Eihar Egaña (Irutxuloko Hitza)
Kontxako badiaren erdian, Donostiaren «marko konparaezina» osatzen duen elementuetako bat da. Nork ez du ezagutzen? Nor ez da joan bertara itsasontzi zuri-urdinetan edo igeri? Han dago Donostiak duen itsasargietako bat; eta orain, udala eta Foru Aldundiaren ekimenez Cristina Iglesias artistak artelan bilakatuko du eraikina. Proiektuaren aurrekontua 1,4 miloi eurokoa izatea aurreikusi da; udalak 270.000ko inbertsioa egingo du eraikina egokitzeko eta Aldundiak, bere aldetik, 200.000 euro jarriko ditu.
Nire buruari galdetu diot, ea zer egiten duen interbentzio artistiko horrek uhartean; normalean, donostiarrak joaten dira hara, eta udako hilabete pare bat kenduta, ez dira asko izaten. Berehala konturatu naiz hor dagoela gakoa. Hiriko eta lurraldeko agintariek azken urteetan turismoa erakartzeari begira egin dituzte beren politika nagusiak, eta hau ez da salbuespena.
Udaberri honetan aurkeztu zituen Bizilagunekin plataformak hamasei proposamen deshazkunde turistikorantz. Horien artean dago balio ekologikoa duten guneak babestu eta zabaltzea. Santa Klara uharteak balio ekologiko nabarmena dauka. Animalia espezie berezien babesgune da. Besteak beste, han bizi da Urgulleko sugandila gisa ezagutzen den sugandila iberiarraren aldaera bat, eta arrautzak jartzeko edo atseden hartzeko gune gisa erabiltzen dute antxeta hankahoriek, ubarroi mottodunek, txenadek eta pottorroek. Irlak balio bat baldin badu, aberastasun natural horrek ematen diona da.
Arte-proiektuaren lanek baino gehiago, aurrekariak ikusita, izan ditzakeen bestelako eraginek sortzen didate kezka. Ez al zaie turistak irlara urte osoan eramatea bururatuko? Ez al dituzte hara joateko txalupen maiztasunak handituko? Ez al zaizkie gutxiegi irudituko irlan dauden azpiegiturak? Ez al dute denetariko azoka, gida eta iragarkien bidez uhartea promozionatuko? Azken urteetan entzundakoekin, imajina dezaket entzutea hiriarentzat garrantzitsua izango dela, nazioartean kokatuko gaituela, lanpostuak sortuko dituela… Betiko makuluak hiriaren azken txokoa ere salgai jartzea justifikatzeko.
Xarma berezia duen gure txoko hau bere bakartasunean eta basatasunean mantentzearen alde antolatu beharko ginateke donostiarrak, eta arriskuan jar dezakeenari garbi esan: utzi bakean uhartea!
https://irutxulo.hitza.eus/generoak/iritziak/santa-klara-bizirik/