Turistifikazioaren aurrean dauden Europa Hegoaldeko hirien SET sarea

Sorrera manifestua

Europa Hegoaldeko hainbat hiritan salaketa, mobilizazio eta erresistentzia ekimen andana ikusten eta bizitzen ari gara egun, bertan jazotzen ari diren turistifikazio prozesuei aurre egin asmoz. Bertako (Venezia, Valentzia, Sevilla, Iruñea, Palma, Lisboa, Malaga, Malta, Madril, Girona, Kanariar Uharteak, Donostia, Camp de Tarragona, Bartzelona) hainbat eragile eta kolektibok topo egin dugu urte t’erditik hona burututako ekimen mordoan esperientziak eta ezagutzak elkarrekin partekatu eta trukatzeko xedearekin.

Hiri hauetako bakoitzak gatazka berezituak baditu ere, badira batzuk komunak direnak:

  • Garrantzitsuena eta hedatuena honetan datza: prekarizazioaren hedatzea eta etxebizitza eskubidearen murriztea, bereziki etxebizitza lortzea eta alokairuen prezioen garestitzeari dagokionez. Hau guztia Estatuetako legediek onartzen dute eta zuzenean eragiten die jendarteko sektore helduenei eta gaitasun ekonomiko urriena dutenei. Honek guztiak oinarria du 2008/2012 arteko krisi finantzarioa delakoan, espekulazio inmobiliario zikloa hastea eragin zuena; Inbertsio funtsek eta inmobiliariek etxe mordoa erosteari ekin zioten eta erabilera turistikorako bideratu zituzten. Erabilera honen ondorioz, etxe hauek bizileku izateari utzi eta gentrifikazioa, etxe-kaleratzeak eta auzoen hustutzea gertatu zen, eskubide sozialak nabarmen urratuz.
  • Bertako komertzioaren garestitzea eta eraldatzea tokiko bizilagunen egunerokotasunerako antzuak diren erabilera turistikoetan espezializatuz. Hori dela eta, bertakoak joan- etorri luzeagoak egitera behartuta daude, eta eragin zuzena du mugikortasun gaitasuna murriztuta dutenengan edota helduenengan.
  • Kale eta plazen masifikazioa. Honek, bertakoen eguneroko bizimoduan kalteak eragiten ditu; bai atsedenari dagokionez, bai espazio publikoaren erabilerari dagokionez.
  • Garraio publikoko sarearen saturazioa.
  • Hirietako ekonomiaren espezializazioa sektore turistikoari begira; sektore nagusi eta bakar bilakatzeko joera duena.
  • Bertakoen lan-baldintzen prekarizazioa. Sektore turistikoko lanbideek (ostalaritza, jatetxe-arloa, komertzioa) lan-baldintza okerrenak pairatzen dituztenak dira: soldata baxuak, kontratuetan (egon baldin badaude), aitortutako orduetan iruzurra, azpikontratatzeak, etab.
  • Kutsadura (hegazkinak, gurutzaontziak, automobilak…) eta hondakin kopuru handia sortzea, kontsumo maila altuaren ondorioz; bereziki arautu-gabeko industria turistikoa ezaugarritzen duen “erabili eta bota” kontsumo mota. Tokiko baliabideen – ura eta lurraldea – erabilera masiboa eta ingurumen osasuntsu batetarako eskubidearen ukatzea.
  • Azpiegituren etengabeko handitzea eta neurrigabeko erabilera (errepideak, portuak, aireportuak, araztegiak, gatzgabetze-instalazioak…). Hauek lurraldearen desitxuratzea dakarte, baita desjabetzeak eta bertakoentzat kostu handiak ere. Horrelako prozesuek sarbideak saturatzen dituzte eta lurraldea eskuratzeko lehiaketa eragiten dute, oinarrizko aktibitate eta zerbitzu oinarrizkoak galtzaile ateratzen direlarik: enplegua, ikastetxeak, ospitaleak, etab.
  • Inguru urbano eta naturalen ezereztea, parke tematiko bilakatu dituztelako. Inguru urbanoan ondarearen espoliazioa eta merkantilizazioa nabari da; inguru naturaletan, berriz, arrantzarako eta abeltzantza zein nekazaritzarako erabileraren desagertzea. Helburua bietan, mugagabeko ustiapen turistikoa da.

Arestian aipatutako eta bestelako talken aurrean, turismoa jasaten ari diren hirietako biztanleok, geure burua antolatzen ari gara geure eskubide sozialen defentsan, bereziki etxebizitza duin eta eskuragarri baten eskubidearen eta hirirako eskubidearen alde. Geure hiri eta lurraldeetan burutzen dugun lan kolektiboaren abiapuntua, askotan, talka hauek agerian uztea da; baita gaiaren inguruko kontzientziazioa, ereduarekiko kritika eta honen ondorioen salatzea ere; hurrengo pausoa dagoen ereduarekiko alternatiben garapena da.

Azken hauen adibide gisa aipa ditzakegu industria turistikoari mugak ezartzea, etxebizitzarentzako eta ostatuentzako bereizitako politika fiskalak onartzea, hiriko ekonomiaren desturistizatzea, edo bestelako ekonomia justuen garapena – sozialki eta ingurumenari dagokionez – deshazkunde turistikoari loturik.

Arazo hauek guztiek hirietan duten eragina ez da homogeneoa, anitza baizik; jasaten duten turistifikazio mailaren araberakoa. Hortaz, Venezia, Palma edo Bartzelonakoen gisako egoera larriagoak ikus ditzakegu, non bertako mugimenduek eredu aldaketarako proposamenak garatu dituzten nahitaez; badira bestelako egoera batzuk, Valentzia, Madril edo Lisboa kasu, non abiadura handiko turistizazio prozesu bortitzetan murgilduta badaude ere, oraindik baduten aukera prebentzio eta moteltze edo ahultze politiken bitartez, nolabaiteko oreka lortzeko.

Gai hauetan, beste askotan bezala, aipatu hiriek eta beste batzuk antzekotasunak topatu ditugu elkarren artean, eta ondorioztatu dugu komenigarria eta beharrezkoa dela industria turistikoak kaltetutako hirien nazioarteko sarea sortzea.

Kolektibo eta herri mugimenduen aliantza honen xedea da iritzi publikoa sentsibilizatzea eta administrazioak presionatzea turismoaren ekonomia arautzeko ekonomikoki, sozialki eta ingurumenarekiko jasangarritasun irizpideen arabera. Geure helburua elkarrekiko babesa garatu eta bata besteagandik ikasteaz gain, borroka hau beste hiri eta lurraldeetara hedatzea da; horrela Europako Hegoaldetik datorren eta egungo ereduarekiko kritika irmoa egiten duena ahots anitza sortuko dugu. Honako manifestu hau lehen pausoa besterik ez da hiri eta lurraldeen turistizazioaren kontrako borrokaren internazionalizazioan; bitartean, lanean darraigu eztabaidatzen, hausnartzen eta elkarrekin mobilizatzen.