Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroa

Irutxuloko Hitza

Zuen turismo eredua kontrako eztarritik joaten zaigu! lelopean protesta egin zuten atzo Kursaalean, Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroaren harira. Atzo hasi zen Turismoaren Munduko Erakundeak (TME) eta Basque Culinary Centerrek antolatutako nazioarteko goi-bilera, eta gaur amaituko da. Bosgarren aldiz egin dute foroa, eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa du, besteak beste.

Bizilagunekin plataformak deitutako mobilizazioan “Donostia bizitzeko hiri bat dela garbi adierazi” nahi izan zuten ekintzaileek. “Hau ez da zuen negoziorako parke tematikoa!” adierazi zuten plataformak bere sale sozialetan. Gaur zabaldutako ohar baten bidez adierazi dute mobilizazioaren helburua izan zela salatzea Donostian gaur egun garatzen ari den turismo ereduak gutxi batzuen negozioei mesede egiten dien bitartean, herritarren gehiengoari kalteak sortzen dizkiola.

TMEren arabera, foroaren helburua “turismo gastronomikoa herrialdeen garapenerako faktore gisa sustatzea” da eta, urte honetan, garapen jasangarrira bideratutako lanpostuen sorrera eta ekintzailetzaren sustapena izango ditu gai nagusi gisa. Plataformak kritikatu du “edonoren bizi baldintzen gainetik pasatuz aberasteko duten grina” existitzen ez den “turismorako eskubide” gisa  mozorrotzen dutela. “Gobernuak interes pribatuen mesedetan baliatzeko estrategiak adosten dituzte TMEren bileretan”, kritikatu dute.

Bigarren aldia da, azken bi urteetan TMEk Donostian foroa antolatzen duela, eta Bizilagunekin plataformaren ustez, “ez da kasualitatea”. “Gure hiria gobernatzen dutenak bete betean murgildu dira turismo industriaren, turisten eta inbertsoreen erakarmenean. Helburu horren baitan aliantza eginda dute hemengo zein nazioarteko botere ekonomiko eta politikoek”, kritikatu dute. Gainera, agerian utzi dute estrategia horren kalteek donostiarrei eragiten dietela zuzenean: etxebizitzen garestitzea, lan prekarioen areagotzea, hiri-espazioaren pribatizazioa, kulturaren merkantilizazioa, gune naturalen artifizializazioa, eat abar.

Turismo eredua ezbaian
Turismo jasangarriaren kontzeptuak bere balioa galdu duela ondorioztatuta, Bizilagunekin plataformak desazkunde turistikorako hamasei proposamen aurkeztu zituen duela egun gutxi, Donostian “gutxi batzuen negozioa herritarren gehiengoaren bizitzan kalteak sortzen ari dela” argudiatuz. Horien artean, hiri-markaren eta turismoaren sustapenerako aurrekontuak ezabatzeko proposamena egin zuen plataformak.

Halaber, Bizilagunekin plataformak Donostia Defendatuz koordinakundeak larunbaterako deitu duen manifestazioarekin bat egin eta mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Protesta Easo plazatik abiatuko da larunbatean, maiatzaren 4an, 17:30ean, Hiria salgai lelopean.

https://irutxulo.hitza.eus/2019/05/03/protesta-egin-dute-turismo-gastronomikoaren-munduko-foroaren-aurrean/