EKIMENAK

Ez 2030eko Mundiala Donostian jokatzeari. Bai desazkunde turistikoari.

2024ko abenduan jakin genuen Donostia 2030eko Munduko Futbol Txapelketako egoitza izateko hautagaien artean sartu zutela, Marokok, Portugalek eta Espainiak antolatuko duten edizioan. Orduan, erakunde publikoetako ordezkariek ospatu egin zuten: munduko mapan kokatzea, kirol ikuskizuna herritarrei hurbiltzea, Donostiarentzat ustezko lorpen kolektiboa. FIFAk 2024ko ebaluazio-txostenean agerian utzi zuen Donostiak arazo larriak dituela ekitaldi honen baldintzak betetzeko. Aipatzen zen Donostiako ostatu-plaza kopurua ez dela nahikoa eta, soluzio gisa, Biarritz edo Baionako ostatuak kontuan hartzea eta Airbnb gisako eskaintza handitzea proposatzen zen. Mugikortasunari dagokionez, txostenak jasotzen zuen trafikoak bizitegi-eremuetan eta merkataritza-eremuetan izango lukeen eragina. Horri segurtasun-neurri zorrotzak, espazio publikoaren okupazioa, publizitate eta marka pribatuen inbasioa, eta baliabide publikoen erabilera gehitu behar zaizkio.

Baina hasieratik esan genuen argi: Donostiak turistifikazio prozesu basatia bizi du, eta Mundiala prozesu hori sakontzeko, bizkortzeko eta zuritzeko dispositibo erraldoia izango litzateke. Horregatik, hainbat auzo-elkartek eta Bizilagunekin plataformak gutuna bidali genion FIFAri, erabakia atzera bota zezan eskatzeko. Argi azaldu genuen ekitaldi honek turistifikazioa areagotuko lukeela, etxebizitza-larrialdia okertuko lukeela, espazio publikoa interes komertzialen arabera eraldatuko lukeela eta herritarren eguneroko bizimodua baldintzatuko lukeela. Erakunde publikoen aldetik, ordea, bizilagunen kezkei mespretxua eta eztabaida irekitzeari ukoa heldu ziren.

2026ko martxoan FIFAren ordezkariak Donostiara etorri zirenean, erakunde publikoak berriro agertu ziren pozik eta baikor Mundiala hartzeko aukerarekin. Baina hortik gutxira, 2026ko maiatzean, zalantzak agertu dira Donostian, zalantzak agertu dira Bilbon, eta orain hautagaitza bateratu inprobisatu bat aurkeztu zaigu irtenbide gisa. Bat-batean, orain bai, alde onak eta txarrak neurtu behar omen dira. Orain bai, kostuak aztertu behar omen dira. Orain bai, hiriaren ahalmena, mugak eta ondorioak kontuan hartu behar omen dira. Ongi etorriak turismoak dakarren oro onuragarria dela pentsatzen ez dugunon taldera. Baina ez dugu onartuko urte luzez hazkunde turistikoari alfonbra gorria zabaldu dutenek orain beren burua zuhurtziaren ordezkari gisa aurkeztea.

Arazoa ez da hautagaitza Donostiakoa, Bilbokoa edo bien artekoa izatea. Arazoa da Mundiala bezalako makro-ekitaldi bat hiri turistifikatuetan antolatu nahi izatea, bertako herritarren bizi-baldintzak okertzen ari diren bitartean.

Donostian, Mundialak egoera larriagotu egingo luke. Turista gehiago, presio handiagoa eta etxebizitza gehiago turismorako Donostian eta inguruko herrietan. Hiri-espazioaren masifikazioa, okupazioa eta herritarren eguneroko bizimoduan blokeoa ekarriko lituzke. Kaleak, plazak, garraioa eta zerbitzu publikoak ekitaldi erraldoi baten beharretara egokituko lirateke. Erakunde publikoek dirua, azpiegiturak, langileak eta kudeaketa-gaitasuna jarriko lituzkete Mundialaren eta bere bueltako negozioaren mesedetan. Badakigu nola funtzionatzen duen: irabaziak pribatizatu, eta kalteak herritarron bizkar uzten dira; kalte horiek, gainera, hirian geratzen dira ekitaldia igaro ondoren ere.

Gainera, gardentasun falta larria izan da prozesu osoan. Ez dakigu zenbat kostatuko litzatekeen. Ez dakigu zer tratu egin diren FIFArekin. Eta ez da kontu txikia: FIFA bezalako erakunde bati buruz ari gara, ustelkeriak eta interes pribatuen sareek behin eta berriro zipriztindutako egitura.

