen-san-sebastian-guipuzcoa-decrecimiento-turistico-ciudad_18_013838177.html

https://www.express.co.uk/news/world/1967917/anti-mass-tourism-protest-san-sebastian-spain-overtourism

https://www.eleconomista.es/transportes-turismo/noticias/13053925/10/24/un-millar-de-personas-sale-a-la-calle-en-en-san-sebastian-para-pedir-que-se-reduzca-el-turismo.html

https://www.abc.es/cultura/manifestantes-exigen-san-sebastian-decrecimiento-turistico-ciudad-20241027150016-vi.html

https://www.france24.com/en/video/20241027-in-spain-protests-against-overtourism-grow

https://www.express.co.uk/news/world/1967917/anti-mass-tourism-protest-san-sebastian-spain-overtourism