SET sarea COVID-19aren eta bere ondorioen aurrean

SET sarea 2018an jaio zen Europa Hegoaldea jasaten ari den turistizazio prozesuaren aurrean ahots kolektiboa altxatzeko asmoz. Gaur egun Europako 25 hiri eta lurraldetako beste horrenbeste nodoz osatuta dago eta ekonomia- eta bizitza- eszenatoki berriak eraikitzeko beharra aldarrikatzen du.

COvid-19ari lotutako gaur egungo larrialdian presazkoa da paradigma aldaketa bat, oinarrizko eskubide sozialen izenean eta herri-sektore zaurgarrienen babeserako. Horregatik, gure elkartasun osoa adierazten diegu desberdintasunak sortzen dituen sistema ekonomikoaren ondorioak jasotzen dituzten pertsonei; une honetan biderkatu egiten diren desberdintasunak. Pandemia honek agerian jartzen du sinergiak josi eta hausnarketa zein proposamen zehatzetan aurrera egiteko beharra: etxebizitzarako eta hirirako eskubidean, osasunerako eta ingurumenerakoan, prekarizazioaren eta bizitzen zain lurraldeen merkantilizazioaren aurka.

Denbora daramagu jarduera turistiko masiboak gure hiri eta auzoetan sortzen dituen kalteak salatzen. Etekinak pribatizatu eta kostuak externalizatzen dituen industria estraktiboa da, ingurugiroan kalte erraldoiak sortzen dituena. Ekonomia turistikoak kate maltzur eta konplexuak erabiltzen ditu: mutur batean operadore handiak daude (plataforma digitalak, multinazionalak, inbertsio funtsak, higiezin sozietateak eta abar), espekulazio interesen eta etekinen logikan mugitzen direnak. Beste muturrean, lan-indar erraldoi bat, prekarizatua, esplotatua eta bermerik zein eskubiderik gabea. Turismoaren hazkundeak etxebizitzara sarbidea prekarizaztea ekarri du hiri eta lurraldeetara. Zenbaezinak dira bizitoki izateari utzi eta pisu turistiko zein hotel bilakatu diren etxebizitzak. Alokairuen eta etxebizitzen prezioak neurri gabe hazi dira, bizilagunak beren auzo eta hirietatik kanporatuz.

Gaur, Covid-19aren krisi betean, erakundeek eta hedabideek etxean geratzeko eskatzen digutenean, desberdintasunak begibistakoagoak egiten zaizkigu, etxerik ez duen oro erabat baztertuz. Honela ba, gure elkartasuna adierazten diegu etxegabetutako pertsona eta familiei, bizitza duina bermatzen ez duten etxeetan bizi direnei eta etxerik gabeko pertsonei. Horregatik, babesten eta sustatzen ditugu higiezinen funtzio soziala errazten duten ekimenak, publikoak eta pribatuak, alojamentu turistikoak (ostatuak, hotelak, pisu turistikoak eta abar) beharra duenari bideratzen dutenak. 

Egoera horrek, gainera, agerian uzten du gentifrikazioak eta turistifikazioak zenbateraino murriztu eta ahuldu dituen auzoetako laguntza-sareak, larrialdi egoerei eta hauen ondorioei aurre egiteko ezinbesteko tresna direnak. Eskerrak eman nahi dizkiegu funtsezko zerbitzuak bermatzeko, beren burua kutsatzeko arriskuan jartzen ari diren pertsonei. Elkartasuna eta lankidetza elikatuz komunitate-harremanak bizirik mantentzen dituztenei eta hurbileko merkataritzako langileei.

