Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroa

Irutxuloko Hitza

Zuen turismo eredua kontrako eztarritik joaten zaigu! lelopean protesta egin zuten atzo Kursaalean, Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroaren harira. Atzo hasi zen Turismoaren Munduko Erakundeak (TME) eta Basque Culinary Centerrek antolatutako nazioarteko goi-bilera, eta gaur amaituko da. Bosgarren aldiz egin dute foroa, eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa du, besteak beste.

Bizilagunekin plataformak deitutako mobilizazioan “Donostia bizitzeko hiri bat dela garbi adierazi” nahi izan zuten ekintzaileek. “Hau ez da zuen negoziorako parke tematikoa!” adierazi zuten plataformak bere sale sozialetan. Gaur zabaldutako ohar baten bidez adierazi dute mobilizazioaren helburua izan zela salatzea Donostian gaur egun garatzen ari den turismo ereduak gutxi batzuen negozioei mesede egiten dien bitartean, herritarren gehiengoari kalteak sortzen dizkiola.

TMEren arabera, foroaren helburua “turismo gastronomikoa herrialdeen garapenerako faktore gisa sustatzea” da eta, urte honetan, garapen jasangarrira bideratutako lanpostuen sorrera eta ekintzailetzaren sustapena izango ditu gai nagusi gisa. Plataformak kritikatu du “edonoren bizi baldintzen gainetik pasatuz aberasteko duten grina” existitzen ez den “turismorako eskubide” gisa  mozorrotzen dutela. “Gobernuak interes pribatuen mesedetan baliatzeko estrategiak adosten dituzte TMEren bileretan”, kritikatu dute.

Bigarren aldia da, azken bi urteetan TMEk Donostian foroa antolatzen duela, eta Bizilagunekin plataformaren ustez, “ez da kasualitatea”. “Gure hiria gobernatzen dutenak bete betean murgildu dira turismo industriaren, turisten eta inbertsoreen erakarmenean. Helburu horren baitan aliantza eginda dute hemengo zein nazioarteko botere ekonomiko eta politikoek”, kritikatu dute. Gainera, agerian utzi dute estrategia horren kalteek donostiarrei eragiten dietela zuzenean: etxebizitzen garestitzea, lan prekarioen areagotzea, hiri-espazioaren pribatizazioa, kulturaren merkantilizazioa, gune naturalen artifizializazioa, eat abar.

Turismo eredua ezbaian
Turismo jasangarriaren kontzeptuak bere balioa galdu duela ondorioztatuta, Bizilagunekin plataformak desazkunde turistikorako hamasei proposamen aurkeztu zituen duela egun gutxi, Donostian “gutxi batzuen negozioa herritarren gehiengoaren bizitzan kalteak sortzen ari dela” argudiatuz. Horien artean, hiri-markaren eta turismoaren sustapenerako aurrekontuak ezabatzeko proposamena egin zuen plataformak.

Halaber, Bizilagunekin plataformak Donostia Defendatuz koordinakundeak larunbaterako deitu duen manifestazioarekin bat egin eta mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Protesta Easo plazatik abiatuko da larunbatean, maiatzaren 4an, 17:30ean, Hiria salgai lelopean.

https://irutxulo.hitza.eus/2019/05/03/protesta-egin-dute-turismo-gastronomikoaren-munduko-foroaren-aurrean/

Hirimina

Asier Basurto (Irutxuloko Hitza)

Euskaraz emozio eta sentimendu ugari min kontzeptutik eratorrita izendatzen dira. Maitasun sentimendu indartsuena maitemina da; zerbait ezagutzeko gogo handia, jakinmina; eta urrunetik norberaren herriak sortzen duen hutsunea, berriz, herrimina. Oraingoz Donostian bizi garenez, ez dugu herriminik, bai, ordea hirimina.

