PROPOSAMENAK

Donostian atzera bueltarik gabeko aldaketa asko ematen ari dira azken urteetan turismo ereduari lotuta. Gutxi batzuen negozioa herritarren gehiengoaren bizitzan kalteak sortzen ari da. Turismoaren desazkunderantz urratsak ematea guztiz beharrezko ikusten duelako plazaratu ditu proposamenak plataformak.

Herritarren beharrak eta iritziak ez dira kontuan hartzen eta turismoarekin lotutako gaietan eztabaidari uko egiten diote arduradun instituzionalek. Inbertsiogile eta patronalen mesedetan, esku gutxitan geratzen diren negozioei begirako hiri-eredua eraiki nahi dute Donostian. Arazorik ez dagoela esaten zuten duela ez hainbeste. Orain, “turismo jasangarria” bultzatzen dutela aldarrikatzen dute gehienek. Baina Donostian indarrean dagoen turismo-eredua ez da jasangarria sozialki, ekonomikoki, ekologikoki eta kulturalki.

Desazkunde Turistikoa da Bizilagunekin plataformaren ustez hartu beharreko norabidea. Beranduegi izan baino lehen, atzera bueltarik gabeko kalte gehiago sortu baino lehen, donostiarren bizitzak erdigunean dituen hiri-eredua behar dugu.

16 PROPOSAMEN DESAZKUNDE TURISTIKORANTZ

1 – Turismo ereduaz eztabaidatzeko gune publiko eta iraunkorra sortu.

2 – Bizilagunen bizi baldintzak aztertzen dituen hiri-behatokia sortu.

3 – Hiriak ez du monokultibo turistikoa izan behar. Hiriko ekonomia orekatu baten alde, beste jarduera ekonomikoak bultzatu.

4 – Merkataritza jardueretan egutegien eta ordutegien malgutzea eten (jai egunetan jai egitea, gauez dendak ez irekitzea…).

5 – Hiri-markaren eta turismoaren sustapenerako aurrekontuak ezabatu (publizitate kanpainak, turismo-azokak…).

6 – Pisu turistikoen kopurua murriztu eta mugatu.

7 – Hotelen lizentzia esleipenak gelditu.

8 – Hiriko gune saturatuen plan berezia eratu (mugikortasuna, hiri-espazioa, osasuna, merkataritza…).

9 – Auzo-bizitza eta kale-bizitza ahalbideratzeko azpiegitura eta baliabideak eskaini (iturriak, eserlekuak, gune estaliak, kirolguneak…). Kalearen merkantilizazioari ez!

10 – Elkarte eta eragile sozialen antolakuntza lanak erraztu, hiriaren bizitza eta nortasuna gorpuzten dutelako.

11 – Jarduera kulturalen erabilera komertziala ekidin.

12 – Hizkuntza ofizialen erabilerarako indarrean dagoen araudia betearazi, salbuespenik gabe.

13 – Balio ekologikoa duten guneak zabaldu eta babestu.

14 – Eskualde mailako beharren araberako mugikortasun eredua diseinatu. Garraio-azpiegitura erraldoiei uko egin.

15 – Turismoak biztanleen osasunean eragiten dituen kalte zuzenak (estresa) aztertu eta hauen erreparaziorako neurriak hartu; bereziki gune saturatuetan.

16 – Tasa turistikotik jasotako diru-sarrerak ongizate politiketara bideratu, inolaz ere ez jarduera turistikoak indartzera (sustapen jarduerak, azpiegitura turistikoak).


Alokairu turistikorako plataformak mundu osoan (eta Donostian) hedatu zirenetik eztabaidagai izan dira. Hiriaren turistifikazioan eta etxebizitzaren merkatuan berebiziko eragina dutenez, hirien eta lurraldeen bizigarritasunaren alde antolatutako gizarte mugimenduek, interes ekonomiko pribatuen aldeko lobby sektorialek eta administrazio publikoek beren posizioak markatu dituzte. Donostian, azken urteetan ezagutu ditugu erregulazio saiakerak, epaitegiek araudia bertan behera uztea, pisu turistikoen negozioan dabiltzanen eta hotelen negozioetan dabiltzanen arteko talkak… Era berean, ezagutu ditugu bizilagunengan sortutako arazoak eta ohiko bizitegi gisa alokatzeko etxebizitzen inoizko prezio igoerarik handiena. Haritik Hirira taldeak gaur egun fenomeno honek Donostian dituen ezaugarriez egindako azterketa baliatu du Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak arlo honen inguruko zerbait azalpen emateko eta zenbait proposamen plazaratzeko.