Horregatik eskatzen dugu eztabaida gardena eta zintzoa. Baina ez itxurazkoa soilik, ez erakundeek eta turismo industriak aurrez erabakitako norabidea zuritzeko balioko duen eztabaida. Alde onak eta txarrak baloratu behar badira, etxebizitza-larrialdia, prezioen igoera, masifikazioa, zarata, lan-prekarietatea eta hiriaren elitizazioa jasaten dituen donostiarren gehiengoaren ikuspegitik baloratu behar dira. Turismo industriaren, eraikuntza-enpresen eta espekulatzaile inmobiliarioen interesak ezin dira herritarren gehiengoaren interes gisa aurkeztu. Gainturismoa bizi dugu, eta ezin dugu ekitaldi bakoitzaren aurrean eztabaida hutsetik abiatu, aurretik ezer gertatu ez balitz bezala. Ez da itxurakeriarako momentua. Herritarron gehiengoaren ongizatea bermatzeko, Donostiak desazkunde turistikoaren norabidea hartu behar du.

Horregatik, Bizilagunekin plataformatik dei egiten diegu donostiarrei ahotsa altxa dezaten 2030eko Mundiala Donostian jokatzearen aurka. Dei egiten diegu auzo-elkarteetan, herri mugimenduetan eta bestelako antolakundeetan antola daitezen, hiri-ereduaren aldaketa bultzatzeko eta desazkunde turistikoaren aldeko indarrak metatzeko. Ez dugu gure hiria gutxi batzuen negoziorako saltzen utziko. Ez dugu gure aurkako golik ospatuko.

https://www.argia.eus/albistea/ez-2030eko-mundiala-donostian-jokatzeari-bai-desazkunde-turistikoari

Donostia, terrazetako labirintoa eta hutsaren hurrena

Ia hiru urteko lan, proposamen eta alegazioen ondoren, Udalak apirileko Osoko Bilkuran Terrazetako Ordenantzaren aldaketa bertan behera uztea erabaki zuen, hiriko bizilagunak gehiago ematen ez duen araudi batean harrapatuta utziz.

Eskapismo politikoaren ariketa magistral hau emaitzarik txarrena da. Kalkulu akats bat? Arduradun politikoen gaitasun eza? Kontua da hasierako egoerara  itzuli garela.

​Mespretxuaren kronologia

​2023ko uztailean, gobernu taldeak iragarri zuen denbora zeramala Terrazen Ordenantza aldatzeko lanean. 2024ko urriaren 2an, Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak idatzi bat aurkeztu zuen, “Terrazak arautzearen alde, Donostian espazio publikoa eskubide kolektibo gisa zaintzea eskatuz,”. 2025eko apirilaren 8an, Gobernu Batzordeak Ordenantza aldatzeko proiektu berri bat onartu zuen. 2025eko ekainaren 23an proiektua argitaratu zen GAOn, eta 30 eguneko epea eman zen Gobernu Batzordeak onartutako testuari alegazioak aurkezteko.  Auzo elkarteek beren alegazioak erregistratu zituzten. 2026ko apirilaren 20an, ia hiru urte geroago, eta zortzi hilabete eta erdiko isilunearen ondoren, Osoko Bilkurako Udal Batzordeak aldaketa bertan behera uztea erabaki zuen.

Hiria muga mugan

​Udalarentzat, atzerapen hori hauteskunde-kalkulu hutsa da. Hirian bizi garenontzat, espazio publikoaren pribatizazioaren presiopean amiltzen den hiri baten egunerokotasuna da. Zertarako balio dute “printzipio onek”, gaur egun aplika daitezkeen arau bihurtzen ez badira?

​Egungo ordenantzari eustsiz gero, sufritzen jarraituko dugu:

  • Espazio publikoaren pribatizazioa: gehiegizko okupazioa, non kalea erabiltzeko  eskubide kolektiboa interes komertzialaren mende dagoen. Industria turistikoaren irabazakiak lehenetsiz, espazio publikoen pribatizazioak aurrera  jarraitzen du, herritarren behar izanak baztertuz.
  • Irisgarritasunik eza: Oraindik ere ez da betetzen irisgarritasun unibertsala; terrazak oztopo fisikoak dira bertako bizilagunentzat eta bertan ibiltzen diren guztientzat.
  • Proportziorik eza: Terrazen tamainek eta aforoek aise gainditzen dute lokalen aforoa eta tamaina.
  • Zarata eta ordutegiak: Zarata mailak eta ixteko ordutegiak sistematikoki ez dira betetzen, Udalak eraginkortasunik gabekotzat jotzen duen baina aldatzeari uko egiten dion araudi baten pean. Ezin aipatu gabe utzi, egoera horrek bertako bizilagunen osasunean kalte handiak eragiten dituela.
  • Saturazioa: Alde Zaharrean 25 biztanleko establezimendu bat dagoenez, auzoa ez da jada bizitzeko leku bat, parke tematiko bat baizik, eta auzotarrak bertatik kanporatzen dituzte. Errealitate hori beste auzo batzuetara zabaltzen ari da oro har.

Udalak darabilen hizkeran,  Ostalaritzako Eremu Aseak edo Saturatuak daude, hau da, “gaixo” daude. Eremu horietan, 160 biztanleko establezimendu 1eko ratioa gainditzen da, esaterako, Grosen, Erdialdean, Amaran, Antiguan… Alde Zaharrean egoera larriagoa da, 25 biztanleko establezimendu bat baitu eta errealitate hori beste auzo batzuetara modu orokorrean zabaltzen ari dela ikusten da.