Donostia ederra da; donostiarrak oso jatorrak. Hori ez da aldatu aspaldion. Baina badira azkar eta arrapaladan ematen ari diren aldaketa sakonak; begi-bistakoenak azken urteetan turismoaren areagotzeak ekarritakoak. Hirian hizketagai izan dugu (eta dugu) fenomenoa. Kaletik dabiltzan giriak biderkatzea hobeto edo okerrago bizi du bakoitzak, baina azaleko seinale horren azpitik, badira joera kezkagarriagoak.

Lehendik ere larria zen etxebizitzaren arazoak okerrera egin du. Hirian alokairuan bizitzea ia ezinezko bihurtu da. Apartamentu turistikoen fenomenoa gehitu zaio aspalditik ezagutzen genuen espekulazioari. Ustez ezin da ezer egin; edo ez dakigu zer egin; edo egiten ari ei da… Kontua da Astigarragan, Pasaian edo Hernaniko auzo berrietan topo egiten dutela Donostiatik kanporatutako hamarnaka gaztek.

Kezkagarria da azkenaldian euskararen erabileran eman izan diren hainbat atzerapausotan argudio berberekin topo egitea. Bisitarientzako azpiegiturak, ekitaldiak eta zerbitzuak omen direnetan, euskarari lehentasuna emateari ez diote zentzurik ikusten batzuek. Eta jakinda horrelakoak ikaragarri ugaltzen ari direla hirian… Hori bai, euskarazko hitzek eta gure kulturaren ikurrek, salgaiak erakargarriago bihurtzeko balio badute, ongi etorri.

Gabonetako merkatuak, noriak, selfietarako panelak, Amancio Ortega distritoak, Metroak, Burger Kingak eta 30 hotel berriek beste hiri batzuen pare jartzen gaituztela uste duenik ere bada. Horiek gabe gutxiago bagina bezala.

Aldaketa hauek zalantzan jartzean, hiriaren patua, garapen-bidea eta etorkizun posible bakarrari galga jarri nahi zaiola dirudi batzuetan. Abstraktuan hiriaren hoberako izango omen dena, norentzat da hobea, zehazki? Nor da «hiria» hor?

Hirimina ez da aldaketen kontrako erreakzio kontserbadore bat. Hirimina da gure hiriaren eta, beraz, gure bizitzen gaineko erabakimena galtzearen sentsazioa. Beldurra eta amorrua nahasten duen min hori da.

Aldaketa estetiko txikiez haratago, lotura komunitarioak eta auzo-bizitza desegiteko arriskua suma dezakegu. Horiek gabe, gutako bakoitza bakarrik legoke, babesgabe eta ahul, interes erraldoiek agintzen duten ingurunean. Beraz, horien indartzetik soilik berreskura dezakegu Donostia eta gure bizimodua nolakoa izango den erabakitzeko ahalmena.

Ez da hauteskunde kontua; hauek badatoz eta badoaz. Luzera begirako ikuspegiaz ari gara. Feminismoaren inguruan dirudiena bezainbesteko adostasuna posible bada, etor dadila beranduegi baino lehen: jar dezagun bizitza hiri-ereduaren erdigunean.

https://irutxulo.hitza.eus/generoak/iritziak/hirimina/

Donostiako turismoa murrizteko neurriak proposatu ditu Bizilagunekin plataformak

GARA

Hiritarren eta eragile sozialen aurrean, Bizilagunekin plataformak 16 proposamen jasotzen dituen dokumentua aurkeztu du. Neurri horien xedea Donostiako turismoa gutxiagotzea da, gaurko ereduak donostiarren bizitzan «kalte konponezin gehiago eragin baino lehen». Plataformako kideen iritziz, «gutxi batzuen negozioa» hiritarren bizitza trabatzen ari baita: «Etxebizitzaren arazoa handitzen, lan prekarioa ugaritzen, zentzurik gabeko hirigintza bultzatzen, komertzio txikia itotzen, eredu kultural komertzialak sustatzen eta homogeneizaziora zuzentzen…».

