GERO ETA GEHIAGO, GERO ETA HOBETO ANTOLATUTA: GURE BIZIMODUEN ALDE, TURISTIFIKAZIOAREN AURKA
Joan den ekainaren 15ean, Europa Hegoaldeko Turistifikazioaren aurkako saretik koordinatuta hainbat mobilizazio egin ziren: hamarnaka mila pertsonak mobilizatu ziren hamar lurralde baino gehiagotan, biztanleak kanporatzen eta prekarizatzen dituen eta lurraldeak eta planeta txikitzen dituen monolaborantza turistikoa errefusatzeko, eredu ekonomiko guztiz bidegabean premiazko aldaketak eskatzeko.
Bartzelona, Kantabria, Kordoba, Donostia, Eivissa, Granada, Genoa, Lisboa, Menorca, Napoli, Palma, Venezia… kaleak manifestazio handiekin, ekintza sinbolikoekin eta salaketa eta eztabaida ekintzekin bete ziren. Leku bakoitzean bere berezitasunekin, bere testuinguruaren eta bere unearen arabera, baina guztiek ideia nagusi berarekin: Europa Hegoaldea azken hamarkadetan jasaten ari den turistifikazio-prozesua geldiarazteko eta lehengoratzeko beharra; eredu ekonomikoa eraldatzeko beharra; hiriak, lurraldeak eta bizitzeko planeta bat izateko.
Turistifikazioaren aurkako Europako hegoaldeko sarea 2018an sortu zen, eta orain arte elkarri laguntzeko eta ikasteko gunea izan da. Aurretik ere mobilizazio koordinatuak egin izan ditu, askotan Turismoaren Munduko Eguna zela eta. Baina 2025 honetan, iaz Europa hegoaldeko hainbat lekutan izandako mobilizazio historikoen ondoren, sarea bere benetako potentziala erakusten hasi da.

Aldi berean modu koordinatuan mobilizatzeak, batzeko ez ezik, gure ahotsak biderkatzeko aukera eman digu, borroka-koru indartsu batean. Eta ez gaude bakarrik. Gero eta jende gehiagok ulertzen du turismo-eredu hau ez dela aurrerabidearen sinonimoa; kanporatzearena, prekarietatearena eta suntsipenarena baizik.
Zentzu komuna aldatzen ari da: turismoaren mitoa salbazio ekonomiko gisa amaitu da. Gure bizitzan ikusten duguna — eta sufritzen duguna —oso bestelakoa da: etxebizitza izateko eskubidea galtzea, bizilagunez hustutako auzoak, gero eta lan prekarioagoak eta deshumanizatzaileagoak, bizitzaren garestitzea, lurraldea suntsitzea, oinarrizko baliabideak saturatzea, eta baita gure eguneroko mugikortasuna mugatzea ere. Dena gutxi batzuei bakarrik mesede egiten dien eredu bati eusteko.
Horregatik gara gero eta gehiago. Ahotsa altxatzen duten pertsona gehiago, antolatzen diren kolektibo gehiago, erresistentzian dauden lurralde gehiago. Turistifikazioak gutxi batzuek hautemandako arazoa izateari utzi dio: belaunaldiak, eskolak eta lurraldeak zeharkatzen dituen kezka orokortu bihurtu da. Eta hau hasi besterik ez da egin.
Nonahi ikusten dugun egoera dela eta, ekintza eta mobilizazio gehiago izango dira uda honetan bertan han-hemenka, zalantzarik gabe. Eta, era berean, litekeena da irailaren 27an turistifikazioaren aurkako ekintzak egitea, Turismoaren Munduko Eguna dela eta. Turistifikazioaren aurkako borroka hazten, hedatzen eta antolatzen ari da. Gure bizitzek beren irabaziek baino gehiago balio dutelako.