Hutsetik hastea iruzur egitea da

​Orain Ordenantza berri bat planteatzean, EAJk eta PSEk eskuliburuko distrakzio maniobra bat aplikatzen dute: Hiria egungo araudiaren pean jarraitzera kondenatzen da, nahiz eta Udalak berak 2024an onartu zuen “zuzendua eta hobetua” izan behar zuela. Legealdia agortzen ari da eta 2027ko maiatzeko hauteskundeak direla medio, teknikoki ezinezkoa da araudi berri bat data hori baino lehen argitaratzea

Hauteskundeen trikimailua: ezer ez egiteko aitzakia

​ Orain “ordenantza  berri bat”planteatzearen aitzakia legegintzaldia agortzeko distrakzio maniobra bat da, Alkateak eta, ziurrenik etorkizuneko hautagaia izango denak, bere hauteskunde kanpaina itsustu dezakeen gai gatazkatsu honi  ihes egiteko .

Oso ondo dakite, hemendik 2027ko maiatzera, ez dela denborarik izango ezer onartzeko. EAJk eta PSEk erabaki dute arazoa hiriko hurrengo gobernuak hartu beharko duela bere gain, eta airean utzi dute gobernatuko duten etorkizuneko zinegotziek ordenantza berri oso baten beharra ikusiko ote duten, egungo arduradunek  izan dituzten printzipio berberak defendatuz.

Udalak nahikoa denbora izan du egoera hori konpontzeko. Gaur egun herritarrak babestuko dituen eta espazio publikoaren pribatizazioa arbuiatuko duen Ordenantzarik ez badugu, erabateko ausardia eta borondate politiko faltagatik da.

Donostiak ez du hitz on gehiagoren beharrik.

​Donostiako Udalak erabaki du  urteetan defendatu dugun espazio publikoaren aldeko  eskubide kolektibo horrek  itxaron dezakeela. Nahiago izan dute lozorro burokratikoa, beharrezko erregulazio bati aurre egin baino. Aitzitik, eskatzen duguna da Udalak hiriko auzoen degradazioaren beharrezko konplizea izateari uztea.

Premiazko eskaerak udalari

Horregatik guztiagatik, Juan Marrero Vizcaino Hiri Proiektuen eta Espazio Publikoaren zinegotzi ordezkariarekin bilera bat egitea eskatu dugu.  Batetik, aurkeztutako alegazioak ezagutzeko, eta bestetik, ostalaritzak espazio publikoa okupatzeko eta erabiltzeko idatziko den  araudi berriaren erabakietan elkarteen parte hartzea eskatzeko  eta, azkenik, horren izapidetzea eta onarpena azkartzeko modua ikusteko.

Bestalde, Segurtasuneko zinegotzi ordezkariarekin eta UCOMeko arduradunarekin biltzea ere eskatu dugu, indarrean dagoen araudia bete dadila eskatzeko.

Bestalde, Segurtasuneko, Suhiltzaileetako eta Babes Zibileko zinegotzi ordezkari Martin Ibabe Eceizarekin eta Udal Ordenantzen Kontrolerako Unitateko (UCOM) Ofizialorde Agintariarekin biltzea ere eskatu dugu, ostalaritzarako  erabilera publikoko lurzoruaren okupazioak arautzen duen egungo Ordenantza betetzen dela ziurtatzeko  eta dauden prebentzio baliabideak, bitartekoak, beharrak eta jarduketak ezagutzeko.

Ez denbora gehiago alferrik galdu.

Donostia, 2026ko ekainaren 16a

  • Altza XXI Auzo Elkartea
  • Amara Berri Auzo Elkartea
  • Auzoa Eginez Groseko Auzo Elkartea
  • Begiris Elkartea
  • Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataforma
  • Egia Bizirik
  • Eguzki Talde Ekologista
  • Ekologistak Martxan
  • Erdian Bizi
  • Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea (IZBE)
  • Lantxabe Aieteko Auzo Elkartea
  • Manteo Bizirik
  • Morlanstarrak Auzo Elkartea
  • Oleta Auzo Elkartea
  • Parte Zaharrean Bizi

‘Turismoa. Desazkundera bidaia’ liburuaren aurkezpena

Apirilak 16, osteguna. San Jeronimo kaleko Kriptan. 19:00

LIBURU AURKEZPENA ETA ASIER BASURTO ARRUTI EGILEAREKIN SOLASALDIA

Liburua erosteko:

https://azoka.argia.eus/produktua/turismoa-desazkudera-bidaia/

Hedabideetan:

ARGIA: “Gatazka ez da turisten eta bizilagunen artekoa” https://www.argia.eus/argia-astekaria/2958/asier-basurto-arruti

BERRIA: «Beste opor eredu bat asmatu behar dugu denon artean» https://www.berria.eus/bizigiro/beste-opor-eredu-bat-asmatu-behar-dugu-denon-artean_2157751_102.html