Salatu dutenez, ez dira aintzat hartzen hiritarren behar eta iritziak. «Instituzioetako arduradunek turismoarekin lotutako eztabaidei uko egiten diete (…) Ez aspaldi ez zegoela arazorik zioten. Orain askok aldarrikatzen dute turismo jasangarria. Baina indarrean dagoen Donostiako turismo eredua ez da jasangarria sozialki, ekonomikoki, ekologikoki eta kulturalki».

16 proposamen

Bizilagunekin plataformaren ustez, turismoa gutxitzen joatea da hartu beharreko bidea. Horretarako, 16 proposamen egin dituzte, pisu turistikoak, hotelak, saltokiak, osasuna, kultura, ekologia eta hirigunea kontuan hartuz, besteak beste.

Duela justu urtebete aurkeztutako plataforma herritar honen arabera, hartu beharreko lehenbiziko neurria «turismo ereduaz eztabaidatzeko gune publiko eta iraunkor bat sortzea da». Gero, bizilagunen bizi baldintzak aztertzen dituen hiri behatoki bat eratu beharko litzatekeela uste dute. «Hiriak ez du monokultibo turistiko bat izan behar. Hiriko ekonomia orekatu baten alde, beste jarduera ekonomikoak bultzatu behar dira», defendatu du.

Merkataritza jardueretan egutegi eta ordutegien malgutzea etetea; hiri markaren eta turismoaren sustapenerako aurrekontuak ezabatzea; pisu turistikoen kopurua murriztu eta mugatzea; hotelen lizentzia esleipenak gelditzea eta hiriko gune saturatuen plan berezia eratzea dira bizilagunok planteatu dituzten beste ekintza batzuk.

Auzo bizitza eta kale bizitza posible egiteko azpiegitura eta baliabideak eskaintzea ere beharrezkotzat jotzen dute, elkarte eta eragile sozialen antolakuntza lanak erraztearekin batera «hiriaren bizitza eta nortasuna gorpuzten dutelako».

https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2019-04-21/hemeroteca_articles/donostiako-turismoa-murrizteko-neurriak-proposatu-ditu-bizilagunekin-plataformak

Ulian egin nahi duten hotelean irregulartasunak salatu dituzte

Ulia-Ategorrieta eremuan «200 ohe baino gehiagoko makro-hotel bat» eraiki nahi dutela salatu dute Uliako Auzo Elkarteak, Bizilagunekin plataformak, eta Duintasuna elkarteak. Prozesuak irregulartasunak dituela azpimarratu dute. «Udalak eta botere publikoek ekimen pribatuaren interesari erantzuten diote, herritarren interesen kaltetan».

Bizilagunekin, Uliako Auzo Elkartea eta Duintasuna

2009an birkalifikatu zuen udalak hotela eraiki nahi den lur eremua, San Ignazio S.A. enpresak hirugarren sektoreko erabilera emateko. Zehazki, adinekoentzako egoitza bat eraikitzeko. Dena dela, 2018ko martxoan plan berezi bat onartu zuen udalak: AU.05 Ategorrieta-Ulia. Plan horren arabera, lur-sailean hotel bat eraikitzea aurreikusten da. «Egungo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak hotel bat eraikitzea aurreikusten du, eta ez adinekoentzako egoitza bat», kritikatu dute hiru elkarteek.

