- Espainiako Auzitegi Gorenak etxebizitza turistikoen ordenantzari urtarrilaren 21ean emandako ebazpenaren bidez, behin-betiko bertan behera geratu da 2018an onartutako arautegia.
- Erabaki hau Donostiako Udalaren akatsen eta jokabide okerren segida baten ondorio da.
- Hala ere, nabarmendu nahi dugu ebazpenak Donostian pisu turistikoekin daukagun arazoari konponbidea emateko ate bat zabaltzen duela.
Azken ebazpen hau nondik datorren ulertzeko, 2017tik honako gertaera batzuk oroitzea komeni da. Hilabete gutxitan hirian eskaintzen ziren pisu turistikoen kopurua izugarri hazi zen. Gaia kezka iturri nabarmena zen hirian, orokorrean turistifikazioaren beste hamaika ondorio bezala. Udaberria eta udan zehar eztabaida soziala bizi-bizi egon zen Donostian: lagunarte eta familietan, egunkarietako iritzi ataletan, kaleko adierazpen eta mobilizazioetan…
Bitartean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) etxebizitza-eraikinetako lehen solairuetan soilik baimentzen zen alokairu turistikoa. Baina, aldi berean, ehundaka etxebizitza turistiko errejistratzen ari ziren Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen errejistroan. Honela, erakunde publikoek identifikatuta zituzten legalitatetik kanpo jarduera ekonomiko bat garatzen zuten pisu asko eta asko.
Horren aurrean, Udalaren lehenengo erantzuna arazoa ukatzea izan zen; hirian turismo jarduerak sortzen duen ondorio guztiekin egiten duten bezala. Baina jarrera aldatu zuten herritarren kezkak eta protestak eraginda: uda betean, alde bakarrez eta eztabaidarik gabe tramitatu zuten alokairu turistikoak erregulatzeko udal-ordenantza 2017ko abuztuan bertan. 2018ko martxoan onartu zen definitiboki. Hala ere, hortik aurrera hilabete batzuetan ez ziren zigortu legez kanpoko pisuak eta araudian sartzeko erraztasun guztiak eskaini zitzaizkien etxejabeei. Azken finean indargabetu berri den ordenantza pisu turistiko ilegalak legalizatzeko tresna bat izan da.
Ordenantza sortzeko prozesua eta azken epaiak agerian utzi duen ganora falta juridikoa ez dira izan tresna honi lotutako gabezia bakarrak. Ordenantza aurrerakoi bezala saldu nahi izan digute. Hiria zonaldeka antolatzearena azpimarratu nahi izan dute araudiaren bertute nagusi bezala. Gure iritziz, norabide okerrean hartutako neurria da, errepikatu behar ez dena. Batetik, deszentralizazioa esaten dioten hori arazoaren zabalpenerako tresna bezala ulertzen dugulako. Turistengan erakarmen handiena sortzen duten hiriko zonaldeetan (Parte Zaharra, hondartzak, Erdialdea…) kokatzen dira hotel eta pisu turistiko gehien. Beste auzo eta zonaldeetan alokairu turistikoak errazteak arazoa handitzea eta zabaltzea dakar eta ez dio presio-turistikorik kentzen dagoeneko arazoak gainezka egiten dien auzoei. Hiri osoa da turistifikazioaren kalte anitzak jasaten ari dena eta hiri osoan jarri behar zaio muga prozesu honi.
Ordenantzan arauditik kanpo zeuden pisuak identifikatu eta itxiarazteko zeregina ematen zion Udalak bere buruari. Norabide onean ezarritako funtzioa zela uste dugu. Baina zeregin horretara bideratutako baliabideak, ordea, ez dira nahikoak izan inolaz ere. Herritarren laguntzari esker soilik izan da posible legez kanpoko hainbat jarduera etenaraztea.
Azken finean, 2018tik 2021era indarrean egon den pisu turistikoen ordenantzaren bidez, une oro etxeak negozio bezala erabiltzea babestu du Udalak. Espekulaziorako eta negozioak egiteko eskubidea jarri da etxebizitza eskubidearen gainetik. Eta ez da txantxetako gauza etxebizitza larrialdi nabarmena bizi dugun hirian. Nahiz eta Donostiako kasua aztertu duten ikerlariek frogatu duten[1] pisu turistikoen eskaintzak igoera eragiten duela alokairuaren prezioetan.