GAUR8: «Turismoaren auzia zure oporretan jokatzen dela pentsatzea norbere zilborrera begiratzea da» https://gaur8.naiz.eus/eu/info_gaur8/20260530/turismoaren-auzia-zure-oporretan-jokatzen-dela-pentsatzea-norbere-zilborrera-gehiegi-begiratzea-da

EUSKADI IRRATIA: Desazkunde turistikora bidaia egiteko liburua https://guau.eus/m/amarauna-desakunde-turistikora-bidaia-egiteko-liburua

IRUTXULOKO HITZA: «Ez baduzu nahi turismoa haztea Donostian, munduko bigarren kirol ekitaldi handiena antolatzea ez da zentzuzkoa» https://irutxulo.hitza.eus/2026/05/01/ez-baduzu-nahi-turismoa-haztea-donostian-munduko-bigarren-kirol-ekitaldi-handiena-antolatzea-ez-da-zentzuzkoa/

NAIZ IRRATIA (KulturHaria): «Turismoaren industriak erruaren tranpa erabiltzen du herritarrak desaktibatzeko» https://irratia.naiz.eus/eu/info_irratia/20260604/turismoaren-industriak-erruaren-tranpa-erabiltzen-du-herritarrak-desaktibatzeko

NAIZ IRRATIA (Haria): «Badu turismo industriak etengabe hazteko, dena jateko eta salgai bihurtzeko joera» https://irratia.naiz.eus/eu/info_irratia/20260525/badu-turismo-industriak-etengabe-ahazteko-dena-jateko-eta-salgai-jartzeko-joera

NAIZ IRRATIA (Bigarren Kafea): «Egoera gordina da eta atzera bueltarik ez duten kalteak sortu daitezke» https://irratia.naiz.eus/eu/info_irratia/20260630/egoera-gordina-da-eta-atzera-bueltarik-ez-duten-kalteak-sortu-daitezke

BILBO HIRIA IRRATIA: PIPERPOLIS: Turismoa: Desazkundera bidaia https://www.bilbohiria.eus/77959

BIZKAIA IRRATIA: “Politika publikoak egin dira turismoaren mesedetan, herritarrentzat mesedegarriak ziran ikusi barik” https://bizkaiairratia.eus/podcast/asier-basurto-politika-publikoak-egin-dira-turismoaren-mesedetan-herritarrentzat-mesedegarriak-ziran-ikusi-barik

ETB1: Egun on

ETB1: Biba Zuek

Etxebizitzaren aldeko Ekintza Egun Globalak Donostian: turistifikazioa eta etxebizitza-larrialdia

Donostiako turismoaren desazkundearen aldeko plataformak, Bizilagunekin-ek, 2026ko martxoaren 23tik 29ra egingo diren Etxebizitzaren aldeko Ekintza Egun Globaletan parte hartuko duela iragarri du. Ekintza koordinatu hauek etxebizitza-justizia aldarrikatzen dute planeta bizigarri batean, korporazioek bultzatutako kaleratzeei aurre egiten diete, etxebizitza giza eskubide gisa defendatzen dute eta klima-justizia eskatzen dute.

Etxebizitzaren krisi globala larriagotzen ari da, gutxi batzuen irabaziak handitzen diren bitartean. Milioika pertsona etxe bat aurkitu eta mantentzeko borrokan ari dira. Etxebizitzaren aldeko Ekintza Egunetan, mundu osoko aliatuekin batera mobilizatuko gara aldaketa sakonak eskatzeko. Gure hirian, kaleratzeak eta bizilagunen kanporatzea oraintxe bertan gertatzen ari dira, eta hau da ahotsa altxatzeko unea.

Etxebizitza-justiziaren aldeko borroka globala

Iaz, mundu osoko 60 hiritan baino gehiagotan egin ziren ekintzak. 2026an, martxoaren 23tik 29ra, berriz elkartuko gara etxebizitza- eta klima-krisiaren eragile sistemikoei aurre egiteko. Martxak egingo ditugu, antolatuko gara, okupazioak egingo ditugu, grebak, protestak eta komunitate-erresistentziak eraikiko ditugu, giza bizitzaren gainetik irabazia lehenesten duten politiken aurrean.

Mundu osoan, etxebizitzaren krisia alokairuen igoerak, espekulazioak, kaleratzeek, lur eta baliabideen ustiapenak eta aktibisten aurkako errepresioak elikatzen dute. Milioika pertsonak etxebizitza desegoki, eskuragaitz edo ez-seguruak dituzte, bitartean jabe korporatibo handiak eta higiezinen merkatu finantzarioak kontrolik gabe hazten ari dira.

2026ko Etxebizitzaren aldeko Ekintza Egunetan, tokiko eta nazioarteko mugimenduak mobilizatuko dira kaleratzeen, aktibisten aurkako errepresioaren, turistifikazioaren eta espekulazioaren bidez gure hiriak saltzearen, gure lurren espoliazioaren, bizi-kostuaren igoeraren, haien gerra-hegazkinen eta gure planetaren suntsiketaren aurka. Pertsona guztientzako bizitza duina erdigunean jarriko duen mundu baten aldeko ikuspegia sustatzen dugu.

