Udaberria ate joka dabil eta Santa Klara uharteko itsas hegaztiak habiak egiteko prestatzen ari dira. 7-10 egun habia egiteko, 2-4 egun errunaldirako, 28-30 egun lurrean inkubatzeko eta 50 egun kumeak zaintzeko. Hala ere, udaberriarekin batera, Donostiako makinaria turistikoa ere martxan jartzen da. Beste behin, Santa Klara uhartea eta Hondalea Aste Santuan bisitatu ahal izango dira. Berriz ere, hiriko baliabide naturalak eta kulturalak sektore turistikoaren interes pribatuen esku jartzen dira.
Aurten ere, udal gobernuak, industria turistikoaren eskutik, bisita gidatuak antolatu ditu uharteko itsasargian kokatuta dagoen Hondalea-ra joateko. Martxoaren 28tik apirilaren 7ra bitartean, 5 bisita antolatu dituzte egunero, txanda bakoitzeko, 20 pertsona. Guztira 100 pertsona egunean eta 1.100 pertsona Aste Santuan eta Pazko astean. Bestalde, uhartearen inguruko merkataritza-ontziek gehienez 150 pertsonako edukiera dute, eta, beraz, Hondalea bisitatu gabe, egunero 750 pertsonak uhartea bisitatu ahal izango dute. Santa Klara uharteak gutxienez 6 babes-figura, bakarrik 5,4 hektareako hedadura ditu, eta flora eta faunako espezie babestuen etxea da. Beraz, industria turistikoak udaberrian egiten duen jarduera hau Donostiako ondare natural eta kolektiboaren kontserbazioaren aurkako eraso zuzena da.
Historian zehar, uharteko espazioa helezina izan da jendearentzat urte osoan zehar, uda garaian izan ezik. Horrek ahalbidetu du, hain zuzen ere, enklabe natural honen aberastasuna kontserbatzea. 2019an eta 2020an, Hondalea instalazio artistikoa ireki aurretik, Eguzki, Parkea Bizirik, Haritzalde eta Bizilagunekin kolektiboak Udalarekin bildu ziren, uharteko espazio turistikoa irekitzea hiriko ondare natural eta kulturalarentzat izango litzatekeen mehatxuari muga jartzeko. Bileretan, egutegiari, ordutegiari eta edukierari mugak jarri ziren mahai gainean, baita uharteko bisitei lotutako zerbitzuak eta azpiegiturak zabaltzeko muga ere. Gainera, hartutako konpromisoak erabilera eta kudeaketa plan batean jasota geratzea eskatu zen.
Jardueraren bigarren urtetik aurrera, udal arduradunek eta Hondalearen sustatzaileek ez zuten bere hitza bete, ohiko bisiten garaia urrira arte luzatuz, eta udazkenean bisita pribatuak egiteko aukera emanez. Iaz bide beretik jarraitu zuten, Aste Santuan Hondalea irekiz. Aurten, beste urrats bat emango da, aldez aurretik hitzordua hartzeko beharra ezabatuz. Beste urte batez, hartutako konpromisoak ez dira bete. Hasieratik salatu genuen obra inauguratzean Hondalea erabiltzeko irizpideak zehaztasunik gabe eta funtsik gabe aurkeztu zirela, eta, zoritxarrez, denborak arrazoia eman digu. Konpromezu guztietan hitza jan dute.
Gogoratu behar da 2023an, Hondalea ireki eta uhartearen esplotazio turistikoaren ondorioz, Ekologistak Martxan taldeak bandera beltza eman ziola Kontxako badiari, biodibertsitatea kontserbatzeko kudeaketa txarragatik.
Badira hamarkadak paradigma aldaketa bat iritsi dela jende gehienaren pentsamoldera; Naturaren errespetua, ezagutza eta kontserbazioa behar eta nahi dugun bizimoduaren zutabeak dira. Donostiarrek, turismo-industriaren poltsikoak irabazteko ondarea suntsitzeari utzi eta bizilagunen ongizateari begiratzen dion beste hiri-eredu bat eskatzean, paradigma-aldaketa horrekin bat egiten dute.
Horregatik guztiagatik, honako hau eskatzen dugu:
- Udal gobernuak eta Hondalea sustatzen duen enpresak uharteko zerbitzu eta azpiegitura berrien egutegiari, edukierari, ordutegiari, eta handitze-mugari buruzko irizpideak betetzea, eta irizpide horiek nahitaez bete beharreko kudeaketa plan edo ordenantza batean jasota geratzea.
- Uharteko natura babestea eta berreskuratzea, itsas hegaztien kolonietako habitat naturala babestea uharteko esplotazio turistikoaren aurretik jarriz.
- Itsas hegaztiek habia egiten duten garaian uhartera bisita gidatuak bertan behera uztea.
Sinatzaileak:
Parkea Bizirik Kukulunbera, Bizilagunekin Plataforma, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Eguzki eta Ekologistak Martxan