Gaur egungo turismo eredua ukiezina dela sinestarazi nahi digutenek eztabaida zintzoa eta sanoa sahiestu nahi dute. Zenbait ideia asko zabaltzea lortu dute. Baina pare bat buelta ematen badizkiegu, uste ustelak direla ikus daiteke:
Zer daukazue turisten aurka? Denok gara turistak…
Ez daukagu ezer bere oporraldietan Donostia bisitatzen duten pertsonen aurka. Gaur egun indarrean dagoen turismo ereduak herritarrengan sortzen dituen eraginek kezkatzen gaituzte: etxebizitzan, lan-badintzetan, auzo-harremanetan, komertzio txikian, paisaia linguistikoan… Arazo hauek turisten ardura baino gehiago, gaur egungo turismo eredua diseinatu eta muga-gabe sustatzen dutenen ardura dira: bertako eta nazioarteko zenbait inbertsore eta hauei ate guztiak zabaltzen dizkieten arduradun instituzionalak.
Parte Zaharrean dago arazoa, gure auzora ez da iristen
Begien bistan turista gehien Parte Zaharrean, Grosen eta Erdialdean ikusten ditugun arren, alokairuzko etxebizitzen prezioen igoera hiri osoko arazoa da, hiriaren egitura ekonomikoaren aldaketak denei eragiten digu, auzo-komunitateak aldatzen eta arriskuan jartzen ari dira, hiriaren espazio askori uko egin beharrean dauden donostiarrak daude…
Etor daitezela turistak, beren dirua uztera
Hiriko sektore turistikoa oso pertsona gutxiren artean banatuta dago. Higiezinetako nazioarteko inbertsoreak, merkataritzan abiadura bizian zabaltzen ari diren multinazionalak, hainbat ostalaritza eta hotel negozioren jabe diren familiak… Gehiengoari lan-baldintza kaskarrak soilik geratzen zaizkigu eta hiriko ekonomia sektore bakarrean oinarritzeko joera nagusitzen ari da.
Turistak Donostia erdialdetik atera eta inguruko auzo eta herrietara bideratu behar dira
Kanpoaldeko auzo eta herrietara turistak bideratzeak ez luke murriztuko saturatutako zonaldeetako arazoa. Amara edo Intxaurrondon hotel edo pentsioak irekitzeak ez du esan nahi Parte Zaharrekoak hutsik geratuko direnik. Saturazioa zabaltzeko balioko luke eta ez turismoaren eragin anitzei muga jartzeko. Donostiako eredu okerraren eraginek hiriaren mugez gaindi eragiten dute honezkero.
Turismoa haztea behar dugu, horrek lanpostuak sortzen dituelako.
Zuzenean turistei harrera egiten dieten lanpostuetan (hoteletako langileak, tabernetakoak, merkataritzakoak…) bereziki kezkagarriak dira lan-baldintzak: soldata baxuak, ordutegiak… Prekarietateak bereziki kolpatzen dituen sektoreak dira: epealdi laburreko lanpostuak, aldakortasuna, kaleratze errazak… Lanpostu horien gaur egungo baldintzekin langile horiek Donostian bizi ahal izatea ia ezinezkoa bihurtu dute.
Turistak udatik kanpo etor daitezela lortu behar da
Udatik kanpo turista gehiago etortzeak ez du udako masifikazioa txikitzea esan nahi. Urte osora zabaltzearena turismoari lotutako zerbitzuak hiriko sektore bakar bilakatu nahi duten eta honetatik etekin ekonomiko handia ateratzen duten lobbyek sustatutako ideia da.