Donostian

2015etik 2025era:

  • Hiriko gaualdi turistikoak 1.167.549tik 2.122.612ra igo dira (+%81,80).
  • Eskaintzen diren ostatu-plazak 9.060tik 19.828ra igo dira (+%118,9).
  • Hoteleko gau bateko batez besteko prezioa 112,9 €tik 168,62 €ra igo da (+%49,4).

Eta, aldi berean:

  • Etxebizitzaren batez besteko alokairua 11,9 €/m²/hilabetetik 18,7 €/m²/hilabetera igo da (+%57).
  • Etxebizitza erosteko batez besteko prezioa 3.682 €/m²-tik 6.450 €/m²-ra igo da (+%75).

Turistifikazioak hiria elitizatzen ari da eta bertako biztanleak kanporatzen ditu gutxi batzuen negozioaren mesedetan. Premiazkoa da turismoaren desazkundearen alde egitea.

Bizilagunekin-ek gai honi buruzko informazioa banatuko du Boulevardean martxoaren 27an, ostiralez, 17:30etik aurrera, eta, gainera, astearen barruan hainbat ekintza sorpresa egingo ditu.

bizilagunekin.eus

#had2026 #GlobalHousingActionDays #HomesNotProfit #ClimateJusticeIsHousingJustice

Donostiaren eredu parte-hartzaileari eta aurrekontuparte-hartzaileei buruzko kezkak

Behean atxikitako elkarteok gure kezka publikoki adierazi nahi dugu partaidetzazko udal aurrekontuen eta hiriaren eredu parte-hartzailearen egungo funtzionamenduaz. Testu hau mezu partekatu bat izateko asmoz sortu da, ondoren jasotzen diren hausnarketekin identifikatuta sentitzen diren elkarteen atxikimendurako irekia.

Partaidetzazko aurrekontuak mekanismo bat dira zeinaren bidez udalak aurrekontuaren zati bat bideratzen duen herritarrek proposatzen dituzten proiektuetarako. Bi urtean behin udalak proposamenen fase bat irekitzen du, eta edozein norbanakok edo elkartek proposa ditzake proiektuak, beti ere udalak ezarritako baldintzen arabera. Zehazki, 2025eko azken edizioan, hauek ziren bete beharreko baldintzak:

  • Proposamena udal-eskumenekoa izatea.
  • Udal-politika orokorrarekin kontraesanean ez egotea eta interes orokorrekotzat jotzea.
  • Proiektu bat izatea, inbertsioa eskatzen duena eta dagokion urtean egikaritu daitekeena, aurrekontuak arriskuan jarri gabe.
  • Bideragarritasun-azterketa gainditzea.
  • Inbertsioa izatea ezarrita dagoen gehienekoa (400.000 euro) edo txikiagoa.
  • Aurreko prozesu parte-hartzaile baten emaitza ez baliogabetzea edo onartutako udal-plan baten aurka ez joatea, eta balio demokratikoen eta giza eskubideen aurka ez egitea.
  • Ez dira onartuko diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak, azterlanen idazketak, proiektuen idazketak eta espazio publikoen egiturazko estalkiak.

Elkarte askok hartu dugu parte etengabe ekimen honetan, bai proiektuak proposatuz, bai hirian hobekuntzak sustatzeko onuragarrienak iruditzen zaizkigun proposamenak aktiboki babestuz. Prozesu horri esker, herritarrentzat eragin positiboa izan duten hainbat jarduera jarri ahal izan dira martxan. Hala ere, prozesu horietan hainbat aldiz parte hartu ondoren, uste dugu indarrean dagoen ereduak gabezia eta ondorio gaizto handiak dituela, eta zuekin partekatu nahi ditugu:

