Donostiako Udalak Antondegi muinoan olatu artifizialen igerileku bat eraikitzeko asmoa aurkeztu zuenean, proiektua alde askotatik kaltegarria zela irizten zuten talde ugari mugiarazi zituen: ekologistak, kontserbazionistak, auzo-elkarteak, surflarien kolektiboak,eta abar. Haien ustez, erabat arduragabea zen, eta jasangarritasun irizpideen kontrakoa, 6 hektareako (6 futbol zelaien tamainako) olatu artifizialen azpiegitura bat eraiki nahi izatea, balio ekologiko handiko Antondegi muinoa txikituz, handik 4 kilometrotara olatuak egonda. Taldeek batu eta Antondegi Berdea kolektiboa sortu zuten, herritarrei proiektua zergatik ez zen hiriarentzat ona azaltzeko helburua zuten hainbat ekimen koordinatu eta antolatzeko: informazio-kanpainak, Antondegiren biodibertsitateari buruzko dibulgazioa, sinadura bilketa, ingurumen inpaktuari buruzko txostenak, administrazioarekin elkarlana, surflarien mobilizazioa, kaleko protestak eta abar. Horregatik, Donostiako Udalak iragarri berri duenean Antondegin ez dela olatu artifizialen proiektua egingo eta muinoa eremu urbanizaezintzat joko duela bere balio naturalengatik eta korridore ekologiko gisa betetzen duen funtzioagatik, oso positibotzat jo du erabakia kolektiboak. Eta sorrerako helburuak lortuta, Antondegi Berdea kolektiboak bere bizi-zikloa ixten duela iragartzen du, bere ibilbidearen balorazio oso positiboa eginez, eta kolektiboaren inguruan hainbeste jendek egindako lan altruista eskertuz eta txalotuz.
Joan den maiatzaren 17an jakitera eman zen, egunkari batera egindako filtrazio baten bidez, Donostiako udal gobernuak, HAPO berriaren esparruan, Antondegiko muinoa landa-eremu gisa sailkatzearen aldeko apustu sendoa egingo duela. Erabaki horrek 2020ko amaieran iragarritako olatu artifizialen igerilekua eraikitzeko proiektua bertan behera uztea dakar.
Olatu artifizialarena zen Antondegi eremurako Udalak zuen proiektu aktibo bakarra. Hiru mila etxebizitza eraikitzeko proiektu bat egon zen aurretik, baina urte batzuk geroago blokeatua zegoen Donostialdeko 2016ko Lurralde Plan Partzialaren bidez. Proiektuaren funtsa zen Wavegardenek Aizarnazabalen duen instalazioa Antondegi muinoan birlokalizatzea, non eta udalerrian urbanizatu gabe eta balio ekologiko handia duen muino bakarrenetako batean. Udal gobernuak aurreratu zuen informazioaren arabera, Antondegin olatuen igerilekua eraikitzeak 6 hektareako urbanizazioa ekarriko zuen (6 futbol zelaien tamaina baino handiagokoa) muinoaren gainaldean, eta ibilgailuentzako sarbide berriak ere eraiki behar zituzten.
Udalak proiektuaren berri eman zuenean, talde asko mobilizatu ziren (ekologistak, kontserbazionistak, auzo-elkarteak, surflarien kolektiboak, baserritarrak, etab.), proiektua hainbat aldetatik kaltegarria zela salatuz. Horrela sortu zen Antondegi Berdea kolektiboa, herritarrei Udalak proposatutako proiektua hiriarentzat positiboa ez zela ikusarazteko hainbat ekimen koordinatu eta antolatzeko helburuarekin.
Antondegi Berdeak Antondegiko olatu artifizialaren proiektuaren inguruan honako alderdi negatibo hauek 2 nabarmendu zituen, besteak beste:
- Donostiako korridore ekologikoen sarea degradatzea.
- Landazabal atlantiko ekosistema egoera onean mantentzen duen Donostiakoeremu urrietako baten degradazioa.
- Eragin negatiboa hainbat animalia-espezietan, horietako 27 Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasotakoak izanda.
- Jasangarria ez den eta natura-ingurunea zaintzearekin bateraezina ez den hirigintza-garapena bultzatzea.