Koronabirusaren zabalpen globalak, aurrekaririk gabeko hipermugikortasunak erraztu duenak, are gehiago nabarmendu ditu sistema kapitalistaren desberdintasunen mugak. Ustiapen eredu harrapakari honen ondorioen artean, orain ikus dezakegu giza espeziea eta bere ingurunearen arteko neurrigabeko harremanak sortzen dituzten desoreka ekologikoek dakartzaten arrisku epidemikoak. Azken hilabeteetako murrizketen ondorioz, kutsadura nabarmen murriztu da -neurri batean, aireko zirkulazioa eta gurutzontzien zirkulazioa asko murriztu direlako-, baina aldi baterako hobekuntza baino ez da, gizarte-sufrimendu handiaren kontura eman dena. Ez dio erantzuten beharrezkoa den eta denboran iraun dezakeen egiturazko aldaketa bati. Honek guztiak garamatza esatera ezin dugula jarraitu injustizia soziala eta larrialdi klimatikoa elikatzen, ez eta ondasunen, baliabideen eta lurraldearen kontsumo mugagabearekin ere.

Ekonomia birformulatzeko garaia da, herritar guztientzat funtsezkoak diren zerbitzuak eta ondasunak sor ditzan, gutxi batzuentzat izan beharrean. Ekonomia sistema orekatua eta dibertsifikatua eraikitzeko garaia da, desazkundea ardatz duena eta bateragarria dena bizitzarekin eta planetarekin. Horregatik, bat gatoz behetik proposamenak egiteko beharrarekin, eta eskatzen diegu gobernuei eta erakundeei epe ertain eta luzeko politiketan sar ditzatela, erakunde eskala desberdinak (nazioartekoak eta tokikoak) artikulatuz eta pertsonen aldeko egiturazko neurriak har ditzatela, ez enpresa handien aldekoak.

Honek garamatza eremu turistikoan martxan jartzeko ondorengo neurri sortara, hegemonia turistikoa zuzenduko duen eredu ekonomiko berri batera trantsizio sozio-ekologikoa gauzatzeko beharrezkoak direnak:

  • Ez erreskatatu sektore turistikoa zor publikoa areagotuz. Horren ordez, turismoaren desazkundea proiektatu behar da, ingurumena eta gizarte geruza hauskorrenak babestuko dituen ongizate politikak lehenetsiz.
  • Gastu publikoa berrikusi, gizartearen oinarrizko beharrizanetara bideratuz (ospitaleak, etxebizitza publiko eta soziala, ikastetxeak etab.), azpiegitura eta proiektu erraldoi kaltegarri eta garestiak finantzatu ordez (portu eta aireportuen handitzea etab.).
  • Herritarrak higiezinen espekulazioaren ondorioetatik babestu, etxebizitza turistikoen kopurua zeharo murriztuz eta hauek alokairuaren merkatura itzularaziz. Honekin batera, zirkuitu ekonomiko globalek lurraldeak, hiriak eta auzoak bereganatzea eragozteko neurri zehatzak hartu. 
  • Turismoaren gastuak sektoreak barne-hartu ditzan eta etekinak gizartean birbanatu daitezen neurriak indarrean jarri.
  • Kulturaren garapenarekin eta ingurumenarekin koherenteak diren lanpostu duinak bermatzeko, beste sektore produktiboak (zaharrak eta berriak) sustatzeko politikak abiatu.            

Bat egiten dugu norabide honetan eztabaidarako guneak bultzatzen dituzten pertsonekin eta prest agertzen gara gure ekarpena egiteko proposamen operatiboen definiziorako ibilbide kolektiboan. Krisi hau gainditutzat ematen den unean, ohituta geunden normaltasunera ez itzultzeko, krisialdi hau gizarte justuago, parekideago eta solidarioago bat eratzeko baliatzea da gakoa. Horrela baino ez baita lortuko dena ondo joatea.

SET sarea:

Barcelona, Bergamo, Bologna, Camp de Tarragona, Canarias, Córdoba, Donostia, Eivissa/Ibiza, Firenze, Génova, Girona, Iruñea, Lisboa, Madrid, Málaga, Malta, Napoli, Palermo, Palma, Porto, Rimini, Roma, Sevilla, Valéncia, Venezia