  1. Lehenik eta behin, ikusten dugu onartutako kontu-sailen zati handi bat mantentze-lanak egiteko erabiltzen dela, bai bidegorriak mantentzeko, bai hiri-azpiegituren oinarrizko beste behar batzuetarako, hala nola espaloiak konpontzeko, argiteria publikoa konpontzeko, zoladura hobetzeko, berdeguneak mantentzeko, paperontziak berritzeko eta hiri-altzariak egokitzeko. Uste dugu hori ez dela egokia, funtsezko zerbitzuak mantentzea udalaren ardura zuzena delako eta aurrekontu arrunten bidez sistematikoki heldu beharko litzaiokeelako. Erantzukizun horiek aurrekontu parte-hartzaileetara eramateak, prozesu horien zentzua desitxuratzeaz gain, hiri-mantentzearen kudeaketa eskasa iraunarazten laguntzen du.
  2. Nahiz eta prozesuak proiektuak onartzeko edo ukatzeko irizpide definituak izan, praktikan erabaki asko arbitrarioak eta bidegabeak dira, interpretazio subjektiboetan eta argudio pobreetan oinarrituta baztertzen baitira proiektuak. Deigarria da ia 1000 proiektuetatik 123 bakarrik igaro direla bozkatzeko fasera. Eta, gainera, baheketa-prozesuak ez du aurreikusten herritarrek alegazioak egiteko aukerarik. Beraz, oso egoera arbitrarioak ematen dira, objekziorako aukerarik gabe. Besteak beste, honako hau ikusi dugu:
    • Proposamen batzuk atzera bota dituzte, ustez aurrekontu-muga gainditu dutelako, nahiz eta eskala itxirik ez izan eta ezarritako mugen barruan modu apalagoan gauzatu ahal izan. (Adibidez, 27. poligonora bidegorria egiteko proposamena ez da ontzat eman arrazoi horregatik, nahiz eta proposamenak bidegorria partzialki egiteko aukera ematen duen edo material xumeagoak erabiliz aurrekontua agortu arte)
    • Aurreko edizioetan iragazkia gainditu zuten beste batzuk baztertu egin dira aurten, nahiz eta arau berdinei eutsi. (Adibidea: 2021. urtean U motako aparkaleku alderantzikatuen proposamena aurrera atera zen, baina aurtengo edizioan atzera egin da, jada Udalak ematen duen zerbitzu baten eremuari dagokiola argudiatuz)
    • Proiektu asko atzera bota dira “azterketa sakona behar dutela” argudiatuz, modu diskrezionalean erabilia. (Adibidea: “Blas de Otero plazako saskibaloi saskien” proposamena). Oso zaila da ulertzea horrenbeste “analisi sakon” egin behar izatea kantxa batzuk jartzeko, lehendik ere kantxa batzuk zeuden lekuan, obrengatik aldi baterako kendu zirenak, eta haiek instalatzeko espazio zabala egonda. Badirudi “analisi sakonaren” aitzakia erabiltzen ari direla udalean gustuko ez diren proposamenak kentzeko. Horrelako adibideak asko dira.Bozketa fasera pasatzen ez diren proposamenen zerrenda osoa
  3. Bidegorri sarearen garapena eta auzoetako oinarrizko behar asko ia modu esklusiboan doaz aurrera partaidetzazko aurrekontuei esker. Izan ere, azken urteetan bidegorrietan egindako hobekuntza ia guztien jatorria mekanismo hori da. Gure ustez, bizikleta bidezko mugikortasuna eremu nahiko estrategikoa da, iraunkortasunean, osasun publikoan eta bide-segurtasunean duen eraginagatik. Horregatik, Udalak horren aldeko apustu irmoa eta egonkorra egin behar du aurrekontu arrunten bidez. Konparazio gisa, Udalak urtero 1.000.000 eta 1.500.000 euro artean bideratzen ditu errepideen mantentze-lanetarako; bidegorrien kasuan, berriz, partaidetzazko aurrekontuen bidez proposamenek aurrera egitea lortzen dutenean soilik mantentzen dira. Logika hori ez da soilik bizikleta bidezko mugikortasunera mugatzen; instituzioek modu estrukturalean landu beharko lituzketen beste esparru estrategiko batzuetan ere erreproduzitzen da. Adibide gisa, hainbat elkartek aurkeztutako proposamen ugarik oinarrizko gaiak izan dituzte ardatz, hala nola paperontziak instalatzea, inguruko argiztapena hobetzea (oinezkoen pasabideetan gauez segurtasuna bermatzeko) edo gutxieneko komun publikoen zerbitzua gaitzea, oinarrizko behar horiek erakundeek aintzat hartu eta egitura bidez bete beharko lituzketenean.
    • Beste alderdi bereziki kezkagarri bat da prozesuak ez duela aurreikusten eztabaidarako benetazko espaziorik, ez hausnarketarako ez eta erabakiak kolektiboki lehenesteko. Proposamenak zuzenean bozkatzen dira, oso epe laburretan eta hedapen publiko mugatuarekin. Horrek zaildu egiten du eztabaida informatua egitea, eta nabarmen murrizten du herritarren parte-hartze zabal eta kontzientea.
  4. Baliabideen banaketa ez dator bat ekitate-irizpideekin, proposamen bakoitzak lortutako botoen bolumenean oinarritzen baita ia esklusiboki. Ikuspegi horrek mesede egiten die, modu sistemikoan, biztanleria handiagoa edo mobilizatzeko gaitasun handiagoa duten auzoei, kontuan hartu gabe oinarrizko beste faktore batzuk, hala nola jasotako inbertsio historikoa, auzo bakoitzaren behar espezifikoak, dauden desberdintasunak edo oinarrizko azpiegituren falta. Ondorioz, egungo ereduak lurraldeen arteko desorekak birsortzeko joera du, zuzendu beharrean, eta edozein politika publiko gidatu beharko luketen justizia sozialaren printzipioetatik aldentzen da. Adibidez, biztanle gutxien dituzten auzoek, Martutenek kasu (2.700 biztanle), desabantaila nabarmena dute beren proiektuak aurrera ateratzeko orduan, Amara bezalako auzo jendetsuagoen (30.192 biztanle) aurrean. Proposamen batek eska ditzakeen 500 botoak lortzeko, Martutenek bizilagunen %18,5 mobilizatu behar du, gutxi gorabehera; Amaran, berriz, nahikoa da herritarren %1,6 inplikatzea. Kontuan hartzen bada, gainera, biztanle gehien dituzten auzoek jaso dutela inbertsio historiko handiena, dinamika horrek, lurraldeen arteko desorekak mantendu ez ezik, sakondu ere egiten ditu.
  5. Prozesuaren egungo funtzionamenduak, elkarteak eta auzoak beren artean baliabide mugatuen alde lehiatzera bultzatzen ditu, desiragarriena litzatekeelarik udalak hiriko kolektiboen arteko lankidetza eta elkarlana bultzatzea. 
  6. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi onartutako proiektu askok atzerapen nabarmenak izaten dituztela egiteko orduan, eta, gainera, urte batzuk itxaron behar izaten direla haiek gauzatzeko.

