Pasa den otsailaren 22 eta 23an, ARGIA[1] aldizkariaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sailak Italiako sei kazetariri aurrekontu publikotik finantzatutako bidaiaren berri jaso genuen. “Nazioartearekin harremanak estutzea” eta “Euskadirekin harremana familiarizatzea” omen zen xedea. Euskal Herriko hainbat tokitan gauzatutako luxuzko oporraldiko gastuek barne hartzen zituzten hegaldiak, hotelak, goi mailako jatetxeetan otorduak, bodegak, golfa… Era berean, argitaratutakoaren arabera, 2022an Eusko Jaurlaritzak 145.000 euro bideratu zituen 26 prentsa-bidaiaren antolaketara. Egoera honen aurrean, Bizilagunekin Plataformak hiru ideia nagusi nabarmendu nahi ditu:
- Egungo turismo-ereduak herritarren bizitzetan dituen ondorio zuzenak gero eta larriagoak dira. Lan-prekarietatea, lurraldearen suntsitzea, auzoetako sare komunitarioen desagertzea, eta egun bizi dugun etxebizitza larrialdia EAEko herri eta hirietako turistifikazioaren ondorio dira, besteak beste. Testuinguru honetan, ikusten dugu Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa bisitariak erakartzera eta turismo-masifikazioa areagotzera bideratuta dagoela, aipatu prozesuak sortutako kalteez arduratu beharrean. Honenbestez, uste dugu onartezina dela aurrekontu publikoa “press-trip”-ak bezalako praktiketara eta, orokorrean, sustapen turistikora bideratzea. Turismoaren sustapena aurrekontu publikoetatik lehenbailehen desagertu egin behar dela uste dugu.
- Prentsa-bidaien praktikak agerian uzten du turismoaren planifikazio publikoak ez dituela herritarren beharrak eta iritziak kontuan hartzen, eta turismo-sektoreko inbertsiogileen eta patronalen mesedetan baino ez duela jokatzen. Aldi berean, gardentasun falta osoz jokatzen dute instituzio publikoek, eta turismoarekin lotutako gaietan eztabaidari uko egiten diote arduradun instituzionalek. Egun, herritarrei bizkarra emateari utzi eta turismo-ereduaren inguruko eztabaida publikoa irekitzea ezinbestekoa da.
- Ekintza publikoak herritarren bizitzak erdigunean jartzen dituen eredu-ekonomikoak sortu eta sustatu behar ditu. Gure bizitzak prekarizatzen dituen eredu turistiko honen aurrean, desazkunde turistikoa da Bizilagunekin plataformaren ustez hartu beharreko norabidea. Beranduegi izan baino lehen, atzera bueltarik gabeko kalte gehiago sortu baino lehen, amaiera eman behar diogu sartuta gauden galbide turistifikatzaileari.
[1] https://www.argia.eus/albistea/jaurlaritzak-luxuzko-bidaiak-oparitzen-dizkie-nazioarteko-zenbait-kazetariri-euskadiko-turismoa-sustatzeko