2023.10.22 – Testua eta argazkiak

MANIFESTAZIO AMAIERAN IRAKURRITAKO TESTUA:

Eguerdi on,

Gutxi batzuen etekin gosea kalte handiak eragiten ari da hiri eta lurralde askotako biztanlerian. Mundu osoan hamaika talde ari gara turistifikazioaren kontra, bizilagunen eskubideak, gure lurraldeak eta gure bizitzak defendatzen elkarte eta taldeetan antolatuta.

Urria hasieran “Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa” egin zen hemen, Kursaalean. Bihartik aurrera, berriz, Turespaña konbentzioan bilduko dira turistifikazioa gidatzen duten erakunde publiko eta pribatuak. Ekitaldi hauek gure hirian egitea ez da kasualitatea. Azken urteetan turismoaren jardueraren bidez negozioak egiteko gune bezala nabarmendu da Donostia. Turistifikazioari “barra libre” eman zaionez, hiriak inbertsiogile, multinazional, espekulatzaile, esplotatzaile, oportunista eta putreak erakarri ditu.

Izan ere, azken urteetan ikusi ditugu kaleak betetzen, hiri-espazioa turismo-negozioen mesedetan eraldatzen, prezioak garestitzen, auzoak bizitoki bezala zailtzen eta bisitaleku soil bihurtzen, etxebizitzak ordaindu ezinezkoak izatera pasatzen, natur guneak atrakzio gisa erabiltzeko proiektuak, merkataritza txikia hilzorian, ondare arkitektoniko eta kulturala arriskuan, euskara apaingarri huts izatera bultzatua eta ehundaka edo milaka donostiar, beren bizi proiektua bertan gauzatu ezinik, kanporatuak izan direla.

Donostiaren turistifikazioa ez da zerutik erori; erakunde publikoak turismoaren negozioarekin aberasten direnen esanetara daude. Turismoaren hazkundeak eragindako kalteak ukatzen zituzten, hasieran. Donostiarrak erabat kezkatuta eta gogaituta daudela ikusi dutenean, ordea, antzerkiari ekin diote. Turismo jasangarriaz mintzo dira, neurriak hartzen ari direnaren errelatoa egin beharra sentitzen dutelako orain. Ez da sinesgarria. Pisu turistikoen eta hotelen irekiera erregulatu dute, gehiago ireki daitezen ateak zabalik utziz. Tasa turistikoaren inguruan bueltaka jarraitzen dute, ezkutatuz zertarako baliatu nahi duten bildutako dirua eta aitortu gabe ez lukeela turisten etorrera gutxituko. Desestazionalizazioa eta deszentralizazioa saldu nahi dizkigute formula magiko bezala; baina turismo masiboa auzo guztietara eta urte osora zabaltzea eragingo dute horrekin. Hipokrisia eta faltsukeria ariketa bizi dugu. Donostiarron haserrea baretzeko operazioa da. Baina turismoaren pisua gutxitzeko neurri eraginkorrik ez hartzeko estrategiari eusten diote. Horren erakusgarri lehengo astean Japoniara egindako bidaia.

Turismo jarduerak hirian gehiegizko bolumena eta pisua hartu du. Desazkunde turistikorantz bideratu ezean, sortzen dituen kalteek handitzen, iraunkortzen eta atzera ezinezko bihurtzen jarraituko dute. Promozio turistikoa zerora murriztu behar da; etxebizitzaren alokairuen prezioak mugatu; pisu turistiko eta hotel gehiago irekitzeko aukerak ezabatu eta gaur egungoak murrizteko prozesua abiatu; ondare natural eta arkitektonikoaren babeserako neurriak indartu behar dira; espazio publikoa bertakoen bizitzen beharretara egokitzeko eraldatu; auzoetako bizitza komunitarioa sustatzeko politikak gauzatu behar dira…

Erakunde publikoei eskatzen diegu herritarrei hitz egiten uzteko eta adi entzuteko. Turismoaren eraginen gaineko eztabaidari ateak zabaldu behar zaizkio. Marra arriskutsu bat gainditu dugula onartu behar dute. Eta donostiarron bizi baldintzak babesteko, desazkunde turistikorantz trantsizio prozesua abiatu behar dugu. Adostutakoa eta progresiboa, baina irmoa aldi berean.

Donostiarrak kokoteraino gaude eta hiri eredua aldatu nahi dugu. Ez etsi, lagunok! Ez bihurtu ikusle pasibo- Dena ez dago galduta. Dena ez da hauteskundeetan jokatzen. Gure hirian eta gure bizitzez ari gara. Donostia salduz aberastu nahi dutenak geldiarazi behar ditugu. Bildu gaitezen hiri eredu desorekatu eta bidegabe honen aurrean piztu diren borroketan, auzogintzan eta turistifikazioari erantzuten. Gehiegi da jokoan dagoena, galtzen uzteko.

Animo eta aurrera! Turistifikazioari stop! Donostia ez dago salgai!

https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20231022/donostian-turismo-desazkundea-martxan-jartzeko-aldarrikatu-dute-herritarrek

https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/donostia/2023/10/22/donostia-bizilagunekin-denuncia-danos-genera-7416399.html

https://www.eitb.eus/eu/albisteak/ekonomia/bideoak/osoa/9338074/bideoa-desazkunde-turistikorantz-abiatu-beharra-aldarrikatu-dute-ehunka-lagunek-donostian/

https://www.eitb.eus/es/noticias/economia/videos/detalle/9338052/video-cientos-de-personas-reivindican-en-san-sebastian-decrecimiento-turistico-de-ciudad/

https://amp.antena3.com/noticias/economia/vecinos-san-sebastian-huelga-stop-turistificacion_2023102265355b8832dc750001b3ceaa.html

https://www.lavanguardia.com/vida/20231022/9319951/manifestacion-pide-turismo-mejores-condiciones-vida-san-sebastian.html

https://www.cope.es/actualidad/economia/noticias/una-manifestacion-pide-menos-turismo-mejores-condiciones-vida-san-sebastian-20231022_2961604

https://www.europapress.es/euskadi/noticia-manifestacion-denuncia-san-sebastian-danos-genera-turistificacion-ciudad-20231022173503.html

https://irutxulo.hitza.eus/2023/10/23/desazkunde-turistikoa-aldarrikatu-dute-donostiako-kaleetan-zehar/

https://www.argia.eus/albistea/turistifikazioaren-aurkako-manifestazio-jendetsua-egin-dute-donostian

https://www.rtve.es/play/videos/telediario-fin-de-semana/15-horas-22-10-23/6995025/ (37:35)

Iruzkin bat “2023.10.22 – Testua eta argazkiak” sarreran

Iruzkinak itxiak daude.