IRAILAREN 27KO TURISMOAREN MUNDU EGUNA: BIZILAGUNEKIN PLATAFORMAREN KOMUNIKATUA
Urtero bezala, Nazio Batuen Erakundeak “Turismoaren Mundu Eguna” bezala izendatu zuen irailaren 27a hurbildu ahala, aukera baliatu nahi dugu turismo jarduerak mundu mailan eta Donostian dakartzan arriskuak eta kalteak azpimarratzeko.
Urteotan Donostian erreakzio herritarra bizi dugu, turistifikazioaren ondorioei erantzun bezala. Ez da bisitariak gaitzesteko kanpaina, ezta hirien iraganarekiko nostalgiaren espresioa ere. Beste gizarte eredu eta beste bizimodu baten aldeko lana da: espazio partekatuen aldekoa, aniztasunaren aldekoa, inor atzean uzten ez duena, bizilagunen ongizatean oinarritutako hiri ereduen aldekoa. Horregatik, ez da leku bakanetan gertatzen, Europa Hegoaldeko lurraldeetan eta munduko beste hamaika gunetan hedatzen ari den mugimendu sarea da, estutzen doana, elkarrengandik ikasten duena, eta aldi berean, nork bere tokian eragiten duena.
Hiriak eta herriak komunitateek eraikitzen dituzte, fisikoki eta sinbolikoki. Bizilagunon eskubidea da bizitoki egokia izatea eta horregatik dihardugu turistifikazio basatitik defendatzen, eta horri lotuta, inposatzen zaizkigun bizi eredu jasangaitzak zalantzan jartzen. Ez da auzi sektoriala. Ez da hirigintza soilik, ez da etxebizitza soilik, ez da ingurumena soilik. Desazkunde turistikoaren aldeko borroka guzti horiez ari da, eta eredu osoa jartzen du auzitan. Kontsumoaren kultura, kapitalaren metaketa, irabazi pribatuaren lehenestea, homogeneizazio kulturala eta egiturazko zapalkuntzak, (arrazakeria, klasismoa, sexismoa) elikatzen dituen merkatu logika dira, besteak beste, gure hiri eta bizitzen desorekaren eragile.
Donostiarron gehiengoa kezkatuta eta nazkatuta dago azken urteetan hirian gertatzen ari denarekin. Turismoak gehiegizko pisua hartu du hiriaren eredu ekonomikoan eta erabat baldintzatzen du espazio publikoa, lan-baldintzak, egoera soziolinguistikoa, ekosistema kulturala, bizikidetza eredua, auzo-giroa eta naturarekiko harremana, besteak beste. Turismo jardueraren hazkundea defendatzea ez da onargarria Donostian bizi nahi dugunontzat. Horren jakitun, turistifikatzaileak kudeatzaile zentzudun mozorroa jantzita zuzentzen zaizkigu azken aldian. Turismo jasangarria, desestazionalizazioa, tasa turistikoa, kalitatezko turismoa eta hamaika trikimailu erabiltzen dituzte, eztabaida funtsezko auzitik desbideratu ahian. Baina guztiek, hiriaren turistifikazioarekin aberasten direnen negozioa bermatzea daukate lehentasun gisa; donostiarron haserrea baretu nahian eskaintzen zaizkigun goxokiak dira, hiri honetan benetan agintzen duten espekulatzaile eta esplotatzaileek gure bizitzak kaltetuz poltsikoak betetzen jarrai dezaten.
Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da: gelditu dezagun turistifikazioa. Desazkunde turistikoaren aldeko hautua egin ezean, nekez aurkituko zaio arazoari irtenbidea. Herritarron bizi baldintzak zaintzeko, turistifikazioarekin negozio egiten dutenen boterea mugatu beharko dugu; eta turismoak hirian hartu duen pisua eta zentralitatea murrizteko estrategia integrala martxan jarri. Trantsizio adostu eta ordenatua da biderik desiragarriena: enpresak, langileak, hiri-espazioa, kultur eskaintza eta abar desazkunde turistikorantz eraldatzeko plana egin eta aurrera eramatea. Bestela, turismoarekiko gehiegizko dependentzian bizitzeak kolapso turistikoaren ondoriozko desazkundea pairatzeko arriskuan jartzen gaitu donostiarrak. Ulertu dezagun gertatzen zaigun eta egiten digutena; antolatu gaitezen eta aktibatu gaitezen; ekin eraldaketari!