Gogoeta horietako askorekin bat egiten dute hiriko elkarte eta kolektibo ugarik, eta horietako batzuek erabaki dute prozesu horretan aktiboki ez parte hartzea, hain zuzen ere egungo ereduarekin ez daudelako ados.

Arrazoi horiengatik, idatzi honi atxikitako elkarteetatik zera eskatzen dugu:

  1. Lehenik eta behin, aurrekontu parte-hartzaileak ez daitezela izan saski-naski bat zeinetan udalak berezko ardurak delegatzen dituen, hala nola oinarrizko zerbitzuak mantentzea edo bizikletan mugitzeko sarearen egiturazko garapena. Partaidetzazko aurrekontuak hiriari balio erantsia emango dioten proiektu puntualak bultzatzeko erabili beharko lirateke; oinarrizko beharrei, berriz, beste mekanismo batzuen bidez eta udal-plangintza egonkor baten bidez erantzun behar zaie.
  2. Bigarrenik, egungo parte-hartze eredua birpentsatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Herritarren parte-hartzea ezin da mugatu boto puntual bat ematera; hiriaren eraikuntza kolektiborako prozesu erreal baterantz eboluzionatu behar du. Ildo horretan, beste udalerri batzuetako esperientzietan inspiratzera eta parte-hartze eredu eraginkorragoetan eta kalitate handiagokoetan sakontzen duten azterketa eta analisietan oinarritzera gonbidatzen dugu udala.

Jakinarazpen honekin bat egin dute elkarte eta talde hauek:

  • Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartea 
  • Egia Bizirik Auzo Elkartea
  • Sarroeta Auzo Elkartea 
  • Morlanstarrak Auzo Elkartea
  • Parte Zaharrean Bizi
  • BiziLagunEkin plataforma
  • BIDEAK Bidebietako Auzo Elkartea
  • Altza XXI Herri Ekimena
  • Elkartasuna Altza Auzo Elkartea
  • Uliako Lore Baratza
  • Herripe Auzo Elkartea
  • Politki Elkartea
  • IZBE Auzo Elkartea
  • Amara Berri Auzo Elkartea ABAE
  • Plazandreok Emakumeen Elkartea
  • Lantxabe Aieteko Auzo Elkartea

Bizilagunekin plataformak aire-trafikoak Donostiaren turistifikazioan jokatzen duen papera salatuz ospatuko ditu inauteriak

Otsailaren 13 ostiralean Amara Berriko Ilunki Elkartea “San Sebastian Green Premium Experience International Airport” bihurtuko da. Arratsaldeko 18etatik aurrera mozorro festa hasiko da; Asier Ibarguren eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak entzuteko aukera izango da; jan-edanak eskainiko dira eta DJen musikak girotuko du gunea.

Donostiatik 100 kilometroko distantzian 5 aireportu izatea (Hondarribia, Miarritze, Noain, Loiu eta Foronda), horretara bideratzen diren azpiegitura publikoak eta hegazkin konpainiek jasotzen dituzten abantaila eta diru-laguntzak gure lurraldean turistifikazioaren alde egiten den apustuaren seinale dira. Dagoen garraiobiderik kutsatzaileena izan arren, klima larrialdi betean, turismo industriaren interesen menpeko hedabideek eta erakunde publikoek ospatu egiten dute hegaldi kopurua eta hegazkinezko bidaiari kopurua haztea. Gainera, Hondarribiako aireportuaren kasuan, Donostiaren elitizazioan jokatzen duen papera azpimarratu behar da: jet pribatuen bidez, luxuzko turismoaren sartu-irtenerako funtsezko plataforma bihurtu da.

Beste urte batez, umore giroa baliatu nahi du Bizilagunekin plataformak egoera kezkagarri hau azaleratzeko. Desazkunde turistikoaren norabidean aire-trafikoa murrizteko eta gaur egun egiten diren sustapen politikak eteteko neurriak ezartzea beharrezkoa delako.

