Santa Klara uhartea eta itsasargia babesteko aldarrikapena Gipuzkoako Batzar Nagusietara iritsi da

Ekainaren 25ean burutu den agerraldian, Bizilagunekin plataformak, Parkea Bizirik taldeak, Haritzalde elkarteak eta UPV/EHUko Santiago Sánchez Beitia arkitektura katedradunak, Santa Klara uhartea eta itsasargia babesteko aldarrikapena eraman dute Gipuzkoako Batzar Nagusietara. Eragile hauek, itsasargia eraldatzeko proiektuarekiko dituzten kezkak adierazi dituzte eta uhartea babesteko konpromiso irmoa hartzeko exijitu diete batzarkideei.

Santa Klara uhartean eta itsasargian burutzen ari diren lanek ingurugiroaren, ondarearen, paisaiaren, hirigintzaren, finantza publikoen edota lekuko nortasunaren gain izan ditzaketen albo-eragin kaltegarriak salatu dituzte. Lehenik, itsasargiari lotutako ondare material eta ukiezinaren behin-betiko galera arriskua aipatu dute. Bigarren, hiriak jada pairatzen duen turistizazio prozesua indartu daitekeen kezka azaldu dute. Honekin batera, espazioaren merkantilizazioa eta erabilera pribatiboa ahalbideratzeko arriskuekiko ardura agertu dute. Bestetik, egitasmoaren ondorioz emango den paisaiaren narriaduraz ohartarazi nahi izan dute. Era berean, eraldatze lanei, eta bisitari kopuruaren eta joan-etorrien areagotzeari loturik, kutsadurak eta uhartearen masifikaziorako aukerak ekar ditzaketen ondorio ekologiko lazgarriak agerrarazi dituzte. Azkenik, egitasmo honek kaudimen publikoan duen inpaktuak gogorarazi dituzte, orain arte pilatutako gain-kostu ekonomikoak finantza publikoetan duen eragina azpimarratuz.

Proposamenen aldetik, Cristina Iglesiasen eskuhartze artistikoa gauzatzeko lanak bertan behera uztea eskatu dute. Egitasmoa gauzatzeko lanen ondorioz uharteak eta itsasargiak pairatutako kalteak salatu eta arduradunei erantzukizunez jokatzeko eskatu diete. Honetarako, proiektua eteteaz gain, uharteko ondarearen eta baliabide naturalengan sortutako kalteak konpontzeko berehalako neurrien beharra adierazi dute. Gainera, uhartearen etorkizuna erabakitzeko, prozesu partehartzaile publiko eta gardena abiaraztea galdegin dute. Era berean, uhartearen eta bertako dotazioen gaineko kontrol publikoa bermatu dadila exijitu dute, pribatizazio mehatxuak saihestuz. 

Aurrekoez gain, uhartea Europa mailako Babes Bereziko Eremua izendatua izan dadin, beharrezkoak diren urrats guztiak emateko eskaera egiten diete batzarkideei. Babes eskaerarekin loturik, uhartearen erabilpena erregulatu eta antolatuko duen erabilera eta kudeaketarako plan berezia eratu eta betearazteko premia gogorarazi dute. Amaitzeko, eskuhartze artistikoa bere osotasunean birplanteatzeko beharra azpimarratu eta honen ordez, herritar gazteei zuzendutako helburu pedagogikoa beteko duen ondare eta ingurumenari lotutako interpretazio zentroa garatzeko aukera luzatu dute. 

Talde partehartzaileek, Gipuzkoako Batzar Nagusietan zabaldutako mezua, Donostiako udal ordezkariei eta oro har, herritar guztiei helarazteko nahia azaldu dute. Hortaz, Donostiar oro gonbidatu dute esku hartze artistikoak ekarriko dituen arriskuen aurka altxatzera. Azkenik, Donostian hain maitatua den Santa Klara uhartearen defentsan eragileok aurrera daramatzaten ekimenekin bat egiteko deia zabaldu diete herritar guztiei.