Ibilbide triste honetan guztian ez da eztabaidarik onartu. Parte Zaharrean Bizi Elkarteak eta Kaleratzeak Stop plataformak ordenantza sortzeko prozesuan egin zituzten alegazioei ez zitzaien kasurik egin. Ez da donostiarren iritziak eta bizipenak kontuan hartzeko aukerarik eskaini. Dena alde bakarrez, presaz eta ezkutuan egin dute, ondo baitakite badagoela eztabaida, eta hiriaren turistifikazioa gehiegizkoa dela pentsatzen duten herritarrak ez direla gutxi.
Orain arte gertatu denak balio beza aurrerantzean akatsak saihesteko eta erabaki hobeak hartzeko. Mezu batzuk zuzendu nahi dizkiogu, hasteko, Udalari:
Aukera bat dugu orain. Publikoki adierazi dute Plan Orokorra moldatzean baliogabetutako ordenantzaren araudia erreproduzitzeko asmoa. Ez du zertan horrela izan. Pisu turistikoak mugatu eta murrizteko balio duen araudia ezarri behar dela uste dugu. Praktika hau desagertzera eramateari atea zabalduko dion markoa ezarri behar da.
Gai honetan (eta turistifikazioari lotutako guztietan) jarrera aldaketa ezinbestekoa iruditzen zaigu. Erabakiak hartzeko prozesuetan gardentasunez eta parte hartzeko aukerak eskainiz jokatu ezean, ez dago bermerik herritarren interes orokorrari erantzuteko. Gutxi batzuen interesek baldintzatu dezakete gure hiriaren eta bizilagunen bizimodua.
Turismoaren etenaldiak eta osasun-larrialdiak agerian jarri dituen ahuleziak Donostiako hiri-eredua berpentsatu eta berregokitzeko aukera bat dira. Norabide aldaketa baterako ordua da. Desazkunde turistikorantz bidea egitea inoiz baino beharrezkoago agertzen zaigu etorkizunak ekarriko dizkigun erronkei erantzuteko.
Bestalde, donostiarrei ere mezu batzuk helarazi nahi dizkiegu:
Etxebizitzak pisu turistiko bezala alokatzeak etxebizitzak bizitzeko behar dituztenen alokairua garestitzea dakar; hiria turistifikatzea, donostiarrak hiritik kanporatzea eta komunitate harremanak desegitea eragiten du. Ez onartu praktika hori. Ez legitimatu gure inguruko inork bide hori hartzen badu. Donostia ez dago salgai.
Antolatu bizilagunekin. Gure eraikinetan pisu turistikoak ezartzeari ateak itxi. Atarietako bakoitzean, etxejabeen gehiengoak hala nahi badu, eraikinean pisu turistikoak jartzea legez debekatu daiteke. Hitz egin bizilagun-komunitatean, informatu araudiez eta erabaki hauek hartzeko moduez eta eman urratsa.
Aurre egin diezaiogun etxebizitza larrialdiari. Pisu turistikoena arazo askoz zabalago baten adar txiki bat besterik ez da. Etxebizitzarekin lotutako problematika anitza da: etxerik gabekoak, alokairu garestiak, etxe-kaleratzeak, funts putreak, Donostiatik kanporatuak… Baina badago gai horiei erantzuteko antolatuta dagoen pertsona eta talde pila: auzo elkarteak, Kaleratzeak Stop, Maizterren Sindikatua, Saretxe, Azoraren kaltetuak, Alokairu, Okupazio bulegoa… Batu gaitezen eta bultza dezagun elkarrekin Donostian etxebizitza eskubidea errespetatzea lortu arte.
[1] Aitziber Etxezarreta-Etxarri, Julen Izagirre-Olaizola, Jon Morandeira-Arca & Imanol Mozo Carollo (2020) Urban touristification in Spanish cities: consequences for the rental-housing sector in San Sebastian, Economic Research-Ekonomska Istraživanja, 33:1, 1294-1310, DOI: 10.1080/1331677X.2020.1755878