Ulia-Ategorrietako berdegune batean eraiki nahi da hotela, eta inguruan horrelako eremurik ez dagoela ohartarazi dute. «Hotela eraikitzeak auzoko biztanleen bizi-kalitatea kaltetzen du, eta, auzotarrek askotan erakutsi diote udalari espazio berde hori mantendu eta auzokideek erabili eta gozatu ahal izateko bere interesa». Horiek horrela, bi gauza eskatu dizkiote udalari: batetik, plan berezia bertan behera uztea, eta bestetik, hirigintza-plangintzaren ekimena brreskuratu eta plan berezi bat garatzea.

https://irutxulo.hitza.eus/2019/03/27/ulian-egin-nahi-duten-hotelean-irregulartasunak-salatu-dituzte/

Donostia Defendatuz [Sorrera]

DONOSTIAKO UDALAREN HIRIGINTZA POLITIKAREN KONTRAKO SALAKETA BATERATZEKO KOORDINADORA BAT SORTU DUTE HAINBAT HERRI MUGIMENDU ETA ELKARTEK:

“DONOSTIA DEFENDATUZ” izenarekin, hiriaren defentsan kezka berdintsuak partekatzen ditugun zenbait talde eta herri-mugimenduk <hirigintza garbi, partehartzaile eta jasangarri baten aldeko> koordinadora ez-alderdikoi bat sortzea erabaki dugu.

Ekintzak koordinatzeko eta irizpideak bateratzeko asmoz egin ditun bileren ondorik, DONOSTIA DEFENDATUZ mugimendua sortu dugu Dendartean, Ondare-SS, Satorralaia, Uliako Auzo Elkartea, Bizilagunekin, Belartza 2 Gelditu plataforma eta Haritzalde talde naturalistak. DONOSTIA DEFENDATUZ udalaren kudeaketa txarraren kontra diharduten mugimendu guztiak biltzeko eta borroka lokal txikiei ahotsa emateko asmoz sortu da.

Izaera anitzeko taldez osatua bada ere, DONOSTIA DEFENDATUZ baterako ekintza bultzatzeko sortu da, komunean dugun arazo bati aurre egiteko: Donostiako udal gobernuak daraman hirigintza politika erasokorra da arazo amankomun hori, herritarren eta taldeen artean haserrea pizten duena. DONOSTIA DEFENDATUZ hirigintzaren arloan iharduera polemikoak pilatzen ari direla ikusita sortu da, hala nola Metroaren pasantea, Donostiako periferian merkatalgune handi gehiago eraikitzeko egitasmoak, lurraren suntsiketa eta artifizializazioa, hiriko arboladien mozketa masiboa, Uliako mintegien auzo-parkea urbanizatzeko propiektua, ezaugarri eta balio berezia duten eraikinak etengabe babesik gabe utzi eta eraistea, edota hotel berriak mugagabe hedatzea, besteak beste.

DONOSTIA DEFENDATUZ en iritziz, iharduera polemiko horiek denak hirian bizi dugun arazo endemiko eta ez-puntual baten islada eta ondorio dira: hots, interes ekonomiko handiei, promotoreei eta merkataritzako kate handiei sistematikoki mesede egiten dieten Donostiako Udaletxearen politiken ondorio dira –udaleko diru kutxa edozein preziotan finantzatze aldera. Ondorioz, udalaren hirigintza politika ekimen pribatuaren esku dagoela uste dugu DONOSTIA DEFENDATUZ en, bizitzeko hiri baten ordez negoziorako hiri eredu bat eraikitzen ari delarik, donostiarren interes orokorraren kaltetan. Gardentasun-faltaz eta araudien anbiguotasunaz baliatuz, Donostiako komertzio txikiari, ondare arkitektonikoari eta inguruneari eraso egiten ditenen iharduera suntsitzaileak sustatu eta hirgintzako Plan Orokorraren aldaketak onartzen dira.

Sortu berri dugun koordinadora honen helburua iharduera urbanistiko eta erabaki politiko horiek nabarmentzea eta salatzea izango da beraz, eztabaida kalera zabal dadin. Hortarako, batzar informatiboak, mahainguruak eta elkartasunezko ekintzak egingo ditu DONOSTIA DEFENDATUZ mugimenduak, problematika hauek herritarrengana helarazteko.

http://www.bifmradio.com/firmas/donostia-defendatuz/