- Elikagaiak hurbil ekoizteko nekazaritzako lurzorua suntsitzea, eta egoera onean dagoen landa-eremua kaltetzea.
- Surflarien eskaerari ez erantzutea, gure hondartzetako masifikazioa handitzea eta hiriaren turistifikazio-prozesua areagotzea.
Laburbilduz, erabat arduragabea eta iraunkortasun logikaz kanpokoa iruditzen zitzaigun 6 hektareako olatu artifizialen azpiegitura bat eraikitzea (6 futbol zelaien tamainakoa), Antondegi bezalako balio ekologiko handiko muino bat txikituz, 4 kilometrora olatu naturalak daudenean. Eragin ekologiko handia zuen, ez zien interes sozialei erantzuten, eta ez zen inolaz ere baiezko bat Donostiaren aurrerapenari, aurrerabideari eta etorkizunari.
Xabier Saralegi Itsas Enara Ornitologia Elkarteko bazkide eta Antondegi Berdea kolektiboko kidearen adierazpenen arabera, “oso positibotzat jotzen dugu Antondegin olatu-igerilekuaren eraikuntza bertan behera uzteko eta muinoa eremu urbanizaezin izendatzeko Udalak iragarritako erabakia, bere balio naturalengatik eta korridore ekologiko gisa eremu horrek betetzen duen funtzioagatik”.
Poztu egiten gara Udalak iritzia aldatu izanaz, baina, aldi berean, gogorarazi behar dugu Udalak behin eta berriz uko egin ziola gure kolektiboarekin hitz egiteari, eta ingurumenarekin lotutako alderdietan oso zorrotza ez den jarrera erakutsi zuela. Udalak baieztatzen zuen, besteak beste, proiektuak ingurumen-berme guztiak zituela, surfeko eragile guztien babesa zuela, eta, gainera, batzuetan argudio engainagarriak erabiltzen zituen, esanez -adibidez- hobe zela olatu artifiziala eraikitzea etxeak eraikitzea baino, ordurako LPPk 2016an etxebizitzak eraikitzeko proiektua blokeatua zuenean. Aurrekari horiek ikusita, kezka dugu ez ote duten saiakera egingo igerilekua beste eremu naturalen batean kokatzeko, haren funtzionamenduarekin lotutako alderdiak behar bezala jorratu gabe, hala nola uraren eta energiaren kontsumoa eta abar.
Udalaren argudio faltsuei kontra egitea ez da lan erraza izan. Gure kolektiboak ahalegin handia egin du Antondegiren biodibertsitateari buruzko informazio- eta dibulgazio-kanpainetan, sinadura-bilketan, ingurumen-inpaktuari buruzko txostenak egiten, administrazioarekin lan egiten, surflarien mobilizazioan, kaleko protestatan eta abarretan. Lan eta jarduera horietan herritar eta kolektibo askok hartu du parte hartu, Donostiako gizartearen espiritu demokratiko, kritiko eta eraikitzailearen osasun ona erakutsiz.
Azkenean, defendatu genituen postulatuak nagusitu dira, eta olatu artifizialen
igerilekua ez da Antondegiko muinoan eraikiko. Gainera, eremu hori bere balio ekologikoengatik babestu egingo da. Hortaz, kolektibo honen sorrerako helburuak lortuta, gure bizi-zikloa itxiko dugula iragartzen dugu, gure ibilbidearen balantze oso positiboa eginez.
Amaitzeko, Jabi Iraizoz Donostiako surflari eta Antondegi Berdeko kidearen
adierazpenak jaso nahi ditugu: “Modu batera edo bestera kolektibo honetan parte hartu duten pertsona askoren lan altruista eskertu nahi genuke: surflarien kolektiboa, talde ekologistak, bizilagunak, baserritarrak, talde kontserbatzaileak, esparru akademikoko ikertzaileak eta gure jardueretan parte hartu eta lagundu diguten pertsona guztiak”.
Antondegi Berdea:
Surfrider Foundation Europe – Eguzki – Fridays for future – Haritzalde – Parkea Bizirik – Itsas Enara Ornitologia Elkartea – BiziLagunEkin