Gure hiriak, gure auzoak, gure klima, gure osasuna, gure bizitza. #TuristifikazioariStop
SET sareak, turismoaren aurrean dauden Europa hegoaldeko hirien sareak, ekintza deialdi bateratua egingo du irailaren 27an hainbat hiri eta lurraldetan Collapse Tourism Day lelopean, Turismoaren Nazioarteko Eguna ez ospatzeko asmoz.
SET sarea 2018ko udaberrian sortu zuten Venezia, València, Sevilla, Palma, Iruñea, Lisboa, Malta, Malaga, Madril, Girona, Donostia, Kordoba, Kanariak, Camp de Tarragona, Bartzelona eta Marseillako entitateek eta handituz joan da, indarrak batzeko eta lurralde hauen turistizazio-prozesuekin ahots kritikoa pizteko helburuarekin. Oinarritu da hausnarketarako eta elkarrengandik ikasteko topaketetan eta Turismoaren Nazioarteko Eguna erreferentziatzat hartuta antolatu diren ekintza koordinatuetan.
Pandemiak ezarritako parentesiaren ondoren, SET sarea berraktibatu egin da turismo masiboa pandemia aurreko garaikoa parekatu, gainditu eta bertsio kaltegarriago batera heldu delako. Sektore pribatuak lanpostuei buruzko ohiko xantaia zinikoa muturrera eramaten duen bitartean, eta eredu ekonomikoak birplanteatzeko eta dibertsifikatzeko diskurtsoetatik urrun, tokiko administrazioek eta estatu-gobernuek baliabide publiko ugari bideratu dituzte turismoan aritzen diren enpresetara (ostatua eta garraioa); nahiz eta horietako askok milioika euroko etekinak dituzten multinazional handiak izan, kalte sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak eragiten dituztenak.
Aldi berean, pandemiaren ondorioz, tokiko administrazioek ostalaritza sektoreak hiri-espazioaren okupazioa handitzea erraztu dute. Behin-behinekoak behar zuten neurri horiek higiene arrazoiekin justifikatu zituzten, baina, kasu gehienetan, ez dira lehengoratzen ari osasun-arriskuak murriztu direnean. Kudeaketa pribatuaren pean dagoen hiri-espazioaren hazkundeak (adb, taberna eta jatetxeetako terrazak) hiri-espazioaren merkantilizazioa eta eguneroko bizi-baldintzetan (zarata, mugikortasuna…) eragiten du.
Uda honetan turismo masiboaren itzulera ikusi dugu, kasu batzuetan estatistikoki covid aurreko aldira hurbiltzen dena, eta beste batzuetan argi eta garbi gainditzen duena. Horrek berraktibatu eta larriagotu egiten ditu bizilagunen bazterketa-prozesuak eta krisi ekonomikoak kolpatzen duen populazioaren esplotazio/prekarizazio-prozesuak.
Aldi berean, gurutzontzien trafikoa areagotzen da, eta azpiegitura handiak handitzeko proiektuei berrekiten zaie, greenwashing erretorika bat gehituz, bizi dugun krisi sistemikoa planetarentzat mehatxu larria ez balitz bezala, moda bat baizik. Administrazio publikoak zein sektore pribatuak “garapen jasangarria”, “Trantsizio ekologikoa” edo “teknologia berdea” bezalako terminoak erabiltzen dituzte azaletik eta zentzurik gabe, eta ez dute amore ematen, nahiz eta ebidentziek dioten jarduera turistikoak kolonizatutako lurralde eta hirien gizarte-, kultura- eta ingurumen-beharrekin bat datozen ekoizpen-ereduetarantz dibertsifikatzea eta jarduera turistikoaren desazkundea dela jasangarritasunera heltzeko bide bakarra. Krisi klimatiko ukaezina agenda politiko guztietan agertzen da, baina modu isolatuan eta gainerako politiketatik kanpo. Eredu estraktibista bati jarraitzen diote, gerrek eta aurrekaririk gabeko energia-krisiaren etorrerak larriagotutako testuinguru globalean.
Horregatik guztiagatik, SET sareak berriro aukeratu du Turismoaren Nazioarteko Egunaren data sinbolikoa, lobby eta administrazio publikoek errekor berriak ospatzeko eta sektorearen aurpegia garbitzeko erabiltzen dutena. Horrela, WORLD TOURISM DAY = COLLAPSE TOURISM DAY lelopean, irailaren 27an, asteartea, Europa Hegoaldeko hainbat tokitan ekintzak egingo dira, honako hauek salatzeko asmoz:
- Jarduera turistikoaren areagotzeak ingurumen eta gizarte aldetik dituen ondorio globalak.
- Gizarte-desberdintasunak sortzen eta larriagotzen dituen irabazi pribatuko jarduera sustatzen eta erreskatatzen diru publikoa inbertitzea.
- Ondasunen eta zerbitzuen gehiegizko kontsumoan oinarritutako erauzte-jarduera honen kalte klimatikoa.
- Sektore turistikoarekiko mendekotasun-espirala, tokiko ekonomiak zaurgarriegi bihurtzen dituena.
- Gero eta merkantilizatuagoak dauden gure auzoak eta harreman-espazioak pixkanaka galtzea.
- Sektoreko langileen prekarizazio gero eta larriagoa, batez ere sasoiko lanetan.
- Egungo krisi globalaren eta energia-baliabideen eskasiaren testuinguruan, turismo jarduerari laguntzeak sortzen dituen kalteak.
- Larrialdi klimatiko adierazpenen eta sakoneko politiken arteko erabateko deskonexioa.
Horren guztiaren aurrean, SET sareko hiriek eta lurraldeek, entitateekin eta eremu horietako gizartearekin batera, beste behin bat egiten dute honako hau eskatzeko:
- Portu eta aireportuetako turismo- eta bidaiari-plazen kopurua murrizteko eta mugatzeko benetako konpromisoak.
- Portu eta aireportuetako azpiegituren handitze oro behin betiko gelditzea.
- Klima-aldaketarekiko benetako konpromisoa; desplazamenduen murrizketa eta ekoizpena (askotarikoena eta tokikoena) lurraldean birkokatzea ekarriko duena.
- Gentrifikazioaren, espazioen merkantilizazioaren eta bizilagunak kanporatzearen aurkako politika aktiboak.
- Lurraldeetan oreka ekonomikoa bilatzeko konpromisoa
SET. Turistifikazioaren aurrean dauden Europa hegoaldeko hirien sarea