Donostiako bizilagunei dei egiten diegu inauteri festan parte hartzera, mozorrotuta etortzera eta desazkunde turistikoaren aldeko borrokara batzera.

2025eko estatistika ofizialek erakusten dute Donostiako turismoak elitizazio prozesua bizi duela

Urtero bezala, urtarrilean EUSTATek argitaratu ditu turismoaren inguruko aurreko urteko datuak. Estatistika ofizialak ezagutarazi bezain laster, zenbait hedabidek hauen interpretazioa titularretara eraman dute; turismoak lehen aldiz beheranzko joera erakutsi duela nabarmendu dute.

Donostiaren turistifikazioarekin kritikoak garen herritarroi aski ezaguna zaigu hedabide hauek jokatzen duten papera. Herritarron bizi baldintzak kaltetuz aberasten ari direnen mesedetan lan egiten dute. Hazkundea ospatzen dute, diskurtso ofizialen bozgorailua dira, herritarron ezinegonaren irudia lausotu nahi dute eta kritika orori hitza eta oihartzuna ukatzen diote. Dagoeneko turismoaren hazkundea beti ona dela esanez  donostiarroi ziria sartzerik ez daukatenez, beste norabide bat hartu dute. Turismoak beheranzko joera hartu duela nabarmenduz, bi estrategia elikatzen dira. Batetik, turistifikazioaren konpontzekotan dagoela iradoki nahi da. Bestetik, industria turistikoa sustatzeko neurriak behar direla. 

Bizilagunekin plataformatik, datu hauetako beste zenbait seinaletan jarri nahi genuke arreta, eta izenburu alternatibo batzuk proposatu 2025eko Donostiako turismo datuak deskribatzeko:

  • Espainiar Estatutik kanpoko atzerritarren sarrerak hazi egin dira.
  • Hiru izar eta gehiagoko hoteletako sarrera kopurua ia aurreko urteko berdina izan da.
  • Hotelen betetze maila handiagoa izan da, bereziki hiru izar eta gehiagokoena.
  • Hoteletako gelen prezioa hazi da.
  • Hotelek gela bakoitzeko atera duten etekina hazi da.
Iturria: EUSTAT. Establezimendu Turistiko Hartzaileen Inkesta (ETHI)

Azken urteko datuek erakusten dute Donostiako hotel-sarrerek %1 inguruko beherakada izan dutela, baina hamarkadako ikuspegian %76 baino gehiago hazi dira, eta hiru izar eta gehiagoko hoteletan hazkundea %90ekoa izan da. Gainturismoa ez da desagertzen ari, egonkortzen eta normalizatzen baizik.

Gainera, Espainiar Estatutik kanpoko atzerritarren sarrerak %120tik gora hazi dira azken hamarkadan, eta azken urtean ere gora egin dute. Balio erantsi handiagoko eskaintza, prezio altuagoak eta kontsumo-ahalmen handiagoko bisitariak lehenetsi dira, hiria gero eta gehiago merkatu-logiken menpeko aktibo bihurtuz. Turista-profila aldatzen ari da, betetze-maila hazten eta gelen prezioek zein errentagarritasunak gora egiten dute; datuek elitizazio-prozesu batean gaudela berresten dute.

Elitizazio horren ondorio dira kontsumo prezioen igoera, merkataritza-eskaintzaren homogeneizazioa, auzoen eraldaketa eta bizilagunen desplazamendu sinboliko eta materiala. Horregatik, bisitari gutxiago izateak ez du turistifikazioaren inpaktua arintzen, are gutxiago “kalitatezko turismoaren” diskurtsoaren bidez eskaintza elitizatzen denean. Aditu askok ohartarazi duten moduan, eliteentzako turismoaren aldeko apustua ez da desazkunde turistikoa, desazkunde faltsua baizik: hazkunde-logikak zalantzan jarri ordez, merkantilizazioa eta segregazio soziala areagotzen dituen estrategia.

Azken batean, 2015etik 2025era bitarteko datuek, eta bereziki azken urteko bilakaerak, erakusten dute turismoaren arazoa ez dela bisitari kopuru hutsaren kontua. Gakoa da nola antolatzen den hiria, norentzat eta zein interesen arabera. Turismoak hiri-dinamika osoa baldintzatzen du eta bizilagunen bizi-baldintzak bigarren mailan geratu dira. Horregatik, gure hirian gainturismoari buruzko eztabaida ezin da elitizazioaren kritikatik bereizi.

Donostiarrei dei egiten diegu manipulazio saiakeren aurrean adi egoteko. Gehiengoa kaltetzen duen turistifikazio prozesuarekin asko aberasten ari den gutxiengoak ez dio bere negozioari uko egin nahi; eta botere handia du hiriko bizimoduan eta iritzi publikoan eragiteko. Antolatu gaitezen bizilagunekin Donostia desazkunde turistikoaren norabidean kokatzeko eta denon artean hiri-eredu bizigarriago bat eraikitzeko.

BiziLagunEkin – Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma